Aurkibidea
Aurkibidea
Hasperena
Medikuaren aholkuz, eskailerak goiti eta beheiti ibiltzen da orain Lorea Gernika. Ona bihotzerako. Horrela ulertu dio behintzat Berako anbulategira ordezko heldu den sendagile gazteari, karrikan hotz baldin bada ibiltzeko pixkobat eskaileretan. Goiti eta beheiti saiatzen delarik ordea, «Sua izanez gero, hautsi» dioen oharrak hartzen dio behakoa. Etxepekoek segurtasun neurriak adostu dituztenez geroztik, kutxa gorri bana daukate paratua tranpalek, sua itzaltzeko bitsa sortzen duten tramankulu horiekin. «Sua izanez gero, hautsi!». Aldamenetik iragan eta hautsi gabe utzi behar. Hauxe tentaldia! Ezin etsiaren urragarria! Batzuetan, suteren bat sortzea nahi izaten du Lorea Gernikak. Lotsagorritu egiten da, ene! Biharamunean, garrak noiz azalduko egonaren egonez asperturik, sutea berak proboka lezakeela etortzen zaio burura...
Ur tantaren tortura honek, azkenean, gain hartu die emakumearen eskrupuluei: Bortzirietako hiriburuko udaletxearen aitzinaldean ageri diren Temperantia eta Prudentiaren irudi ikusgarriek axola ematen ez baliote bezala, burruntzaliarekin jota hautsi du kutxaren beirazko atea. Bihotza uzkurtu dion isiltasuna ondoren. Hautsi du, eta zer? Deus ez. Mailadian jesarri da amatagailu kaiolatuari beha, gogoeta gogorretan sartua. Elkar sakon ezagutzeko solasa ukan du tramankuluarekin. Garrik ez, kerik ez, kedarrik ez, kiratsik ez, sirena hotsik ez... debaldetan jardun dute biek kexamenduka.
Hasperen egin eta eskudelari heldu behar izan gabetarik altxatu da Lorea Gernika. Etxeraino igo da ekintza heroiko baten aztarnak izan behar zutenak biltzeko isatsaren bila. Ez dago samurra, egiazki, humanitatearen salbatzea!