Lorea Gernika, andrazko bat
Lorea Gernika, andrazko bat
2015, nobela
160 orrialde
978-84-92468-72-0
azala: Juanba Berasategi
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Artista

 

Ezertaz damutzen ez delakoaren itxura eman ohi du agertzen, solasten eta egiten dituen ez orotan bai noizik behinean, eta horrenbestez hunki latzekotzat daukate axaletik ezagutzen dutenek. Lorea Gernika, izan-izanean, minbera dugu. Esaterako, ur beroari gainez eraginda baineran etzaten delarik egunkaria irakurtzeko —zuri-beltzekoa zenean matxuratu zitzaion telebista eta geroztik ez du konpondu, irratia ez du sobera maite—, zalantza egiten du elkarrizketak irakurri edo ez. Biziki interesatzen zaizkio idazleen eta musikarien eta politikarien iritziak, baina kazetariek «Berriro jaioko bazina» galdetzen dutenean —denei eta beti galdetzen baitiete hori kazetariek— «Hautu berdinak eginen nituzke» irakurrita hirurogeitaka urtez eskultura berdinak kokatzen jarraitzen duen artistaren baten edo inoiz dimitituko ez duen politikariren baten ahoan, atsekabea hazten zaio nonbait hor, minenean. Kazetaria izan nahi luke, «Berriro hilen bazina» galdetuko lieke denei eta beti, «Bizitzen ikasi beharko nuke» mailako erantzunak eskaini ahal izateko irakurleei, bainerakoak edo trenekoak izan.

        Lorea Gernika, elkarrizketatzen dituzten artista, politikari eta idazleen adineko eta gehienetan gaindiko izanagatik, abiatu besterik ez da egin bizitzan. Esan lezake kasik egun oroz abiatzen dela bizitza berriren batean, bezperako hautuak errepikatzeko beldurrez. Faltsuak egiten zaizkio ezertaz damutzen ez direnak. On egina ere damutu izan zaio inoiz. Egia esanak ekarri diona, nahiago du gordean. Berriz jaiotzeko aukera eman eta laprastada berdinak egin? O, akordubako jendaila zoriontsua! O, jendaila jator ezin jasana!

        Eta bainuontzitik jalgi den mamitasun berean azaldu zaigu Navaz y Vides karrikan, Tafalla zaharrean, egunkarian irakurri duen azken artistaren bila sukaldeko labanarik handiena eskuan. Zintzurra moztuko dio, bai. Edo hesteak aterako dizkio, fabrikako antxoei bezalaxe. Artistak, jakina, pozarren hartu du: lau ordu eduki du estudioan azaldu den bezala larru gorritan isilik eta geldirik bi berogailuren artean trementina usainak erdi zorabiatua, gorputz osoaren naturaleko erretratua amaitu dion arte.

        «Hauxe da nik margotu nahi nuen oihala!».

        «Ez joan Guggenheimera, Lorea, nolako iruzurrak!».

        «Badakizu, perfekzioa ergelen mitoa da, artea ez da inoiz perfektua!».

        Hiperrealismoa lantzen baitu, tanta gorri batzuk erantsi dizkio labanari. Neke latzagoaren emaitza izan da titulua sortzea, baina asmatu du. Bilbon laster egin behar duen erakusketako koadrorik preziatuena izanen da «Damurik ez».