Lorea Gernika, andrazko bat
Lorea Gernika, andrazko bat
2015, nobela
160 orrialde
978-84-92468-72-0
azala: Juanba Berasategi
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Bizitzaren aurka

 

Gaueko Ataun itzultzeko epea amaitu dela jakinarazi diote, emailik ez dauka eta telefonoz, udal liburutegitik. Oker dagozela azaldu die Lorea Gernikak, ondo epe barruan itzuli zuen irakurketa laurdenean utzita, abrozidu egin zelako. Hura eurizkoa egun hartakoa! Horregatik oroitzen da, erauntsiaren erdian abiatu zen liburutegira, irakurketaz aldatzeko gogoa zeukalako. Xehetasunok berehala eta ziurtasunez eman dituen arren, aste bete eta gehiago omen da ekarri behar zukeela, eta mesedez, itzultzeko liburua albait arinen.

        «Zer uste dute horiek?».

        Zamarra urdina jantzi eta autoz beteriko zintarrian zehar abiatu da soseguz eskuak sakeletan. Neke samarra zaio liburutegia dagoen bazterrerainokoa, bazterrean baitago, hain zuzen, Bilbo Handiak zatartu duen herri gibelgaldu honetan. Dosifikatu egin nahi ditu indarrak. Ez du arnasa larri eta bihotza punpaka iritsi behar, eztabaida gogorra izan liteke, tenplau Lorea Gernika, tenplau. Ibai ilunaren ertzetik doala, Jose Migel Barandiaranen nobela apokrifo horren pasarteak oroitzen saiatu da, alferrik.

        «Zer uste dute horiek?».

        Benetako literaturak ezabagaitzeko zantzuak uzten dituela esan zien aurreko batean irakurle txokora etorri zitzaien idazle handiak, nobela errazak barriz segituan irakurri eta segituan ahazten direla, maitasun errazak ahazten diren antzera. Nobelak ibaiaren parekoa behar ei du izan, bere estura eta bere zabalguneekin, baina beti gure burua lantzen orririk orri...

        «Geuk irakurketari bultzaka jardun behar izan barik».

        Hori entzunda Baionako saltegi erraldoi batean sarrerako ate itzulkarian inoiz ikusi zuen oharraz oroitu zen Lorea Gernika, eta huraxe ekarri zuen berak eztabaida literario hartara.

        «Ez bulka, bera da ibilki».

        Idazleak algara egin zuen, ez zuen ezagutzen eta egokia iruditu zitzaion, zinezko nobelaren metafora, guk bulka behar izan gabe doanez ibaia ere. Eta baimena eskatu zion ate itzulkariaren figura erabiltzeko berbaldi literarioetan. Zelako harrotasuna Lorea Gernikarena, berea zen aurkikuntza erabiltzeko baimena emon zionean gure letretako izen handiari!

        — Nik liburua aspaldi itzuli nuen barren.

        Ez du izan abagunerik haserretu egin behar lukeela pentsatzen hasteko be. Monitorea erakutsi diote eta hantxe irakurri ahal izan du, garden eta urdin, «Gaueko Ataun» eta beherago «Mailegatua».

        — Etxean edukiko duzu ahaztua, Lorea. Ez larritu —medikuaren senera egin dio berba andrazko betaurrekodunak—, irakurle leialenetariko bat zara, normala da horrelakoak jazotea.

        Hain gozo tratatu du, hain ulerbera, hain lagun, malkoa etorri zaio Lorea Gernikari. «Inori lana emoteko baino ez dut balio. Liburutegia ordu erdiz uzterik izango balu nirekin etorriko litzateke etxera liburua bilatzen laguntzearren».

        Etxeko gela guztiak harrotu ditu, sukaldeko armairu eta tiraderak, komuna, ohe gaina, barrua eta azpia, mahaitxoa, zamarretako sakelak, poltsak, egongelako apalategi guztiak, birziklatzeko paper meta... Zorua aldizkariz, diskoz eta errezeta liburuz betea ikusirik, malkoa ez baina birao gizena etorri zaio.

        «Ni hemen madarikatzen eta... Eta horiek egiten ete dute beharra ganoraz? Nor da hemen dantza eragiten diguna txistua joten kantzau barik?».

        Taxian joan da liburutegira, leher egina dago eta hogei minutu ixteko. Zuzenean jo du N sailera, N-bar, hantxe aurkitu du Gaueko Ataun, hantxe. Hartu du, eroan du kontrolera, sudurpean ipini dio gozo eta ulerbera eta lagun mintzatu zaion liburuzainari. Betaurrekoen gainetik behatu dio azalari zeharreko ikusi bat emon ostean.

        — Horra! Etxean zeneukan ahaztua, Gernika anderea! Sarritan jazoten da!

        Horixe esan dio, hitzez hitz.

        — Barkatu aizu, apalategitik hartu dut oraintxe. Gotzon Barandiaranen Errotik-en ondoan zegoen.

        Barretxoa egin du kargulantak. Ez dio onik egin Lorea Gernikari. Metro erdiz hanpatu ditu ugatzak arnasa hartu beharrez.

        — Nik hau aspaldi ekarri nuen, aspaldiago eroan nuelako nik neuk. Hementxe zegoen, joan eta bertan. Zergatik deitu didazue esanez belu nabilela itzulketan, itzuli barik daukadala maitasun errazak bezain nobela antojugarri hau berau, Gaueko Ataun izenekoa?

        Liburuzainak, hasperentxoa eginik, monitoreko fitxa erakutsi dio berriro, «Mailegatua». Eta zenbaterainoko pazientzia daukan nabarmen erakusteko «Entzun, Lorea!» esan dio gozotasun adeitsuan.

        — Sarritan gertatzen zaizkigu horrelakoak. Jende askori ahazten zaio liburua edo CDa edo DVDa garaiz itzultzea.

        Lorea Gernikari ez, sekula horrelakorik, behatzeko ordenagailuan zenbat aldiz urratu duen itzultzeko epea. Ez entzuna egin dio liburuzainak.

        — Urte asko daroatzat hemen lanean... —erantsi du nekatu antzean, milaka liburu bizkar gainean garraiatu izan balitu ez zuen horrelako ahots hebaindua aterako—, arazo guztiak ezagutzen ditut.

        Horrelaxe, hitzez hitz.

        — Etxera joan zara, alferrik bilatu duzu eta halako batean gomutatu zara lehengo astean ekarri zenuela. Etorri zara eta hortxe aurkitu duzu, apalategian, zeuk laga zenuen lekuan. Beti ari gara esaten liburuak hemen entregatu behar direla, ez dituela nork berak sartu behar apaletan. Guk egin behar dugu lan hori, kodea irakurgailuan pasatu ondoren. Baina sarritan uzten dituzue apalategian, guri emon barik.

        Bestelako malkoa etorri zaio oraingoan Lorea Gernikari.

        — Gu ez molestatzearren, hartu zenuen lekuan utzi zenuen zuk zeuk. Lotsatu egin behar duzu? Gauza normala da oso, esan dizut. Lasai horregatik.

        Orduan, milaka liburuzainen zama bizkar gainetik kendu izan baliote bezain tenplau, malkoa xukaturik, «Ez bulka!» esan dio Lorea Gernikak iletxori bat berdez tindatua daukan kargulant adeitsuari, «Ez bulka, neu naiz ibilki!», ahapetik, emeki, silaba bakoitza dastatuz, biktima mingarrienean sarraskituko lukeen kriminal ankerraren sadismoan. Gero, kargulanta zer esan ez dakiela baitauka durduzatua begiak larri eta kokotsa zintzilik, bera ez dela ate itzulkari bat jakinarazi dio. Horixe esan dio hitzez hitz eta, badaezpadan, errepikatu egin du ozen, muturrera.

        — Ez naiz ate itzulkari bat! —durunda udal liburutegian.

        Idaztea heriotzaren aurkako borroka dela deklamatu zuen idazle handiak. Oraindino ez du igarri zer esangura ezkutua eduki lezakeen esan horrek. Ez da idazlea eta ez daki zer den letralana. Baina gaur ez heriotzaren aurka baizik bizitzaren aurka egin duela borroka iruditu zaio Lorea Gernikari. «Bai, bizitzaren aurka egin ditut nik gaur joan-etorri guztiak!». Eta inguruan inor ez dabilkiola ikusita, eskuak ozengailu ipini ditu.

        — Nik bizitzaren aurka egiten dut borroka! —oihukatu dio goiko kargulantari, ilgorrari.

        Ideia ederrak lantzean behin baino ez direla etortzen ere esan zien izena ahantzi zaion idazle handiak irakurle txokoan. Halakoa baiteritza bere oihuari, etxera baino lehen buruaz beste egitea erabaki du Lorea Gernikak, ez ibaiko ur ilunetan, ezpabere gaztetako maitale dandy batek dastatzen irakatsi zion oporto kopaxka batean, ospakizun.