Lorea Gernika, andrazko bat
Lorea Gernika, andrazko bat
2015, nobela
160 orrialde
978-84-92468-72-0
azala: Juanba Berasategi
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Malko bat

 

Herri honek, etxe honek ematen ahal ziona eman dio, partitzeko tenorea du Lorea Gernikak, ez da bete arteko maizterra izaten. Nonbaitetik hona eta hemendik auskalora lekutzeak ez dio, usaia duenez, bestelako lanik ekarri. Baina eten egin du ezinbestekoen bilketa, hamarretakoa eskatu dio gorputzak. Sukalderako urratsean Bixente Garat tenorraren behakoa ikusi ustetu du eraman beharreko disken artean. Eskuratu du multzotik, ez da tronpatu: Bixente Garat LIEDER. Turnadiskan ipiniko du, inoizko menturak oroituz eginen du mahaiarekikoa. Paper batzuk erori dira diska zorrotik ateratzearekin. Hementxe gordeko zituen noizbait. Zer ote eta... Galduak zeuzkalakoan zegoen.

 

        Lorea Gernika

        Côte Basque

        Andere agurgarria:

        Dakikezun bezala, Bixente Garat tenor handia hil zaigu. Hil zaigula diotsut, egunotan doluz diren Frantzia eta Nafarroako eta oro har munduko melomano guztiena ez ezik, Garat jaunarekin harremanik eduki zuten guztien begikoa ere bazelako, hain zen eztia, hain genuen jendekina eta eskuzabala.

        Bere legezko ordezkaria naizen aldetik, jakinarazten dizut, Bixente Garat jaunak testamentuan agindutakoa betez, zuretzat utzi duela Arrangoitzeko Bixentenea izeneko etxea bere lur eremuarekin. Jabetza transmisioak egiteko, zure zerbitzura naukazu goian ageri den helbidean.

        Halaberean igortzen dizut, andere agurgarria, bere testamentuaren lehen klausulan agintzen duena: zorro lakratu bat, berak niri gordetzeko emana orain urte batzuk, hildakoan zuri helarazteko.

        Ondikotz, esan genezake Bixente Garatek bazekiela gazterik galduko genuela.

        Har itzazu, anderea, ene sentimenik delikatuenak oren beltz honetan.

 

        Zeinen guztizkoa tenorraren sentimendua Una furtiva lacrima kantari! Lorea Gernikaren bihotz pilpirek bat egin dute Bixenteren hasperenekin... Caruso, Lanza edo Pavarottirenekin eginen luketen bezala.

 

        Gernikari, Parisetik

        Loreari, bihotzetik!

        Bihotzeko Lorea!

        Atzo heldu naiz Parisera. Doietarik egin du ez bainaiz bide bazterreko zuhaitzen baten kuntre zirtzilatu. Zu zintudan gogoan, eta hirutan makurtu naiz bidez. Ez diot ene buruari barkatzen ahal herenegungoa. Zure fidantzia galdu dudala segur dakit. Ni... Txalotua izatearen bortxaz nauzu horrela bilakatua. Nik xarmatu egin nahi zintudan. Ez, ez, ez diot ene buruari nehoiz barkaturen. Kontzertu ondoan miresle batengana joan nintzen, zilargina da. Gero, jatetxean sartu ginelarik, sukaldera jaitsi nintzen... Ahalke naiz! Zer balio dute ene gurguria paregabekoek? Opari bat zen zu ikustea han, eni so eta eni entzuten eta enegana etorki lili sortaren erdian, eta nik ordaina egin nahi izan nizun. Sukaldeko xefari agindu nion zilarginenetik ekarri perla eder hura ostra handienean ezkutatzeko. Xantza onaren seinale. Etorkizun posible bat. Gezurretan ari nintzen! Ezin gehiago uros ikusiko ninduzun perla ahotik ateratzen zenuelarik... Eta eztarrian beheiti joan zitzaizun!

        Idurikatzen dut jasanarazi nizuna. O, nola kolpatu dudan ene kontzientzia!

        Arestian, hoteleko mutilak zu egon aulkipean atzeman duena ekarri dautalarik, lazgarriki naiz espantatu zapi zuria zabaldutakoan! Etorkizun uros baten seinale izan behar zuen perla... «To, hemen duk hire gezurra!» erranez daukat orai mahai gainean! Ni xokolata dastatzen eta zu isilik, zuhaurren esku-azkazaletara beha, nik eskaini perla biltzearren zikindu behar izan zenituenak... O, ez! Ez zenituen zikindu perla bat biltzearren! Eni eskerrak emateko zenituen eskuak zikindu! Eta hortxe paratu zenuen garbitua, delikatuki, nonbaitik ere eroria bezala, otoaren barnean eni distira egiteko, ondoan zinela jakin nezan!

        Kurritu dut mundu guztia eta ez dut zure antzekorik ezagutu.

        Nahi nuke bihotzetiko hauek zure bihotzari mintzatzea eta elgarren alderako estimu osoan geratuko bagina heldu den udari buruz.

        Pot bana zure eskuei,

        Bixente.

 

        Markus filosofoak Hirugarren Adinekoentzako Ikasturtean pazientzia eredugarriz irakatsitakoa ahantzian ez badauka, gorputza berea den bezainbat dela bera gorputzarena jakin behar luke Lorea Gernikak: gosean, nagian, nekean, izerdian, oinazean, kolore baten edo leku baten hastioan errebelatzen zaio espiritua. Bat eginak ditu gogoa eta haragia —Descartes!—, ibilia du arrazoimen. Bizia egunero higatzen zaiola sumatzen du, eta bizi egin behar duela ari zaigu adierazten orain deboilamendu honetan, belaunek erabaki diote gogoari.