Basatiak
Basatiak
2026, saiakera
168 orrialde
978-84-19570-56-7
editorea: Jule Goikoetxea
María Reimóndez
1975, Lugo
 
Basatiak
2026, saiakera
168 orrialde
978-84-19570-56-7
aurkibidea
 

 

Zertaz ari garen
hilekoaz ari garenean

 

Miren Guilló Arakistain

 

         María Reimóndezek lehenbizikoz galegoz idatzitako Basatiak saiakera dakarkigu lisiperen 18. aleak, Nerea Loiolak euskarara ekarria.

         Ederra da basati hitza, ebokatzailea, arrakalatsua eta indarrezkoa, eta lotzen diogun esanahiaren arabera, irudika lezake domestikatuaren eta otzanaren kontrakoa. Baina iragan kolonial indartsua duen hitza da. Basatitzat hartu izan dira beste gizarte eta kultura batzuetan egin ohi diren praktikak, Mendebaldeko logika etnozentristetatik Bestetzat hartuak izan direnak. Reimóndezek esan bezala, arrazismoaren aurpegi bat da emakumeen zein lgtbiq+ kolektiboen eskubideen auzia baliatzea beste herrialdeetako praktikak gutxiesteko; horiek guztiak basatiak direla, eta gurean gertatzen direnak horren basatiak ez direla aditzera emateko, era berean, Mendebaldeko indarkeria egiturak ezkutatuz.

         Arroztasun gutxi aplikatzen diegu Mendebaldeko praktikei, normalizatzen eta naturalizatzen dugun orori. Baina hitzaren beste aukera batzuez ere ari da Reimóndez saiakera honetan. Basatiak izatea norbere testuinguruan arauak apurtzea ere izan daiteke: basatiak bihurtu, zentzu kolonialista horri aurre egiteko eta denon bizitzak justuagoak eta hobeagoak bilakatzeko.

         Bere obraren oparotasuna, pentsamenduaren argitasuna eta erregistro askotarikoen artean aise ibiltzeko duen erraztasuna dira Reimóndezen lanaren zenbait ezaugarri, poesia, narratiba, saiakera, antzerkia eta artikulu zientifikoen artean baitabil. Zientzia fikzioa, analisi dekolonialak literatura galegoan zein itzulpengintzan, sexu-disidentziak, geopolitika, ingurumen-auziak edota hilekoa bera izan, askotariko gaien artean garatu du bere pentsamendua eta praktika. Eremu horietan guztietan nabarmentzen diren zeharkako zimenduak saiakera honetan ere aurkituko ditugu. Arrazismoarekin zein ikuspegi etnozentrikoekin kritiko, konplexutasunez heltzen die jakintza feministei, dibulgaziorako gaitasun bikaina erakutsiz. Galiziatik munduari begira, itzulpengintzan egin duen lanagatik ez ezik berea du munduaren ordena hegemonikoak etengabe zartatu nahi dituen begirada.

         Liburuak askotariko gaiei heltzen die eta hori da bere aberasguneetako bat. Hilekoa emakume kategoriatik deslotzea eta genero-arauen zein desberdinkerien analisia; desberdinkeria horietan beste zapalkuntza egitura batzuek duten lekua (pertsona zuriontzako hiztegia ere badakarkigu); hilekoaren azalpen biologikoak eta osasunaren ikuspegiak eta horietan merkatuak duen eragina; hilekoaren inguruan lanketak egitean ikuspegi esentzialistak erreproduzitzearen arriskuak; desira, bizipen sexu-afektiboak, gorputza, odolaren kudeaketa edota higiene menstruala eskubide garrantzitsu gisa aldarrikatzea horretarako aukerarik ez dagoen lekuetan. Saiakera honetan argitasunez erakusten du hilekoa zenbat gai desberdini buruz pentsatzeko abagune bilaka daitekeen.

         Hala, hilekoaren ikerketa kritikoen eremuan azken hamarkadetan garatu den corpusaren genealogian koka dezakegu Reimóndezen lana. Jarraian, liburuaren orrialdeetan zehar oso presente dauden hiru dimentsio sakondu nahiko nituzke, nire lanean ere oso zentralak izan direnak. (1) Mendebaldeko gizarteen eta ezagutza biomedikoen androzentrismoa eta binarismoa; (2) ginekologia, teknologiak eta arrazismoa; eta (3) osasungintza publikoaren garrantzia. Horretarako, Reimóndezengan zein osasunaren aktibismo feministetan, zientziaren kritika feministaren eta hilekoaren ikerketa kritikoen eremuan dihardugunon ekarpenetan oinarrituko naiz, begirada antropologikoa nabarmenduz.

 

 

MENDEBALDEKO GIZARTEEN
ETA EZAGUTZA BIOMEDIKOEN
ANDROZENTRISMOA ETA BINARISMOA:
NOREN MINAK (ETA BIZITZAK) IKERTU

 

         Hilekoaren sinesmenak, iruditeriak eta politikak harilkatzen ditu Reimóndezek mendebaldar kulturaren eta ezagutza medikoen androzentrismoaz aritzeko. Androzentrismoaren bidez gutxi batzuen esperientzia gizateriaren esperientzia bihurtzen da, gizonen ikuspegia oinarri eta neurri gisa hartuz (gizon zuri, mendebaldar, zisgenero eta heterosexualena, oro har). Hala, gutxi ikertu dira gainontzeko gorputzei gertatzen zaizkien ondoezak, eta oro har, prozesuak. Hortxe ziklo menstruala: noiz eta zer ikertu den, zenbat axola izan duten horri lotutako bizipenek eta minek. Estigma, iruditeriak, patologizazioa eta merkantilizazioa; guztia genero desberdinkeriak ahalbidetzen dituzten botere-egituren parte.

         Era berean, androzentrismoaren aurpegietako bat ere bada sexu dimorfismoan enfasi guztia jartzea, biologiaren ikuspegi binarista indartuz: bi gorputz guztiz polarizaturen ideia, giza biologia horren modu ordenatuan, homogeneoan eta estatikoan sailkatzea zaila denean. Kromosomak, hormonak, gonadak, genitalak edota ezaugarri fenotipikoak aintzat hartuta, biologiaren azalpen batzuetan bi multzo erabat bereizi eta kontrajarriren ideia agertzen bada ere, badakigu errealitatea askoz konplexuagoa, dinamikoagoa eta anitzagoa dela. Eta dinamikoa baita ere, gorputz-faktore fisiko guztiek ingurunearekin eta bestelako baldintzatzaileekin elkarreragiten dutelako. Ildo horretan, zientziaren kritika feministak etengabe interpelatzen gaitu zientziaren, naturaren eta politikaren arteko harremanez. Eta nire ustez, etengabe birformulatzen diren biologizismoen aurrean oinarri sendoak baliatzen ditu eskuartean dugun saiakerak.

         Ezagutza oro botere-egiturek eta desberdinkeria sozialek zeharkatzen duten testuinguru konkretuetan sortzen da. Epistemologia feministek ezagutza posible egiten duten baldintza material eta kulturalak aintzat hartzera bultzatzen gaituzte eta ezagutza-moduei buruz pentsatzen lagundu. Gorputzen irakurketa biologikoen kasuan, ez da sexua bera edo hari lotutako materialtasuna ukatzea; baizik eta hori nola eraiki, irudikatu eta arautu den aztertzea garai historiko desberdinetan, eta erregulazio eta azalpen horiek pertsonen bizitzetan zein desberdinkeria sozialen legitimazioan dituzten ondorio sozial eta materialak agerian jartzea.

         Ziklo menstrualaren kasuan, gutxi ikertu izanagatik ere, hilekoaren ikerketa kritikoen esparruan egin diren lanetan aztertu izan dugu hori nola gertatu den garai historiko, kultura eta gizarte sistema desberdinetan. Esaterako, frankismo garaiko ginekologia-liburuek emakumeen gorputzen ikuspegi hormonal bat baliatzen zuten gutxiagotasun fisiko, kognitibo eta moral bat justifikatzeko. Ikuspegi negatibo hori garaiko genero sistemari eta mandatuei lotua zegoen, eta ondorioz emakumeek eremu publikoan, lan-esparruan zein botere-guneetan aritzea zailtzen zuen.

         Egun, ikus dezakegu hileko zikloaren azalpenak nola lotzen diren etengabe erreprodukzioarekin, nahiz eta hilekoaren eginkizunak horretaz harago doazen hilekodunen gorputzetan. Hileko prozesuan parte hartzen duten hormona askok gorputzeko beste ziklo batzuetan ere garrantzi handia dute, nahiz eta ezagunago zaizkigun hilekoari eta emakume gorputzei lotuta. Mendebaldeko medikuntzak gorputzak hain zatika ikusteko duen joeraren ondorioz, enfasia non jartzen denaren atzean ez daude soilik ezagutza biomedikoak, baizik eta kultur sistema, genero sistema eta gizarte egitura oso bat.

         Alegia, hormonek gu guztioi eragiten digute, izan gizon, emakume edo edozein gorputz, eta oso modu desberdinetan pertsona guztiengan. Funtzio asko betetzen dituzte gorputzetan, batzuk besteak baino hobe ezagutzen dira, baina guztiek elkarreragiten diote guztiari, eta, batez ere, inguruaren eraginak moldatzen dituzte. Hilekoaren kasuan, aztertu izan da nola menarkiaren adina faktore soziokulturalek aldatzen duten, ingurugiroak, mendeetan zehar aldatzen joan diren hiri baten higiene-sistemak, elikadurak, pestizidek. Berriro ere: ez da hormonen materialtasunak ez digula eragiten, baina materialtasun hori irakurtzeko moduak aldatu egin dira historian zehar, eta materialtasun hori bera ere aldatu egiten da ingurugiro eta baldintza desberdinetan agertzen denean. Beraz, gutxi dago hormonen eremuan “berezko” eta “aldaezin”, eta are gutxiago gorputz sexuatuei buruz ari bagara. Hala ere, badakigu sarri baliatzen direla hormonak gure gizartean errealitate asko azaltzeko, desberdinkeria sozialen justifikazio bilakatzen amaitzen dutenak.

         Azken hamarkada luzeetan, hilekoaren inguruko ikerketa kritikoek ikuspegi biologizistak zalantzan jarri dituzte, eta Reimóndezek ere bide hori urratzen du, azalpen argi eta freskoekin. Esaterako, hormonen arteko elkarreragina eta ingurunearekin duten elkarreragina abiapuntutzat hartu eta hileko esperientzien aniztasuna erakusten digu, eta esperientzia horietan genero desberdinkeriek eta faktore ekonomikoek duten eragina aztertu, etengabe beste diskriminazio geruza batzuekin ere (arrazializazioa edota sexu-genero disidentziak) nola gurutzatzen den azalduz. Galderak helarazten dizkigu testuan zehar eta kontakizun zein erregistro desberdinak uztartu.

 

 

GINEKOLOGIA, TEKNOLOGIAK
ETA ARRAZISMOA

 

         Reimóndezen zenbait lanetan nabarmentzen den beste gai nagusi bat arrazismoa eta ikuspegi etnozentrikoen kritika da, klase ikuspegiarekin batera. Eta hilekoa hori aztertzeko ere baliatzen du. Indarkeria kolonialaren tresna izan baita ginekologia, bere gailu eta teknologiekin. Espekuluak zein pildorak, aurrerakuntza garrantzitsuak izanik ere, teknologien iragan eta erabilera kolonialistak erakusten dizkigute, zientzia, teknologia eta generoaren eremuko lanek aztertu izan dutenez. Ginekologia garaikidea esperimentazioaren bidez sortu zen zientzia gisa, sarri teknologia desberdinak etikoki zalantzazko praktikekin garatuz. xix. mendearen bigarren erdialdetik aurrera, histeriari buruzko azterketa klinikoen hedatzearekin, emakumeen gorputzean eta sexualitatean esku hartzeko praktika bio-teknologikoak garatzen hasi zen. Garai hartako indarkeria medikoak gorputzen kontrolerako oinarriak ezarri zituen, xx. mendean modu sotilagoetan garatuko zirenak. Baina gainera, ez zen berdina izango emakume guztientzat. Hain zuzen, pentsamendu feminista intersekzionalaren jatorrian daude eskubide erreproduktiboen eta teknologien erabilera horien salaketak. Eta liburu honek hori begiratzera garamatza.

         Histeriak emakumeak sintoma batera murriztu zituen, biologia erreproduktiboari lotuta, haien gorputzak arazo moral batetik auzi biomediko batera bihurtuz. Reimóndezek oroitarazten digu, gainera, Mendebaldeko kontzeptua izan arren, aise esportatu zela histeria, emakumeak menperatzeko baliagarritasunagatik. Era berean, espekulua sortu zen garaiari dagokionez, jakina da James Marion Sims medikuak —ginekologiaren aita gisa aurkeztua izan denak— torturak eta anestesiarik gabeko ebakuntzak egin zizkiela Alabamako emakume beltz esklaboei, “emakumeen anatomia aztertzeko” aitzakiarekin. Noren minak balio duen eta norenak ez. Anarcha, Lucy eta Betsey. Gaur egun martxan daude emakume beltz haien memoria berreskuratzeko mugimenduak.

         Historian zehar politika erreproduktiboak zein jaiotzaren politikak indarkeria leku izan dira kolektibo desberdinentzat. Esaterako, emakume ijitoak, Amerikako herri indigenetako emakumeak, desgaitasunen bat zutenak… antzutzeko baliatu izan dira. Pilularen sorkuntza beste adibide bat da egiaztatzeko nola emantzipatzaileak izan daitezkeen teknologiak berak —alegia, emakumeen gorputz subiranotasunean eta askatasunerako pauso garrantzitsu izan diren teknologiak—, zapalkuntza kolonialerako tresna gisa ere baliatu izan diren. Adibide ditugu, esaterako, xx. mendeko 50eko hamarkadatik aurrera aeben esku-hartzearen testuinguruan Puerto Ricon egindako esterilizazio-kanpainak eta pilula antisorgailuarekin egindako esperimentuak, bereziki emakume pobreenek pairatu zituztenak. Edo 1930eko eta 1970eko hamarkaden artean aebetako estatu batzuetan nola emakume beltz asko esterilizatu zituzten haien baimenik gabe. Hamarkada haietan, osasun mentaleko zentroetan zeuden emakumeekin ere baimenik gabeko esperimentuak egin ziren leku desberdinetan. Eta gerora ere gorputz-erregulaziorako tresna izaten jarraitzen du pilulak: kapitalismoaren eraginez zenbait lekutan hilekodun langileak pilula hartzera behartuak izan dira produktiboagoak izateko, edo beraiek erabaki dute hartzea, hilekoaren kudeaketarako beste baliabiderik ezean. Ikuspegi historikoa ezinbestekoa da teknologiaren erabilerak botere-egituren eta botere-harremanen testuinguruetan ulertzeko.

         Ezagutza zientifikoak, gatazka geopolitikoak eta kolonialismoak, merkatua, politika demografikoak eta aldarrikapen zein eskubide sozialak, dena hartu behar da aintzat teknologien erabilera aztertzeko. Iraganari begiratu behar diogu, teknologia eta politika horiek nola eta zertarako diseinatu diren ulertzeko, berriro gerta ez dadin. Eta zentzu horretan bereziki interesatzen zaizkit planteamendu xenofeministak. Badugu teknologiak garatzeko beharra: nola eta zertarako garatu erabakitzea funtsezkoa da.

 

 

OSASUNGINTZA PUBLIKOA
ETA HILEKOAREN POLITIKAK:
GUTXI BATZUENTZAT IZAN EZ DADIN

 

         Azken urteotan hilekoaren osasun-arreta hobetzera bideratutako aldaketak garatzen ari dira politika publikoetan. Dismenorrea zein endometriosiari buruzko ikerketak eta protokoloak areagotzen ari diren arren, asko dago egiteko. Aurrerapausoa izan da 2023ko Lege Organiko 2/2010 arauaren aldaketa — Lege Organikoa sexu- eta ugalketa-osasunari eta haurdunaldia borondatez eteteari buruzkoa —, lehen aldiz sartu delako hilekoaren osasuna lege batean. Bertan jaso dira hilekoaren arreta eta hezkuntza, hilekoaren kudeaketarako produktuen irisgarritasuna (ikastetxeetan, gizarte-zerbitzuetan eta espetxeetan) eta hilekoaren baimenerako lan-eskubidea.

         Legea inplementatzen joateko ikerketa eta baliabideak jartzea garrantzitsua izango da, oraindik ere baititu zenbait erronka pendiente, Maribel Blázquezekin batera beste lan batean aztertu ditugunak. Esaterako, pentsatu beharko genuke nork baliatu ahalko duen hilekoaren baimena eta nork ez. Horretarako, batetik dismenorrea sekundarioa izan behar da (diagnostikatutako “patologia” baten ondoriozko mina), dismenorrea primarioa dutenei ez baitzaie aplikatzen. Eta bestalde, baldintza material ez-justuetan zein egoera prekarizatuetan lanean ari diren emakume eta hilekodun askok, edo erregularizatutako egoeretan ez daudenek, nekez eskuratuko dute baimena.

         Baina lege eta politika espezifikoez harago, irtenbide estrukturalagoak beharrezkoak dira osasun-arreta eta ekitate menstruala izateko. Eta hauxe da Basatiak saiakera osoan presente dagoen ideietako bat, nire lanean ere gako nagusia izan dena. Hilekoari lotutako desberdinkeria sozialak baliatzen ditu Reimóndezek, guztientzat irisgarria izango den osasun-sistema publiko duin eta unibertsal baten beharra ekartzeko, non profesionalek baldintza duinetan lan egin ahal izango duten, behar dituzten baliabideekin eta genero ikuspegiaren inguruko formakuntza egokiarekin. Hileko minei dagokienez, merkatuak proposatzen dituen aukeren alboan, atsedena, loa, ariketa fisikoa, elikadura osasuntsua… lagungarri izan daitezke. Ez dut hemen gai horietan sakonduko (Reimóndezek egiten du, eta “atseden hartzea” zer izan daitekeen oso modu egokian berrinterpretatu ere), baina hauxe azpimarratu nahi dut: gai horiek guztiak arlo publikoan landu beharreko lehentasun izan behar direla, eta bizi-baldintza egokiak sortzeko lan egin behar dela nabarmenduko du. Pertsona guztiek lan-eskubideak, errenta basikoa eta gutxieneko sarrera ekonomikoak izango dituzten bestelako eredu ekonomiko batean, agian pertsona oro gerturatu daiteke norbere gorputza eta osasuna zaintzeko eskubidera. Hilekoaren arreta hobe bat ez baita gertatuko lan baldintza duinak, erregulazioa eta denontzako paperak ez ditugun bitartean.

         Alegia, gauzak aldatzen ari dira eta ospatu behar dira horrenbeste urtetan osasunaren aktibismo feministek egindako borroken ondorioak. Baina, aldi berean, desberdintasun ekonomikoek hazten jarraitzen dute; gure osasun-sistema eta bertako langileak gero eta egoera okerragoan daude eta osasunaren pribatizazioa aurrez aurre dugu. Kezkaz begiratzen diot gaiari: osasunari lotutako eskubideak galeran ditugu, inoiz guztientzat berdinak izan ez direnak. Kultura neoliberalak indibidualizatu eta gure ongizatearen eta osasunaren erantzule egiten gaitu, kontsumoari erabat lotuta geratzen delarik. Garrantzitsua da bizitzaren prekarizazioarekin, ingurumen-faktoreekin eta faktore ekonomiko, sozial eta materialekin zerikusia duten egiturazko faktore horiek guztiak mahai gainean jartzea, ikuspegi intersekzionaletik, baita hilekoaz ari garenean ere. Horretaz guztiaz ere ari baikara, hilekoari buruz ari garenean.

 

 

BASATI, KRITIKO ETA LIBRE

 

         Plazerez irakurtzekoa da Reimóndezen lana, autoreak berezko dituen freskotasun eta kritikotasunetik. Hilekoa dutenentzako liburu bat dela pentsatzea berriro ere halako gaiei aplikatzen zaien erredukzionismoa eta restrikzio androzentristak aplikatzea litzatekeelakoan nago. “Begirada libre bat hilekoari, gorputz askotarikoetatik” itzuli du izenburua Loiolak, azpitituluan, Reimóndezek galegoz egin zuen liburuaren lehen bertsioan oinarritua. Eta esango nuke hain justu horixe dela, librea eta emantzipatzailea, bere zentzurik zabalenean, Reimóndezek egiten digun oparia.