Atoiuntzia
Atoiuntzia
1990, ipuinak
130 orrialde
84-86766-25-7
azala: Erramun Landa
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

Mario

 

Marioren gorpua zen erresakaren tirainak portu barrurantz zekarrena. Itsasadarrean behera etorri ohi den laino-adarra urratu guran legez, karranka zorrotzez eztenkatzen zuten kaioek lurrunezko horma urdina. Ni neu, neguko goiz eguzkitsuan, Artza aldean nengoen. Kaio zaharrenek haitz hoberenak hartzen dakite. Enbarkazio bakarra zegoen portu barruan. Lehorrean ziren besteak. Filosofaldi bakartietarako abagunea. Kaioen maniobra orkestralei begira.

        Hamarretarako batzen dira lehen parrokianoak Torronteroan. Gorpuari antzeman zion lehenak ez zuen sinestu begiek esandakoa. Atlethic aspaldion, ez dakit nik. Zer da han, han ur gainean dabilena. Baten bat edo. Filosofiazko itsasotik erreskatatu ninduten aldarriek. Neu ere arrapaladan joan nintzen nasa zaharrerantz. Baten bat dagoela uretan, gizona ematen duela, heldu naizerako eskuetan du txistea Martzelok. Taket luzearen muturrean estekaturiko gantxoa da txistea, arrainei, apaiuaz behin uretatik kanpora ateratakoan, kokotsean sartu eta klak barrura enbarkatzeko erabiltzen dena.

        Bizirik ez dugu ta, bildur barik sartu'iok. Arrantzale gehienek ez dute igeri jakiten eta, ardura handiz egin ohi dituzte halako maniobrak. Herrian, bestalde, ez dit lagun askorik berba egiten niri. Hala bada, han batutako dozenatxo bien artean lekua ahal dudan moduan eginda kirikatu behar. Gorpua ahoz behera zegoen, harat-honat, uraren dantza berean. Alkondara eta praka bakeruak aldean. Nasarantz erakartzea lortu du Martzelok, azkenean ere.

        Itsasoko ertzain bi ditugu herrian, aintzinarago kabodemarrak egiten zituen berberak egiteko. Inork ez daki zer. Itxi geuri egiten, nondik edo zelan agertuta jakin barik, halaxe hasi ziren, itxi geuri! Martzelok Iñakiri luzatu zion txistea. Sakua legez altxatu zuen gorpua ertzainkiak, alkondarari sendo eutsita. Tarrat egin zuen oihalak. A saber noiztik dagoen hori uretan, alkondaria be ustalduta dauko ta, Iñaki ertzain tentel haren aitak, Domiñek, semearen troskokeria zuritu guran edo. Bost guri horrek. Nor ote zen, horretan zalantzarik ez zegoen arren, hantxe ginen denok, gorpuei eskeini ohi zaien fatalitate begi lasaiez so. Mario zen herrian falta zen bakarra. Norena zen gorpua, ez zion inori lar ardura horrek, maniobra berak baino. Estetikak. Bigarrenez ekinda, altxa eta ahoz gora ipintzea lortu zuenean Iñakik, gorpua Mariorena zena, denok egon ginen ziur. Nahiz begi biak falta izan hilkiak. Ebatondoak argitzen zigun ederto bera zena. Ezkerreko begia eta belarriaren arteko erdi erditik ezpain ertzeraino, edozein begiraleren aditasuna erakartzen zuen ubide antzekoa eratzen zuen. Goi mendietan xirripak bezain arin labantzen zitzaizkion bertan jendearen begiak. Ebatondoa.

 

 

II

 

Gure anaia gazteenarekin ibiltzen zeneko sasoietan egin zioten ebatura Mariori. Alboko herrira joaten ziren, neskatan eta nahastetan, egia esan behar bada, biak esanda. Neskarik, ez dakit inoiz lortzen ote zuten. Bestea, berriz, satsa legez. Beti izaten zuten erriertaren bat. Bultzakoak ere erabili izaten zituzten. Katez loturiko makilatxo sendo bi, larruz forratuak. Karatekek erabili izaten dituztenak. Hala da ezen, karatearen horexek ekartzen dit gogora orduantxe hasi zirela Kung-Fu pelikulak ematen hango zinean. Karate egiten zuten. Gero, anaia ezkondu ere egin zitzaigun eta, ganora apur bat ikasi duela esan liteke. Emaztea izango zena halakoren batetan ezagutu zuelakoan nago.

        Goiz hasten ziren edaten larunbat-igandeetan. Sarritan, etxera agertu barik egun biez, zubi-gaua eginda ibiltzen ziren. Eta eurek izan gura izaten zuten oilatokiko oilar bakarrak. Laster aurkitzen zuten norekin ezproinkada eta mokokadaka hasi. Laurogeitaz kilo bazituen anaiak orduan. Mario, berriz, ihia lakoa zen. Beti gorde izan du argaltasun hori, bai zaina zulatzen hasi orduko ere. Autoestopean inork ere hartzen ez zueneko garaian errepidean gora eta behera ibiltzen zen, joan-etorri amaitezinetan, argal, burua apur bat makurtuta, blue-jeansetako atzeko partikaretan eskuak, apur bat altxata narruzko jakaren idunekoa. Argal bai argal. Nik neuk, hartu egiten nuen autoan. Istripua izan zuen arte.

        Se puede fumar dentro del coche. Euskaraz ez zekien lar ondo. Qué ruina chico. Ez zuen tío esaten. Beti chico. Ebatondo nabarmena zuen. Le he machacau, amorruz esan zidan anaiak Marioren aurpegia sinatzen zuen ebatondoaren zergatia azaldu zidan hartan. No hay embarque y luego te dicen que no trabajas. Izen txarra zeukaten irabazia. Beti begiratzen nion ebatondora.

        Le he machacau a ese hijoputa. Gallegoarenean izan zen. Disko bera laupabost bider imini izan bide zuen Txapastak. Beraz, burrunba hark bigundu egiten ei zizkien garunak anaiari eta Mariori. Txapasta, ya está bien, a ver si no vamos a poder ni poner los demás. Txo, niri euskaraz gero, eta ez badakizu, ikastia dekozu. Neuk dakit euskaraz eta zuk zer gu'zu nire lagunagaz. Zure laguna? Osti pare bi kobratuko dauzela, hauri baino besterik ez. Bai? Zuk? Noreri? Zure lagunari eta baita zuri be, bioi, kakazto hori. Kakazto esan dostazu ala? Bai, kakazto esan'tsut. Ni kakazto, ba zu adarrazto. Txo, kobra eingo' zula gero. Emon ia, emon kapazbazara.

        Hantxe etorri zitzaion lehen ostia anaiari. Eta Txapastaren lagunak, zart Mariori. Hala da ezen, behearen gainean artean, bultzakoak ateratzen ditu anaiak. Txapastaren lagunak, hori ikusten duela, han hartzen du botila mostradorearen gainetik eta dio, a zuek halakoakaz, mekaguendios, marikoi halakoak, ointxe ikusiko'zue. Eta aurpegi-aurpegian ebatura Mariori botilaz besteak. Anaia, odola ikusten duela, begiak sutan altxatzen da, ia ehun kiloko zezen, eta ostika bultzatzekoekin, zirt eta zart, nori edo zeri jotzen dion begiratu barik. Azkenean, gallegoa bera hasi ei zitzaien, kaguen tal, que me jodeis el bar, ze Galegok ere gauza gitxi euskaraz. Txapasta eta laguna, biak behearen gainean utzita, sorospenetara joan beharrean anaia eta Mario, oraindik ere berriro kobratu behar dutela besteak eta, tabernarik taberna jarraitu erronkaren bila. Sendatu gabe utzi zuten ebakidura. Ebatondo itsusia geratu behar, derrigorrez. Eta harexi ebatondoari begiratu izaten nion autoan hartzen nuen guztietan.

 

 

III

 

Mario hartu dot lehen autoestopean, behin esan nion anaiari. Egurtu egiten dau izeko, antza. Durdituta utzi ninduen, ez nuen itxaroten, ezta inondik ere. Izekogaz bizi da ala? Zer, e'zu jakin, izekogaz bizi da aspalditik. Ezagutu behar nuela izekoa baina, niri ez zitzaidan etortzen nor ote zen. Izekoa jo arren, autoestopean hartzen segitu nuen aurrerantzean ere. Gero eta sarriago egiten zituen txangoak alboko herrira. Lagunak bertan zituelakoan bizi nintzen ni.

        Qué tal tu hermano galdetzen zidan beti, gizalegez, autoan hartu izateak ezartzen zion berba-zorra kitatzearren edo, ez dakit. Enbarkerik ez, beti-beti nik. Ando ahí con este, cómo se llama, le tienes que conocer. Nik ba ez dudala inor ezagutzen eta abar. Haces bien, berak, hobe dela inoren bizitzan ez sartzea, eta, beno, helduta gagoz, hurrengorarte. Recuerdos a tu hermano.

        Mario hartu dot autoestopean eta, zera, ja ez du izeko egurtzen ala? Izeko egurtu? Burutik eginda zauz zu. Aintzina hilda dago horren izeko. Tira ba! esan nion, esturatik ahal nuen erara irtetearren. Ez dot ezebez jakin. Ez zara enteraten. Beti berdin esan behar anaiak neuri azkenean. Ez zarala enteretan, txo. Egia zen, ez nengoen herriko ezeren gainean jakituan. Pikatu egiten da, hala esan zidanean anaiak, orduan bai ustebakoan harrapatu ninduena. Alboko herrira egiten zituen txangoen mogida ulertzen hasia nintzen. Eta dirua, nondik lortzen ete dau dirua? Tentelenei eskaintzen zaien begirada luzatu zidan anaiak erantzun modura.

 

 

IV

 

Dirua ez zen oztopo gaindiezina sekula ere izan, andetan zeramaten gorputz haren jabearentzat, anaiarentzat ere izan ez zen bezalatsu. Hiru izaten ziren lagunartekoak. Anaia, Mario eta Felisito, ama puta ei zuena. Herriko gixajoenak, anaiak sarritan esaten didanez. Beti eurak guztiaren errudunak. Lapurretaren bat edo egiten zeneko, geuri. Beti geu, beti geuri. Eta beste inor izan erruduna. Sutu egiten zait anaia halakoekin gogoratze hutsaz. Orain onartzen du noiz edo noiz zer edo zer egin izan zutena. Orain, umea eta andrea duenean, berriro zuloan jausiko ez dena ziur dakienean. Beranduegi.

        Txaplastak Mariori ebatondoa egin ostean, gudalekuz aldatu zuten. Roiloak, aitzitik, betikoa izaten zirauen. Arazo berriez apainduta, hala ere. Kilometro gehiago ziren. Kilometro luzeagoak zirenez, lantzean behin inoren motorra hartzen zuten. Etxean ez zekiten ezer gurasoek, edo, hobe esanda, ez zuten ezer jakin gura, zaharrek ondo ikasita bait dute begiek eta belarriek ekarri ohi digutela ezbeharra. Ez ikusi ez entzun gura ez arren, dena jakin behar izaten zuten gure zaharrek. Mario bera agertu zen atea jotzen.

        Ez zuen susto makala hartu gure amak Mario atetan ikustean. Andone, que Ander, esto, que está en Gernika. Eta ama, ikaratuta, zer egin ote den. Bestea, behin errekadua ekarrita, han joan zen, hanka, haizea baino arinago. Amak neuri deitu zidan, telefonoz erdu behingoan txo. Arrapaladan agertu nintzen Gernikara joateko, arin, anaiagaz zer egin den ez dakiela eta. Eskerrak Mariok beste anaiari ere utzi ziona errekadua, osorik, gure amari esaten ausartu ez zena ere esanda.

        Kalabozoan dago, munipen kuarteliloan, halaxe esan ei zion beste anaiari. Arreba eta biok agertu ginen koartelilora. Orain manikomioan sartu behar izan duten alguazil hori eta buruzagia zeuden bertan. Euskaraz egin nien.

        Hor dagoen hori mutila ikusten gatoz. Ikustera baino ez bada, tira. Ezin dogu etxera eroan ala, anaiea ta arrebea gara gu. Ezin da, ez, juezagaz berbarik egin barik behintzat. Jueza ikustera joan ginen, bada.

        Anaiak, gero ukatu egingo zuen arren, motorra lapurtu ei zuen. Hartu eta Lekeitiorantz joan zela, hango tabernetan lar edaten ibili eta, honanzkoan, sekulako muturkada jo zuela hormaren baten kontra. Epailearen bertsioa zen, jakina. Anaiak ezetz zioen, ez dakit nori eskatu ziotela motorra, eta Mario eta biak joan zirela, eta ez duela inor ikusi gura, eta handik ateratzeko bera. Ba, bidxarrarte berton egin bi'zula dino juezak, ta eskerrak edaderik ez dekozuna, bestela gartzelan zagoz orain ja.

        Hura samindura. Harrez gero, hainbatetan izan genituen antzekoak anaiarekin. Agirika egin arren ere, alferrik izaten zen. Amak benetan gorroto zuen Mario. Eta bestea ere, ama puta ei zuena hain zuzen ere. Zer ez ote zuten ohostu, karelezkanpoko hura, esate baterako. «Evinrude» galanta. Eta beti gezurretan. Harako harek eman diela, besteak utzi diola. Gezurra gezurraren gainean. Ama, hala ere, Marioren erruz zelakoan, semea barik, beti beste inor ikusi behar kulpantea, berak esaten zuen hitz berbera erabiliz esanda. Ez zuen deskantsu makala izan anaiak ezkondu egin behar zuela zionean. Neska bera ere etxean hartu zuen, seindun zegoelakoan eta gurasoek etxetik kanpora bota zutela eta. Erreka-urkuluan ubide bitan banatzen den ur bakarra zelan, halaxe banatu ziren bien gogoak harez gero.

 

 

V

 

Asko dira herrian zaldiaren mogidan sartu direnak. Nik neuk ez dut inor ere epaitu gura. Hor konpon denak ere. Mogidan sartuta ei zebilen Mariok berak, bizitzeko zer egiten ote zuen, horrek niri zer ardura baina, halaxe esan arren neure artean, beti izaten nuen galdera hori berori, gura barik ere, giligili egiten garunetan. Heriotzaren berriak argitu zidan apurtxo bat zalantza.

        Ba'kizu, desagertu egin da Mario. Ene! zelan ba? Txikitoak edaten genbiltzan, anaia, beronen emaztea eta egin duten ume galanta, azken hau, jarraigo modura baino ez, jakina. Lanpernatan joan dira bera eta beste bat, eta desagertu egin da, itsasoan.

        Lanperna hitzak entzuteak ama ekarri zidan gogora. Zenbatetan ez ote zidan esan, begien aurrekoa ikusi ez neuk eta, «itsuski, lanperna; txakurra bada, haginka». Hilda zegoen, Marioren izeko zegoen bezala, Mario bera ei zegoen bezala.

        Lanpernatan joan dira, trenbidepeko atxetara, bera eta beste bat, ezatu bi'zu, derrigorrez. Ez dot ezatuten ba. Beste zera da... Bost niri nor den bestea.

        Azaldu zidanez, Udazkeneko itsaso biziak aprobetxa guran, lanpernatan joan ziren. Marea behe-behera datorrenean agirian geratzen diren haitzetan egoten dira halakoak, euretara ozta ozta hel daitekeen lekuetan. Une laburrez, larrua jokatuz zereginean, zorro bete lanperna batzeko modua egoten da. Arrisku horrek, eta hain eskas egoteak ere, garestitu egiten ditu itsas izakitxo gazi-zaporetsuok. Ez dakit zegan dabilen dosia baina, zeozer konponduko zuten lanpernokin.

        Itxura denez, halako leku gatx eta arriskutsuren batera joan zen Mario, laguna lehorrean barrurago utzita. Hark, ez du sekula jakin bildurra hitzak esan gura duena, hark. Uhinak bits ulukorretan hausten direneko alde bakartsurantz jo zuen, antza. Hala da ezen, ezin zuten elkar ikusi adiskide biek.

        Igaro ziren minutuak, joan ziren ordulaurdenak eta bete zen ordua ere, eta han ez zela lagunik ageri ikustean, ba, Marioren bila hastea erabakitzen du besteak. Han doa haitz arriskutsuetara eta, zer da kontua?, ez du inor aurkitzen han. Ez dago inoren arrastorik apurrena ere.

        Itsasoko Gurutze Gorrikoak eta Ertzantzakoak, han ibili ei ziren hara eta hona, ezer aurkitu barik horregatio. Beste edonor izanez gero, herriko beste enbarkazioak ere irten ziratekeen bila baina, ez zuten estimu lar handian Mario. Berarekin haitzetan egondakoa ere, laster utzi zuten baketan txapelgorriek. Zer zion inori ere Mario desagertzeak? Bost. Ezta hori ere ez.

        Anaiak ez zuen sinesten Mario hilda zegoenik. Halaxe esan zidan gaia berriro atera nuenean berbalekura. Emaztea ospitalera eroaten lagundu nuenekoan izan zen. Badirudi, bada, ezen inoren ezbeharrekin gogoratzeak lagundu egiten dituen norberarenak. Zer dakizue Marioren asuntoaren ganean, hamarren bat kilometro egindakoan galdetu nien. Ezebez, hor ibili direla bila eta ez dabela topa; hori ez dago hilda. Ezetz? zer ba? Horrek, horrek lehen be beti jakin dau, noiz komeni jakon desagertutea, orduantxe egiten missing.

        Isildu egin nintzen. Inork ezagutzekotan, nork hobeto berak baino? Handik egun batzuren garrenean portuan agertu zen gorpu begibakotuak, aitzitik, ezabatu egiten zituen anaiaren susmoak. Nireak ez, berriz. Ebatondoa baino hamaika bider motzagoa zen begi-ezak, betzulo hustuek hain zuzen ere, eskenarik lazgarrienak, doilorkeria sinestezinak, anker-joko gomita erazlea, guzti hori eta areago asmatzeko bidea ematen ziguten, ezen, nork zioskun guri ez zuela lagunak akatu, elkarren arteko kontu ilunak argitzeko ahaleginek edo, barau-sindromeak edo, nork daki zerk, zeozerk, lagunari alamenik piztiena emateraino zorarazita beste laguna. Hala izan bazen ere, testigu barik, ez zegoen ezeren frogarik, nahiz eta, bestalde, lanpernak haitzetatik erauzteko erabili ohi diren burdinak eurok, inori begiak zuloetatik erauzteko tresna ezin egokiagoak zitezkeela jakin. Horrek, bada, susmorik ezkorrenak hartzeko aitzakia eskaintzen zion herriari. Urteko azken sareek ekarri zioten erantzuna susmoari.

 

VI

 

«Lau aeroplano pasata, bat itsasora jausi...», kantak diozenetariko baten hondakinak aurkitu zituen Bittoriano berak aurkitu zuen arrain itzel hura ere. Eta hogeitamarren bat urte beranduago, ordukoan hondakinak —gogoan ditudanez, hegal zatia eta lemako beste zati bat— non utzi zituen, bertan utzi zuen arrain itzela ere. Ez dakit nik zertan egin ote dituen bietan berdin. Harrokeriaz, berak ohi zuen lekuan atrakatuz gero ez zukeelako horrenbeste lagunik ikusi, ala arrainaren luze zabalak halakoxe leku ederragoa eskatzen zuelako. Beharbada, moila zaharrean lehorreratzean aintzinako liturgiaren batekikoak betetzen zituelako egin zuen, senaren senaz. Marioren gorpua altxa zutenek ere Bittorianok hautaturiko lekura altxatu zuten. Handixek eroan zuten gorpua, hiru egun lehenago andariek. Alde sakratuaren berri eman ezezik, beraren mugak zehaztu zizkidaten, gura barik, gertaerok; handariek, Bittorianok.

        Bittorianori bihotz-minez kutsatzen zitzaion harrotasuna antza, ezen, arrainak, apurtura itzelak egin zituen sarean. Ernegatzen zegoela ematen zuen, kaguenzozka, herrikoez inguratuta, udazkeneko iluntze odolduan. Moilako orman eskegita, sare hautsia. Han, beherago, arrainaren lepo urdina.

        Ze arrain da, ze arrain da, denok elkarri galdetzen. Zekikeen bakarrak, Bittorianok, josita gordetzen zuen ahoa. Gogoan zituen, ziurren, aurreko bestean ere azaina bihurtzekotan izan zena, zelan egin zitzaion sekulako burukomina. Kabodemarra etorri eta datu guztiak hartu, eta ea hau eta ea bestea, eta Bittoriano bera nazionalista zenez, bada, ikaratuta. Eta nor ez halakoekin. Hala da ezen, baten batek arrain hura Ozeanografi Institutora eroan behar zela esan zuenean, tiene gracia el cuento del descubrimiento atera zitzaion erderaz. Atsegin izaten zuen euskaraz ezezik besterik zekiela erakustea.

        Nik neuk, ozta ozta ikusi ahal izan nuen zorioneko arraina. Bi bat metro luze, hegats zorrotzak, buztan boteretsua, begi borobil borobilak, hautsita zuen muturra. Esparroia dok, esan zuen, azkenean ere, Bittoriano berak. Ez dok esparroia ba, erantzun zion Kojuak. Eta, badok ezdok, hantxe hasi ziren erriertan ia.

        Neuk dinotsut, hau lehengoan Asturianoaren enbarkazinoari ezpatia sartu eta gero bertan, zuloan sartuta itxi eutsona dok, gizona. Gezurra dok hori zulo hori eta arrainak eginekoa danik be. Isilik egon hadi, isilik.

        Ondo begiratuz gero, bai, nabarmena zen hirurehun kilo inguruko pieza harek musturraldean zeozer falta zuena. Institutoan aztertuko zuten hobeto. Hantxe zetozen monstruaren kargu egiteko ziren ertzainak. Eta orduan errementa zuen Bittorianok, ertzain biak ikustean.

        Ama txarridxen arraina, neuk emongo'tsoat institutoa ta institutondoa. Ganibeta ateratzen du, laburra, zorroztearen zorroztean ia janda duena ahoa. Madarikatu honek arrainak jazkak hor tripa mando horretan, kaguen judaz iskariote, eta eroango jabek, eroan baina, kristo bendito, ez nik tripetan zer daukon ondo beitu barik, kaguen zotz. Sartzen dio ganibeta ahopekaldean eta, tarrat, goitik behera erabakitzen du arraintzarraren sabelalde zuriska, eskuturra baino gorago sartuta besoa arrainaren barruan. Atzerantz eragin gintuzten odol zipriztinek.

        Zer egiten'zu, Bittoriano, geldi hor, arraina ikutu barik gero. Beranduegi. Alferrikakoa izan zen ertzainen zemaia. Besondoak ere arrainaren odoletan blai, sutan begiak, han hasten da arrain txikiagoak ateratzen bestearen barrutik. Ama putearen arraina!

        Eta inork ere itxaroten ez zuena egin zen bertan. Arraintxoz beteta esparroairen inguruak, amorratuta Bittoriano, aho zabalik beste guztiok, zer egin jakin barik ertzain biak, hara non, aldarrika hasten da Bittoriano bera, besoa arraintzarraren barruan duela oraindio. Begiak zuloetatik irten haginean ikusi nizkion. Zer ikutu ote dot neuk, jainko laztana! Harenak ziren alaruak, harenak orroeak. Kanpora aterata besoa, zabaldu egiten du eskua, arrain barrutik ateratako zeozer jausten uzteko. Behean jotzen du zer horrek, nik zer den ikusterik ez daukadana hasieran. Halako batean, ulu antzekoa askatzen dute sama guztiek bateratsu. Zer da hau! Neure oinetara etorri zitzaidan zer hura, laban-itzulika. Zer lirdingatsua, mintz azal-gorriska jada ustelduak inguratua, txikia eta, aldi berean, ezin itzelagoa, darion boterearen indar lazgarriaren eragin hutsaz itzela, hain zuzen ere. Ez dakit zelan irten zitzaidan esatea baina, esan egin ei nuen, ifernutik itzuli berria denaren ahotsaz edo, Marioren begia!

        Marioren begietariko bat zen.