Baionak ez daki
Baionak ez daki
2015, narrazioak
120 orrialde
978-84-92468-73-7
azala: Lander Garro
Bea Salaberri
1979, Donamartiri
 
 

 

Mandarinak

 

 

Telefonoa zirrintaka hasi zenean, tarrapataka harrapatu nuen: bikotekidea zen, egitekoen aitzinamenduaz abisatzeko asmoz.

        — Maitea? Bon, erosketak eginak ditut e! Ez kezkatu horregatik.

        — Egia? Primeran. Guzia atzematea lortu duzu?

        — Bai, zure papeleria berezia salbu. Eta, fruituen artean besterik ez zenez tentagarririk, mandarinak hartu ditut merkatuan. Aldatzeko! Sarri itzuli bat botanikora? Azken egunak zabalik dela.

        Etxera sartu eta hor dira pausaturik jangelako mahaiaren erdi-erdian, apaingarririk gabe, zare borobil batean bildurik: mandarinak.

        Azaroko lehen egunak dira, hozpil eta grisak, arbolak bipilduz doaz, emeki-emeki, udazkeneko estali koloretsua erantziz istil artean galtzeko, zeru zola hodeitsu negartia agerian utziz. Egun hauetan, alegeratzeko arrazoi gutxi eskaintzen du kanpoak eta barnean kausitzen dira perla biribil urreztatuak.

        Gainerakoa ahantzi eta esku artera bildu orduko lehen fruitu gorraila, poliki-poliki, azazkal inklinazio xorrotx batez, urratzen zaio azala eta psit batean ziliporta mehez errenditzen da herri urrun beroetako altxor ñimiñoa gela osora zabalduz usain gozagarria. Hastapena baizik ez du baina jada bereak egin du. Irentsia izan aurreko tartea laburra izanen zaio orain.

        Perfumeak maiz ekartzen ditu berarekin beste zenbait opari.

        Haur denborako eguberri garaietako oroitzapenak dakartza, baserri zaharreko barne ilunetan familia artean neguko fruituak banatzen zirenetakoa, txokolate esne beroa lurrun artetik dastatzen zenekoa.

        Berant arte burutzen diren jokoak oroitarazten ditu: nork ez daki mandarina tirada luze bakarrean xurituko duena ezkontzeko on dela? Nork ez ditu oraindik sekretupean holako apustu txikiak egiten bere kolkorako?

        — Baietz aldi bakarrean xuritu!

        — Aldi honetan tirada bakarra eta gainera fin-fina!

        Edo, behin mandarina biluzi ondoan, azala berriz biltzea, biribildurik, jatorriz bezala, eta ondotik etorriko denari uztea mahai izkinan? Irri karkaila artean utziko zaio eskutan hartzen eta purtzupilkatzen. Zeinek ez zituen eguberriko izeian zintzilikatzen azal arrasto laranjak? Apaintzeko baino, arratseko zimeldu beharko zuten lurralde beroetako azal usaintsuek beren baitaratua zuten urrinaren zabaltzen uzteko pixka bat gehiago. Helduaroan berdintsu, neguko arratsaldeko askarietan segitzen du oasia sortzen, lurralde tropikal idorretako berotasuna ekarriz sukalde xokoraino.

        Xerraka ahoratzen da, beti pentsatuz denbora hartuko dela, hala beharko litzatekeela, gozatzeko eta azkenean ahamen batez kliskatzen da, uda oroitzapena aho betean, protokoloak nahi lukeena zangopilatuz. Mandarinaren freskotasuna ez dute sasoiko beste fruituek, sagarrak, intxaurrak eta bestelakoak ez zaizkio ez eta aztalera heltzen, bigarren mailako uzta, gusturik gabekoa, bilakaraziz. Xixterrez xixter desagertuko da oharkabean azaroko mirakulu txikia, jus zaporetsuaz betez barne guziak.

        Zorionez oraindik beste zenbait daude mahai gaineko zarean bildurik, merkatuan ez baitzen besterik, zain, zorte krudel berera kondenatu eguzki gorrail txikiak.