Lorea Gernika, andrazko bat
Lorea Gernika, andrazko bat
2015, nobela
160 orrialde
978-84-92468-72-0
azala: Juanba Berasategi
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Otamotzak

 

Santa Luzia ospatzen duen herri honetako San Gregorio kalean gora ikusi du gizajoa zamapean erdi zabuka, eta laguntzea nahi duen galdetu dio.

        — Ohitua nago, eskerrik asko.

        — Txatarra?

        Zakua lurrean utzi eta zabaldu egin dio magrebtar gazteak. Zer ikusi duen Lorea Gernikak orduan!

        — Baina...! Nondik...?

        — Ez dakizu, Lorea Gernika, horrelako zenbat biltzen ditudan egunero zabor kontainerretarik!

        Erruz botatzen omen du jendeak burua. Horrelaxe, kendu eta bota.

        — Ez da posible! Erori egingo zaie!

        — Eroritakoa jaso egiten da.

        — Ezin dizut sinetsi!

        — Ez zara konturatu zenbat jende dabilen lepo hutsik?

        Larunbatetan frontoi ondoan jartzen da, Zelai Arizti parkean, astean barrena bildutako buruak saltzen. Lehen zeukatenarekin antzik gutxikoena erosi eta etxera eramaten dute batzuek, zer pentsatua emanen dien edo ez arduratu gabe. Baina gehienek denboratxoa ematen dute buruak probatu eta probatu, zein ote datorkien egokien, zein den jantziena, zein arinena.

        — Bakar batzuk edozein egunetan datozkit larri. Eskua zakuan sartu eta iletik tiraka ateratzen duten aurreneko burua hartzen dute. Berea zakuan bota, berria lepo gainean nola edo hala ipini eta alde egiten dute dantza pausoak eginez. Badauzkat burua ia egunero aldatzen dutenak, sobra ere alergia ematen diete pentsamendu batzuek.

        — Hara! Ba al dakizu zein diren pentsamendu horiek?

        — Anima zaitez, Lorea Gernika. Merke dauzkat. Dirurik ez baduzu, hartuko dizut zeurea trukean. Igartzen zaizu pentsamendu ederrez betea daukazula.

        Pentsamenduz betea, bai.... Pozik aldatuko luke burua, ideiarik sortzeko lekurik gabe daukate Lorea Gernika koitaduari behin eta berriz gainez eragiten dioten gogoan ibili beharreko burutazio egoskor horiek.

        — Zu gaztea zara eta ez dakizu zer den jakinaren gainean bizi beharra.

        Hainbeste urratu josteko eta haria orratzean pasatuko dionik ez, horrelakoak.

        Ulertzen ditu otamotzak, bai.