Atoiuntzia
Atoiuntzia
1990, ipuinak
130 orrialde
84-86766-25-7
azala: Erramun Landa
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

Geu gagoz testigu

 

I

 

Geu gagoz testigu. Eskolatik irtendakoan, han ikusten genuen, sarritan, ur-hodiak konpontzen. Hurreratu egiten ginen. Lauxak zuloaren alboan izaten zituen pilatuta. Hantxe egoten zen tresnen kutxa metaleztatua ere. Eliza txikitxoa ematen zuen, zilindroerdi erako teilatuak koroiztatua.

        Zuloan sartuta aurkitzen genuen Ismael. Aldez aurretik jakiten genuen non edo non apurtua zela hodiren bat, eskolako iturrian ura kendu eta maixuak ez zigulako kaka egiteko baimenik ematen. Don Marciano esaten genion maixuari, mendekutzat edo, betaurrekoak eta izena —Mariano— logika sinkretikoz elkartuta biak. Herrira lehen laugurpildunak heltzen hasi zirenean izan zen hasierako guzti hau.

        Okinak —Okak—, berak ekarri zuen lehen kamioia herrira. Ez zuen giltzez ixten atea eta kabinan sartuta ematen genituen arratsaldeak, arrapaladan alde egin behar izaten genuen arte. Gurpilak husten ere ikasi genuen. A!, untzea hartu, balbulan sartu eta haizearen txistutxua —zarata leuna ateratzen duen uzker luzatua lakoa— erruberatik ihes egiten entzun genuen lehen bidarra! Atsegin izan genuen, aurrerantzean, autoak beherantz etorten ikustea, kautxozko hanka borobilak hustuta, indioen antzera makurtuta eta untzeari sendo eusten balbula ahoan geu, inoren begiradetatik gordeta. Clark Gableren antza zuen gizon harek harrapatu eta berotu gintuen arte. Hori, baina, beste kontu bat da.

        Zineko aldatzan uzten zuen Okak kamioia. Maguelen etxea ere jausten hasi ei zen kamioiak eta autoak zirela eta. Oraindik ere makurtuta du fatxada nagusia, hainbeste urteren buruan. Ez da jausi, aitzitik, eta niri behintzat ohitu egin dela ematen dit. Lauxazko kale hura, ostera, ez zen kamioiak zapalduak izateko sortua. Beherantza egiten zuten harriok eta, gaur bai eta bihar baita, hodiren bat zulatu. Urak gainezka egiten zuen laster, nahiz eta gure herriko estolda-sarea modernoenetarikoa izan bere garaian, geroago jakingo nuenez. Zulo ireki berrian, lauxen azpian, harea agertzen zen, ze kale hori aintzinako erriberaren gainean dator itsasoraino. Lauxen azpian hondartza zegoen.

 

 

II

 

Lauxen azpian hondartza zegoen. Ismaeli ez zion inork sinesten. Guk bai, guk ikusi egiten genuen agirian geraturiko hareatza. Han izaten ginen, zulo hegian. Heroeak pelikuletan piztiak lez uxatu arte gu Ismaelek. Kandileja, deblauki, hodi zulatuaren gainetik kendu eta, geuri zuzentzen zigun tresna. Suzko mihi luzeak irteten zuen, hots nagi dardartia ateratzen zuena. Sugearena edo muskerrarena zela ematen zidan, mehe eta koloretsua, uretan jausitako gasolioak utzi izaten zuen gorriska, azulkara eta morea dantzan zituela airean. Ez genion ikusten uzten, antza. Ume aldra zuloaren inguruan, guardasol moduan.

        Kandilejarekin egiten zigun amenazu. Eta nik iturgina izan gura izaten nuen, albanilak ikustean albanila izan gura izaten nuen tema berdinaz. Elizatxoa ematen zuen kutxa metaleztatua eta kandileja edukitzeko, arratsaldeetan erretzen zuen boltissierrarekin batera. Ez zion inork ere sinesten Ismaeli. Berunezko hodiak kandilejaz eta xaboi antzeko beste zeraz berlotzen zituen gizon trebeak, beti puro erdi errea ahoan, ezin gezurrik esan harek.

        Neu nago testigu. Aitak goizago jaten zuen eguerdia, edo orain bazkaria esaten dena, zapatu-domeketan ezik. Zapaturen baten izan zen, beraz. Erdalduna izan zen gure aita.

        —Ismael está como una chiva.

        Indabekin batera jan ohi zuen kipulari xerratxoa kentzen zion bitartean kanporatu zuen. Nik ez nuen jakin «chiva» berbaren esangura eta arreba nagusiak argitu zidan.

        —Teilatua ez daukola ondo!

        Eta gure aita Ismaeli tabernan entzundakoak kontatzen hasi zitzaion amari. Haserre zen ama, aita berandu etorri zela eta. Ezin izan nuen ulertu zertan haserretu zen, noiz eta aitak ipuin hain ederra zuenean kontatzeko.

        —Lauxen azpian plaia dago.

        Hiru lau bider izan ei zuen Ismaelek Luziaren tabernan —aitak azaldutakoa egia bada behinik behin—, gainerako parrokianoek jaramonik ere ez zioten egiten eta. Ez nuen edatuna ikusten Ismael, zuloan sartuta, hodiak konpontzen. Horrexegatik, amak edanda edo ote zegoen galdetzean, ez zuen halakorik zertan zioen ulertu. Lauxen azpian hondartza zegoen. Edo harea behinik behin. Geu gagoz testigu.

 

 

III

 

Testigurik, horixe ez zuen Ismaelek, larruazaleko kolore gero eta ilunagoak ematen zuen lekukotasuna ezik. Santa Maria kaleko hamaikagarreneko hodi zulatua konpontzen ziharduelarik, zorabiatu edo egin zen, antza. Goizeko hamarrak aldera izan zen. Ez zegoen edanda. Ezin daburduko. Begiak zabaldu zitueneko, hondartza zabalagoan ikusi ei zuen bere burua Ismaelek.

        Bonbatxoa eta kamiseta jantzita —bero egoten zenetan kamiseta hutsik lan egiten zuen, beste behargin gehienek lez—, galduta boltissierra, itsutu egin zuen hango itsasertzeko eguzkiak Ismael.

        Patrullero PT-109, J.F. Kennedy-ren soldaduska aldia kontatzen zuen pelikula harexetako paisaia eman zion leku hartakoak iturginari. Hantxe ziren palmondoak eta plaia, ogi-orea egiteko erabilten den uruna baino meheago eta horiago berau, itsaso azularen ertzean. Anila ematen zion urgainakoak iturginari.

        Erantzi egin zituen arropak. Erraietan untzetuten zitzaion eskuak erakarrita lez jo zuen uretara. Uger egin zuen, luzaroan. Eta irtendakoan aurkitu zuen Imelda, azala ikatz kolorgetuaren berdina zuen emakumezkoa. Ismaelen besoetan nabarmena zen kolore bera —gorputz enborrekoa esnezkoa zuen, kamisetak babestua izatearen eraginez— eta muxarrek duten ahoa baina haragizkoa, irtena, borobila. Etzun egin ziren, elkarren alboan.

        Neskari zerion usaina harearenari gehitu zitzaion. Usain biak kresalari zerion zuriskan buztartu ziren eta sudurretan gurdi igo zitzaizkion, gorantz, Ismaeli.

        Parrokianoek nekez sinestuko zioten berun errearen hats beroa besterik bereizteko gauza zenik iturgina. Nekezago sinestuko ziotena, neskaren ipurdi mami mardoetan pausatuta —estutuz— esku zabal biak, goikoak baino gorriagoak ziren ezpainek laztandu zutenik Ismaelen iturri beroa. Berak halaxe kontatzen ei zuen. Aitak ez zuengauza argirik esan gura izaten gure aurrean eta, beranduago gehitu nizkion xehetasunak dira guzti hauek.

 

 

IV

 

Denok gagoz testigu. Ugaldu egin ziren, franko ugaldu ere, lau erruberaren gainekoak. Progresoa. Clark Gableren bigotearen antzekoa zuenak belarriondokoa jo zigunetik, ez genuen bakanetan baino hustutzen erruberarik. Badaezpada ere.

        Nork ikusten zuen matrikula zenbaki altuagoa, olgeta berria asmatu genuen. Edo, bestela, zenbat Gordini, zenbat kuatrokuatro edo zenbat Renault ikusten genuen. Domeketan batez ere. Herria bisitariez betetzen zen. Errezago apurtzen ziren ur hodiak eta lan handiagoak izaten zituen Ismaelek. Astegunetan edonon aurkitzen genuen. Kendutako lauxen azpian harea izaten zen agirian. Beltzago zuen larruazala, egunetik egunera. Edo neuk ikusten nuen beltzago.

        —No anda bien de la cocorota Ismael.

        Halaxe esan zuen aitak beste behin. Ama ez zen lar haserre izan ordukoan. Arrebak argitu behar izan zidan cocorotaren esangura. Nik neuk kokoren antza hartu eta Ismael ikusten ei zituen palmondoetako fruituekin lotu nuen berba.

        —Teilatua txarto daukola, txo.

        Halaxe esan zidan arrebak. Ez nion sinestu, chiva berbaren gainean ere azalpen berbera egin zidan eta.

        Sarriago apurtu hodiak eta sarriago galtzen ei zen Ismael lauxapeko hondartzan, Imeldaren bila. Behin batean zuloa, gauez, estali barik utzi zuen arte.

        Hamabiak jo zituen plazako erlojuak. Negu ilunean izan ziren kanpai hotsak eta Ismaelen linterna baino ez zen ikusten kalean. Zulora jo zuen zuzenean. Juankojorenean azken parrokianoak geratzen ziren, artean ere. Hantxe zegoen zaldia testigu, iturriari lotuta. Zuloan sartu zen Ismael. Zorabioa, eta hondartzan zegoen. Lauxapeko paradisuan. Irrintzi egin zuen zaldiak, zulotik batek irten beharrean bik irten zutenean. Juankojorenean ziren parrokianoek ez zuten giza itxura bakarra baino ikusi, hain iluna izan bide zen Imelda neguko gau itzalean. Zaldiak, alabaina, usaindu egin bide zuen, irrintzi egin zuen eta. Halaxe kontatzen ei zuen Ismaelek tabernan.

        Gero eta gutxiagotan ageri izaten zela tabernara, eta etxean edaten zuela. Aitak esaten zuen. Eta amak beti erantzuten zion berdintsu.

        —Beben otros siempre.

        Inork edaten du beti, beti inork. Euskaraz lez esaten zuen erdaraz eta aitak, hala ere, ulertu egin zion. Urte asko ziren elkarrekin. Makinatxo bat urte elkarrenak entzuten. Etxean emakumezkoa zuela eta ea zertan atera behar zen bera kalera basoetan galtzen eskuak eta beste, Imeldaren soinean galdu beharrean.

        Egia esateko, piztuta izaten ei zuen gau askotan argia Ismael iturginak. Nik baina, alde egin nuen herritik, ikastera. Ez nuen, bada, baten batzu antzeman uste izan zuten itzala ikusi gizonaren etxeko leihoan. Ilbeteetan izaten ei zen. Biluzirik sumatzen zuten emakumezkoa kortina atzean. Gauren baten, konponketetan zen kaleren batean behera ikusi ei zuenik bazegoen. Toledo, adibidez. Ismaelek berak esaten zuen:

        —Gabon danori. Tira Eusebio, ez geratu hor eta atera txikitue.

        Eta Imelda herriminaz zegoen eta, egun batzutarako desagertua zela esaten zuen, ezkonduen parean utzi guran bere burua. Barre egiten zion parrokianorik ez zen falta. Larruazal beltzaranak, berriz, harexek joditzen zituen denak. Non hartzen zuen kolore ilun hura, palmondoz inguraturik ei ziren lauxapeko plaietan ezik?

        Toledo egoten zen sinestuen.

 

 

V

 

Hain ume ere ez ginela eritzi zion, antza, aitak. Bestela, ez zukeen halakorik esan gu seiron aurrean. Hasita neukan Ofizialiako lehen kurtsoa eta.

        —Es una puta lo que tiene y no se lo va a aguantar nadie...

        Ordukoan ez nion azalpenik eskatu, ez arrebari ez beste inori. Gure etxaurrean bertan ere putetxea ei zegoen. Banekien zer esan gura zuen berbak. Sasoi hartarako masturbatzen hasita negoen eta makaguendiosik bota ez arren ere, berba gogorrak esaten ausartzen nintzen.

        —Se la trae de La Palanca...

        Ederra sartu zidan aitak. Arrebak ez zidan argitu gura izan La Palancaren esan gura eta han geratu nintzen, umemokoa lez, trenbideetako biharginek erabiltzen zuten burdinera hegal eginda gogoa.

        —Zelako berbak, ene badatxue!

        Amamak aitaren egin zuen. Gero, goilarea eta tenedorea elkarren gainean gurutzatu ez imintzeko esan eta biek bat egiten zuten lekuan musua emanda, desegin egin zuen metalezko gurutzea. Ez dut inoiz jakin nondik ezagutzen ote zuen amamak izen hura. Ez zidan horren itxurarik ematen behintzat.

        —...en taxi.

 

 

Interludioa

 

Gehienok gengozen testigu. Gerra osteko GMCen atzean Pegasoak etorri ziren eta, eurotariko bakarra ere desguazatu orduko, Barreirosak ekarri zituzten. Martinek lehena. Zer esanik ez, GMCak maite genituen, aldatz goretan arrapaladan joaten ginen eta, atzeko irtenen baten eutsita. Txoferrak burua ateratzen zuen, kaguan hau edo bestea, ume barrabanok, eta kendu egin behar izaten ginen handik. Ez zioten inongo mesederik egiten kaleari halakoek eta Maguelen etxean ere laster jausiko ei zen, hain zen itzela kamioion pisua. Ez zuen beharrik falta izaten Ismaelek.

        Aiuntamientoan ere ardura hartzen hasita zeuden antza, ze laster hasi ziren obrak. Anaia nagusiak eta argazki mordotxoa daukate, obren erdian aterata, neskekin mendira joaten zirenekoak. Kamara eskasa izan arren —ez dakit nori, Jesusmariri edo— etxekoren batek nabagatetik ekarria, ez da testigu makala. Orain anaia eta ezkonduta dagoz eta txikiteoa, ez dute besterik egiten. Ezin izango ditut sekula ere burutik kendu orduko sasoiak.

        Ismaelen territorioa murrizten hasita zegoen. Zentzu guztietan. Maguelek lortu egin zuen Santa Maria kalean behera kamioirik ez ibiltzea eta aiuntamientoan lauxak kentzea erabaki zuten. Beraneante larregi izaten genuen herrian. Ez dut gutxi sufritu neuk ur baldekadak igoten inoren etxera, laugarren pisuraino eta, urak kaleko iturrietan hartu behar izaten zirenetan. Orain izanez gero, lauxak tipikoak direla eta, galipota botako zuten kaleetan. Bai zera! Orduko sasoietan baina, etxeak edonon eta galipota eta porlana jangoiko. Kortina atzean baino susmatzen ez ei zen Imelda hura baino neska zoragarriagorik agertzen zen herrian. Bokarta ere ugaritu zen. Eta Ismaeli ez zitzaion hainbeste jaramonik egiten. Gertatu zena gertatu zen arte behintzat.

 

 

VI

 

Testiguak, zenbat gura, anbulantzia etorri zeneko egunekoaren gainean berba egiteko gertu. Bik berba berdinik, halakorik, ez eta pentsatu ere. Anbulantzien hots adarrek beti eragin izan didate halako zirrara barruan. Zinean agertzen izaten den munduko osagarri bakarra Juankojoren zaldia izan zen gurean, orduan entzun nituen sirena zaratak entzun artekoan behintzat. Beharbada, herriaren aurreko hondartzan ito zenaren gorpua eroateko erabili zuten anda parea —oihal beltzez estalita—, portuko hareatzaraino bajatu zutena, pelikuletakoa izan zen. Gizon hura digestioa egin barik uretan uger sartu zelako ito zen, gure amak esaten zuenez. Eta gure amak ez zion digestioa eginda geneukala esateko une egokia sekulakoari ere erizten eta ito zen gizonarekin akordatzeko esaten zigun beti. Saninazio arratsaldean izan zen eta hiru egun eman zituen gorpuak agertu barik eta Gandi eta Iñako ausartu ziren uretatik ateratzen. Urte asko beranduago agertu zen anbulantzia, irlaren atzean neska gaztea eta ama ito zirenekoan, pantailakoa izan zen. Horiek, baina, beste kontu batzu dira. Juankojoren zaldia ez zen pelikuletakoak lakoa. Anbulantziak, bai.

        Amaituta zeuden kaleak konpontzeko lanak eta horrexegatik sartu zen anbulantzia portuko karkabaraino. Eskaileretan behera, arazoak izan ziren ohatilarekin antza. Lauxak kendu zirenetik kalean ikusi gabeko Ismael beltzarana agertu zen gure begien aurrean.

        —Beitu! Halako kolorerik!

        Baten batek esan zuen gure atzean. Gero kendu egingo zuten koarteleko txapel okerrek ez zuten gura izaten halako akto protokolarioetan inork euskaraz murtik ere egiterik eta begirada zorrotza eskaini zigun «Haginandi» esaten genion mozoloak.

        —Azkenetan ei dabil. Kolorea be, beitu, beitu...

        Bustiz ebakitzen zituzten «i» ondoko silabak, arrantzaleen moduan. Kaioak bizi ziren, ziur, euren mihietan. Zelan, bestela, halako hotsik. Ez nuen hain gaixorik ikusi Ismael. Betikoa eman zidan. Orain dakit txikitan nagusi ikusi uste izan ditugunek beti izango dutena aurpegi berbera —nagusi aurpegia, denboratik kanpokoa— gure begietan, elkarrekin hazitakoek beti eskolako sasoian, aldagaitzak, ikusten izaten moduan elkar. Zahartze bidea kanpoan izandakoek baino ezin dute ikusi. Eurok dakite zelan egin duen aitzurretan denborak gure azaleko ildoan, zelan ehizatzen duen tristurak gure begininietako ordoki argibakotuetan, zelan jausten diren ezpainertzeko amildegietan hitz suizidatuak.

        Imeldaren gorpua agertu zen gero. Hormetan eskelak ikusi nituen. Imelda Villanueva Villarino, falleció el... tras recibir... Une itun haretan apeiliduen arteko kointzidentziak eragin zidan zeozer barruan. Izarapean zekarten gorpua, odolguneak beltzituak zuritasunean harrituta legez, kanpoan ageri zen oin beltz bera atzazal gorriz pintatu eta guzti, Rex zinean ematen zizkiguten pelikuletakoak ziren guztiak. Txapel okerrek eurak ziren lekuz kanpo desentonatzen zutenak. Kanpai-hots ilunen aideak ziren euren trikornioak.

 

 

VII

 

—Ya solo quedan las putas decentes en el pueblo.

        Ama iagotik ez dago ordukoaren testigu. Aita mozkortuta etorri zen ordukoan, beste gehientsuetan legez. Eta guri horrek, zer? Allas bera bere kontuekin. Toledo atxilotu ei zuten. Egia, orduan urte parea kendu zuten putetxea etxeaurretik eta, ez nuen hain sarritan ikusi izaten.

        Bestela, aintzinarago, Felik erronka haiek sortarazten zituen garaietan, ia egunero ikusi izaten nuen. Koartela ere ETAren bildurragatik baino, —eta ez diot bildur ez zirenik, nork daki—, putetxea falta zutelako kabroiok, horrexegatik kendu zuten. Edo horrexegatik batez ere.

        Beraz, kanpotik etorri ei ziren Toledoren bila. Bakarrik geratu beharko zuen begi bat zuriz eta bestea beltzez estalita zituen txakurra, ermitarako bidean, izarrei zaunka, gosez hil arte. Eufemia gixajia aintzina zegoen hilda. Senarrak ematen zion bizimodua izatekotan, hobe hil. Txikitan izaten ziren istoriekin buelta hasiz gero otu izaten zaizkit halakoak. Ordukoan, berriz, hala dela eta, beti pozik.

        —Cuando trabajaba conmigo en la vía, ya le veía mala persona.

        Jaka geratu ei zen testigu. Inor hiltzeak izerdia ateratzen du, nekatu, bat ere nekatu ez arren gorputza. Kendu egin zuen, itxuraz, jaka. Hil orduko ala ostean, berak ere ez daki, burua galduta. Toledoren gainean esaten zituenak, beste gehienak lez, Gernikarraren tabernan entzuten zituen aitak. Ez zen batzarretarako leku makala Gernikarrarena. Mahaian baina, aitak berak konta gura izaten zituenak baino ez ziren entzuten.

        —Despues de tirársela, la ha acuchillau.

 

 

VIII

 

Testigu mordoa agertu zitzaion aurka iturginari. Proxeneta salatu zuten. Imelda hura erabili egiten zuela, estrupoa edo halakoren bat egiten zuela. Ez zion inork ere sinesten lauxapean plaia zegoenik eta plaia harexetan aurkitu zuenik Imelda. Kontseilari zantarra izaten da bekaizkeria, mendeku mina zelan arindu, horrexeri baino ez beitutean, gauzak benetan zelan izan diren horren konturik egin barik. Inori kalte egiten zaiola eta, bekaizkeriak ez daki bihozperatasunik.

        Gartzelan sartzen zuten bigarren herritarra izan zen Ismael, gerra ingurukoak kontutan izan barik. Toledo kanpotarra zen. Ahor izena zergatik. Lehen Ocaña izan zen. Eta beranduago, Ocaña ere badela jakin neunean, erratuta ibili nintzela urteetan, haren izena ez zela Ramon Ocaña, Ocañan egon zen Ramon baino. Ramon horrek zer egin zuen, ez dakit nik. Lapurtu edo antza. Lehen krimena Toledok hil ei zuen Imeldarena izan zen.

        Eufemia, emaztea, hil ostean berarekin etxera eroan gura izan ei zuen andrazkoa txakurkumeak. Neskak ezetz eta baietz berak. Ismaelek berak jakin eragin zion, gartzelatik urtebetegarrenean irtendakoan, herri guztiari. Konpondu egiten ziren bestea, Toledo hura, eta Imelda. Berari ez ei zion ardura, ze lauxapeko plaia dagoen herrian emakume bakar batek gizon bat baino gehiago izan ahal du eta. Inoiz itzuli egin behar izango zuen neskak bere herrira eta, halakorik gertatuz gero, nork erakutsi behar zion bidea? Ezetz eta ezetz esaten zioten bai Ismaelek eta bai Imeldak.

        —Le ha llamado de todo.

        Igandea izan zen aitak azken erriertaren berri eman zigunean. Gau bi beranduago akatu zuen emakumea. Ismaelek, oraindio ere, Imeldari bidea erakustearren, halako egunen baten Santa Maria kalea zulatuko duela dio. Kalte itzela egin dio gartzelak eta, orain bai, zahar ikusten dut. Herri hau aintzinako plaiaren gainean ei dago altxata eta, aintzinako lauxen azpian legez, galipotaren pean ere plaia ei dago. Tabernako leihoaz beste aldean kotxez bete da dena. Okinetako nagusia —kamioikoa— eginda dago eta ez da ur hodirik lehertzen kamiorik handienak ere kalean behera etorri arren. Maguelen etxea betiko legez dago makurtuta, jausten amaitu barik. Bera dago testigu mutu.