Apirila
Apirila
2014, nobela
216 orrialde
978-84-92468-54-4
azala: Juanba Berasategi
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Hamabi

 

— Hori dauka txarra ehizak, piezarik ezean aspertu beharra dagoela.

        Enparan diputatuak denbora darama laguntza-eskearen kontuari bueltaka. Ez daki garbi zergatik, baina susmoak hartuta dabil alferrik atera dituztela zizpak udal armategitik. Kontuak egin ditu, berak eman beharko du aurpegia Loiolako harginen aurrean Agote agertzen denean. Ez zaio gozoa egiten aitortu beharra ez dutela zer defenditu, esan beharra urduritasunak eragin duela nahasmena, zarata bai galanki, baina ez dela ezer atera, sarraski gaineko eltxoak baino ez direla airatu sastraka artetik eta itzultzeko lanera.

        Alde horretatik, begira, nahiena matxino parrastada bat behintzat agertzea lotsagarri ez gelditzeko, pentsatu du.

        — Esan dizut, hemen ez dago untxirik.

        Diruak kezkatzen du Enparan. Damu du azkarregi izutu izana, seguru baitago Azkoitiko sua itzalia duela Narrosko markesak, edo txarrenean, ez dela Azpeitiraino helduko. Ez gaur, behintzat. Bestela egin behar ziren gauzak. Orain beranduegi da akaso.

        — Ez untxi eta ez birigarrorik, kaka zotzean!

        Garmendia izan da, nor bestela. Umoreko dago gizona. Enparan diputatuak badaki gustura botako lituzkeela pare bat tiro, kapela zikinen bat aireratzeko badarik ere. Begitan hartuak ditu azken aldian giroa berotzen aritu diren dozena erdi bat andra-gizon. Idazkariak berak esanda daki Enparanek hori.

        — Harginak ez zaizkigu doan etorriko, eman beharko diegu tripazorriak akabatzeko ttanttana.

        Berak esan eta berak barre Garmendia ergelak. Urrestildarrak aipatu ditu, ez ahazteko haiekin. Sos gehiago atera beharra kutxatik.

        Aparte batean jesarri da Enparan ezponda gainean, bailarara begira. Oinetakoak erantzi ditu. Estutu egiten diote orpo gainean. Babaren hasiera gozatu du erpuru lodiez.

        — Basazabal urduriegi dabil.

        — Zaude lasai, laster izango duzu zuk ere nori tira.

        Loiolara bidalitako biak karobitik pasatu direnean egin du oihu beheragotik Altunaren morroietako batek, badatozela, hemen direla. Presaka altxatu da, oinetakoa erdi jantzian. Bidera jo dute denek, begiak luze.

        — Zein datoz?

        Harginekin izandako elkarrizketa berregin du Agote sindikoak taldera bildu orduko. Hitzez hitz berregin du kolegioko obran gertatutakoa, errepikatu ditu berari zer erantzun dioten, eta nola, ze harro gainera berak. Enfasian ez da zintzoa izan, baina hori ez da gezurra izatera iristen, pentsatu du lipar batez. Aukeran, jesuita atera da ondo hain gaizki portatuta. Enparanek nor izan diren galdetu dionean ez da gauza izan askorik esateko, izen bat edo beste atera zaio, ez oso seguru ere. Irribarre gaiztoa sumatu uste izan du Garmendia idazkariaren begietan. Morroiak lagundu dio beltzaranaren amenazua ez ahazten.

        Azpeitira itzulita dena hasieratik kontatu behar izan denean, Garmendia bera izan da Agoteri kontakizuna osatzen lagundu diona. Etxeratzeko agindua emana da. Giltzapean gorde dira ostera ere armak, balak, perdigoiak eta bolbora-poltsa guztiak.

        — Gaur ez da hona kristaurik etorriko.

        Basazabal alkateak ez duen irmotasunez hitz egiten du Enparan diputatuak. Balkoira ateratzeko egin dio gonbita, besaurreak barandan solastu dira biak, beste guztiak areto nagusian direla.

        — Seguru zaude?

        — Oraintxe zapata txerri hauek atera dizkidaten babez bakarrik nago seguru.

        Harresi eraitsiaren gainean egindako etxearen teilatu hegalean behera labaindu da eguzkia.

        — Ezin esan gerizpea beti ederra denik.

        — Baina plaza eder bat irabazi dugu.

        Zeharka begiratu die biei lixiba lehortua biltzen hasi den neskatxak pareko balkoitik.

        — Osorik bagenu...

        — Zer, harresia? Gure aurrekoek erabaki bazuten ez zela beharrezkoa, ezin hasiko gara hori lehengoratzen Azkoitian aztoratuta dabiltzalako.

        Harresi zaharretik ez da mendebaldeko atea baino gelditzen, dorrerakoa ixten. Artilleriarekin, alferrik dira haizealdi gogor batek botako lituzkeen hormak. Gerraren logika ere, urteak dira aldatu dela. Erabaki egokia izan zen plaza berria murruetatik kanpo egitea, herriak arnasa hartu zuen horrela.

        — Harrigarria da nola gertatzen diren gauzak behin eta berriz, ez duzu uste?

        — Egundo ez dator ezer berdin.

        Aterraldi luzeekin, arratsalde gozoak izan dira azken egunetakoak. Premia ez da makala. Lehortearen ondoren, udaberri ederra ari dira izaten. Iazkoa baino uzta hobea izango da aurtengoa.

        — Zuk zer uste duzu, merkatu beharra izango dugula?

        Eskua Basazabalen sorbaldan jarri eta alkatearen begietan sartu da Enparan diputatua.

        — Hara, aurtengo uzta hobea etortzea besterik ez dut eskatzen. Bakea.

        Deitu egin diote barrutik Enparani, diputazioko paper batzuk dituela sinatzeko. Amaitu duenean gaur lo lasai egingo dugu, esan bere artean, eta orduantxe entzutea izan da, gora-goraka datozen, zer dioten ulertzen ez diren ahotsak, urratsen hots presatua eskaileretan gora. Bat-batean zutitu da, sinatu berri dituen paperak batzeko agindu du. Ez du ateraino heltzeko astirik izan. Altunarekin egin du topo, emakume bat duela atzetik sakaka. Andre-gizon oldea datorkie gibelean, barneko inork zirkinik egiterako areto nagusian sartu dena. Zenbat dira? Hamabost, hogei?

        Hogeita hiru zenbatu ditu Enparan diputatuak berak, aurreko bueltan denak biribilean jarri direnean areto nagusiko paretaren kontra. Bat gehiago bigarren aldiz kontatu dituenean. Lasaitu egin da, ez du armarik ikusi, gangarra besterik ez dakarte, laineza, harro-patsa. Eta astamakilaren bat edo beste. Kontuak egin ditu: nola ez du ezer ikusi Basazabalekin balkoian egon denean, seguru zelatan izan dituztela, zain barrurantz noiz sartuko atea giltzatzeko astirik izan ez zezaten. Zain bazkalondorenetik erne zeuden bi partidak desegiteko, gizonik gehienak etxeratzeko.

        Udaletxetik ez aparte ere, ondorioztatu du Enparanek.

        Joango natzaizue basurde-zulo horretara, zaudete lasai.

        Ez du hori esateko argitu eztarria, ordea. Diputazioak ematen dion ahalmenaz baliatuta, etxera joateko agindu die Enparanek, bihar hitz egingo dutela trankilago.

        Oihuak eskailburua hartu du:

        — Libratu mutila! Libratu mutila!

        Basazabal alkatea izan da lehertu dena:

        — Lasaitu denok, lasaitu eta ixo! Gauzak konpontzearen alde gaude hemen denok!

        Entzun diotela dirudi, eskuei eraginez lagundu nahi dio ahotsari, banandu egin da azken tropoiloa. Azken eskaera bat, Altuna besotik helduta duen emakumeari:

        — Mutila libratzeko gizona utzi beharko duzue ba bakean...

        Altunak berak lasaituko du Basazabal alkatea, ondo dagoela, hasteko hasi beharrekoarekin bakoitza bere etxera ahalik azkarren joateko.

        — Zein duzu izena?

        Mahaiburutik jaiki gabe galdetu dio Enparan diputatuak denen buru dirudienari, aurkezteko bere burua hitz egiten hasterako.

        — Julian Segurola naiz, Akotegikoa.

        Aulkia jarri du Garmendia idazkariak mahaiaren aurrean. Bertan esertzeko agindu zaio.

        Eta belusa granatez jantzitako aulkian eserita hasi da Akotegi. Trabatu egiten da, hitzak elkarren gainera erortzen zaizkio, erdi bi eginda bezala, baina berehala eten behar izan du. Enparan hurreratu zaio, keinu zakar bat ikusi dio, atzapar bat erasoan buru parean, lepo bizkorrari esker airea jo duena.

        — Erantzi kapela alkatearen aurrean zaudenean!

        Behar den bezala neurtu gabeko sinua izan da. Atzerantz irristatzen utzi dio aulkiari Akotegik, begiak sututa harrotu da diputatuaren aurrean, ia ukitzeraino atera du paparra, orain ez da ezinean dabilen gizona.

        — Zer alkate eta zer deabru, geu gara alkate orain!

        Marmarra orro bihurtu da, lehertu egin dira hogeitaka eztarriak, bakoitza bere herrarekin. Armak hartzea pasatu zaio burutik Basazabali. Arriskutsuegia litzateke.

        — Libratu mutila!

        Libratu mutila! egiten dute oihu. Altunaren etxean agertutako gutun anonimoa dela kausa atxilotuta dutenarengatik ari dira, Bikuñaren etxean idazkari ikasten ibili den urrestildar gaztea nahi dute aske.

        Libratu mutila! entzun uste izan diote Basazabalek, Enparanek eta Garmendiak Nicolas Altunari, orain emakumeak bakarrik ez, beste hiruzpalau gizonek ere estu hartuta duten Altunari, libratu mutila, esku kakotu bat duela lepazamarraren bueltan.