Aurkibidea
Zergatik ez?
Arratsalde apaleko gomita:
— Goazen zerbaiten hartzera?
Mekanikoki pentsatzen hasi zara ea denborarik ote duzun, premiazko zenbait eginkizun; di-da uxatu dituzu dudak: noski, zergatik ez? Egunaren atal emankorrena iragana zaizula iritzirik ez diozu neholako trabarik gomitari. Haratago, nagusitua da zernahiz eta deusez elekatzeko enbeia, erronkarik gabeko solas libragarrien harilkatzekoa.
Kafea, edo tisana, dutea bezain aitzakia on, merke eta eraginkorragorik ez da momentu goxoaren pasatzeko. Ur xorta beltzaun garratza, landare usaintsu exotiko zenbaitez egosi tisana edo bertute xamaniko zenbait gatiba ditzakeen dutea, bakoitzak bere atseginari, edari sozial horien podereak antzekoak baitira: bizi garela sentitzeak du inporta.
Ostatuaren zolaraino jartzera joan gara, urrats auherrez, sigi-saga, aulkien artetik lerraka bezala. Alegia deusez, aparteko mahaian eseri gara, ustez soetatik baztertuenean. Ez gara elkarren parez pare ariko, formaltasun kutsua bailuke, elkarren ondoan jarriz mintzatzeko giroa jartzen da lasterrago.
Edari beroen inguruko errituala betetzen doa, mekanikoki, adosturiko protokolo konplexu eta zehatza: bestelakoetarako aitzakia hutsa. Eriak dantzari jartzen dira edalontzien irakinen azaletik inguruka, zeremonial horretako plazeretatik bat baita atzamarren egostea portzelanaren kontra. Hurrupa herabe batez, ahoa ahalik eta emekien hurbildurik kikara hegira, ezpain eta mihi puntak erre ondoan, zapore guziak zapartatzen utziko dira aho zolan, berotasun gozagarria gure baitaratuz trago batez, zintzurrean behera emeki helaraziz, barne osoaz jabetzera utziz. Gorputzak leherturik sofa erosoetan, nehori inporta ez zaion giro musikalaz kulunkaturik: arimek jada ez dute trabarik, ostatuaren lau kantoietatik zabaldu beti modan den Niko Etxarten boz erlastua ez bada.
Ausart gaitezke erretorika hutsean, solasen ordena eta funts naturala irauliz:
— Hilabete honetako erakusketa zeinena da? Dalbretena, ez? —aski ziliportatsua iritzirik hala izateko.
— Entzuten duzu Trenet zuk? «J'ai ma main dans ta main»? —irri ozen bat, eskerrak kafe bat baizik ez garela hartzekoak.
— Gaizki lo egin dut barda, blogean idazten afaltzea ere ahantzi nuen... —eta bat-bateko kezka hori erran ondoan: zer pentsatuko ote du nitaz.
— Xiberoan zernahi gauza asteburua pasatzeko...
Badira gauzak hurbildu bezainbat bana dezaketenak.
Dotorea zait zure eskuen dantza etengabea, solasaren argigarri. Eri dantzariz bere lekura jartzen duzun xerlo errebeldea. Atsegina zait erranaldiak momentu egokian eteteko duzun moldea denbora suspendituz. Ongi ezagutzen ditut jada zure larruzko eskumuturreko higatua eta zure ukaraiaren mugan sorburua duen tatuaia erdi gordea. Nahasi nau, elkarren aldez alde gaudela, zure ukondoaren igurtziak. Ez da besterik egiteko, bakarrik hor egotea, tenorerik gabe.
«Nik gomitatuko zaitut!» diozu doi-doietarik hunkituz zaku zolara moltsaren bila doakidan eskua eta bere oldarrean geldituz. Norbait ohartu ote da? Eta orduko inguruko guziek unea ahantzia duketenean, biharamun azkorrian karrika anonimoetan zehar ibiliko zarenean norbait ohartuko ote da bezperan bezala jantzirik joanen zarela?