Atoiuntzia
Atoiuntzia
1990, ipuinak
130 orrialde
84-86766-25-7
azala: Erramun Landa
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

Sugaar

 

Belauntzia harro sartu zen portuan. Ura ebakitzean, ezpain parea ematen zuen brankak sorrarazten zuen uhintxoak. Atzekaldeko banderatxoan urdina zen nabarmen, kai arteko ur bareetan bezala. Masta haiek kulunkatzen, halako samurtasunez kulunkatzen ikusiz, amets egitea geneukan. Are ametsago, kaioen karrankak bezain ulergaitz egiten zitzaizkigun ahots arrotzak atrakatzeko aginduak ematen ari zirela imaginatzen genituelarik. Arrantzuntzien alboan printzesatzat har zitekeen beladun hura.

        Arratsa, gorridura ezabatuxea zen artean. Ingeles dakiten neskak hurreratu dira urrineko marinelak sartu diren tabernara. Begiraden bidezko jokoan, amaraun isila ehuntzen du gutiziaren aintzindaria den jakingurak. Mazusta moreak dira irriak nesken ezpainetan. «Dou you...», edozer, auskalo, aitzakiaren batengatik, solasaren hasieratik arruntena. Tabernatik irtendakoan Itsasgorrietan abaildu da Eguzki Begia eta bela-untziaren txopa-masaila hareatzan etzan da, alboka. Kale estuetan gora eta behera, isiltzen hasi diren umeen ahotsek ez dute zer ikusirik, ziur, inguratsean hedatu diren partikulatxo moreekin, arrotzen belarrietan, beharbada, kolore bereaz ere tindatzen badira ere.

        Ezpainetatik haizeak eramaten dituen oskolak dira hitzak; huskeriak, fruitu goxoa diren ezpainetan kanpora, jarioan.

 

 

Ardao gorri hotza gero eta errazago sartzen da; hitzak, gero eta totelagoak, xarmangarriagoak. Zein liluramen ote duten guregan ebakiera arrotzez taiututako berbek. Gu geu nesken alboan gaude eta guri barrea eragiten diguten berberak dira eurei Erosen ziztada sentiarazten dieten oihu eta aldarritxoak. Taberna irekiak gero eta gutxiago dira, itzalak hedatuagotuz doaz eta, horretara, gure enkontruak sarriago dira. Azkenean, denok gara zabalik geratzen den alkoholtzulo bakarrean. Dagoeneko nagiro higitzen da arratsean hareatzan etzanda izan den gila, uretan berriro. Gaueko brisarak ez daki zein aldetatik jo atzeko banderatxoa. Hara eta hona darabil oihal zati xumea.

        Orain arteko ardao gorriaren ordez, tonikaren urdintasun herabetia ikus daiteke, limoiaz uhertuta, baso luzengetan. Musika, gorria da. Mazustak ere gorriak ote dira jainkosa egipziarraren orrazkera duen neskaren ahoan? Halako adatsik, hautsaren karakoa, gurean ez dugu sarri ikusi. Jainkosa egipziarraren ezpainetan edaten du itsasotik etorria den jaunak, ile luze hauskaraduna, horren egarriz, non eskuak eurak ere gerrian gora abiatzen diren beste iturrien bila, hatzamarretan aho bana eta hamarrak beraien egarri bailiren. Ditiak, iturri horiek, gorago. Beherago ere bada iturririk. Egarri horrek, nonahi aurkitzen ditu iturriak.

        Alkoholtzulotik irten ordukotik Thor izendatzea erabakita geneukan hauts koloreko ilepoak, beronen lagunek —berauek ere ezizenez bikingoak bataiatuak zegoenerako—, jainkosa egipziarrak eta gainerako ingeles hiztunek porturantza jo zuten, geuk bezala. Ez dakit nondik ateratakoak ote ziren euren eskuetan agertu ziren botilak, gutariko ez dakit nork giriok —arrotzok— gurean bai merkea alkohola esan zuen arte konturatu ere ez nintzen egin eta. Bai, Coca-Colak, rona, tonikak, ginebra... ez diet jaramonik egiten. Portuko Txopoetan gaugiroa dugu gure artean. Neska bakanak, porro ugari, jotako baten bat eta argia, urdinska, mendien lepoan emeki igotzen. Poema arabiarra etortzen zait gogora ilargiaren sega-antza arnaskatuz:

 

                Narkisoz gainezka den

                zelai horretan,

                sega da ilargia,

                urrezkoa.

 

        Betikoak esan behar, zera, kokaina-hautsa balekar goizaldeko haizeak, a ze kolokoia! Bat baino gehiago ikusiko genuke, hatzamarra jarrita ezkerraldeko sudurtzuloan, eskuinaldekoan gora inguratsa baitaratzen, besteontzat ezer ere utzi gabe. Zergatik izan ote zen? Hori entzutean belauntzirantz begiratu nuen, haize freskoak ere oso kolokatzen dakiela erantzun aurretik, haiek txalupatik beladunera igotean doi doi ikustera helduz. Horiek ere koka izan beharko, dio batek; besteak, nahikoa koka dela egipziarra, berak gustora esnifatuko liokeela beste tututik. Jainkosak ez direla humanoontzat eginak diodala eta, uretara botatzen nau ia. Ea zer daukaten beste haiek, guk geuk ere ez daukagunik. Jainkoak gu bezalakoak direla baina, urrun bizi direnez, idealizatu egiten ditugula, hara hor ama putearen putakeria, lagunok, urruntasunak eraikitzen ditu jainkoak. Filosofo! esan didanak —dale una calada a ver si se calla— ukalondokada jo eta batera, begirada luzatzen dit, zeurekin nago edo esan guran legez.

        Barre-hotsen oihartzunak zetozkigun belauntzitik, hordi-kutsuz eta Erosen nagitasunak jota. Haragizko estatua hau, nerabetzaroa utzi berria, gure alboan dagoen neska, bai benetan humanook debekatuta dugun dohain gutiziatua. Egipziarraren bisaia, orrazkera karratuak mugatua, gura barik neure albokoaren indiar gangarrarekin parekatzen dut. Aldea, nabarmena da, biak, bata bestea bezain eustezinak badira ere. Jainkosei isilik irautea ei dagokiela eta, marihuana etenkada larregi egin ostean filosofotxo neu, nerabeak jainkosa bilakarazi, gorde ohi duten isiltasunak bilakarazten dituela deritzot.

        Okaden hotsa ez nuke errezegi nahasiko kaio-karrankekin, ziur, ezta sekula ere, bestela ez nukeen begiratu izan berriro ere portu erdian kulunkatzen zen zur zurizko printzesaren alderantz. Kleopatra garaituarena da egipziarraren burua, karelean behera jausten, bizkarrezurra apurtu edo lokatu zaionaren antzera, larri, botaka, Thor harrituak adatsetik eusten diola; barreen zaratak ez dira baretzen, haatik, belauntzi barruan. Alferrik galtzen zaigu garagardoa ere lata barruan. Ez duela zaporerik esan, behearen gainera bota lata, amorruz zapaldu, eta zelako mozkorra harrapatu duen estu horrek, etxerantz aldendu orduko komentatu. Maiteminduta dago laguna, gizajoa, jainkosei begiratuz gero itsutu egin gaitezkeenaz ahaztuta, sarriegi begiratu diolako; niri ukalondokadak ematen dizkidan horixe, bai, begiradan isladatuta gutiziaren amurru-distira somatu diodana, berori. Jainko zein jainkosa, esan nork konpondu behar duen miseria hau, ez dagoela non mozkortu, goiz ixten dituztela, inoren etxera joaterik ez dagoen ordu honetan; betiko erretolika dakar horrek. Yo me abro dio nerabetzaroko ezpain haragitsuak gorde dituenak, beste neskak ere behingoan gauza bera egiten hasten direla. Horiek barik ez dugu ezer ere pintatzen hemen, etxerako papertxo parea eta ondo lo egin, aixkiriok.

        Tenteltzat jotzen dut neure burua, gau osoan nerabea markatzen eta azkenean, hara! eskutsik eta bestea bero, neure artean esaten, hauskara eta egipziarrak, karelean behera, zodiac-ean sartzen ikusten ditudan une berean. Handik apur batengarrenean, nire aurrean, aldiz, ez da neska baino pasatzen, eginda, pauso bat artez eta bi okerretara, agurtu egin gabe, karelez kanpokoduna belauntzira itzultzen den bitartean. Ez duk hire arazoa. Jainkoek ez diate humanookin berbarik egiten, ez, apaizen bidez ez bada behintzat. Popatik hartzea jaukak egipziarrak.

        Poema berria idaztekoan da eguzkia, bihotzak takigrafiaz hartu beharko dituela erreskadan datozen apunte piktorikoak, odolean artxibatu eta ametsetarako erregai gozatsu bihurtaraziz. Ez ote dut neuk ere jainkosa enera begiratu? Itsu honek —itsutasunak, hobe esanda— ez dik zalantzarako lekurik uzten, laguntxo, mariak itsutu hau. Ezin dut nire burua atzipetu. Ohean, neure buruaren jaun eta jabe, neu jainko bakar ahaltsua; jainkosa-lagun, eskua.

        Ostiraleko gaua larunbateko goizalderarte luzatu ohi denetan, ez naiz arratsaldeak gauerako bidea erakusten duen arte jaiki izaten halakoetan, eta jaikitakoan porturantza jotzen dut, ea itsasoko haizeak kamustu egiten didan aitzurraren aho zorrotzegia. Kai zaharrean paseatzen nabilela gogoratu nintzen aurreko gaueko mogidarekin. Belauntzia ez dago portuan.

        Ostertzerantz begiratuta, han urrunean ikusi ditut belak. Ordu honetan porturantz datoz udatiarrak, gaua gainean, arratsaldea arrantza jokoetan eman ondoren. Gure Thor bere drakkarrean alde eginda doa naharo, hegoaldeko ur beroetan utzita jainkosa egipziarra.

        Neure ametsetako nerabearekin ere gogoratu nintzen, azpikontzienteko jarioari jarraiki. Orduantxe ohartu nintzen gazte harekin ezer egiterik ez neukana, ezta inondik ere. Garagardotarako ordua ere heldua zela erabaki nuen, porrotaren zaporea beste edaberen baten bidez gozotzea erabaki ere. Ez nituen aurreko gaueko neska poliglotak kalean ikusi. Berdin zidan; ez hain berdin, beharbada, ukalondokoak jotzen izan dizkidan adiskideari.

 

 

Elurrak estaltzen zuen, aspaldiko partez, portu aldean negutea egiten zetzan untzidi lehorreratua, printzesa egipziarra berriro ikusi nueneko garaian. Kalean, beroki zabala aldean, ez zitzaion lar nabaritzen baina, tabernako bankuan jezartzeko erantzi zuenean, garbi agertu zitzaidan sabelalde handitua.

        Jota dagoela diost ukalondokadak ematen izan zizkidanak, berak egin ei du berba printzesaren lagunekin eta, halako sugeaz berba egiten duela, inork ere ulertzen ez diola zer esan nahi duen printzesak.

        Sugea gorputz biluzia inguratzen; sugea hankartean irristatzen; sugea barruan sartzen. Sugea besterik ez. Ez aurpegirik, ez besorik, ez bilorik; suge hutsa narraz larruazalean gora eta behera. Hara gogoan ei duen bakarra. Guzti hau azaltzen didalarik, etsipena nabaritzen diot, min etsiak jota ateratzen zaizkio hitzak adiskide maiteminduari. Zertan maitemintzen ote dira ezinezkoekin? Nerabea herrian zegoen atzera ere, gabonak berton emateko edo, eta ez nion jaramonik egin.

        Udako nerabea beste batekin hasita zebilelarik, begien aurrean igarotzen ziren neska guztiengan ikusten nuen gutizigarri bihurtzen zituen zeozer. Adiskideak, ostera, kupelaren mozkorrak harrapatzen zituen eta speeda esnifatu nuen hiru aldiz urtebetean. Belauntziak atzera ere portuan; bat ere ez iazkoa, aitzitik. Egia esan, ez dakit zertan gogoratu behar zitzaidan niri bost axola eta bost gramola zidan kontu hura, jakin badakidan arren, esate baterako, begiak telebistan eskegita geratzen naizena, inondik inora ere ardura ez didaten istoriei jarraitzen. Jakingura hutsa ote zen orduko nirea, zalantzan nengoen zegonerako. Zena zela, hiru hilabeteko umea modako seaskatxoan eroaten ikustean printzesa hauts kolorekoa, tristura basak jo ninduen. Denok begiratzen izan dugu inoiz portu ahora, bai, zeren haiduru ez jakin arren, hasperenak tabakoari emaniko etenkadez ezkutatuz askotan. Hurrengo udan eta hurrengoaren hurrengoan ere bertan izango ziren portua, arratsak, gaueko perfume estrainoak eta berbaroek erituriko inguratsa. Gizenago nire gerrialdea, garestiago garagardoak, txanpon makina ugariago tasketan, ume gehiago eskoletara... Adiskideren batzu ere ezkontzekotan ziren. Kakazaharra.

        Bodegoiko barran eutsita nengoen ni, umeak eskolan eta amak dastategian egon izaten diren bazkalondoko ordu astun horietako baten baten. Hara printzesa ere berton, gurean ezkonduek ohi duten orrazkeraz apainduta burua, zigarroari tiraka, ume koskorra baina eskolarako adin bakoa oraindio, inguruan. Umearen adats zoragarria hauts kolorekoa da, bestearena bezalatsu. Sugearen semea da, lagun minei aitortzen ei dien legez. Jaiki egiten da printzesa, umeari begira geratu naizelako jaiki ote den galdetzen diodala neure buruari, albora hurreratzen zait eta. Kafesnea eskatu ostean, beste zigarro bat aterata sua eskatzen dit, zer esan jakin barik utziz ni. Surik ez baina umea jatorra delakoan nagoela diotsot. Zuk dena dakizu, zuk —diost—, zeure aurrean igaro nintzenerako nahiko kenduta neukan mozkorra eta. Sugea eta zeu zarete gau hartakorik oroitzapen bakarra. Beno, nik zu igaroten ikusi zintudan, nik, ez dakit besterik. Berdin dit, benetan, zuk dena dakizu, baina, entzun hau, hori deituta dago, ume hori zeozer izango da. Hitzok esan eta kafesnea hartuta, badoa mahaira. Umea aterantz doala eta, deitu egiten dio:

        —Zuria, Zuria... erdu hona!

        Leihoan zehar itsasoa ikustea daukat; urtaroko ilgora minenari dagokion bizitasunaz lehertzen uhinak, apartsu, berunezko zerupean. Ezabaturik dira gaurkoan mugak; inguratsa, itsasgaina, zeru zelaia non hasten eta non amaitzen diren ezinezkoa da. Telebistako pantailan ulu egiten du poliziaren sirena adarrak. Itxaronaldi aspergarrian murgilduta, amestea daukagu. Suge luzea uhinetan dator, masta luzea iltzatuta lepoan; mastan, haize-oihal ezin zuriagoak. Suge guztien nagusia da; Sugaar da, sua darion suge bakarra, printzesen ametsa, jaunen aita, uda-gauetako kimera.