Galdera
“Zenbat jende ezagutzen duzu neanderthal jaio berriek bizirauteko behar zuten energiari buruz pasioz hitz egiteko gai dena?”.
Ez zen erantzunaren zain geratu. Ez da inoiz izan erantzunaren zain geratzekoa.
Tren geltokira irribarretsu iristen zenetan ere ez. “Ze apustu bidaia ona izan duzula!” esanez inguratu eta besarkatzen ninduen, “baietz?”. Orduan uste nuen galderak baino desioak zirela. Eta nik ahalegin ikaragarria egiten nuen haren desioak betetzeko. “Jende asko ezagutuko zenuen kongresuan seguru, eta denak txundituta utzi dituzula zure buru argiarekin?”. Garaitsu hartan baietz erantzutea beste gogorik ez nuen. Galdera edozein zela ere. Bai, bai, bai. Denari bai.
Galderak ez dira beti izan erantzun bakarreko. Izan dira tartean erantzuna aukeran utzi didatenak ere: “Udan edo neguan ezkondu nahi duzu?”. Benetako aukerarik gabeko aukeraren bat ere bai noiz edo noiz: “Non biziko gara? Hiriguneko etxebizitza eskas batean ito beharrean edo hirigunetik kanpo zure ikerketekin eroso jarraitzeko nahikoa toki duen etxalderen batean?”.
Maitasuna zela uste nuen. Uste nuen maitasuna zela zure erantzun guztiak ezagutzen dituenarekin bizitza konpartitzea.
Galdera bakoitzari bere erantzuna erantsiz joan zaigu bizitza. Bi seme eta alaba: “Ez daukat ezer mutilen kontra, baina zuk ere alabatxoa nahi duzu, ezta?”. Bigarren etxebizitza: “Ondo etorriko litzaiekeela itsas ertzeko airea?”. Amaginarrebaren iritsiera: “Konturatzen zara bakardadea zeinen gauza beldurgarria den, baietz?”. Bi astetarako etorri eta hamarkada gurekin geratu arren, eroso sentitzen nintzen erabakiak bere kasa hartu eta ondorioen ardura partekatzeko bakarrik galdetzen zuenaren alboan.
Berak galdetzen zuen eta nigatik erantzuten. Bion izenean. Eta hala, nik nirean jarrai nezakeen: galderarik gabe. Eta berak, gurean: erantzun eta guzti.
Barre egin zuen elkarrizketa baterako deitu zidatela esan nionean. Laguntzea nahi ote nuen, kazetari gizajoak ez zezan gehiegi sufritu nire erantzunen zain. “Gajoak”, zuzendu nion. “Eta? Zer aldatzen du horrek? Ez didazu esango zure jarrera desberdina izango dela! Gizajo edo gajo, gizajoago edo gajoago bihurtuko da zure ahotik erantzunen bat espero badu!”.
Ez zen gajoa. Galdetu eta erantzunaren zain geratzen zen.
Nire ikerketen aurrerapenez hitz egin nion. Akats-arrisku ia antzemanezinezkoarekin hazkundea kalkulatzeko garatutako matematika formulaz ere bai. Laborategian igarotako orduez. Hitz egin nion ordura arte bildutako dokumentazioaz. Artean egiteke zegoenaz eta beharrezko jotzen genuenaz. Gurea bezalako egitasmoek erakunde publikoen babesa izateak duen garrantziaz. Landa-lanaz, eta indusketez, eta itzalik eta atsedenik gabeko udako egun luze eta beroez. Hitz egin nion gure ikerketak izan zitzakeen aplikazioez. Hitz egin nion talde-lanaz. Diziplinen arteko komunikazioaz. Nire bidaiez. Lanari eskaintzen nionaz eta zor nionaz.
Isildu nintzenean galdetu zidan: “Eta? zoriontsua al zara?”.
Ez dut gezurrik esaten. Inoiz ez. Taldeko antropologoa lehertu egiten da hori entzuten didanean. Baina egia da. Ez dut gezurrik esaten. Ez dut gogoan inoiz esan izana. Emaztearen galderei ez diet inoiz zehaztasunez erantzun, baina ez da nire aukera izan. Hark hala nahita baizik. Erantzuna jakiteagatik galdetu izan balit, “Ez al didazu esan behar emakume horrekin maitemindu zarela?”, ezetz erantzungo nion. Ze, ez nuen esateko asmorik. “Ez duzu usteko kazetari txolin batekin nola txolindu zaren aguantatzeko prest nagoenik?” galdetu izan balit ere ezezkoa erantzungo niokeen. “Oheratu al zarete?” galdetu izan balit erantzun posible bakarra utziko zidan. Ez dakit zer erantzungo niokeen “Zer sentitzen duzu emakume horregatik?” edo antzeko galdera irekiren bat eginez gero. Baina ez zidan halakorik galdetu. Ez halakorik, ez besterik ere. Beraz, bolada batez erantzuna entzuteko prest zegoenaren galderei jarri nien arreta.
Ez zuen asko iraun. Nireganako mirespena aitortu zidan. Sexua ez zela gaizki joan gure artean. Eta gero etorri ziren bainak: berak hitz egin beharra sentitzen zuela aurretik eta ondoren, eta baita bitartean ere. Eta hitz egitea bai edo ez-etik haratagoko zerbait zela. Tarteka kontra egingo zion norbait behar zuela berak, eta eztabaidatu ahal izatea, eta barre egitea. Eta erantzunak espero izaten zituela, gezurrak izanda ere. Bestela, ez zuela zentzurik. Saiatu nintzen ordura arte inori kontatu gabeko aurkikuntzekin tentatzen. Detaile askorekin eman nion azken urratsen berri.
“Norbaiten alboan etzaten naizenean, ohearen oinetan uzten dut kazetari trajea”, esan zidan.
Eta argitu, ordurako jantzita, hitz egitea eta lanari buruzko bakarrizketa bi gauza direla.
“Ikusiko zenuen ministerioko laguntza jaso zenuenean elkarrizketa egin zizun kazetariaren liburua erosi dudala, ezta? Literatura egiten omen du orain, entzungo zenuen, noski. Deigarria egiten zait. Zergatik aukeratzen du hainbeste kazetarik fantasia? Edozeinek esango luke errealitateak aspertu egiten dituela”.
Liburua magalean zabalduta aurkitu nuen biharamunean etxeratu nintzenean. Oso esna hain berandu izateko. Gabon esan gabe hasi zen hizketan: “Banengoen ba ni. Kazetariek fantasia! Tuntuna halakoa!”. Ez nuen ulertu zertaz ari zen liburuko orrialde bat errotik aterata harrika bota zidan arte. Hura lurretik jaso eta, galtzontzilloak belaun parean eta galtzerdi zuriak erantzi gabe neanderthal jaio berriek bizirauteko behar zuten energiari buruz pasioz hitz egiten zuen ikerlari hari buruzko kontakizuna irakurri ondoren hartu zuen galderak zentzu osoa: “Zenbat jende ezagutzen duzu neanderthal jaio berriek bizirauteko behar zuten energiari buruz pasioz hitz egiteko gai dena?”.