Lorea Gernika, andrazko bat
Lorea Gernika, andrazko bat
2015, nobela
160 orrialde
978-84-92468-72-0
azala: Juanba Berasategi
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Eldarnioa

 

— Bidaiari jaun-andreok, mukulduriko zangoak leuntzera irten dira komandantea eta kopilotua. Zuek ere irten zintezkete Kululu uhartearen sumenditik sortuko den eguzkia mirestera.

        Denak irten dira. Zoragarria izan da hodei gainean ibili ahal izatea, hondartzan oinutsik baino zatiaz goxoagoa. Iluna urratzen hasia du, mendi haren barrutik jalgiko da laster eguzkia...

        Hau eta arraioa!

        Hegalontzia hodeitik behera doa musturrez aurrera itsasorantz!

        Agentziaren ganora eskasak dauka errua, agindu ziguten konfiantza osokoa zela hodei hau, baina ez du erreaktorearen zama eutsi ahal izan. Komandanteak, kopilotuak, heganeskek... Eskifaia osoak egin du jauzi makina abandonatuaren atzetik, han doaz airean murgil hegazkina jasotzen itsasoan leher dadin baino lehen. Bakarrik geratu dira bidaiariak hodei gainean.

        Edonola, programatu legez ageri da eguzkia. Izututa dagoz.

        Ohartu diren orduko, haize leun baina egoskor batek eroanik, Honoluluko Nazioarteko Aireportuan lurreratu dira Balmaseda-Jakarta hegaldiko Airbus A457ko bidaiariak, denak onik. Zoragarria izan da lurreratzea, hodeia urtu egin da lur jotakoan, ez dute eskailerarik jaitsi behar izan, eta eskura dauzkate maletak metatxotan. Baina honolulutarrak ez zaizkie lorezko lepokoekin azaldu, atxilotu egin dituzte bidaiari guztiak. Ez dituztela libratuko eskifaia azaldu ezean. Bat-banaka galdekatu dituzte jo dezaten kukurruku nork kontratatu duen suntsitu egin den hodei hori.

        — Neuk mehatxatu nuen komandantea azkazaletako limarekin, aska itzazue turista horiek denak —Lorea Gernikak dardaraz, hainbeste espero izandako aukera horietarik bat ikusirik, Prudentia eta Temperantia txakurraren salara igorriz.

        Baina ez diote jaramonik egin.

        Ohiko hasperena Lorea Gernikak hainbatgarrenez: zeinen zaila dagoen humanitatea salbatzea! Depresio sakon batek dauka geroztik erretiratua. Asteak Balmasedako ferian ikusi barik.