Poesia kaiera
Poesia kaiera
Ingeborg Bachmann
itzulpena: Nagore Tolosa
2015, poesia
64 orrialde
978-84-92468-75-1
Ingeborg Bachmann
1926-1973
 
 

 

Egurra eta txirbila

 

Ez dut hitzik egin nahi liztortzarrei buruz,

ezagutzeko errazak dira-eta.

Abian diren iraultzak ere

ez dira arriskutsuak.

Zalapartaren segizio,

heriotza adosten dute beti.

 

Aldiz, kasu, egun bateko euliei eta emakumeei;

igandetako ehiztari,

apaintzaile, zalantzati, asmo oneko,

destainarik jaso gabeei.

 

Zotzak eta enborrak ekarri genituen basotik,

eta ez zitzaigun eguzkirik atera luzaroan.

Uhal garraiatzaileetako paperaz hordi,

honezkero ez dut ezagutzen ez adarrik;

ez goroldiorik, tinta ilunetan ondurik;

ezta, enbor-azalean zizelkaturik, hitza ere,

egiazko eta ozar.

 

Zakarretarako papera, pankartak,

afixa beltzak… Gau eta egun,

dardara egiten du fedearen makinak,

izar honen edo haren azpian. Baina egurrean,

berdea den artean, behazunduna;

mingotsa den artean, gertu nago

hasieran zer gertatu zen idazteko.

 

Zaudete erne!

 

Airean ateratako txirbilen arrastoei segika doa

liztortzar andana, eta putzu bazterrean,

behin ahuldu gintuen tentaldiari

eutsiko dio

neure ile laztuak.