Idazmakinaz idatzi soilik ez, “idazmakina jotzen” omen zuen Frank O’Harak (“play the typewriter”), zera, musikariak instrumentua jotzen duen bezala-edo; espresio hori entzun zioten behintzat behin baino gehiagotan ingurukoek. Eta eman, ematen du hitz-jolas horrek O’Hararen idazkeraren arrastorik: poesia, musika, arte ederrak… askotan nahasten edo, hobeto esanda, uztartzen ez diren bezala uztartzen baitira diziplina artistiko teorian hain bereizi horiek O’Hararen obra poetikoan. Gertrude Stein, Pablo Picasso, Sergei Rakhmaninov, James Dean. Vladimir Maiakovski, Lana Turner, Paul Klee, Guillaume Apollinaire. Irakurleak kaier honetan aurkituko dituen ezin konta ahal artista izenetatik gutxi batzuk baino ez, horra. Eta, horien guztien artean, beste izen berezi ugari, artelanenak eta lagunenak batzuk, eta leku izenak ere bai: tartean nabarmen, New York.
Ez zen han jaio O’Hara, Baltimoren baizik, baina hil bai, eta bizi ere han bizi izan zen 15 bat urtez. New York jokaleku eta presentzia etengabea da haren olerkietan, paisaia hutsetik harago. Hiri hartan, arte kritikak eta poemak idazten ez ezik, Moma Arte Modernoko Museoan ere aritu zen lanean, eta New Yorkeko Eskolako kideetako bat izan zen, beste zenbait idazlerekin eta hainbat margolarirekin batera. Hortxe berriz fusioa: diotenez, garaitsu hartako pintore zenbaitek pintatzen zuten manera eta burubide antzekoaz idazten zuen O’Harak, eta, besteak beste, espresionismo abstraktuko trazu literariotuak dira haren obraren bereizgarri nagusietako bat, baita irudi surrealista askotarikoak eta geruza ugariko zertzelada poetiko bizkor eta multipleak ere.
Azken batean, multiplea baita errealitatea, eta multiplea (oroit Whitman) norberaren izana ere. Ez da kasualitatea O’Hara bere “bizitzez” eta bere “niez” mintzatzea, pluralean, Nire sentimenduen oroimenez olerkian. Haren poema gehienak autobiografikoak dira, baina, haren lagun eta New Yorkeko Eskolako kide John Ashbery poetak dioenez, “gutxi dute konfesionaletik: ez du alderdi pertsonaletan sakontzen bere-baitara-biltze horrek alderdi horiek ezeren eredu bilakatuko dituen esperantzan. Hori baino gehiago, bere buruaz jarduten du bera ari delako idazten, eta haren poemak, azkenean, poetaren […] gogoeta ausazkoentzako atze-oihal moduko bat bihurtzen dira”.
Atze-oihal horren aurrealdean, berriz, O’Harak bere niari ez ezik beste askori ere egiten die lekua. Haren poesia intimoa baina kanpozalea da, eskaini zalea (horren adibide haren odak eta pertsona jakinei eskainitako poemak), espirituala bai baina hizkera eta objektu terrenalez josia (“O! kanguruak, lentejuelak, txokolatezko sodak! / Benetan zarete ederrak!”), dibertitua eta ironikoa, eskuzabala baina ez erraza. Formari erreparatzea aski da azken horretaz jabetzeko, haren obrak ezaugarri baititu, besteak beste, pentsamenduaren jarioaren isla gisa-edo idatzitako lerro luzeak (batzuk ia prosazkoak), hasiera eta amaiera oso lausoko esaldiak, zerrenda gisako egitura sintaktiko errepikatuak eta puntuazio muturreraino arindua. Jario konplexu hori euskaratzen fin eta leial aritu da Beñat Sarasola.
Frank O’Hara berrogei urte baino ez zituela hil zen, 1966an. Askok galdetu izan dute luzeago bizi izan balitz norantz bideratuko ote zen haren poesia.
Maialen Berasategi Catalán