Apirila
Apirila
2014, nobela
216 orrialde
978-84-92468-54-4
azala: Juanba Berasategi
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Sei

 

Mundua eta honen itzala dago bildua plazan araldea bertan sartu denerako.

        Ez da ageriko hierarkiarik, baina Esteban lasaiago dabil Mateo Garate aurretik doala ikusita. Asto kiratsak hartu du aurrena. Gernuarenak ondoren. Eta izerdiarenak elkarren kontra pilarazi dituztenean harresi ondoan. Leihoetan haurren musu zikinak baino ez ditu ikusi. Ilobenak kale barrenean. Laster da eguerdia, atera du kontua. Muxurka heldua da eguzkia teilatu arteko zeru txatalean. Kontzejupean sartzen ari direla ikusi du Teresa, eta harengana egin du pausoa. Taldetik ateratzen laga dio Ataunek, bestaldera begira biratu da, txakurra hanka-festa hartan jauzika.

        Astagorotza oinpean.

        Kexa batean datoz erdi bultzaka kalean behera ekarri dituztenak. Bazkaltzen ari direla atera omen dituzte etxetik, era txarrean atera ere. Zakar mintzatu zaizkiela armatuak salatu diote Mateo Garateri. Hara behar dutela, mundua behar dela plazan zamadunak heltzen direnerako.

        — Zer zabiltza hemen?

        Nola litekeen Teresaren begiek gogorretik dutena samurretik izatea dio bere artean Estebanek, eta damu da, ez du beti asmatu izan ondo ulertzen.

        — Zu etxera eramatera etorri naiz.

        Burutik beherakoaren astuna. Legartua du ahoa. Errekara joan banaiz nola espero ninduzun hemen?, baina ez diotso ezer. Sinistu planta egin du, ondo dakien arren ez dela egia osoa, ezta gezur hutsa ere. Biak batean. Dena nahi. Ez da akaso indar horien arteko orekarekin asmatzea bizitzaren zeregina? Biak nahi. Oheratu nahi du behingoz, baina ez ikusi gabe noraino iristen den talde haren ausardia.

        San Sebastianetik plazarako bidean entzun duena azalduko dio Estebanek Teresari. Mendaroko bi emakume direla, nola geldiarazi dituzten Garate aita-semeek, Ataunek eta beste pare batek Egurbideko ola parean, eta zeramatena itzultzeko agindu, herritik ez dutela ez garirik ez artorik aterako esanda.

        — Egoteko moduan zaude?

        Garitik gozoa dator. Artotik egonarria.

        Munduaren heldulekua iritzi dio emakumearen eskuari gerri atzean pausatu zaionean.

        Zu hemen bazara, bai, esatekotan egon da. Atzamarrak luzatuta erantzun dio, asteak dira ez diola eskutik heldu. Bultza egiten du jendeak, baina. Batetik bestera astintzen ditu jakin-minaren oldeak, atzamar kateatuak eten eta erabat banatzen dituen arte.

        Burua itzulia du Estebanek.

        Ukondoak dira, mokorrak, eskuak saihetsetan indarka. Bat-batean, buruen artean nabarmentzen den bat, Olaskoaga erretorearena, zekor batena bezainbat, soiltzen gazterik hasia. Itsaso Gorria bezala zabaltzen ikusi du Estebanek jende multzoa hari bidea ematen, hitz horiexekin gogoratuko du gertatua gerora. Itsasoa erdibitzen esango du, ganibeta txerriaren sabelean nola. Deiadar batean dator, eta bultzada olatuek bertaratua, aurrez aurre du konturatu denerako Estebanek.

        — Laga hemen! Laga asto hauek hementxe!

        Dena baino zaharragoa ematen du Carlos Olaskoagak. Ahotsagatik da, ez du uste berak kristauak beldurtzeko trumoia ez denik.

        — Lagatzeko hemen!

        Narrosko markesaren etxetik omen dator.

        — Arren eta arren eskatu diot markesari esateko Leturiondoko andreari...

        Eten egin behar izan du. Plazan ez dago elizako isiltasunik.

        — Esateko Leturiondoko andreari ez saltzeko berriz garirik kanpora, herrian dagoela-eta beharrik handiena.

        Ataun du ondoan berriz ere, garroteak putzak emanda jo plantak egiten. Gutxik bezalako gangarra du Olaskoaga erretoreak:

        — Hala agindu diot, itzuliko dugula bi astoen karga. Baina ez saltzeko, ez saltzeko gehiago kanpora, gauzak okertuko ez badira.

        Poz-ikaraz mintzo zaie saldutako belarriei, Narrosko markesaren erantzuna kolkoan. Esan bezalaxe egingo omen du, agindu diolako fio da, egoteko lasai, seguru dagoela Leturiondoko alargunak onartuko duela tratua.

        Gero, atzeratzeko keinua egin du, esku handiak dantzan. Oihuak lehertu egin dira, sakaka hasi da atzera ere jende aldra kontzejupetik irteteko.

        Merioari deitu dio Olaskoagak. Udaletxepean bilduta direnentzat alkatea bera baino gehiago den Carlos Olaskoaga erretoreak.

        — Tira, bueltatu banastetakoa.

        Merioak ere ez du uste Olaskoaga alkatea bera baino gutxiago denik.

        Sokatik tiraka ekin orduko, astoen apatxak lanean hasi dira aguazilaren orpotik. Haiekin batera hasi da mundua ere oinez.

        — Atzera! Atzera!

        Eutsi ezin zaion oldea da abadeari atzetik doakiona. Halako marmar bat, erlauntza aztoratu batek jarraitzen dio Leturiondo jauregiraino. Trankatuak dituzte ateak. Ukabilen indarra egur sendoaren kontra. Oihu betean jakinarazi dute zarratuta daudela aurrenak iritsi direnek.

        — Eraitsiko al ditugu?

        Zabalduko dituzte. Irtengo dira morroiak, bihurtuko dute biltegira alea, hartuko dute berriz ere astoek Mendarorakoa, bi andreak dituztela bide erakusle. Geroago ordea, Teresa eta Esteban etxean sartzen ari direla.

        — Oraintxe nator.

        Haurren ahotsak inoiz eri ikusi ez duten osabarengatik galdezka. Txikienek ez dute gogoan ohean, eta buru motzak erakusten dituzte ate zangoz bestalde oherako eranzten ari dela. Izara artean, leihoa zabal diezaioten eskatu du Estebanek. Jendea entzun nahi du kalean, ez aldendu erabat esna den mundutik. Ur freskotan bustitako oihalekin itzuli denean Teresa, begiak bilduta aurkitu du.

        — Berandu zabiltzate, bukatu da plazakoa!

        Teresak burua atera du leihotik oihuaren jabea ezagutu nahian. Hiruzpalau gazte ikusi ditu kalean behera antxintxika, eta orduantxe ordu bata jo du erloju berriak. Zapi bustia ezarri dio senarrari kopetan. Bezperan Olaskoaga erretoreak pulpitutik botatakoak etorri zaizkio trumilka. Domekako mezan ez bada noiz izango zituen Narrosko markesa-eta entzule huts? Eta berregin ditu erretorearen hitzak bata bestearen ondotik. Denok dakigula zer uzta izan dugun azkenekoa, eta pagatu ezinezkoak direla prezioak eta handia askoren gosea. Horregatik, aukeratzen dena aukeratzen dela, lege guztien kontrakoa dela garia zein artoa kanpoan saltzeko erabakia, noiz eta herritarrak daudenean ale horren premian.

        Halaxe kontatu zion etxeratu orduko orain ondoan lo daukan Estebani.

        — Eta?

        — Han ikusten dituzu aurreko ilaretan peluka guztiak, elkarri begiratzeko kemenik gabe. Halako isiltasun bat, Esteban. Hildakoen hezurrak entzuteko modukoa.

        Peñafloridako kondea ez nahi beste, baina inoiz hagin kontuak direla-eta ezagutzen dute Narrosko markesa pitin bat Estebanek eta biek. Ez da jarkitzen zaizun gizona, zuriagoa da hori baino, gero atzetik sartuko badizu ere. Asto bahitzaileek deituta agertu da. Besteek zer egingo duten ez da erraza jakiten, baina badaki Narrosko markesak behintzat prezioak jaitsiko dituela. Bakeagatik bada ere, uda amaitu artean behintzat.

        Ohe ertzean ohartu da honetaz Teresa, sukarrak epeldutako zapia eskuan, lokartzen hasia den Estebani begira dagoela. Sorbaldatik leunkiro astindu eta galdetzea erabaki du, ea utzi dioten izainik harrapatzen edo etxekorik bidali beharra dagoen errekara. Hala egin du, baina berandu da.

        — Lo zaude, Esteban?

        Ilobei agindua emanda atera da kalera Teresa, osaba esnatzen bada irten dadila bila, plazan egongo dela. Ia lehen adina jende dago arkupeetan, nahiz eta hurreratu orduko esan dioten etxeratzeko agindua emana duela Olaskoaga erretoreak. Inork gutxik egin dio kasurik, itxura. Arrazoietako bat lepo gainean daramate kontzejupera, batek daki nondik aterata.

        Bildotsa balitz bezala ari dira besoz beso doan zahagia laztantzen.

        Ardo zetakaz zikinduko dira ohartu orduko lauzak.

        Olaskoaga non den galdetu duenean ez dela joan zahar erantzun diote, denekin haserre. Teresak ezin izan dio barre-antzari eutsi. Jendea ez dela berehalakoan etxeratuko, ezagun du. Kontzejupeko horma nagusian bilduta dagoen taldean erreparatu orduko ekin dio hariak lotzeari.

        Garate, Ataun eta gainerakoekin batera, bart gauean Txaldako Zaharraren etxean bildu diren guztiak daude, isil-hizketan, zahagitik aparte.