Aurkibidea
Bihar ezetz
Gaur bai, bildu dut indarra, zirrikitu bat kausitu, laguntza ere; garaitu dut ene menderatze lanetan ziharduen deabrua.
Atzo etorri zitzaidan, beste behin, sufizientziak asea, elea gogor, zimurrak ageriago usaian baino, idor, usaian nola, ar batzuek horrelako jokamoldeak dituzte. Nagusikeria gohaingarriak itotzekotan zuela, harremanak etengabeko lehian irudikatzeko jiteak akuilaturik, gaiaz kilometrotara urrundurik jada, urteen zuhurtzia, horiek eman arrazoia eta ohore istorioz mintzatzen aritu zitzaidan, pozoia botatzen amaitu ezinean.
Ezustekoarengatik, lotsarengatik, agian inguruan nehor ez izanagatik edo nehor ez ihardukitzeko gauza, ez nuen asmatu zer erantzun, nola atera atakatik. Tarteka otu zitzaidan arrazoia zuela, zozoa nintzela, segidan ideia hori haizatzeko: arazoa ez zen hor kokatzen. Ihardetsiko nion, gardenki, jabalki, izpiritua ez banu jada lurrundua ukan. Altxa eta alde egin nezakeen, ihesaren edo gelditzearen ondorioak neurtzeko gai izan banintz. Orduan egin nahi izan nion irri bat, ahalik eta naturalena, goxoena, Audrey Tautouk egiten dakizkienak bezalakoa, zakil bat izateak ez diolako bermatzen deus, ez duelako sinesgarriagoa ez eta egiatik hurbilagoa egiten, ez diolako baimentzen besteen jendetasuna bahitzea. Ez jaisteko bere mailara, ez galtzeko denborarik justifikaziotan, nahi izan nituen ezpainak mugitu, luzatu, aurpegia ematen segitu; ezin.
Baina gaur bai. Lortu dut. Entzuna izatea, kideak ondoan egotea, gauzak lekuan berkokatzea. Konkordatu dute tokiak, uneak, inguruak, erasoak, kuraiak, ene gogoak, sostenguak, dena bat. Bihartik goiti, denek elkarrekin, ez dugu gehiago izanen haren beldurrik.