Poesia kaiera
Poesia kaiera
Ingeborg Bachmann
itzulpena: Nagore Tolosa
2015, poesia
64 orrialde
978-84-92468-75-1
Ingeborg Bachmann
1926-1973
 
 

 

Etxerako bidea

 

Giltzalore eta hirusta

sorginduen gauean,

bustizkidazu oinak,

arinago ibil nadin.

 

Atzetik datorkidan banpiroak

haurraren ibilera entseatzen du,

eta aditzen dut nola ari den arnaska,

pausoa gurutzatzen duenean.

 

Aspalditik ote dabilkit segika?

Baten bat mindu ote dut?

Salba nazakeen hori

ez didate eman oraindik.

 

Lastoek kanpatzen duten tokian,

arroka zuloaren alboan,

iturriaren aho zahar eta argitik

atera da:

 

“Galdu nahi ez baduzu,

ez geratu hor luzaroan,

entzun giltzak dilinka,

zatoz basetxera!

 

Haragi huts hilko da

dagoeneko ezer maite ez duena,

eldarnioaren eta tristuraren berri

besterik ematen ez duena.

 

Abaildu ninduen

gaitzaren indarraz,

hegoak zabaldu

eta badoa banpiroa ihesean,

 

mila buru altxatu ditu,

lagun eta etsai aurpegiak,

eraztuna txikitzen duen

Saturnoren itzalpean.

 

Garondoko azalean

orbaina geratuz gero,

berde eta zaratarik egin gabe

irekiko dira ateak.

 

Eta nire odolez

dirdira egiten du zelai atariak.

Estalizkidazu begiak, gau,

baboaren kapelaz.