Baionak ez daki
Baionak ez daki
2015, narrazioak
120 orrialde
978-84-92468-73-7
azala: Lander Garro
Bea Salaberri
1979, Donamartiri
 
 

 

Esku ahurrean

 

 

Afari erditan, sukaldea eta jangela banatzen dituen barraren gainetik burrunba ahul bat heldu zaigu lau familia-kideenganaino. Biziduna eta biziaren garraiatzaile zintzo eta trebe, smartphoneak zerbait dio, abisu zenbait dakar, frenetikoki.

        Minutu batera telefonoak erregularki dardarka segitzen duenez, senarra altxatu da mezuaren ikusteko, familiako beste hiru kideak mahaian utzirik; ardura horrelakoak alegia deusez egiten dira, sukaldean ahantzi entsaladaren bila joateko aitzakiarekin adibidez, ahalke punta batekin. Hantxe makurtu da, fereka arin eta zaluan pantaila beltza desblokeatu du, hitzak azalaraziz, notifikazioa zabalduz. Orduan zirrara eta interes disimulatuekin zenbait berriz jabetu ondoan, itzuli da emeki jartzera, deus gertatu ez bailitzan. Ez naiz ausartu telefonoak zer zioen galdetzera. Agian beldur batengatik: auskalo, bestea balitz, zer? Agian nihaur parte ez naizen komunitate errituetan ez sartu nahiz. Segi beza afariak aitzina, hobe.

        Gailuaren dardarak berpiztu ditu ohiko sentimendu kontrajarriak. Hartzailearentzat interes erlatiboko informazio zenbaiten jasotzearen atsegina; edo ez. Gainerakoentzat baztertuak izatearen grina. Konpainian izanki, erantzute eta atentzioaren desbideratze horretan preseski bailitzaiguke gerta kexaren oinarria, beste hainbatetan nola: apairu denbora mugikorra atxikitzean menean, bilkuran ateratzean zorrotik tenorea begiratzeko estakuruarekin, haurrak jostalekuan zaindu ordez eriak kilikaka jartzen dizkiogunean, bikotearen egunaren kontaketa belarri bakarraz jarraitzean Facebookeko estatus aldaketa burutuz. Zein da orduan ingurukoen lekua, bizi interesgarri hori zeinen parte ez baikara, jendetasunaren muga?

        — Ama, ez dut nahi, ez da ona —erran du Maikak, tipienak, militza ederrak.

        — Otoi! So egiozu Juleni! Dena finituko du! Dena jaten baduzu, izozkia ukanen duzu —negoziatu dut ene ama salduaren rolean.

        — Buark... izozkia karameluarekin da? Nahi dut orain.

        Smartphonea. Lauki luze beltz horrek, leiho baten antzekoak, ireki orduko zerua bezain zabalak diren aukerak eskaintzen ditu, galaxiak antolatzeko posibilitatea eta bidenabar selekzionatzeko. Gaur, bizi-anitza baino, anitz bizi ukaiteko parada du luzatzen. Urruna zaigu jada garaia zeinetan zoratzen baikinen SMSaren izari telepatikoarekin, tupustean heltzen baitzitzaizkigun, denbora eta distantziak mendratuz. Gaurkoak dena egin dezake, ahalmenez josirik, ahal ez duguna gure ordez nahiz egiten dakiguna eraginkorragoki burutu.

        Smartphonearekin dugu maitatzen, lan egiten, antolatzen, suntsitzen, kontsumitzen. Alta, arin eta espontaneoa da, tronpakorra bada ere, eskaizko irribarrez, hashtag kimeraz, orduaren araberako arrakastaz, sentimendu merkez. Lagun dezake, nahas dezake. Elkartu nahiz bereizi. Tarteka ingurukoei lapurtzen gaitu, tarteka ihesa ahalbidetzen, ubikuitatea baimentzen, boterez hantzen. Haratago errealitatea onargarria zaigunera doitzera garamatzake.

        Plastikozko leihotxo soil beltza, Magritte jostakin aztoratzailearen obra batean nola, beti dudarazten gaitu dena, ez dena, izana, izena eta pertzepzioaren artean. Eskura dugu, ahurrean kabiturik, mundu bat munduaren baitan, mundura buruz eta mundutik kanpo, betan: gainerakoaren artetik hautuzko eduki eta jendeek osatu mundu zatia, ezartzen gaituena zentroan, saihetsean, besteekin nahiz gabe, beti nor bere buruarekin parez pare.

        Baina, hau ez da telefono bat.