1.
Emakume?
Hamahiru urte nituenean etorri zitzaidan lehen aldiz hilekoa (menarkia, izen handikia, bai horixe), Gabonak Vilagarcía de Arousan pasatzen ari nintzela —bertan bizi izan ginen aitak han lan egin zuen denbora laburrean—. Odol-orbanak atsekabe handia eragin zidan, ingurukoak “adinean” egoteari eta antzeko kontuei buruz marmarka hasi zirenetik beti sentitu bainuen hilekoak batere interesatzen ez zitzaizkidan aldaketak eragingo zizkidala bizitzan. Ez nuen “tontoleszentzian” sartu nahi, ez nuen “nerabe” bihurtu nahi; denek esaten zidaten garai hori izugarria eta jasanezina zela. Ez nuen onartu nahi —etenik gabe azpimarratzen zitzaidan moduan— gorputzeko aldaketa batek nire nortasuna baldintzatuko zuenik, eta, are gutxiago, gustuko nituen gauzak egiteko trabak jarriko zizkidanik. Beharbada, horregatik gogoratzen dut supermerkatura jaitsi nintzela, garai hartan enpanada baten lodiera zuten konpresa batzuk erosi nituela eta nire bizitzarekin jarraitu nuela.
Handik pare bat egunera, aztarnei segika, ama konturatu zen hilekoa etorri zitzaidala —irakaslea izanik, oporrak zituen eta etxetik zebilen—. Nirekin hitz egin zuen, baina nik neuk egoera ondo gobernatzen nuela ikusi zuenean, ez zion aparteko garrantzirik eman. Baina aitari kontatu zionean, hura lanetik etxeratu berritan, ondo gogoan dut hark zer esan zidan:
— Orain emakumea zara.
Eta nik, oso minduta, salatik alde egin aurretik, haserre bizian erantzun nion:
— Nik dakidala, beti izan naiz emakumea.
Izan ere, neure artean pentsatzen nuen: zer du hilekoak horrekin zerikusirik? Agian hortik hasi beharko genuke.
GERTAERA SOZIAL ETA KULTURAL BAT:
GORPUTZAK
Kide feministek esaten dutenean hilekoa gertaera kulturala edo soziala dela, beti etortzen zait burura aitarekin bizitako pasadizo hura, uste baitut oso ondo erakusten duela nola ematen zaion gorputzeko aldaketa arrunt bati neurriz gaineko garrantzia, eta nola zamatzen den espektatiba eta esanahi ugariz. Izan ere, hamahiru urte nituenean nire gorputzean gertatu zen aldaketa hutsala izan zen, eta gutxienekoa; benetan gogaitu ninduena haren inguruan sortutako morboa izan zen. Denek pentsatzea horri buruz hitz egiteko eskubidea zutela. Presio horren jakitun nintzen, eta ez zitzaidan batere gustatzen. Gizarteak nerabeak tuntun jasangaitz gisa irudikatzeko duen joerak izugarri sumintzen nau, uste dudalako, hain zuzen ere, nerabeek gauzak ikusteko modu zorrotza, sakona eta zentzuduna genuela eta dutela. Eta beti izan naizenez pixka bat “berezia”, erreferenteen faltan —ez depilatzearekin gertatu zitzaidan bezala—, nire bide propioa jorratzea erabaki nuen. Ez nuen onartuko hilekoa arazo izatea, ezta nire gorputza hizpide bihurtzea ere; norbaitek hari buruz hitz egin behar bazuen, nik neuk egingo nuen.
Izan ere, ikuspegi kulturaletik begiratuta, baliteke hori izatea gure gizartean “emakume izatea” definitzen duen zutabeetako bat: edonork sentitzea zure gorputzari buruz iritzia emateko eskubidea duela, inolako aitzakiaren beharrik gabe. Eta ez da hilekoarekin hasten den zerbait, nahiz eta harekin areagotu egiten den, haren misterio, isiltasun eta kontraesan guztiekin. Adibidez, ez nuen ulertzen nola izan zitekeen posible, alde batetik, mundu guztiak nire bizitzan muturra sartzea, baina, bestetik, inork ezin jakitea hilekoarekin nengoenik.
Hilekoak gizartearen mutur-sartze maila berri bat markatzen zuen gure gorputzetan, baina txikitatik entzuten dugu politak garela, itsusiak, lodiak, argalak… eta komentarioak gero eta ugariagoak dira urteek aurrera egin ahala: ilerik ote dugun, zimurrak, ipurdia (nork ez du ipurdirik, non esertzen dira bestela?), tripa, zelulitisa (beste asmakizun bat!)… Zerrenda amaigabea da. Eta, pentsatzen jartzen bagara… komentario horietatik zenbat dira positiboak? Zenbatek dirudite positiboak, baina ez dira? Zeren eta norbaiti polita dela, edo argala dela edo antzeko laudorioak esateak, zer esan nahi du benetan? Esan nahi du beste batzuk “lodi” edo “itsusi” direlako baztertzen dituzten espektatiba berberak erabiliz neurtzen dutela gure balioa. Uste dut bizitza osoan nire gorputzari buruz entzun dudan komentario benetan positibo bakarra indartsua naizela dela. Indartsua izatea bizitzarako lagungarria da. Gorputz guztiek laguntzen digute bizitzen, gu geu eraikitzen gaituzte. Funtsezko eginkizun iraultzailea da gure gorputzei buruz, geure buruaz, gure lagun, ahizpa, ama, amona eta lankideei buruz beste era batera hitz egiten ikastea.
Gorputzak, eta aurrerago hitz egingo dut honetaz, askotarikoak dira eta aldatu egiten dira denborarekin. Uzten badiegu, bizitza ulertzen laguntzen digute.
Gogoan dut txikitan Lugoko amonaren beso bigunak gurtzen nituela —hari gogaikarria egiten bazitzaion ere—, inoiz ukitu nuen gauzarik leunena zirelako. Ez nuen ulertzen zer izan zezakeen txarra halako gorputz samur batek. Orain, denbora igarota, erantzuna erraza da: gizarteak emakume gisa izendatzen dituenentzat, zahartzea ez da prozesu fisiko soila, baizik eta, batez ere, prozesu sozial eta kultural bat, non pertsonak, balioa hartu ordez galdu egiten duen. Berriro ere, gure esku dago eguneroko ekintza txikietan hori birdefinitzea. Gure amonen esku txikien, azal leunen, edo zimurtuen, edo eguzkiak ondutakoen, edo lanak gogortutakoen laztan maitekorretan.
UGALKETA-ESKURAGARRITASUNA
Baina itzul gaitezen emakume izatearen esanahira, eta horretan hilekoak jokatzen duen rolera. Uste dut jada hamahiru urterekin, intuizioz bazen ere, deserosoen egiten zitzaidana “emakume izateari” lotzen zitzaion ugalketa-eskuragarritasunaren konnotazioa zela. Egia da gizarte batzuetan hilekoaren etorrera ospatzen dela (hamabost edo hamaseigarren urtemugen ospakizunak, jendaurreko aurkezpenak eta antzeko ekitaldiak), baina beti ugalketari eta gizonekiko eskuragarritasunari lotuta.
Eta hona hemen lehen arazoa. Hilekoak ez du zerikusirik ugalketarekin. Bai, horixe esan dut. Egia absolutu horrekin hazten gara, gaiari buruzko liburu mordoek —batez ere neska eta nerabeei zuzenduta daudenak, eta hilekoaren alderdi ugalkorra bakarrik azpimarratzen dutenak— etengabe buruan sartzen diguten egia horrekin. Bada garaia hilekoa “haurdunaldira daraman prozesu” gisa ikusteari uzteko. Feminitatea amatasunaren bidez definitzearekin obsesionatuta dagoen gizarte batean baino ezin uler daitezke halako baieztapenak. Badirudi emakumeen gorputzak ezin direla bere horretan ulertu, zaindu eta aintzat hartu. Hilekoa ugalketarekin lotzea, zakila duten nerabeen gaueko poluzioek ugalketa-helburu bat dutela esatea bezain zentzugabea da. Dakigunez, ugalketak obulu baten eta espermatozoide baten arteko elkarreragina eskatzen du, alegia, kanpoko faktoreak inplikatzen dituen prozesu bat da; hilekoa, berriz, milioika gorputzetan gertatzen den barne-prozesua da. Hasteko, badaude hilekorik eduki ez eta haurdun gera daitezkeen emakumeak (egoera asko eman daitezke: tiroide- eta hormona-arazoak, edoskitze garaiak, hilekorik ez baina obulatzen jarraitzen duten emakume premenopausikoak…), eta badaude hilekoa duten emakume ugari inoiz ugaltzen ez direnak. Hilekoa ugalketarekin lotzeak berriz garamatza emakume izatea gorputz batzuek duten ugaltze gaitasunera mugatzen duen marko patriarkalera.
Izan ere, hilekoak obulazioarekin du zerikusia (geroago hitz egingo dugu honi buruz), eta obulazioa funtsezko prozesu bat da milioika gorputzentzat, haien osasunaren eta oreka fisiologikoaren parte da, glomerulu-iragazketa edo pankreako funtzio exokrinoa bezalaxe. Gorputzen osasunerako funtsezko diren prozesu bital horietako bat bera ere ez dago lotuta beste gorputz edo fluido batzuekin elkarreragina duen kanpoko funtzio jakin batekin. Gai “biologiko” hauei buruz gehiago hitz egingo dut hurrengo kapituluan, baina oraingoz nahikoa da ulertzea hilekoa mendekotasunarekin loturik definitze hutsa gorputz jakin batzuei ezarritako espektatiba patriarkalen continuum horren parte dela.
KATEGORIA, KATEGORIAK
Txikia nintzenean, kokoteraino nengoen filmetan eta liburuetan ikusten nuenarekin, mutilek eta gizonek bakarrik egiten zituztelako gauza interesgarriak. Azkenean, beti ondorioztatzen nuen askoz hobea zela mutila izatea, neska izatea gauza gogaikarri totala zelako. Inguruan nuen errepresentazioa ikusita, denak zirudien modaz, arrosa koloreko soinekoz eta niri batere interesatzen ez zitzaizkidan kontuez osatua. A, eta, jakina, mutilen atzetik ibili beharra zegoen, haiei atsegin ematen saiatu, haien gustuko izan, haien begietan polit agertu, eta salba gaitzaten utzi. Indartsua, ausarta, konplexua izateko eta bizitzan gauza garrantzitsuak egiteko, mutila izan behar zenuen, hori argi zegoen.
Neska asko emakume izatearen inguruko sentimendu anbibalente eta negatiboarekin hazten gara. Inguratzen gaituzten ereduek askotan ez digute ezer esaten, edo modu negatiboan aurkezten zaizkigu. Munduko hainbat lekutan emakumeekin egiten ditudan lanetan, hau da nire leloetako bat: berraztertu ditzagun emakume gaiztoak. Gure familiartean aipatzen ez diren horiek, kanporatuak izan ziren horiek, “filmeko gaiztoak” izan ziren horiek. Istoriook aztertzen hasten garenean, sarritan aurkitzen ditugu emakume transgresoreak, sartu nahi gaituzten kategoria estu horren mugak astintzeko adorea emango digutenak.
Emakumeak irudikatzeko modu hau ondoen jorratzen duen istorioetako bat Maleficent da. Sexu-eraso baten esanahia modu metaforikoan azaltzeaz gain, film horrek laguntzen digu ulertzen kontatzen dizkiguten istorio guztiak zenbateraino dauden ikuspegi matxista baten iragazkitik pasatuta, eta emakume gaiztoen istorioei adi entzuten diegunean, nola askotan ohartzen garen ez zirela gaiztoak, baizik eta transgresoreak. Horrek ez du esan nahi, noski, emakumeok ezin gaitezkeenik gaiztoak izan, baizik eta gure kontakizuna beti egon dela mugatuta botere sozialaren ordena jakin bat mantentzeko beharrezkoak diren roletara. Emakumeok geure burua erretratatzen dugunean sortzen dugun kontakizuna askotarikoagoa eta konplexuagoa da, eta diskriminazio-egoeran bizi izan ditugun bizipenei askoz leialagoa.
Niri, esan dudan bezala, biderik errazena mutil izatea iruditzen zitzaidan. Eta ez zen, mutil transei gertatzen zaien bezala, baginadun mutil bat nintzela sentitzen nuelako. Nik banekien neska nintzela, baina patriarkatuaren mezu nagusiak barneratuta nituen ordurako:
— Emakume izatea zerbait negatiboa da: emakumeak tuntunak dira, ahulak, arazo asko dituzte /arazoa dira…
— Emakumeak ez dira inportanteak: inoiz ez dute ezer egin gizateriaren historian; asko jota, erditu edo gizon baten emazte/alaba/arreba izan.
— Emakume izatea zerbait pasiboa da: emakumeak dira itsasontzi bat hondoratzen denean lehenik ebakuatu behar direnak, erreskatatu beharrekoak, dantzara atera, konkistatu.
Zoritxarrez, hain barneratuta dauzkagu ideia hauek, ezen duela gutxi lagun batek esan baitzidan poz-pozik zegoela semea —eta ez alaba— izan zuelako, bestela “asko kezkatu behar izango zuela”. Komentarioak amorru handia eman zidan, horixe baita, muturreraino eramanda, munduko leku batzuetan jaiotako neskatoak erailtzea eragiten duen pentsamolde bera. Eta hemen ere bortxatu eta erailtzen gaituzte pentsamendu-egitura horixe beragatik: emakumeok gutxiago garela uste izateagatik; gu kontrolatu behar gaituztela ikasten delako, erasotzaileak kontrolatu ordez. Fenomeno horren azalpena erraza da, androzentrismoa esaten zaio. Eta androzentrismoa leku guztietan nagusitzen da, baita —eta batez ere— gorputzei buruz hitz egiten dugunean ere.
Maskulinoa guztiaren erdigunean jartzen duen mundu-ikuskera gisa definitzen da androzentrismoa. Pertsona guztiok androzentrismoan sozializatu gaituzte; nahikoa da begiratzea zenbat gizon diren protagonistak film, telesail eta liburuetan, eztabaidetan, artikulu zientifikoetan eta enpresa goi-karguetan… eta zenbat emakume dauden horien aldean.
Androzentrismoa errealitatea desitxuratzen duen lente bat da, gutxi batzuen esperientzia —eta, gainera, erdigunetzat hartzen diren gizon horiek zuriak, Mendebaldekoak, zisgeneroak eta heterosexualak dira— gizateriaren esperientziatzat aurkezten duena.
Ikuspegi hori aldatzen ez dugun bitartean, ezingo dugu pertsona guztientzako eskubide-berdintasunean aurrera egin; izan ere, lehenik eta behin, beharrezkoa da aniztasuna bere horretan ikustea, giza espeziearen ezaugarri normal gisa, eta ez desberdina den guztia bigarren —edo hirugarren, edo laugarren— kategoriara baztertzen duen botere-ideal baten menpe.
Gorputzei dagokienez, androzentrismoaren ondorioz, gorputz estandartzat gizon zisgeneroen gorputza hartzen dugu, eta emakumeenak nahiz gizon transenak haren bertsio eskasak balira bezala ikusten ditugu. Diskurtso hau, Angela Sainik Inferior liburuan bikain azaltzen duen bezala, gizon batzuen eskutik sortu zen, zeinek emakumeen aurkako aurreiritziak zientziaren esparrura eraman eta gezurrak egia zientifikotzat ezarri zituzten. Bere liburuan, Sainik hainbat ikerketa berrikusten ditu, egunerokoan barneratuta ditugun gorputzei buruzko usteak eraisteko balio dutenak. Esaterako, hainbeste aipatzen diren generoen arteko “desberdintasun biologikoak” ez direla egia absolutu gisa existitzen. Aspaldidanik dakigu talde bakoitzaren barruan (“gizonak” deitutakoen taldean eta “emakumeak” deitutakoen taldean) alde handiagoak daudela bi taldeen artean baino. Halaber, badakigu “sexu-desberdintasunei” buruzko ikerketa erridikulu asko ausazko datuetan edo ikerketa-talde ez adierazgarrietan oinarritzen direla. Edo ustezko ikerketa horiek ez dutela aintzat hartzen nola sozializatzen gaituzten garai eta toki jakin batean gizon edo emakume izateko. Sainiren liburuak erakusten digu beti izan behar dugula jarrera kritikoa, eskuratutako ezagutza zalantzan jartzekoa, emakumeekiko diskriminazio testuinguru batean garatu baitzen.
Institutuetara joaten naizenean eta ikuspegi feministatik gorputzaren inguruko gaiei buruz eztabaidatzen dudanean, deigarria egiten zait nolako erresistentzia dagoen oraindik emakumeak jarduera fisiko esanguratsuak egiteko gai direla onartzeko. Bitxia da nola mutilek eta neska askok berehala asumitzen duten —nahiz eta mutil horiek askotan eserlekutik ipurdia altxatzeko gai ez izan—, gizon izateagatik bakarrik, edozein kirol arlotan euren gelakide neskak baino gehiago direla. Aldiz, berdin dio emakumeek zenbat aldiz erakusten duten beren balioa eta nagusitasun fisikoa, beti hartzen dira salbuespentzat. Ni, adibidez, ez naiz ultramaratoi bat egiteko gai, baina badakit María Lorena Ramírez korrikalari tarahumara badela. Eta, berak bezala, beste emakume askok irabazten diete gizonei erresistentzia eta indar handia eskatzen duten kiroletan. Pentsatzen jarriz gero, ez da harritzekoa, emakumeei komunitate askotan tradizionalki esleitu izan zaizkien zereginak kontuan hartuta (haurrak haztea, artzaintza, lurra lantzea, erditzea): indar eta erresistentzia lanak. Hori gutxi balitz, badaude hardun egonda edo edoskitzen ari direla kirol-marka eta lorpen fisiko apartak egiten dituzten emakumeak. Horren adibide dira Serena Williams tenislaria edo Jasmin Paris ultramaratoilaria: azken hau, lehen postu absolutuan helmugaratu zen 430 kilometroko lasterketa batean (laurogeita hiru ordukoa!). Bidean esnea ateratzeko gelditu bazen ere, horrek ez zion bere markari kalterik egin —aurreko errekorra hamabi ordutan hobetu baitzuen—, nahiz eta edoskitzeak dakarren energia-galeragatik aparteko ahalegina egin behar izan zuen. Beraz, bai, emakumeok indartsuagoak, azkarragoak, trebeagoak eta hobeak izan gaitezke. Ez guztiok, jakina. Gizonekin berdin gertatzen da. Aldatzen den gauza bakarra da gure kolektiboari buruz dugun irudia; horren ondorioz, gizon bat aurrean dugunean, beti pentsatzen dugu galdu egingo dugula edo gutxiago izango garela, eta haiek, berriz, hobeak direla asumitzen dute… baina, zergatik?
Hilekora itzuliz, gaur egun gizonen gorputza eredu edo ideal moduan ikusteak gure menstruazio maiteari ere eragiten dio: gorputz ideala ez izatearen marka negatibo gisa ikusten da. Horrela bakarrik uler daiteke Iparraldeko herrialde batzuetan zabaltzen hasi den hilekoa desagerrarazteko joera. Antikontzeptibo hormonalei esker —geroago aipatuko ditut, zeresan handia baitago (eta onik ia ezer ez)—, badirudi leku batzuetan hilekoa ezabatzea eta gure gorputzak ideal maskulinora hurbiltzea bilatzen dela.
Honi gehitu behar zaio, oso zabaldua dagoen joera kapitalistari jarraituz, arazo sozial bati irtenbide medikoa bilatzen zaiola (geroago ikusiko dugu hori, hilekoak eragindako minari buruz hitz egiten dugunean); eta leku batzuetan emakume langileak pilula hartzera behartzen dituztela produktiboagoak izan daitezen, edo beraiek hartzea erabakitzen dutela, hilekoaren higienerako baliabiderik ez dutelako. Hori gertatu zen, adibidez, Txinan koronabirusaren krisian[1], non mediku eta erizain askok lanordu amaigabeak egin behar izaten zituzten, aldatzeko aukerarik izan gabe. Egoera horretan, batzuek menstruazioa eliminatzea erabaki zuten ospitaleen babes faltari aurre egiteko neurri gisa.
Badirudi zientziak azkenean eskura jartzen digula gizonen gorputz hain desiratu hori izatea, ustezko feminitatearen ikur nagusiena ezabatuz: menstruazioa. Hilekoa erroko arazo baten jomuga bihurtu da, gorputz femeninoek egiten duten guztia arrotz, problematiko eta bigarren mailakotzat aurkezten duen arazoarena. Arazo hori ez da konpontzen hilekoa desagerrarazita; aitzitik, larriagotu egiten da (eta osasunean ondorio izugarriak ditu, gero ikusiko dugun bezala, ez baitugu ahaztu behar menstruatzea obulatzea dela, prozesu bital bat).
Asko kostatu zitzaidan emakume kategoriarekin adiskidetzea, eta ulertzea, “txorakeria” modura aurkezten zitzaizkidan gauza guztiek benetan bazituztela berreskuratzeko moduko alderdi interesgarri eta baliotsuak. Arazoa zen nik neuk ere sinetsita neukala ideala maskulinoa zela, eta ikasia nuela nire inguruko emakumeek beren trebetasunak garatzeko erabili izan zituzten espazioei balioa kentzen. Ahalegin hori berreskuratzea funtsezkoa izan zen nire bizitza eta neure burua modu konplexuagoan ulertzeko.
FEMENINOA, MASKULINOA
“Femeninoa” eta “maskulinoa” gorputzetan inskribatuta ez dauden kontzeptu gisa birpentsatzeko unea iritsi da. Kontzeptu sozialak dira, eta ezaugarri guztiz arbitrarioak egozten zaizkie, pertsonak begi urdin edo marroiak dituztenen arabera banatzea bezain aleatorioak (eta, bide batez, ez aintzat hartzea begi berde, gris edo belzdunak). Gainera, banaketa hau ez da inondik inora maleziagabea. Asko amorratzen naiz irakurtzen dudanean “emakumeak eta gizonak desberdinak gara, garrantzitsuena eskubide berberak izatea da”. Ez horixe, emakumeak eta gizonak desberdinak gara, jakina, pertsonak garelako; baina talde gisa, desberdintasun horiek hierarkia bat sostengatzen duten fikzioak baino ez dira. Baginek eta zakilek esleitutako ustezko desberdintasun eta “balio” horietan sinisten jarraitzen dugun bitartean, ez ditugu eskubide berberak izango, pertsona bakoitzarengan proiektatutako espektatibak desorekatuak izaten jarraituko dutelako. Aldagaia aldatuz gero barregarri irudiko litzaizkigukeen ideiak defendatzen dituzten gizarteetan bizi gara. Adibidez, demagun begi urdinak dituztenak begi marroiak dituztenak baino indartsuagoak direla esaten dela. Halako banaketa egingo balitz, ziur egon hori “frogatzen” duten ikerketa ugari existituko liratekeela. Hori da generoen araberako banaketak mendeetan zehar egin duena, eta zerbait “naturala” dela sinesten dugu, gorputzetan inskribatuta dagoena, nahiz eta hala ez izan.
Generoaren kontzeptua feminismoek garatu duten funtsezko tresna da, gure gizarteko desberdintasunak ulertzeko eta desartikulatzeko. Genero esaten diogu komunitate batek gizonei eta emakumeei esleitzen dizkien espektatiba, rol eta ezaugarri orori. Generoa “konstruktu” bat dela diogu, ez erreala ez delako, baizik eta eraikia izan den zerbait delako; hau da, denboraren poderioz konformatu den bezala, aldatu ere egin daitekeelako.
Komunitate ezberdinen genero-espektatibak alderatzen ditugunean, berehala ohartzen gara leku batean emakumeengandik edo gizonengandik espero dena ez dela beste leku batean espero denaren berdina. Adibidez, gure gizartean emakumeok ahulak izatea espero da, ikusten ari garen bezala; baina beste leku batzuetan, esaterako, Etiopiako mendietan edo Haitin, emakumeak “mandoak” bezain sendoak izatea espero da, eta, hain zuzen ere, haiek egiten dituzte zama-lanik gogorrenak.
Generoa luzaroan eztabaidatutako kontzeptua izan da, baina niretzat funtsezko gakoa da oraindik ere, ulertzeko gizonen eta emakumeen arteko ustezko desberdintasunek ez dutela zerikusirik fisikoarekin, baizik eta pertsonok bizi ditugun espektatiba sozial eta kulturalekin. Eta, era berean, oso kontzeptu askatzailea da, ulertarazten baitigu ezer ez dela aldaezina, eta gure eguneroko ekintzekin pertsonok eredu zapaltzaile horiek eralda ditzakegula.
Egitura zurrun horrek, gainera, ezin du iraun sexualitatea heterosexual gisa eta genero-identitatea zis gisa ulertzen ez bada. Horregatik, generoaren kontzeptua osatzen duten funtsezko beste bi kontzepturi buruz hitz egingo dugu orain: genero-identitatea eta sexu-orientazioa.
Genero-identitatea pertsona bakoitzak bere buruaz pentsatzen duenean sentitzen duena da. Pertsona batzuek emakumeak direla sentitzen dute, beste batzuek gizonak direla, eta beste batzuek ez dute bi kategoria horietako bat bera ere esanguratsutzat hartzen. Emakume sentitzen garen eta bulba dugun pertsonei “emakume zis” deitzen diegu, eta zakila duten gizonei, “gizon zis”. Aitzitik, emakume bat zakilarekin jaiotzen bada edo gizon bat baginarekin, “emakume trans” eta “gizon trans” esaten dugu, hurrenez hurren. Bi kategoria horiekin loturarik sentitzen ez dutenak, edo bien artean modu malguan dabiltzanak, “pertsona ez-binario” edo “genero fluido” gisa izendatzen dira. Egia esan, emakume/gizon zis eta transen artean bereizteko arrazoi bakarra da agerian uztea pertsona transek aurre egin behar dietela guk, zis izateagatik, bizi ez ditugun hainbat zailtasuni; adibidez, haien generoari dagokion izendapen zuzena ez jasotzea, generoarekin bat datorren dokumentazio ofizialik ez edukitzea, edo irainak eta eraso fisikoak pairatzea.
Batzuetan, jendeak genero-identitatea eta sexu-orientazioa nahasten ditu. Genero-identitatea norberak bere buruarekiko duen sentimendua baldin bada, sexu-orientazioa beste pertsonekiko dugun desira da. Emakume bat (zis zein trans) heterosexuala, lesbiana, bi/pansexuala edo asexuala izan daiteke, genero bereko, beste generoko, biekiko —bisexualak esan nahi du genero bereko zein bestelako genero batekiko erakarpena sentitzen dela— edo generorik gabeko pertsonekiko erakarpena aintzat hartuta. Gauza bera gertatzen da gizonekin: heterosexualak, homosexualak, bi/pansexualak edo asexualak izan baitaitezke.
Aktibista transek erakusten digute gorputza dela heteropatriarkatuaren azken muga; hau da, patriarkatuak onar dezakeela femeninotzat jotzen diren gorputz batzuk toki jakin batzuetara iristea, baina ezingo lukeela iraun kategoria horiek desegingo bagenitu. Kategoriak desegiteak esan nahi du “maskulinoa” eta “femeninoa” bezalako terminoak modu akritikoan egia gisa erabiltzeari uztea (eta urrunago joanda, “feminista eta femeninoa” garela esateari uztea, kontuan hartuta feminismoak mugimendu sozial eraldatzaileak direla, eta euren proiektu nagusietako bat feminitatea eta maskulinitatea aztertzea eta zalantzan jartzea dela; baita emakume transak emakume ez direla esateari uztea ere, feminismoei batez ere interesatzen baitzaie gizartea nola eraikitzen den eta zein pertsona geratzen diren eskubideen eremutik kanpo). Termino horiek gure bizitzak markatzen dituzten ideia dira, desberdintasuna sortzen dute eta praktikan zalantzan jarri behar ditugu.
Sentitzen dugun identitatea eta beste pertsonenganako erakarpena, gorputzen eta haiek existitzen diren testuinguruaren arteko elkarreraginaren emaitza da. Aktibismo transak, hain zuzen ere, termino horietan guztietan eraikitakoaz hausnartzen laguntzen digu. Bulbarekin jaio den pertsona bat gizona izan daitekeen arren, sarritan pertsona transek, gizarteak haien identitatea onar dezan, feminitate- eta maskulinitate-eredu estuetan kokatu behar izaten dute beren burua, generoa gorputz bati lotzen jarraitzen dugulako.
Aktibista transek, gainera, erakusten digute gizon gorputza okupatzeak pribilegio bat ematen duela (“kategoria igoera” moduko bat), eta emakume gorputza okupatzeak, berriz, pribilegio hori galtzea ekartzen duela (“kategoria jaitsiera”). Beraz, “femenino” eta “maskulino” kategoria horiek beti dira hierarkia baten parte, eta guztiok lagundu dezakegu hori aldatzen, geureganako eta besteenganako espektatibak aldatuz. Hau, bide batez, pertsona zison erantzukizun nagusietako bat da, gure kasuan kategoria horiek transgreditzeko arrisku-maila askoz txikiagoa baita. Esan nahi dut gizon zis batek gona jantzi dezakeela inork zalantzan jarri gabe gizona dela (nahikoa izango litzateke, adibidez, bere nortasun agiria erakustea) edo emakume zis batek depilatzeari utz diezaiokeela. Jakina, halako hautuek kostu bat dakarte: adibidez, besteek gu begi txarrez ikustea, gaizki tratatzea, zikinak garela edo “askeak garela” esatea, inguruan gizon guztiek prakak daramatzatenean eta emakume guztiak depilatuta daudenean… Bai askatasun bitxia hori! Autoestimuari kalte egiten dioten ondorioak edo erasoak badaude, argi dago hautua ez dela benetan librea. Gainera, gure sozializazioak sortzen digun itsukeria dela eta, ezin dugu ikusi aukerarik politikoena, hain zuzen ere, denek egiten dutena egitea dela. Depilatzen jarraitzen duten emakumeek eta gonarik janzten ez duten gizonek indarkeria sortzen duen egitura bat sostengatzen dute, beren ekintzekin gizarteak “normaltzat” edo “anormaltzat” jotzen duenaren mugak finkatuz (azken horrek askotan zigorra dakar: hasi besteen barreak jasan behar izatea bezalako “kontu arinetatik”, eta buka irain, bullying, eraso fisiko, eta, kasu larrienetan, kartzelara eta erailketara iristeraino). Dena den, pertsona zisek beti dugu arrisku eta zaurgarritasun apalagoa pertsona transek baino; handiagoa dena, ordea, gure erantzukizuna da.
Edozein kasutan, kategoria horiek desegiteko, lehenik eta behin aitortu egin behar dira. Hau da, aztertu egin behar da zer jotzen den femeninotzat, zer balio aurresuposatzen zaizkion, eta horietatik gizateriaren onura dakartenak erreskatatu (zaintza, komunikazioa, afektua, etxeko lana, ordaindu gabeko lanak), eta elementu negatiboak baztertu. Berdin maskulinitatearekin. Baina, batez ere, ideia horiek gorputzetan aplikatzeari utzi behar diogu. Bulbarekin jaiotzeak, hilekoa izateak edo zakila izateak ez luke ezer esan behar pertsona batek egin dezakeenari edo ez dezakeenari buruz. Eta bai, badakit, gero ikusiko dugun bezala, esaten digutela gorputz batzuek hormona batzuk sortzen dituztela eta beste batzuek bestelakoak; gorputz batzuk txikiagoak direla, beste batzuek masa muskular handiagoa dutela, eta abar. Horri buruz geroago arituko gara, ideia horiek hain barneratuta ditugunez sarri nahasgarriak egiten zaizkigulako, baina aurreratu dezadan: gorputz guztiek —patologiaren bat izan ezean— hormona guztiak sortzen dituzte, eta femeninotzat jotzen ditugun askok hormona “maskulino” edo “femenino” gehiago sortzen dituzte ustez sortu behar lituzketenek baino.
EZ BAKARRIK GENEROA
Hau guztia gutxi balitz, gorputzen feminitatearen eta maskulinitatearen ideiak oso lotuta daude gure gizarteen oinarri arrazista eta kolonialekin. Zer esan nahi du honek? Bada, gizonaren eta emakumearen gorputzari buruz dugun idealak klase ertaineko ideal zuri bat irudikatzen duela, non suposatzen den emakumeek gorputz txikia izan behar dutela (zenbat eta txikiagoa, hobe; horregatik esaten digute dieta egin behar dugula, hankak elkartu, kaletik goazenean bidea utzi... Laburbilduz, espaziorik ez hartzeko). Baina argi dago badaudela bizitza osoan lan egin duten emakume zuri asko, bizkar sendoa dutenak, ziklogenesi baten indarra, eta hondeamakina baten lanerako gaitasuna. Haiek ez dute ideal hori betetzen. Eta are urrunago daude zuritasunean sartzen ez diren emakume eta gizon guztien gorputzak: zama-animalia gisa irudikatzen diren “emakume beltzak”, edo beti biktima eta neskatilatzat hartzen diren “asiarrak”[2]. Garrantzitsua da gogoratzea “feminitate” eta “maskulinitate” ideiek elkarreragina dutela kolonialitatearekin eta arrazakeriarekin lotutako beste batzuekin; alegia, beste herriak esplotatzeko, gureak “ez bezalako” ezaugarri fisiko edo intelektualak asmatu behar izan ditugula.
Ideia horiek, atal honetan aipatutako beste askoren antzera, denboraren joanarekin sortu ziren, hierarkia zein esplotazio-sistemak sendotzeko. Soilik horrela uler dezakegu toki jakin batzuetan “gure emakumeak babestu behar ditugu” esaten jarraitzea sexu-eraso bat gertatzen denean eta erasotzailea jatorri atzerritarrekoa denean, bortxaketa gehienak espainiar nazionalitatea duten gizon zuriek egingo ez balituzte bezala, eta emakumeok altxor moduko bat bagina bezala. Arrazakeriaren eta generoaren arteko elkarreragin honen ondorioz, Mendebaldeko herrialdeetako emakume zuriei esaten zaigu ugaldu egin behar dugula, gizartea oso zaharkitua dagoelako —mundua oro har gainpopulatua dagoela ahaztuta—, eta, aldiz, emakume ijitoak edo atzerritar jatorrikoak berehala kritikatzen dira seme-alaba asko izateagatik. Halaber, Hegoaldeko herrialdeei, jaiotza-tasa altuak direla-eta, arazo ekologikoen errua leporatzen zaie —eta ez, noski, Iparralde Globalak bultzatutako ingurumen-esplotazioari; guztiok gure telefono mugikorrekin, kotxeekin eta baliabideen etengabeko xahuketaren bidez baliatzen dugun horri—. Askotan ahazten dugu intersekzio horren parte dela emakume ijitoak[3] Europa osoan zehar, edo Amerikako herri indigenetako emakumeak, historikoki derrigorrean antzutu izana (eta desgaitasunen bat zuten emakume asko ere haien baimenik gabe antzutu izan dituzte, eta zer esanik ez identitate-ardatz horietako batzuk batzen zituzten emakumeak).
Kolonialitatearen eta generoaren arteko intersekzio batek bereziki amorratzen nau: kontinente guztietan, Europan izan ezik, tradizionalki hemen ezagutzen ditugunak baino modu askotarikoagoak egon dira genero-identitatea, sexu-orientazioa eta genero-adierazpena ulertzeko. Gure kasuan, medikuntza patriarkalak pertsona transak patologizatu eta aztergai bihurtu zituen; baina Ameriketako herri indigenetan, Asia-Pazifikoko herrialdeetan eta Afrikako hainbat tokitan, aspalditik bazeuden trans izateko modu eta identitate propioak, Europako kolonizazioak zapaldu zituenak. Orain, ironikoki, Mendebaldea lgbtiq+[4] eskubideen asmatzaile eta defendatzaile nagusi gisa aurkeztu nahi dugu mundu mailan; benetan egin behar genukeena, aldiz, tradizionalki identitate-aniztasun handia izan duten komunitate horiek ezagutu eta babestea denean.
Batzuetan, gai bat nola kontzeptualizatzen den ikusteko, bilaketa bat egiten dut Googleko irudietan, eta sareak itzultzen didana aztertzen dut. Interesgarria da “emakumea”[5] eta “gizona” hitzekin proba egitea, eta agertzen diren irudiak ikustea. Giza kategoria bakoitzak ordezkatzen duen gorputz mota, adina eta arraza[6] ideala erabat agerian geratzen da.
Horrenbestez, hilekoaz emakumeak definitzen dituen zerbait balitz bezala hitz egiteak esan nahi du, halaber, gorputz guztiak berdinak direla pentsatzen duen pribilegio zuri horretatik hitz egitea. Orrialde batzuk lehenago neure burua aurkeztu dudanean adierazi dut berrogei urtetik gorako emakume zuri zis bat naizela. Une honetan, errazago ulertzen da zertaz ari nintzen. Horri beste pribilegio garrantzitsu batzuk gehitu behar dizkiot: nire gorputza, oro har, osasuntsu egon dela, ez dudala desgaitasunik edo gaixotasun mentalik, goi-mailako ikasketak ditudala, inoiz ez dudala kalean bizi behar izan, eta gizarteak normatibotzat hartzen duen gorputza dudala. Nik pribilegio horien jabetzatik hitz egiten dut, nire gorputzetik, eta garrantzitsua da horiek izendatzea, hilekoa parametro horien guztien baitan inskribatzen delako. Ez da gauza bera hilekoa izatea patera batean edo atzerritarren atxilotze-zentro batean dagoen emakume migrante bat izanik, edo hilekoa izatea gizon trans bat izanik. Ez da gauza bera hilekoa izatea endometriosia edo giza papiloma izanda, edo halakorik ez izanda. Eta ez da gauza bera gorputza muturreraino kriminalizatzen den testuinguru batean haztea edo ez haztea. Izan ere, azken hau hain da alderdi garrantzitsua, ezen ikerketa batzuek erakusten baitute hilekoaren ikuspegi negatiboarekin hazten diren neskek hilekoari lotutako min handiagoak izaten dituztela; eta ez da harritzekoa. Osasun-adierazle gisa ikusi beharrean, etengabe aurkezten zaigu gogaikarria den zerbait bezala, zerbait zikina, deserosoa eta hobe litzatekeena ez eduki.
ETA ORDUAN?
Azkenean, esan bezala, kategoriak desegiteko lehenik eta behin horiek ulertu eta okupatu behar ditugu, hankaz gora jarri. Nik neure burua oraindik emakume gisa izendatzen jarraitzeko arrazoia da, une honetan “emakumeak” kategoria (niretzat beti pluralean) sozialki desegiteak —eta ez indibidualki, gure ekintzekin espazioak sortzen joan behar dugu esparru horretan— ekarriko lukeelako garai batean hainbeste emakumek, zis zein transek, kategoria hori gorpuztuz, guztiontzako mundu bidezkoago bat lortzeko egindako ahalegina, balioa eta lana ezabatzea. Niretzat, beraz, emakume izatea borondate kontua da; eraldaketarako borondatea. Zeren eta emakume gisa kontzeptualizatu gaituztenoi oraindik ere ukatzen zaizkigu oinarrizko eskubideak, gizatasuna eta abar. Gainera, ikusi dugun bezala, beste askorekin elkarreragiten duen kategoria bat da.
Gorputzek, funtsean, ez dute ezer determinatzen. Are gutxiago hilekoak. Gizartearekin duten interakzioak baldintzatzen du guztia. Emakume batek zakila edo gizon batek bagina izan dezakeela onartzen ez duen gizarte horrekin, alegia. Hilekoa emakume izatearekin lotzea oso problematikoa da zentzu horretan, eta liburuan menstruatzen duten gorputzei buruz hitz egingo dut —gorputz horiek emakume nahiz gizon gisa irakurriak izan—; baina emakumeez ere jardungo dut modu zehatzagoan, kategoria subalterno moduan ulertuta, jakinda ez dela talde homogeneoa, haren baitan mota askotako botere-tentsioak daudela, eta, hala eta guztiz ere, badela amankomuna eta agerikoa den zerbait: gure gorputzak kontrolatzeko ahalegina. Zeren eta emakumeen gorputz guztiak maila berean kontrolatzen ez badira ere, denak baitaude kontrolpean.
PRIBILEGIOA ETA ARAUA HAUSTEA
Emakume zuria naizenez, eta hala ez diren emakumeekin lan egiten dudanez, nire eginkizun nagusietako bat da une oro nire pribilegioa berrikustea. Ia edozein herrialdetarako bisatua lortzea errazten didan pribilegio hori, kaletik behin eta berriz dokumentazioa eska ez diezadaten bermatzen duena[7], edo dagokidanean laguntza publiko bat arazorik gabe eskuratzeko aukera ematen didana. Egia da, Europako iparraldeko testuinguru edo muga jakin batzuetan arrazakeria jasan izan dudala (zuria naizelako, baina, batzuetan, ez nahikoa), eta horrek laguntzen dit hausnartzen nola funtzionatzen duen arrazismoak gure gizartean eta ibiltzen naizen beste lekuetan. Batzuetan, nire eginkizuna da kolonialismo-egoerak pairatzen dituzten pertsonen haserrea eta mina onartzea, zauri horren aitortzatik. Era berean, pribilegio horretatik kudea dezaket sarritan gizonekin nahasten nautela (bai, askotan gertatzen zait). Mugako poliziak galdetzen didanean “Baina zu gizona ala emakumea zara?”, arazoa ez da nirea, baizik eta haien existentzia etengabe justifikatu behar dutenena; gizon edo emakume izatea garrantzitsua balitz bezala halako “nahasteak” gertatzen diren kasu gehienetan. Emakume zuri zis gisa ikasi behar dugu onartzen zuritasuna edo zisgeneroa ez dela azalaren kolore edo genitalen kontua, baizik eta eguneroko pribilegio-sistema bat. Haren aurkako matxinada, adibidez, zenbait espazio hartzeari uko eginez, edo “gizonentzako” eta “emakumeentzako” gauzak —kategoria estankoak balira bezala— erosteari uko eginez has daiteke.
Beti pentsatzen dut pribilegioak zerbaitetarako balio behar duela. Gorputz normatiboek borrokarik egiten ez badugu, nola eska diezaiekegu egoera emozional, ekonomiko edo sozial zaurgarriagoan dauden beste batzuei gure ordez borrokatzeko? Pribilegioa alderantzikatu behar da, galtzerdi bat bezala. Azken finean, arazoa gu geu gara. Pentsa dezagun une batez: nork sortzen du arrazakeria, gorputz zuriek ez bada? Ez naiz ari “irainen arrazakeriaz” —hori izebergaren punta baino ez da—, baizik eta pertsona batzuek beste batzuen gainetik boterea izatea ahalbidetzen duen egituraz. Gu gara, emakume zuriak, historiaren kontakizunetan ijitoak edo beltzak ukatzen ditugunak[8]. Nahiago dugu gure kontsumoak —kolonizazioaren tentakulu luze gisa— munduko beste leku batzuetako emakume eta indigenengan duen eragina ezkutatu edo mozorrotu. Ez dugu hitz egin nahi gure gizarteak egiten duen gorputz beltzen kriminalizazioaz.
Pribilegioei buruz erraz hitz egiten badugu ere, batzuetan ez da oso argi geratzen zertaz ari garen. Justizia sozialaren testuinguruan, garrantzitsua da kontuan hartzea zer esan nahi dugun termino horrekin, gure inguruan entzuten ditugun beste erabilera batzuekin nahastu ez dadin.
“Pribilegioaren” definizio bat
“Pribilegioa talde sozial jakin bateko kide izateagatik pertsona batzuek soilik eskuratzen duten baliabide edo egoera bat da. Pertsonek beren estatus sozialagatik soilik lortzen dituzten abantailak dira. Gizarteak talde jakin batzuei ematen dien estatusa da, norbanakoak bere kabuz lortzen ez duena”. (Joelle Ruby Ryan)
Adibide batzuk
Pribilegioaren ideia ezin da “botere” kontzeptutik bereizi. Pribilegioa oso hedatua dagoen botere-mekanismoa da; pertsona batzuek gauza jakin batzuetara haiei “naturala” iruditzen zaien modu batean sarbidea izatea ahalbidetzen du, eta, oro har, jaiotzetik izaten den zerbait da. Adibidez, “pribilegio zuria” deitzen diogu pertsona zuriak lanpostu hobeetara sartzeko aukera izateari, beren iritzia emateko aukera gehiago izateari eta erabakiak hartzeko postuak errazago eskuratzeari, azal marroi edo belzdun pertsonak baino “hobeak” direla pentsatzen delako. Berdin dio gizabanako horrek parte hartzeko edo erabakiak hartzeko gaitasunik duen ala ez, zuri izate hutsak baliabideak eskuratzeko aukera handiagoa ematen dio.
Pribilegioak, era berean, esan nahi du talde jakin bateko kide izateagatik ez gaituztela epaituko edo ez dugula indarkeriarik pairatuko. Honek lotura estua du “genero-indarkeriaz” hitz egiten dugun moduarekin, ausazko pertsonen artean gerta daitekeen edozein indarkeria-motatatik bereizten delako (adibidez, bi bizilagunen artean). Emakumeok ez dugu erasorik jasaten norbanako gisa garenagatik, baizik eta gizarteak indarkeriarako objektu gisa eraikitako talde baten parte garelako. Hala, beste ikuspegi batetik, pribilegio maskulinoaren atal garrantzitsu bat da gizonek, indarkeria jasaten dutenean ere (normalean beste gizon batzuen eskutik), ez dutela pairatzen gizon izateagatik. Era berean, pribilegio heterosexualak esan nahi du gizarteak ez dituela gaitzesten gizonen eta emakumeen arteko maitasun-adierazpen publikoak; aldiz, afektu-adierazpen horiek genero bereko pertsonen artean gertatzen direnean, “naturaren kontrakotzat” hartzen dira, “eredu txartzat”, edo, zuzenean, indarkeria —eta kasu larrienetan, inplikatutako pertsonen hilketa— ekar dezakete. Gure gizartean, jatorri edo “arraza” baldintzatzailerik ez badago, neska eta mutil bat elkar besarkatuta edo eskutik helduta ibil daitezke inongo erasorik jasoko duten beldur izan gabe. Heterosexuala ez den edonork badaki lasaitasun hori erdiestea ez dela batere erraza; eta gutako askok jendaurrean —zenbait testuingurutan, gutxienez— maitasun-adierazpenak erreprimitzen ditugu, arriskutsuak izan daitezkeela jakinik.
Ginekologiaren alorrean, aurrerago ikusiko dugunez, pribilegio heterosexuala eta zisgeneroa ere indarrean daude. Ohikoa da praktika sexual heterosexualik —edo ez esklusiboki heterosexualik— ez dugun emakumeok ginekologoen pentsamolde heterosexualarekin topo egitea, eta, esaterako, metodo antikontzeptiboren bat erabiltzen dugun galdetzea, jakin ere egin gabe haurdunaldia ekar dezakeen harremanik izaten dugun ala ez. Era berean, gizon trans bat ginekologiako kontsulta batera joaten denean, oso gutxitan daude profesionalak behar bezala prestatuta halako pazienteei arreta egokia emateko.
Adi!
Bizi dugun giroan, non berdintasuna eta “neutraltasuna” (jendeak “ez matxista ez feminista” izatea deritzona) lortuta baleude bezala saltzen zaizkigun, herritar gehienen errealitatea ukatuz, gerta liteke pribilegioa eskubideekin nahastea. Adibidez, emakume bat Galiziako Xuntako edo Eusko Jaurlaritzako lehendakari izatera iritsiko balitz, ezingo genuke sekula lorpen hori “pribilegio” gisa definitu, baizik eta lorpen pertsonal eta kolektibo gisa; izan ere, emakume horrek sistema oso bat gainditu beharko luke, gizonak politikarako egokiagoak direla uste duena eta haiei hamaika erraztasun jartzen dizkiena (adibidez, kanpaina egiteko aukera ematen dieten familien babesa, edo oinordetzan jasotako dirua edo ondo ordaindutako lana: oraindik ere oso emakume gutxiren eskura dauden gauzak; eta are gutxiago trans badira, ijitoak, arrazializatuak, ezinduak… edo faktore horietako batzuk batera ematen badira).
Pribilegioaren ondorio kaltegarrienetako bat da pribilegioaz gozatzen duenarentzat ikusezin bihurtzen dela. Maiz, gizarte batean pribilegio gehien dituzten pertsonak dira diskriminazioaz gutxien jabetzen direnak, eta uste izaten dute denak bizi direla beren bizi-baldintza berberetan. Ildo horretan, gainera, pribilegioaren parte da gauza komunetan erabakiak hartzeko gaitasuna edukitzea, eta, horrenbestez, itsukeria horrek ondorio larriak ditu botere-egiturak mantentzeari dagokionez.
Estralurtar bat Lurrera iritsiko balitz, begi-kolpe bakarrean antzemango luke nor dagoen boterearen gailurrean, eta hori soilik mekanismo horri esker ezkutatzen den gauza da. Oro har, pribilegioa duten pertsonek arazo handiak izaten dituzte hura agerian jartzen saiatzen direnei entzuteko. Indarkeriazko erreakzioen adibide ugari dago, baina batzuetan ikuspegi hori eraldatzeak erabateko bizitza-aldaketa dakar.
Normalean oharkabean pasatzen zaigun pribilegio bat desgaitasunik ez izatea da. Desgaitasuna, berez, guk sortzen dugu, gorputz normatiboak ditugunok. Gorputz guztiak baitira baliozkoak eta erabilgarriak, eta gaitasun askotarikoak dituzte. Arazoa da mundua eraikitzen dutenek alegiazko “gorputz estandar” baten neurrira egiten dutela. Esan nahi dudana da, gizartea beste gorputz batzuen beharren arabera diseinatuko bagenu, ez genukeela gaur egun bezala egingo; mundu guztiak ikasiko luke zeinu-hizkuntza eskolan, edo ulertuko luke pertsona guztiok ez garela modu berean komunikatzen.
Eta adibide horiek nahikoak ez balira gorputz normatiboek sortzen dugun zapalkuntza ulertzeko, ekar dezagun beste adibide argi bat: lodifobia. Gure gizartean loditzat jotzen diren gorputzek —batez ere femenino gisa irakurtzen direnek— jasaten duten presioa ikaragarria da. Onberakeria baliatuz, lodifobiaren mozorrorik ohikoena “osasunaren” diskurtsoa da. Argal egotea = osasuntsu egotea ekuazioa bere baitan galtzen den falazia bat dela uste dut, argal eta gaixo dauden pertsona ugari baitago (izan ere, nire amonarentzat ekuazioa alderantzizkoa zen: argala = gaixoa); kontua da haien osasuna ez dela eztabaida publikoko gaia, ezta haiek gaizki tratatzeko aitzakia ere. Aldiz, lodi gisa kontzeptualizatzen diren pertsonen kasuan (testuinguruaren arabera, ni neu izan naiteke, metro eta hirurogeita hamar neurtzen eta 60 kilo pisatzen ditut, edo metro eta berrogeita hamar neurtzen duen eta 100 pisatzen duen beste norbait ere), badirudi osasuna arbuiorako arma bihurtzen dela. Diskurtso horrek dena blaitzen du: dietak, aldaketa erradikalak… dena, norberak duen gorputza onartu ez eta harekin eroso sentitu ez dadin.
Lodifobia gure egunerokoan dago, bai gauza handietan bai txikietan ere. Nire kasuan, kirola egitea gustuko duen emakumea izanik, diskurtso honetatik gehien haserretzen nauen gauzetako bat da kirola argaltzeko tortura gisa ulertzea. Boxeoko klaseetara joaten naiz aspalditik —non parte-hartzaile gehienak gizon zisak diren—, besteak beste, horrelako esaldiak entzuten ez ditudalako: “orain donut bat jan dezakezu”, “bikini operazioan gaude” edo “altzairuzko ipurdia izango dugu”. Gorputzek, guztiek, mugimendua behar dute, bakoitzak ahal duen neurrian; baina, batez ere, behar dutena endorfinak dira (eta kirolak, gozagarria bada, pila bat sortzen ditu) eta ergelkeriak entzuteari uztea. Izatez, gure gizarteak loditzat jotzen duen emakume bat ezin dela atletikoa eta indartsua izan pentsatzea bezain absurdoa da edozein gizonek Serena Williamsi tenisean puntu bat irabaz diezaiokeela sinestea. Gure edertasun-ideala arrazista eta lodifoboa da, eta gorputzen aniztasunaren aurka egiten du. Denok robot moduko bat izan nahi ez badugu, bada garaia diskurtso hori, bai hitzetan eta bai praktikan, eraldatzen hasteko.
Liburu honetarako dokumentatzen ari nintzela, nire lanerako erabiltzen ditudan iturri medikoetan (hitzaldien interpretea naiz) obulazioari buruzko informazio asko bilatu nuen, eta ugalketarekin edo patologiekin lotutako lanak baino ez nituen aurkitu; prozesua bera ez zen inon azaltzen. Gainera, deigarria egin zitzaidan obesitatearen eta ugalkortasunaren arteko loturari jartzen zitzaion enfasia. Neure buruari galdetzen diot ea inoiz aztertu duten zenbat emakume “argal” ez diren ugalkorrak. Haientzat, zailagoa da azalpen bat aurkitzea. Gero ikusiko dugun bezala, emakumeen kasuan, estamentu medikoak gutxieneko ahaleginaren legeari jarraitzen dio: ez dago interesik benetako arrazoiak sakon ezagutu eta aztertzeko, hobe da aurreiritziak erabiliz ikertzea eta diagnostikatzea. Eta, noski, holaxe gabiltza.
Zuria ez den, gurpil-aulki batean dagoen eta lodia den emakume bat “itsusia” dela edo estilisten esku-hartze proiektu bat dela pentsatzea gizarte gisa egin dezakegun gauzarik kaltegarrienetako bat da; gorputzaren gaineko kontrol- eta kontsumo-erregimen bat ezartzen du, eta horren muturreko adierazpenak dira gorputzarentzat kaltegarriak diren ebakuntzak (kirurgia estetikoaz ari naiz, jakina, baina baita emakumeen gorputzek jasaten dituzten produktu kimiko guztiez ere: kremak, serumak eta antzekoak, laser depilazioa eta abar). “Bakoitzak bere gorputzarekin nahi duena egin dezala” diskurtsoaren baitan, beharrezkoa da noizean behin pentsatzea besteentzat zer ondorio dituen sortzen ari garen gizarte-ereduak eta zein den normalizatuta dauden —baina kaltegabeak ez diren— interbentzio horien azken helburua. Garrantzitsua da gu bezalakoak ez diren emakumeek —diskurtsoaren ertzetan bizi direnek, gure arropa eta gure janaria ekoizten dituztenek— pairatzen dituzten ingurumen-ondorio eta justizia sozialari lotutako ondorioetan pentsatzea.
Gorputz normatibo batetik abiatzen garenon lana da emakume zis gisa generoa haustea, arraza haustea (gurea emakume zuri gisa aitortzea), beste gorputz batzuetatik eraikitzea, loditasuna itsusi eta osasunarentzat kaltegarri gisa baztertzea. Eta ez hitzez soilik. Gorputz normatiboa duten emakumeek dieta egiten badute, titiak operatzen badituzte, ilea tindatzen badute… zer nolako mundua sortzen ari gara idealarekin bat ez datozenentzat? Zer nolako mundua ari gara sortzen emakume guztiontzat?
Beraz, liburu honen hemendik aurrerakoa hilekoaren egiturak zalantzan jartzen jarraitzeko saiakera bat izango da, hain zuzen ere, eta, hasieratik ikusi dugun bezala, beste gai askorekin intersekzionatzen duen eremu zehatz horretan. Oraingoz, hilekoa izateak emakume egiten ez gaituela ulertzea urrats garrantzitsua litzateke. Izatez, gorputzek ez gaituzte ez gizon ez emakume egiten, ezta kontrakoa ere; gure gainerako esperientzien moduan, eraikitako zerbait dira, fisikoaren eta kulturalaren arteko gurutzagunean existitzen dira, eta abiapuntu jakin bat ematen digute arrazari, desgaitasunari, heteronormatibitateari, klaseari eta abarri dagokienez; baina, abiapuntu hori desparekotasun-kategoria bihurtzen da, gizarteak gu “besteak” bezala eraikitzen gaituenean, subalternoak, “desberdinak”. Desikasten jarraitzeko eta egitura horiek deseraikitzeko garaia da, bakoitza bere tokitik.
[1] Galdetu eta ikertu beharko litzateke hemen zer gertatu zen, inork ez baitu horretarako denborarik hartu.
[2] Termino hauek komatxo artean jartzen ditut, “emakume beltzak”, “emakume asiarrak” edo “emakume musulmanak” ez direlako benetan multzo gisa existitzen, Iparralde Globaleko gehiengo zuri eta jatorri kristauko gizarteek egiten dugun sailkapenetan izan ezik. Hasteko, nekazari nigeriar batek ez du zerikusirik New Yorkeko abokatu beltz batekin, edo musulman etiopiar batek Afganistango batekin, eta are gutxiago Txinako eraikuntzako langile batek Sri Lankako informatikari batekin. Termino horiek gure herrialdeetako aktibistek beren eskubideak gizarte arrazista baten aurrean defendatzeko erabiltzen dituztenean soilik dira baliagarriak. Horrela bakarrik uler dezakegu “feminismo beltzei” edo “zientzialari beltzei” buruz ari garenean, ez garela Afrikari buruz ari —pertsona beltz gehien bizi den kontinenteari buruz—, baizik eta Estatu Batuei buruz. Oro har, gure gizartean zuriak ez diren pertsonei buruz hitz egiteko termino egokia “arrazializatuak” da. Termino honen definizioa liburuaren azken atalean bila dezakezu.
[3] Ijito herriaren historiari buruz, eta bereziki, bertako emakumeei buruz ahalik eta gehien irakurtzea gomendatzen dizut. Herri honek pairatu dituen injustiziak, eta oraindik ere bere diskriminazioaren oinarrian dirautenak, abiapuntu izan behar dira arrazakeriaren aurka borrokatzen diren pertsona zuri guztientzat.
[4] Kolektibo hauen siglak dira: Lesbiana, Gay, Bisexual, Trans, Intersexual (azken sigla hori kentzea nahi duten aktibista intersexualak badaude ere, gero ikusiko dugu zer esan nahi duen terminoak), Queer (genero-disidenteentzat erabilitako termino orokorra, hau da, aurreko kategorietan definitzen ez diren pertsonentzat, ezta, jakina, heterosexualitatearenean ere) eta + (beren burua ez-binario, asexual edo genero-fluidotzat definitzea nahiago duten pertsonentzat). Aurrerago hitz egingo dugu honetaz guztiaz.
[5] Interesgarria da ariketa honek batzuetan bere zailtasunak izatea. Adibidez, ezin da galegoz “muller” bilatu, abizen hori daraman futbolari baten irudia azaltzen baita emakumeen irudiak beharrean, eta “mulleres” Pirinioetako mendilerro bat ere badelako. Hizkuntzei eta sareari dagokienez ere asko dago pentsatzeko, baina beste une baterako utziko dugu.
[6] Geroago hitz egingo dut honetaz, baina garrantzitsua da gogoratzea arrazak ez direla existitzen; hitz hau arrazismoaren analisiaren testuinguruan erabiltzen dut hemen, arrazismoa bai existitzen delako. “Arrazak” medikuntza arrazistaren asmakizuna izan ziren, pertsonak ezaugarri fisiko eta intelektualen arabera sailkatzeko ahaleginean (eta, “harrigarriki”, pertsona zuriak beltzak baino inteligenteagoak eta abilagoak zirela ondorioztatzen zen, talde bateko pertsona guztiak berdinak balira bezala tratatuz). Nazismoan asko erabiltzen zen terminoa da, eta talde neonaziek eta faxistek beti izan dute presente. Hemen “arraza” hitza erabiltzen dut diskriminazio-bektore bati erreferentzia egiteko, ez pertsona bat ezaugarri uniformedun talde jakin bati dagokiola adierazteko. Liburuaren azken atalean ikus ditzakezu honen inguruko definizio garrantzitsu batzuk.
[7] Non eta, noski, nazionalistak eta/edo independentistak ez garen; zeren Galizian badaude neska eta mutil zuriak nortasun agiria eskatzen zaiena, adibidez, poliziari galegoz hitz egiteagatik edo futbol-partida batera galiziar bandera eramateagatik. Hemen badugu ulermen- eta lotura-puntu interesgarri bat, arrazializatutako eta migratutako pertsonen esperientziekin konektatzen lagun gaitzakeena, egoera horietan dagoen indarkeria ulertzeko. Helburua ez da konparatzea, bi egoerak ezberdinak direlako, baizik eta enpatizatzea.
[8] Inoiz pentsatu al duzu gure hiriak esklabotzaren diruarekin eraiki zirela? Edo Espainiako Estatuan mendeetan bizi izan zirela ez zuriak ez kristauak ez ziren pertsonak? Gai honi buruz gehiago jakin nahi baduzu, Jose Antonio Piquerasen La esclavitud en las Españas irakurtzea gomendatzen dizut; sarritan ahazten baitugu, film ugariren eraginez, esklabotza batez ere Gaztelako eta Portugalgo koroen negozioa izan zela, uste duguna baino askoz gehiago iraun zuela eta Afrikan eta Amerikan ondorio latzak eragin zituela. Gure esplotazio-historia ezagutzeak lagundu egiten du gaur egungo herrialde eta pertsonen egoera ulertzen, baita egitura horiek nola betikotzen jarraitzen dugun detektatzen ere (eta baita ere hori egiteari nola utzi).