Egia den hori
Egia den horrek ez dizu harea botatzen begietara;
egia da loak eta herioak barkamena eskatzen dizutela
barne-barnetik, min bakoitzak hala aholkatuta;
egia den horrek lauza kentzen dio zure hobiari.
Egia den hori hain dago murgildua, hain da lausoa
ernamuinean eta hostoan; eta mingain aho nagian,
urtebetez, beste urte batez eta urtero—
egia den horrek ez du denbora irabazten, berdindu baizik.
Egia den horrek artesia egiten dio lurrari,
ametsa, koroa eta mandatuak garbitzen ditu;
handik bildutako fruituz gizenduta
sartzen dizu orrazia eta guztiz zaitu edaten.
Egia den hori ez da gertatzen
harik eta erasoaldian dena jokatzen duzun arte.
Haren harrapakina zara zure zauriak zartatzen hasi orduko;
ez zaitu mendean hartuko traizionatzen ez zaituen ezerk.
Pegarra bete damu dator ilargia.
Edan zure neurria. Badator gau samina.
Zabor malutak jausi dira usoen lumadira,
adar bat ere ez dute babespean jarriko.
Katez hertsaturik eusten diozu munduari;
egia den horrek, ordea, arrakalak egin dizkio hormari.
Ilunpean esna, aurrez aurre duzun
irteera ezezaguna zaintzen duzu.