Memoria
Bufanda eta memoria ez dira gauza bera! Halaxe atera zait. Beste mahaietako afaltiar bat baino gehiago jiratu da purrustaka irten naizenean. Ez dira gauza bera. Eta kokoteraino nago nire burmuineko zuloak bere erara biltzen dituen lagunaz. Nire garuna nirea da. Eta bertan trikotatzen dut memoria. Puntuak galduz batzuetan, gehiegi erantsiz beste batzuetan. Baina ez diot inori eman baimenik nire oroitzapenen bufandari galdutako puntuak eransteko.
Esateko neukan.
Ez dut inoiz ikasi galdutako puntuak behar bezala biltzen. Erraza zela errepikatzen zigun izebak, laguntza eske joandakoan zalaparta batean orratzak eskutatik kendu eta gaizki emandako urratsak zuzentzen zituen bitartean. Gu jabetzerako ekartzen zuen bere onera hogeita hamabirekin hasi eta hogeita bederatzira murriztuta zetorren bufandaren lerroa. Kontrakoa ere bai noizbait. Nahigabe hogeita hamalaura zabaldutakoa. Gutxiago kostatzen zitzaion egitea nola egin hitzez argitzea baino. Ezkerrera bi, bat hartu, atzera, bestea aurrera, azpitik sartu, atzekoz aurrera ekarri, ikusten zeinen erraz?, eta hala, gure puntu-lanek ez zuten puntu galdurik izaten izeba alboan zenean. Sobrakorik ere ez. Eta guk harro trikotatzen genituen, eta lagunei oparitzen, muturretan eta erdian zabalera bera zuten bufandak.
Urtean bitan elkartzen gara udalekuetako dozena erdi bat lagun. Azkenekoz begirale egon ginenetik hogeita bost pasatuak ziren aitzakian hasi ginen. Urteek ez gaituztela aldatzen erakutsi ziguten aurreneko bi juntadizoek. Zahartu bakarrik. Hirugarren juntadizoan hogeita bost urte lehenago esan gabeko pare bat kontu mahai gaineratu zituzten. Garaian garaikoak duen garrantziaz ikasteko balio besterik ez, baina keba!, gero eta mataza lodiagoetan korapilatu ginen. Ez nintzela gehiago agertuko esan arren, azkenekora ere joan egin nintzen.
Kontua da afaltiarretako batek argazki zahar bat ekarri zuela. Zaharra, ezinbestean, udalekuetan ume ginen garaikoa. Haietako bat seinalatuz, ea gutakoren batek gogoratzen ote zuen jakin nahi. Mutil kozkor bat, rubioxka, lehendabiziko ilaran eserita, kamixeta arraiaduna, galtzerdiak belaun pareraino eta kamerari begira. Atentzioa ematen zuen taldean. Seriotasunagatik.
Batek Peru ote zen (Bolivian auto istripuz hil zen Peru? Baita zera ere! Hura inoiz ikusi al zenuten serio?); besteak Marianen anaia ematen zuela (bai, horixe! Marian baino hiru urte gazteagoa zen-eta!; hemen Marian, mutiko hau adin bertsukoa da, zaharragoa ez bada); hurrengoak norbait gogorarazten ote zion, Martin?, abokatua? (hura bezain serioa bai, bai gizon tristea! Aurreko batean ere kasurik ez egiteagatik espaloiez aldatu zen); graduazioa aldatu beharko zuela, antiojoekin ere ez zuela behar bezain ondo ikusten esan zuen nire albokoak. Nik jaso ahala pasatu nion argazkia jabeari. Ideiarik ere ez.
— Ez diozu begiratu ere egin!
Haserre zegoela iruditu zitzaidan. Ardo kopa bete nion, bake bila.
— Ez esan ideiarik ere ez daukazula! Zuk ondo ezagutu behar zenuke!
Ez zen txantxetarako unea. Azkar konturatu nintzen. Berriz ere argazkiari heldu eta mutil kozkorrari begira geratu nintzen.
— Ez dakit ba, neska! Ez zait ezaguna egiten. Eta ez naiz bakarra, ikusten dudanez. Denok ez dugu zurea bezalako memoria pribilegiatua! Zenbat urte izango ditugu hemen?
Hamabi. Gehienok hamabi. Nik bete gabe artean, udazkenekoa naizelako, eta rubioxkak hamahiru paseak. Taldeko nagusiena. Errepikatzailea zen.
— Ez al dizu horrek ezer esaten?
Beste guztiak isilik zeuden, laguntza behar nabarmenean nengoen arren.
— Ba, ez. Eta barkatu, baina ez zait batere gustatzen galdetzeko zure modua. Errudun sentiarazten nauzu, batek daki noizko argazki zahar bateko nerabe hori nor den gogoratzeko gai ez naizelako!
Umetan puntua galdutakoan izebak orratzak bezala kendu zidan eskuetatik argazkia eta hari begira kontatu zidan ahopeka, baina afaltiar guztiek argi entzuteko moduan, mutil serio hura nirekin itsututa egon zela ezagutu ninduenetik. Marraztu egiten omen zuen oso ondo. Eta tarteka marrazkiren bat bidaltzen omen zidan postaz.
— Nola dakizu zuk hori?
Erakutsi egin niolako bakarren bat. Eta nik ez bezala, hark esan ere bai marrazkilariari zeinen ona iruditzen zitzaion. Nik eskerrak ere ez.
— Andres zuen izena. Zuk gogoratu behar zenuke. Despedida gutuna ere idatzi zizun, hamabostekin, trenbidera salto egin aurretik.
Ez da Andresik nire oroitzapenetan. Eta ez nago nire puntuzko memoria beste inoren orratzez eraikitzen uzteko prest. Izebak bakarrik zuen eskubide hori. Eta aspaldi ez dago gure artean.