Anne Hebert Quebeceko poesiaren ordezkari garrantzitsuenetako bat da, eta hein berean sailkagaitza eta berdingabea. Ahots oso pertsonal baten jabe, bide guztiz berea egin zuen literaturan. Eleberrigintzan eta poesian aritu zen bizitza osoan zehar, eta bi arloetan lortu zuen aitortza zabala. Poesia enigmatikoa da Hebertena, soila bere adierazpenean, baina sinbolo ondo neurtuen gainean oparo eraikia. Naturako elementu sinple baten behaketak abiatzen du askotan poema (iturria, euria, txoriaren kantua, gaua), eta sakontasun intimo handiko gogoetetaraino gidatzen du berehala eta oharkabean irakurlea. Tonua etsia da Heberten heldutasuneko poemetan, gaztaroko lehenen aldean, eta hain zuzen ere haurtzaroaren mina gailentzen da poema batean baino gehiagotan. Horien guztien berri, euskaraz lehenengoz, dakarkizuegu kaier honetan, Aiora Jaka Irizarrek zorrotz, tentuz eta mimoz eginiko itzulpen eder honetan.