Basatiak
Basatiak
2026, saiakera
168 orrialde
978-84-19570-56-7
editorea: Jule Goikoetxea
María Reimóndez
1975, Lugo
 
Basatiak
2026, saiakera
168 orrialde
978-84-19570-56-7
aurkibidea
 

 

3.
Odolak ez du zikintzen

 

      Oso txikia nintzela, nire izeba Carmenek —nire Titak—, analitika bat egitera eraman ninduen. Lehen aldia zen halako zerbait egiten nuena, eta, jakin-minez, orratzari begira jarri nintzen. Gogoan dudan hurrengo gauza da ohatila batean etzanda egotea, izebaren izu-aurpegia eta nire onera noiz itzuliko nintzen zain zegoen mediku bat. Egun hartatik aurrera, argi geratu zitzaidan odola ez zela nire laguna.

      Denborarekin ikasi dut odola ikusteak eragiten didan zorabioa kontrolatzen, Tamil Naduko osasun kanpamendu batean gertatutako ezbehar batean, ume txiki bati sudurrean sartuta zeukan arkatz zatia atera ziotenekoan, adibidez; edota, nire interprete lana dela eta, ebakuntzak aurrez aurre eta gehiegi larritu gabe ikustean. Duela gutxi jakin nuen odolarekiko fobia hori, dirudienez, antzinako biziraupenerako mekanismo batekin lotuta dagoela: gizakiaren hastapenetan, konortea galtzea etsai baten aurrean hilarena egiteko modua zen. Ez dakit horrek benetan zentzurik duen, baina argi daukat zorabioak ez duela inolako zerikusirik garbitasunaren ikuskerarekin, eta nire hilekoaren odolak ez didala nazkarik ez zorabiorik eragiten, segur aski nire gorputzetik ateratzen denean behar duen lekuan dagoelako —analitikakoa edo A Pontenovan jolasean buruan ebakia egin nuenekoa ez bezala—.

 

      Egunerokoan, zikintzen duten gauza asko daude. Urrutira joan gabe, laranja-zukua, olioa, ardoa… eta, zer esanik ez, mundruna edo koipea. Eta, batez ere, ikusten ez ditugun gauzek zikintzen dute, adibidez, kutsadurak edo produktu kimikoek. Intoxikatu egiten gaituzte. Hala ere, zikintzen duten gauza guztiak ez dira zikintzat hartzen. Beraz, zikintzeak —hau da, orban bat uzteak gauza, ehun edo pertsona batean— ez du zertan konnotazio negatiborik izan. Pentsa dezagun zenbatetan saldu diguten ezpainetakoaren orbana musu baten sinonimotzat.

      Eta odola? Argi dago odolak, substantzia gisa, zikindu egiten duela, hau da, orban bat uzten du. Baina bitxia da odol guztia ez dela zikintzat hartzen. Ospitaleetako edo gerretako telesail eta filmetan odola nonahi ikusten dugu. Baita beldurrezko filmetan ere. Ez dut uste inork pentsatuko duenik film horiek “zikinak” direla odol asko azaltzen delako. Tradizioz, animalien odola ere ez zaigu zikina iruditu; izan ere, hainbat gastronomiatan plater ugari ez lirateke existituko odolik gabe, Galiziako “filloak” edo odolkiak kasu.

      Jarrai dezagun, bada, ikertzen: agian odolak gaixotasunak transmititzen dituelako izango da? Egia da gaitz batzuk kutsatu kutsatzen direla fluido jakin batzuen bidez, hala nola giba edo B eta C hepatitisa. Baina hilekoaren odolak ez du beste edozein odolek baino gehiago transmititzen, eta, gainera, askoz gehiago dira arnasaren bidez hedatzen diren gaitzak —koronabirusak erakutsi digun bezala—, eta inork ez du uste arnasa hartzea zerbait zikina denik.

      Inor ez da lotsatzen sudurretik odola botatzeaz edo zauri bat odoletan izateaz, baina bai arropan hilekoaren orban bat agertzen denean. Inork ez du odola beste kolore batean irudikatzen salbu eta… bai, hain zuzen ere, konpresa-iragarkietan[13]. Orduan, badirudi misterioa argitzen hasia dela: hilekoaren odola zikin eta lotsagarri gisa kontzeptualizatzen da genitalitate “femeninoarekin” lotuta dagoelako; genitalitatea, sexualitatearekin; eta sexualitatea, zikinkeriarekin.

      Ekuazio horretan hainbeste gauza daude gaizki, ezen saiatuko baikara banan-banan bakoitza birformulatzen.

 

 

GENITALITATEA

 

      Gehienbat katolizismoan oinarritutako kultura batean (Iberiar penintsulako beste erlijioetako pertsonak kanporatu eta aniztasun oro suntsitu zuten Errege Katolikoen lan eta grazia deitoragarriari esker), sexualitatea oso estigmatizatuta dagoen alderdi bat da. Oro har, iruditzen bazaigu ere erlijioa “beste batzuen” kontua dela eta gure bizitzetan ez duela hainbesteko eraginik, pixka bat gehiago hausnartzen badugu, konturatuko gara egunerokotasuna erlijioan oinarritutako agindu askoren aztarnaz beteta dagoela.

 

Mendebaldeko Europako hizkuntzak erlijio katolikoarekin edo, oro har, kristautasunarekin lotutako adierazpenez josita daude.
Bururatzen al zaizu baten bat?
Zure ustez, nola kontzeptualizatzen da gorputzarekiko harremana oinarri erlijioso horretan —edo eragiten dizun beste batean—?
Nola uste duzu eragiten dizula horrek egunerokoan?

 

      Eta erlijio monoteistak zerbaitek obsesionatzen baditu, hori sexua da. Gorputzak zerbait zikina bezala, sexua helburu erabat erreproduktiboarekin. Pentsalari feministek azaltzen dute obsesio hori patriarkatuaren eta emakume guztien sexualitatearen kontrolaren oinarrian dagoela, ondorengoak produzitzeko gaitasuna duten emakumeak (batzuk) kontrolatzeko. Giza ugalketaren xehetasun biologikoak ezagutu aurretik —obulua, genoma...— argi zegoen, eta egia aldaezin gisa geratu den gauza bakarra da umetokia, bagina eta bulba dituzten gorputz batzuek soilik sor dezaketela, espermaren interakzioaren bidez, beste gizaki bat. Patriarkatuarentzat funtsezkoa zen gorputz horiek kontrolatzea, haien sabelean hazten zena kontrolatzeko: haren ondorengoak. Eta ondorengoekin batera… kapitala. Lurrak, dirua.

      Ziur aski, inoiz esan badizute sexua zerbait txarra dela, hori esan dizun pertsona ez da nahitaez ohartu ikuskera horren jatorriaz. Baliteke erlijiorik praktikatzen ez duen norbait izatea, eta hemen aipatzen ditudan hitzak ez erabiltzea; baina oinarria inplizituki dago “txar” edo “zikin” gisako kontzeptuetan bertan.

      Ondorengotza kontrolatzeko emakumeen sexualitatea kontrolatu beharraren ideia hori mundu osoko kultura askotan errepikatzen da. Botere-egiturak saiatzen dira emakumeek beren gorputzen gainean erabakitzeko duten ahalmena mugatzen edo ahalmen hori merkantilizatzen, haurdunaldi subrogatuetan ikusten dugun bezala, patriarkatu kapitalistaren zerbitzura, gizakiak “ekoizteko”. Izan ere, uste da (jakin ez dugu inoiz jakingo), zisheteropatriarkatua gizonen ahalegina dela emakumeek ugaltzeko duten gaitasuna kontrolatzeko; historiaurrean gaitasun hori magikotzat hartzen zen, jainkotasun “femeninoekin” eta naturarekin lotua zegoelakoan. Inoiz ezingo dugu horrela izan zenik baieztatu —denboraren makina bat izan ezean—, baina dakiguna da mendeetan zehar munduko leku gehiegitan sexualitatea, batez ere emakumeena, zikin, arriskutsu, kaltegarri, debekatu eta tabu gisa irudikatu dela. Eta taburik handiena emakume gisa kontzeptualizatutakoek desira adieraztea da. Antza denez, ez omen dugu batere desirarik. Eta are gutxiago beste emakume batzuekiko.

      Horrez gain, ugalketa-ikuspegi horretatik sexualitatea heterosexualean eta genitaletan oinarritzen da soilik. Hortik kanpo dagoen guztia, lizunkeria da botere menderatzailearentzat. Izan ere, ikerketa zuhurrak behar izan ziren —adibidez, aebetan Kinseyk egin zuena— emakumeok izaki desiradunak garela aitortzeko. Nik ez dakit zuen kasuan zer, baina, oro har, desira gorputz gehienek adierazten dute, era eta neurri ezberdinetan. Pertsona asexualak salbu —hau da, harreman horien esparruan parte hartu nahi ez dutenak (eta hori ez da inolaz ere patologia, giza aldakortasunaren beste alderdi bat baizik)—, neskek eta emakumeek sexu-harremanak izan nahi dituzte bizitzan zehar, mutilek bezala: batzuetan asko desiratzen dugu, beste batzuetan deus ez, eta besteetan ez bata ez bestea. Aldatzen dena da gizarteak hori nola kontzeptualizatzen duen.

      Emakume gisa kontzeptualizatzen gaituztenok presio handia jasaten dugu gure sexualitateari dagokionez, beti kontrolpean egon behar balitz bezala, eta “gorde” beharko bagenu bezala. Gizon gisa kontzeptualizatutakoek, berriz, kontrako presioa jasaten dute, etengabe erakutsi behar dute sexu-jarduera dutela, sarritan harremanak dituzten pertsonak irainduz eta objektu gisa tratatuz; eta hori are nabarmenagoa da emakumeekin erlazionatzen direnean.

      Kontrolerako tresna funtsezkoetako bat “himena” birjintasunaren sinbolo gisa asmatzea izan zen, emakume “onak” eta “txarrak” bereiziko balitu bezala sexu-harremanak izateak ala ez izateak. Himena aitzakiatzat erabiltzen da, gainera, neskek hilekoaren higienerako produktu batzuk eskura ez ditzaten; beraz, haren “existentzia sakratua” deseraikiko dugu lehenik eta behin.

 

      Asko dira himenaren inguruan sortu diren mitoak, baina, funtsean, baginan egon daitekeen mintz bat besterik ez da; eta, egonez gero, hainbat arrazoirengatik desagertu daiteke. Arazoa da, femeninotzat jotzen diren gorputzen beste gauza askorekin gertatzen den bezala, mintz horrek esanahi berezia hartu duela: birjintasunaren “galera” markatzen du. “Os nosos corpos, nosoutras” gorputzaren ezagutzarako proiektu feministak azaltzen duen bezala, himenak ez du ezer markatzen. Edozein arrazoirengatik urratu daitekeen mintz bat da, berez desagertu edo hasieratik existitu ez daitekeena. “Birjintasuna” emakumeen eta nesken gorputzak kontrolatzeko sortutako kontzeptua da, eta ez du zerikusirik inolako gertaera fisikorekin. Bizi dugun gizartean, badirudi sexu-harremanak izateak gure egoera aldatzen duela. Sexualitatea berdinen arteko harremanak izateko modu gisa ulertu beharrean —komunikatzeko, gorputzaren bidez elkar ezagutzeko, autoezagutzarako eta plazera esperimentatzeko modu gisa—, birjintasuna bezalako kontzeptuek erakusten digute sexua botereari eta estatusari lotuta dagoela. Emakumeen kasuan, hain zuzen ere, konnotazioa beti da negatiboa: sexua “gorde” behar dugun zerbait balitz bezala aurkezten da eta, ondorioz, froga bat bilatzen da aurretik sexu-harremanik izan dugun ala ez egiaztatzeko. Denok dakigu gure gizarteak ez dituela berdin ikusten sexu-harreman ugari dituzten gizonak eta gauza bera egiten duten emakumeak. Era berean, argi dago himenaren eta birjintasunaren arteko lotura soilik gerta daitekeela sexu-harremanak gizonen eta emakumeen arteko sarketan oinarritzen dituzten pentsamoldeetan. Agian, himenari buruz hainbeste galdetu ordez, galde genezake zergatik epaitzen den aurretik sexu-harremanak izan izana. Harreman horiek seguruak, desiratuak eta, oro har, atsegingarriak izan badira, ez gure desira ez gure balioa ez ditu mintz batek neurtuko.

 

      Hemen aipatutako guztiagatik ez bada, nori axola zaio batek sexu-harremanak izan dituen ala ez? Sexu-desira asetzea oinarrizko premia bat ez bada ere, gure bizitzaren alderdi garrantzitsua da, eta beharrezkoa da askatasunez eta presiorik gabe bizitzea. Hori oso zaila da emakume gazteentzat, gure gorputzengan ezartzen diren presioak kontuan hartuta; eta are zailagoa arrazializatuak bagara, lesbianak, bisexualak edo transak, edo dibertsitate funtzionala nahiz desgaitasunen bat badugu. Oso gutxitan hitz egin dezakegu askatasunez gure desirei eta horiek eraikitzeko moduari buruz edo gure ikasketa-prozesuei buruz, epaituko gaituzten beldur garelako, kritikatuko gaituzten beldur, min emango diguten beldur.

 

Lehenik eta behin, gai hauei buruz hitz egiteko guneak bilatu eta sortu behar ditugu. Adibidez, gure gorputza ezagutzeaz gain, zer esperimentatzen dugu desira sentitzen dugunean?
Zerk eszitatzen gaitu?
Zein neurritan daude gure inguruan aurkezten zaizkigun errealitateak baldintzatuta, eta zein neurritan sortzen dira bestelako oinarrietatik?

 

 

DESIRA:
GORPUZTUTAKOAREN ETA
ERAIKITAKOAREN ARTEAN

 

      Maitasun erromantikoak eta, oro har, genero-rolek sortzen dituzten espektatibek gure osasuna arriskuan jartzen dute, eta horri ez diogu behar adina erreparatzen. Ziurrenik, gazte askok jaso dituzte genital-transmisiozko gaixotasunei buruzko hitzaldiak; baina horietan oso gutxitan aipatzen da gure desira, edo hori adierazteko konfiantzazko espaziorik ez izateak izan ditzakeen arriskuak. Zer esan nahi dut honekin? Jar dezagun adibide bat: neskok sexu-harreman asko ez izateko espektatibaren ondorioz (hala egiten badugu, bai baitakigu zer izen jarriko diguten), sarritan ez dugu garbi adierazten norekin oheratu garen edo pertsona horiekin nolako praktikak izan ditugun. Era berean, mutilek ere, beste arrazoi batzuengatik askotan, ez dute zintzotasunez hitz egiten horretaz. “Gizon” edo “emakume” izatearen definizio zisheteropatriarkaletan sartzen ez diren pertsonek kalteberatasun handia bizi dute sexuaren esparruan, non arbuioak bizitzako beste esparru batzuetan baino min handiagoa eragiten duen. Sexualitatea intimitatearen esparruari dagokio, eta horregatik feminista askok haren komertzializazioaren aurka egiten dugu. Horrek ez du esan nahi batek maitasun erromantikoaren mitoari jarraitu behar dionik eta soilik “maiteminduta” dagoenekin oheratu behar duenik. Erakarpena era askotakoa izan daiteke, eta guztiak dira zilegi bertan eroso sentitzen bagara.

      Batek ezin duenean adierazi nor den eta norekin erlazionatu den, zer gustatzen zaion... oso zaila da sexuaz gozatzea, nire ustez. Kontua ez da mundu guztiari gure bizitza kontatzen ibili behar dugula, eta are gutxiago sexuala, baina pertsona batekin izandako esperientziei buruz hitz egitean epaiketa azkarrak, jeloskortasuna, haserreak edo erasoak jasaten baditugu, argi dago gauzak ez daudela ondo.

      Gauza bera gertatzen da gustatzen zaiguna adieraztearekin. Sexu-harremanen espazioa beti da eremu delikatua. Badakigu esaten dugunak min eman dezakeela, baina horregatik ez genioke utzi behar gustatzen zaiguna eta ez zaiguna adierazteari, isilik geratzea neskok oso barneratuta daukagun indarkeria modu bat baita. Duela gutxi argitaratutako ikerketa batek zioen emakumeek onartu egiten dutela sexuan mina sentitzea normala dela. Ez al digu honek aurrez aipatutako beste zerbait gogoratzen? Zergatik onartzen dugu emakumeok mina “normala” dela plazera eman beharko lukeen ekintza batean, edo funtzio fisiko batean? Jasan dezagun sozializatzen gaituzte, zer gertatzen zaigun azaldu gabe, eta hori, bere horretan, indarkeria mota bat da.

      Era berean, mutil eta gizon gisa eraikitzen direnei genero-rolek adierazten diete garrantzitsuena beren plazera dela, sexua nagusitasun eremu dutela, harrotzekoa, eta beste pertsona objektu gisa tratatzekoa. Hau harreman heterosexualetan zein homosexualetan gertatzen da, baina bereziki larriagoa da emakumeekin; eta are gehiago emakume transen kasuan, gizartean fetitxe modura edo erakargarritasun morbosoa pizten duen izaki doilor gisa eraikitzen direlako. Emakume guztien halako kontzeptualizazioak alde batera utzi behar ditugu, gorputz bat bera ere ez delako ez fetitxea, ez zitala, ez morbosoa. Gorputz oro pertsona bat da, sentimenduak, nahiak eta balioak dituena.

      Nire eskarmentuaren arabera, zaila izaten da egoera intimo batean norbaiti esatea egiten duen zerbait ez zaigula gustatzen, alienatzailea egiten zaigula edo objektu baten moduan sentiarazten gaituela… eta horregatik da garrantzitsua beste pertsonarekin nolabaiteko konfiantza izatea. Eta, jakina, norbaitek esaten badigu zerbait ez zaiola gustatzen, aukera bakarra da… hori egiteari uztea. Badirudi mutil askori kostatu egiten zaiola hori ulertzea.

 

Zein erreferente dituzu sexuaz hitz egiteko?
Nola adierazten duzu zerbait ez zaizula gustatzen?
Nola adierazten duzu zure desira?
Mutilek korrika alde egiten dute?
Eta neskek?
Arbuiatuko zaituzten beldur zara?
Internet edo pornoa al dira zure erreferentzia bakarrak?
Zein erreferentzia-gune izan nahi zenituzke?

 

 

SEXYA IZAN

 

      Pertsona gehienoi gustatzen zaigu sentitzea beste batzuek erakargarri ikusten gaituztela ikuspegi sexual batetik; zerbait gizatiarra da, eta dibertigarria. Arazoa da, askotan, “sexya” izatearen kontzeptuak zerikusia duela gizon-emakumeak estereotipoetan sartzen dituen irudi bat saltzearekin. Eta, gainera, nesken kasuan, badirudi hori dela beren balio bakarra. Txikitatik askotan entzuten dugun gauza bakarra “politak” garela da, eta horrela ikasten dugu horrek bakarrik egiten gaituela ikusgarri eta garrantzitsu (eta badakigu kategoria horretatik kanpo geratzen direnekin zer gertatzen den…). Nerabezaroan aurrera egin ahala, mezu horiek osatu egiten dira, gure sexualitatea kontsumo-ondasun gisa aurkeztuz, negoziatzeko edo “manipulatzeko” baliabide gisa. Neska eta mutil askok mezu horiei jaramonik egiten ez badiete ere, inguratuta bizi gara.

 

Askotan saltzen digute jarrera, janzkera edo testuinguru bat sexya dela, hau da, erakarpen sexuala eragiten duela. Baina, zer da zuretzat sexya izatea?

 

      Garai batean, sexya izatea zigarroak erretzeari lotzen zitzaion, hori baitzen telebistak eta publizitateak saltzen ziguna. Gaur egun, badakigu usain txarreko hatsa, hortz ustelak edo biriketako minbizi-arriskua ez direla batere sexyak. Horregatik begiratzen diot mesfidantzaz sexya izateari buruz saltzen digutenari.

 

      Niretzat pertsonarik sexyenak euren gorputzarekin gustura daudenak izan dira beti. Hori, ikusi dugun bezala, gure gizartean askoz konplexuagoa da arropa jakin batzuk erostea edo osagarri jakin bat eramatea baino. Baina ikuspegi sexualetik benetan erakargarriak izan nahi badugu, lehen urratsa gure gorputza maitatzen ikastea da, zalantzarik gabe. Eta horretarako, beharbada, utzi egin behar diogu kasu egiteari hau edo hura sexya dela esaten diguten mezuei, eta pentsatu zer saldu nahi diguten termino horren bidez.

 

      Pentsatu sexyak direla esaten zaizkigun gauzetan (arropak, jarrerak, espazioak): zer genero-rol hedatzen dituzte (hau da, zer esanahi dute mutilentzat eta neskentzat? Zer esanahi dute genero ez-bitarreko pertsonentzat)? Zer gorputz mota? Zer patrika mota (badirudi sexya eta merkea dena ez dela existitzen!)? Ez al da izango saldu nahi digutena barrutik hutsik dagoen zerbait dela?

 

Zergatik bultzatzen gaituzte neska edo mutil mota jakin batzuk gustuko izatera?
Zein beste ikuspegi sustatu ditzakegu?
Zergatik genero bereko pertsonekin sexu-harremanak dituztenek ere sarritan erreproduzitzen dituzte tratu txarren ereduak, harreman heterosexualetako portaerak imitatuz?

 

      Gainera, “sexya” den ideiak askotan helburu bakar bat iradokitzen du: sarketadun sexu heterosexuala. Erabiltzen dugun hizkera bera ere esanguratsua da zentzu horretan. Zer esan nahi dugu “atarikoez” hitz egitean? Sexua sarketa gisa ulertzen denean, gure gorputzei plazera ematen dieten gainerako praktikak (laztantzea, musukatzea, sexu orala, sexu-jostailuak, jolasak...) “atariko” huts gisa birdefinitzen dira, eta ez esperientzia oso gisa. Sexu-harremanak askoz gehiago dira sarketa baino; eta zaintza, afektua eta arreta ere sexyak dira. Baina, batez ere, sexya da besteak ondo tratatzen al gaituen ulertzeko gaitasuna. Eta hori ez da dirudiena bezain erraza. Askotan, batez ere gure lehen sexu-esperientzietan, ez dakigu zer gustatzen zaigun eta zer ez, baina hori urratsez urrats zehazten joan behar dugu. Horretarako, gure “senari” entzutea da garrantzitsuena.

 

      Duela pare bat urte hasi nintzen boxeoan, eta hasieran emakume bakarra nintzen klasean (orain bi gara; kontua ez da asko aldatu). Taldekideek eta, batez ere, entrenatzaileak, denak berdin tratatzen badituzte ere —oso giro onean—, bada parte-hartzaile bat “berezi” samarra. Denborarekin koskak zertxobait berdindu ditugun arren, aitortu behar dut ez zaidala erraza izan gizon horren etsaitasunarekin elkarbizitzea, niretzat dibertsioa, aurkikuntza eta erronka esan nahi duen espazio batean, nire gorputzarekiko segurtasuna ematen didan eta endorfina mordoa sortzen didan horretan. Pertsona horrek maiz jarrera menderatzaileak eta umiliatzaileak izaten zituen, eta horrek, kirol horren ospea gorabehera, ez du zerikusirik boxeoarekin. Hau guztia aurrekari gisa kontatzen dut, egun batean gertatu zena hobeto uler dadin: entrenatzaileak taekwondoa egiten zutenak eta boxeoa egiten genuenak elkarren aurka borrokatzen —hitzaren zentzu arinenean— jarri gintuen. Nirekin tentsio-harremana zuen gizonak —egun hartan taekwondokoen taldean zegoena— ostiko bat eman zidan aurpegian. Kontaktu-kiroletan, izenak berak adierazten duen moduan, ohikoa da elkarri kolpeak ematea, eta, oro har, ez dugu min handirik hartzen. Egia esan, ostikada ez zen batere larria izan; baina bizipen horretan esanguratsuena niretzat izan zen, aurrekari guztiak gorabehera, berehala jakin nuela ostikoa nahi gabe eman zidala.

      Nola jakin nuen? Ba, eman dezakedan azalpen bakarra da gorputzak badakiela bereizten norbaitek asmo txarrez ukitzen gaituenean. Emakumeok, esaterako, ondo dakigu noizbait norbaitek eraso egiteko ukitu gaituen, eta noiz izan den nahi gabe. Ez al zaizue inoiz gertatu? Arazoa da, gure kasuan, gorputzak transmititzen digunari entzungor egiten irakasten digutela. Nazka hori, izu-ikara hori, ezkutatze hori. Bestelako asmorik ez duen ustekabeko ukituaren aurrean. Beraz, besteak nahi gabe egin duela esan arren, fida zaitez zure senak esaten dizunaz, gorputzak badakielako, eta hura gehiago entzuten ikasi behar dugulako.

 

 

ONESPENA? DESIRA? MAITASUNA?

 

      Hala eta guztiz ere, inguratzen gaituzten irudien eraginez, batzuetan zaila da tratu ona jasotzea zer den jakitea. Aurkezten zaizkigun kontakizunetan sinesten badugu, pertsona batek bakarrik maiteko gaitu jeloskorra bada; arreta lortzeko besteen sentimenduekin jolastu behar dugu; ezin dugu esan zer gustatzen zaigun, lotsagalduak garela pentsatuko dutelako edo gureganako interesa galduko dutelako… Zaila da afektuan eta sexualitatean “tratu ona” zer den definitzea, denok sentitu nahi dugulako erakargarri eta maitatu; baina garrantzitsua da gauzak birpentsatzeko denbora hartzea. Agian, besteen gustuko izaten, bikotekidea lortzen edo ohiko moldeetara egokitzen saiatzen erabiltzen dugun energia hori guztia hobe genuke geure burua hobeto ezagutzeko erabiltzea.

 

Nola gustatzen zaigu tratatzea, bai “ohean” bai ohetik kanpo?
Benetan gustatzen al zaigu objektu gisa tratatzea, ala desioak, sentimenduak eta ideia propioak dituen pertsona gisa?

 

      Sexualitatearen eremuan ere, geure burua ezagutzetik hasi behar dugu. Gure gorputzarekin jolastetik, geure buruarekin esperimentatzetik. Adostasunaz asko hitz egiten den garaiotan, desiraz hitz egin beharko genuke gehiago. Hau diot, adostasunaren diskurtsoak berriz ere egitura bera dakarrelako, non neskok zerbait gorde behar dugun eta, beraz, gure gozamena “baimendu”. Oso garrantzitsua da “ez da ez” mezua, edo, hobeto esanda, “baietz bakarrik da baietz”; baina, agian, neskak “txanda ematen dutenak” bagina bezala aurkezten ez gaituzten beste optika batzuetatik hitz egin beharko genuke. Izan ere —berriro diot—, guk ere desiratzen dugu. Arazoa da, gure desioaren inguruan etengabe nahasmena sortzen duen marko batean bizi garenean, mugak ezagutzen eta adierazten irakasten ez diguna, gure gorputzekin trukerako objektu gisa jolasten duena… gure sexualitatea askatasunez bizitzea konplikatua bihurtzen dela.

      Ororen gainetik, oinarrizko printzipio hau nagusitu behar da: pertsona batek zurekin oheratu nahi ez badu, hori da azken hitza. Ez da inor premiatu behar (bai, mutilok: neska batek ezetz esaten badu, ez da interesgarriarena egiten ari, ez du ezer nahi zuekin, utz ezazue bakean!); ez da jarraitu behar soilik hasieran baietz esan dugulako, denok dugu iritziz aldatzeko eskubidea (hori da, bide batez esanda, emakumeok jasaten ditugun bortxaketa eta sexu-eraso gehienen abiapuntua). Neska batek eskubidea du edozein unetan iritziz aldatzeko, mutil batek harreman edo praktika jakin batekin jarraitu nahi ez duela erabaki dezakeen bezala. Gure desioa bestearenaren gainetik ezartzea hitz bakar batez defini daiteke: delitua. Inork ez du eskubiderik gure gorputzari buruz erabakitzeko, ezta norekin eta nola konpartitu nahi dugun erabakitzeko ere. Inork halako jokabideak baditu, merezi dugun tratu mota benetan hori den pentsatzeko unea da. Erantzuna, nik aurreratuko dizuet: ez.

      Espainiako Estatuan, egunero, hiru emakumek salatzen dute bortxaketa bat; eta horiek, nahiz eta beste zerbait kontatzen zaigun, normalean ezagunek, bikotekideek, lagunek eta senideek egiten dituzte. Agresioen erantzule bakarrak erasotzaileak dira, ez dezagun hori ahaztu. Las Tesis kolektiboak “Un violador en tu camino” performancean dioen bezala: “La culpa no era mía, ni dónde estaba ni cómo vestía”. Ezta ere egun horretan edan edo ez edan erabaki dugun, drogak kontsumitu edo ez kontsumitu, edo arropa gehiago edo gutxiago jantzi dugun. Emakumeen gorputzen gaineko abusu-sistema horrek aipatutako genero-rolei esker funtzionatzen du, mutilei irakasten baitzaie beren nahia inposatzeko boterea dutela.

      Sexu-erasoen oinarrian beste indarkeria asko daude, neskok xantaia eta presioak “onartzen” ditugulako gertatzen direnak, maitasun heteropatriarkalaren diskurtsoak sinetsarazi digulako hori egin behar dugula —baita gure gorputzak ezetz esaten digunean ere—. Orduan —are mingarriagoa dena—, gaizki sentitzen gara; errudun ere bai. Argi dago, batez ere hasieran, oso zaila dela ez ikusiarena egiten digutela edo arbuiatzen gaituztela onartzea, baina bizitzako ikaskuntza garrantzitsua da. Eta, ez dezagun ahaztu, ez du merezi inorengatik gure osasun emozionala —eta are fisikoa— arriskuan jartzea.

      Esan bezala, askotan, amore ematen dugu maitasun erromantikoak hori irakatsi digulako, “onartzen” —kasurik onenean—, baina ez desiratzen, ezta geure burua ezagutzen ere. Geure burua maitatzen. Besteengan proiektatzen ditugu desirak, denbora eta interesa; eta, lehen esan dudan bezala, agian hobe litzateke hori guztia geure baitan inbertitzea. Edozein harreman, arlo sexual zein emozionalean, alde bat bestearen nahien mende egotean oinarritzen bada, ezin da ona izan.

 

      Bisexualitatea okupatzeak, nire kasuan bezala, ikasitako sexu-jokabideei, desioari eta “onespena” deitzen dioten horri buruz hausnartzeko lente bereziki interesgarria eskaintzen du. Niri, pertsona bat gustatzen zaidanean —bere generoa edozein dela ere—, ezinezkoa egiten zait kontaktu fisiko sexual batera igarotzea (adibidez, musu bat ezpainetan) beste pertsonak gustura hartuko duen ziurtasunik ez badut. Esan nahi dut une horretara iritsi aurretik elkarrizketa bat egon behar dela, laburra izan arren, desira biona dela baieztatzeko.

      Deigarria egiten zait, aitzitik, gizonezkoek duten erraztasuna besteen espazio fisikora inolako baieztapenik gabe jauzi egiteko, “agian zerbait lortuko dutelakoan”. Jokabide horiek ikasi egiten ditugu, eta, egia esan —sexu-gozamenerako “aukera” batzuk galtzea ekar badezake ere—, uste dut neskok jasotzen dugun sozializazioak besteen nahiak gehiago errespetatzen dituen gizarte baten alde egiten duela. Norbaiti musu emateko bulkada sentitzen badugu ere, zorionez, geure burua kontrolatzeko gaitasuna dugu, eta ez diogu gure nahia inposatzen nahi ez duenari. Hobe da hitz egitea, galdetzea, baieztatzea, inor deseroso sentiaraztea baino, ezta?

 

 

ONDORIOAK GURE GORPUTZETAN

 

      Egia da, askotan, sexuaz hitz egiten zaigunean —batez ere nerabezaroan—, dena direla arriskuak, gaixotasunak, munstroak eta beldurrak. Sexuak, ordea, guztiz kontrakoa izan beharko luke. Izan beharko luke dibertsioa, zaintza, konfiantza eta norberaren zein besteen ezagutza. Zoritxarrez, ikusi dugun moduan, zaila da hori horrela gauzatzea, eta bakoitzak landu behar du gorputz propioarekin eta besteen gorputzekin ulertzeko duen espazio intimo hori.

      Estereotipo horien guztien bukaeran gu geu egoten garelako, nahasmena eragiten diguten egoeratan, nahi dugun edo ez dugun argi izan gabe, agian sinetsarazi diguten bezain zoragarriak ez diren egoeretan. Askotan, besteengan proiektatzen dugu ikasitako desira hori, gustatu beharko litzaigukeen neska edo mutil horretan, hura ezagutzeko denborarik hartu gabe, geure burua edo besteak “objektu” gisa kokatuz, nahiz eta pertsonen arteko edozein harreman subjektuen artean bakarrik gertatu beharko litzatekeen.

 

      Nerabe nintzela, Great Balls of Fire izeneko filma estreinatu zen, Jerry Lee Lewis hogeita bi urteko musikariaren eta Myra Gale Brownen —haren hamahiru urteko bigarren lehengusinaren— arteko harremana kontatzen duena. Filmak bien artekoa gizarteak ulertzen ez duen maitasun errebelde gisa aurkezten du. Nik, Gale Brownek bezala, hamahiru urte nituen filma ikusi nuenean, eta niretzat argi zegoen: bi pertsonek elkar maite bazuten, filmak ustez erakusten zuen bezala, zein zen arazoa? Zergatik izan behar zuen adinak hainbesteko garrantzia? Zergatik zuten konbentzioek halako pisua?

      Lehenago esan dudan bezala, errespetu handia diot izan nintzen nerabeari, baita nahi dutena maitatzeko helduak, autonomoak eta libreak sentitzen diren neska guztiei ere. Agian, garrantzitsuena afektuen ikuspegi zabalagoa izatea da. Jerry Lee Lewis eta Myra Gale Brownen istorioa benetan transgresorea al zen, ala ideal gisa saltzen zena besterik ez? Brownek hainbat mediotan azaldu zuen garai hartan ezkontzeko eta seme-alabak izateko hezi zutela, eta, beraz, lehenbailehen iritsi nahi zuela “helmuga” horretara. Gainera, ez al gara bizi emakumeek beren bikote maskulinoak baino gazteagoak izatea sustatzen duen gizarte batean? Zein izan daiteke horren arrazoia? Ez al da, bada, errebelde izatetik gutxi duen kontakizuna? Zer nolako lotura dago ustezko maitasun horien eta abusu-egoeren artean? Beharbada, filmak marko zabalago hori eskaini izan balu, “maitasun” horri buruzko nire ikuspegia oso bestelakoa izango zen. Baina, jakina, filma ez zegoen inolako zentzu kritikotik egina.

 

      Batzuetan, neskok mutilekiko eta gizon nagusiekiko ustez izan behar dugun erakarpenean, ez dugu beti kontuan hartzen adinak zerikusia duela botere-harremanekin —batez ere harreman heterosexualetan—, non generoak berak jada botere-desberdintasun handiak markatzen baititu. Eskarmentua, baliabideak, jarduteko askatasuna eta harremanaren gaineko kontrola oso handiak izan daitezke pertsona heldu baten kasuan, nerabe batekin harremana duenean. Botere-harreman hori estaltzeko asmatu da Lolita-ren mitoa: gizon heldu bat erakartzen duen neska, haren desioen “esklabo” bihurtzeko. Baina, arretaz begiratuz gero, ikusten da botere ekonomikoa, fisikoa eta erabakimena ez dituela izaten seduzitzen duen neskak, gizon helduak baizik. Eta denborarekin, ondorioztatzen dugu benetako maitasuna eta desioa soilik existitu daitezkeela inplikatutako pertsonek —ez dute zertan bi bakarrik izan, bide batez esanda— elkarri berdinetik berdinera begiratzen diotenean.

 

Harreman gayak eta lesbianak testuinguru heterosexualetik kanpo garatzen badira ere —non beti espero den gizona emakumea baino zaharragoa izatea—, egia da lgtbiq+ kolektiboko pertsona batzuek ere bikotekide gazteagoak bilatzen dituztela modu sistematikoan.
Ezagutzen al dituzu emakumea gizona baino zaharragoa den bikote heterosexual asko?
Eta, halako kasuetan, nolako erreakzio sozialak sortzen dira?

 

      Gu baino helduagoa den norbaitek erakartzen gaituen egoera hauetan, lagungarria izan daiteke —geure buruari zergatia galdetzeaz gain— pentsatzea pertsona horrek benetan gu maite gaituen, ala soilik gu bezalako beste norbait nahi duen (hau da, ea bera baino askoz gazteagoak diren neskek erakartzen duten beti). Erantzuna bigarrena bada, agian gelditu eta norbaitekin hitz egiteko unea da. Askotan, neska gazteen eta gizon helduen arteko harremanak sekretupean gertatzen dira, eta horrek ez du laguntzen zer nahi dugun erabakitzeko irizpide argiak izaten.

      Izan ere, maiz, horrelako kasuetan, denbora asko igaro ondoren bakarrik ohartzen gara abusu-egoerez. Orduan onargarriak iruditu zitzaizkigun gauzak gero ez zaizkigu hain onargarri iruditzen.

 

      Pertsona bakoitzak bere esperientzia eraiki behar du, baina feminismoek zerbait irakasten badigute da garrantzitsua dela bizi izandako gauzetatik abiatuta pentsatu ziren eta kritikoki pentsatzen diren emakumeek metatutako ezagutzaz ere fidatzea.

      Paula Bonet artistak ziurtasun handiz hitz egiten du gu baino askoz zaharragoak diren gizonekin izandako harreman heterosexualei buruz, atzera begirakoan bakarrik ikusten ditugun engainuez. Hala dio:

      “Hemeretzi edo hogeita bat urterekin, gutako asko gure xalotasuna eta harritzeko gaitasuna argiztatzen zituen kartel distiratsu baten eramaileak izan ginen, eta, itsu-itsuan, ezezaguna zitzaigun jolas bati ekin genion. Jolasean ari ginela, batzuk —gehiegi— sexu-erasoen biktima izan ginen, arauak nahita hausten dituzten gizonak daudelako; edo behartu gintuzten, edo konplizitate engainagarri bat ehuntzen jakin zuten, guk geuk gure kuleroak jaitsi genitzan haiek nahi zuten guztietan. […] Uste genuen gure erabaki bakoitzaren jabe ginela, gu banpirizatzea erabaki zuenaren joko berean ari ginela, eta, luzaroan, kulunkatzen gaituen lokartze kolektibo honetan, erabakitasunez jokatu genuela pentsatzen jarraitu dugu. Baita zera ere: beste norbaiten erabakiek arrastaka eraman gintuzten; agian, adina bikoizten zigun hark, edo guretzat onena zer zen esaten zigunak, bere hatza gure lepoan jolasti irristatzen zuenak, gure aurpegiaren paleta kromatikoa goraipatzen zuenak, enpresan genuen lanpostua zalantzan jartzen zuenak, afaltzera gonbidatzera tematzen zenak, edo jakinduria banatzen zuenak —klasean ematen zizkigun apunte-sortari poema pikanteen fotokopiak erantsi bitartean—”.

      Bonetek gogorarazten digun bezala, garrantzitsua da beti pentsatzea zein botere-harreman motatan sartzen ari garen eta, gerta daitekeenaren aurrean, eskura izatea larrialdietako irteera bat. Ziurrenik, askotan entzuten ditugun maitasun mezuek kontrakoa esango digute, baina, nire eskarmentuaren arabera, aterabide horiek (gure lagunak, odol-familia edo aukeratutako familia, emakumeen elkarteak) izatea da, unea iristen denean, bizitza literalki salba diezagukeena edo, gutxienez, beharrezko sostengua emango diguna, ulertzeko lehenik geure buruari zor diogula maitasuna.

 

Agian, ondo legoke dekalogo txiki bat izatea, gu baino askoz zaharragoa den norbaitek erakartzen gaituenean berrikusteko.
Zure ustez, zer galdera egin beharko genizkioke geure buruari egoera horretan?
Zerk erakartzen gaitu gu baino askoz zaharragoak diren gizonengandik? Zer dio horrek gutaz, eta zer haietaz?

 

 

FILMA AMAITZEAN...

 

      Lehen Great Balls of Fire filmaren istorioa aipatu dut. Filmak ez du esaten zer gertatu zen amaieran; hala egingo balu, agerian utzi beharko luke hamahiru urteko neska hark, denborarekin, dibortzioa eskatu zuela, abusu fisiko zein psikologiko larriak argudiatuta. Badirudi, beraz, istorioa ez zela, azkenean, uste bezain erromantikoa.

      Filmek, aldizkariek eta telebista-saioek gutxitan kontatzen digute “ondorena”, eta, hain zuzen ere, hor bizi dugu egunerokoa. Hortxe hasten gara askotan ikusten saldu dizkiguten fikzioak indarkeriaz beterik daudela.

 

      Adingabeen aurkako sexu-erasoak delitu dira, eta soilik “Soilik bai da bai” deituriko legeari esker (izendapen ofiziala: Lege Organikoa 10/2022, 2022ko irailaren 6koa, sexu-askatasunaren berme integralari buruzkoa) utzi zitzaion “sexu-abusu” deituriko delitu-mota arindua kontsideratzeari. Zorionez, lege-erreformak ezabatu egin du figura juridiko hori, zeinak zigor txikiagoak ezartzea ahalbidetzen baitzuen erasoa adingabeei egiten zitzaienean. Egoera guztiz ulertezina zen eta behin betiko amaiera eman zaio. Izan ere, logikak agintzen duen bezala, haurtzaroko sexu-erasoak erasotzailearentzat zigor handiagoa ekartzen duen elementu gisa ikusten dira orain, biktimaren zaurgarritasun-egoera dela eta. Kasu askotan, adingabeen aurkako erasoetan, sumisio psikologikoko aldi bat egoten da (grooming deitua), hau da, erasotzaileak biktimaren konfiantza irabazten eta jolas edo engainu testuinguru bat sortzen duen aldi bat, bere helburua lortzeko, alegia, biktimaren gorputzera iristeko.

      Haurtzaroko erasoek beti dute adinaren larrigarria, biktimak sarritan ez baitaki zer gertatzen ari zaion ere (eta jakina da haurtxoen aurkako erasoak izan ere badirela). Horrela, erasoa mezu subliminalekin eta xantaia emozionalarekin hasten da, askotan erasotzailea maite dugun pertsona bat izaten delako: aita, familiaren lagun bat, osaba, aitona… Gainera, gizarte osoak esaten digu pertsona horiek gu maitatzeko eta zaintzeko daudela. Hori ezin da inolaz ere aringarri izan.

      Norbaitek opariak egiten badizkizu, sekretuak gordetzeko eskatzen badizu, zein berezia zaren esaten badizu... zure gorputza ukitzearen edo berea ukitzearen truke, bilatu laguntza.

      Familian gertatzen den sexu-eraso egoera batetik irtetea zaila da, baina garrantzitsua da ez etsitzea. Laguntza eskatu behar da, haur eta nerabeei laguntzeko telefonora deituta (116111, Zeuk esan), edo irakasleei, medikuari… Garrantzitsuena da jakitea zuk ez duzula ezer txarrik egin, eta erantzule bakarra erasotzailea dela.

      Halaber, gogoratu behar da haurtzaroko sexu-erasoak gizarteak egunero eraikitzen dituela, aurrez aipatu ditugun ideiak hedatzean: desira sexuala gizonek bakarrik dutela pentsaraztea (eta, gainera, eutsiezina zaiela), adin txikikoak eta neskak haien gozamenerako objektu garela, eskura izan beharreko gorputzak. Oso garrantzitsua da, gizarte gisa, mezu eta jokabide horiek aldatzen hastea, eta mutil eta gazte belaunaldi berriek beren sexualitatea errotik bestelako modu batean ulertzen hastea.

 

      Aipatu ditudan egoera horiek guztiak oso konplexuak badira edonorentzat, are konplexuagoak dira gorputzaren beste objektibazio sistema batzuen menpe zaudenean. Indartsuenetakoak diskurtso koloniala eta arrazakeria dira. Gure gizarteetan, irudi eta estereotipo batzuk behin eta berriz errepikatzean, honako ideia hauek errotu dira: badaudela sexu-gose aseezina duten pertsonak (adibidez, gazte beltzak), interes sexualik ez dutenak (asiar jatorriko mutilak), edo misteriotsuak direnak (Magrebeko edo Indiako neskak…). Irudi horiek guztiak kolonizazioaren parte dira. Erraz ulertzeko: beste herrialde batzuen baliabide ekonomikoak ustiatu, haien biztanleria esklabo bihurtu eta, oro har, inpunitatez etekina atera ahal izateko, Iparraldeko herrialdeek eskubidedun gizakiak (herrialde kolonizatzaileetako zuriak) eta “zibilizatu” behar ziren gainerako batzuk zeudelako ideia eraiki zuten. Ideia horien baitan, sexualitatea izan da prozesuan gehien baliatu den elementuetako bat. Generoen, pertsonen arteko harremanen, identitateen eta abarren ulermenean Mendebaldeko komunitate hegemonikoen esentzia kristau eta errepresiboarekin zerikusirik ez zuten herriak “bezatu” behar ziren.

      Aspaldiko kontu bat dirudien arren, hori guztia gaur egun ere gertatzen da, gizarte gisa zein norbanako gisa zuriak ez diren pertsonekin harremanetan gaudenean. Zalantzarik gabe, elkarrekintza horietan oraindik ere pertsona horiek objektu bihurtzen dituzten ideiak darabiltzagu.

      Pertsona zuria bazara, garrantzitsua da kontziente izatea, zuriak ez diren pertsonekin harremanetan jartzen garenean, zein neurritan dagoen erakartzen gaituena beste batzuei buruzko kontakizunetan oinarritua, eta zein neurritan datorren, benetan, aurrean dugun pertsona zehatz horrengandik. Ez dezagun ezer ziurtzat eman, azter dezagun pertsonak berak erakartzen gaituen, edo haren azalaren koloreak, jatorriak edo etniak. Pertsona bakoitza osatzen duten alderdi konplexuak kontuan hartzea beti da garrantzitsua, baina, kasu horietan, sozialki gauzatzen diren botere-harremanez jabetu behar dugu, eta arrazakeriaren egiturak elikatzeari utzi.

      Era berean, kontuan hartu behar da nola exotizatzen diren edo nola kentzen zaien sexu-subjektu izateko gaitasuna desgaitasuna duten pertsonei. Dagoeneko hitz egin dut Espainiako Estatuan 2020aren amaiera arte inpunitate osoz egiten ziren esterilizazio behartuez (2016an, adibidez, desgaitasuna zuten 140 pertsona esterilizatu zituzten). Espainiak urte horren amaieran debekatu zuen praktika hori, eta 2021eko abenduan, Espainiako Gobernuak —Gizarte Eskubideen orduko ministro Ione Belarraren bitartez— adierazpen instituzionala egin zuen, esterilizazio behartuen biktima izan diren emakume desgaituei barkamena eskatzeko: “giza eskubideen urraketa larria”, “denbora luzeegian baimendutakoa”, adierazi zuen ministroak. Europar Batasunean bederatzi herrialdek bakarrik debekatzen dute praktika onartezin hau —Espainia tartean—. Arazoaren oinarrietako bat da pentsatzea desgaitasuna edo dibertsitate funtzionala duten pertsonek ez dutela desira sexualik, eta horrek babesgabe uzten dituela, sarritan sexu-erasoen biktima bihurtzeraino.

      Niretzat mezurik garrantzitsuena, desgaitasunik gabeko emakume zuri zis gisa, hau da: ez eman ezer ziurtzat. Entzun, interesatu, ikasi, ezagutu. Ez ezarri besteengan zu hezteko ardura, baliabide ugari dago eskura arrazismoa eta desgaitasuna duten pertsonen eskubideen aldarrikapenak ezagutzeko. Baita ere, eta erabakitasun osoz, haiekin oheratzen bagara.

 

 

SEXUA!

 

      Orain arte aipatu dugun guztiaren helburua da ulertaraztea sexua ez dela ez zikina, ez txarra, ez arriskutsua. Pertsonen arteko interakzio mota bat da, non ezinbestekoa den gure gorputza ezagutzea, nahi dugunari arreta jartzea, gure mugak markatzea, eta konfiantzan eta errespetuan oinarritutako harremanak izatea.

 

      Ba al zenekien gorputz batzuek organo bat dutela plazer sexualerako bakarrik? Bai, klitoriaz ari gara; eta haren funtzio bakarra horixe da, plazera ematea. Klitoriak kanpoaldeko zati bat du —glandea, “botoi” moduko bat—, baina zatirik handiena azalaren azpian dago ezkutatuta. Emakume zisak eta klitoria duten gainerako pertsonak klitoria estimulatzen denean soilik —izan zuzenean kanpoaldeko zatian, edo baginaren barrutik— irits daitezke orgasmora. Autoesplorazioa funtsezkoa da pertsona bakoitzak klitoria non dugun eta nola estimulatzea gustatzen zaigun jakiteko. Horrela, errazagoa da besteei azaltzea zer gustatzen zaigun eta zer ez. Adibidez, neska zis edo mutil trans askori ez zaie gustatzen estimulazio zuzena, gehiegizkoa egiten zaielako.

      Klitoria organo zutikor bat da... eta, inork zakilarekin alderatu aurretik, garrantzitsua da gogoratzea fetu guztiak hasieran femeninoak direla; beraz, ez: klitoria ez da “zakil moduko bat”. Izatekotan, zakila izango litzateke klitori moduko bat, kalteberagoa, eta plazer sexualaren testuinguruan “beharrezkoak ez diren” beste funtzio batzuk dituena.

      Gaur egun badakigu klitoria estimula dezaketen hainbat aparatu daudela (Satisfyer ospetsua, adibidez), baina garrantzitsuena da bakoitzak jakitea zer gustatzen zaion.

      Ba al zenekien klitoria duten pertsonek ere eiakulatu dezaketela? Edo plazer sexuala handiagoa dela baginako muskuluak zenbat eta indartsuagoak izan? Ez bazenekien, eta jakin-mina baduzu, une aproposa da pixka bat gehiago ikertzeko.

 

      Beraz, ez, sexualitatea ez da zikina. Eta sexua hilekoan? Ezta ere! Norberak erabaki behar du gustuko duen ala ez hilekoan sexu-harremanak izatea, baina, printzipioz, ez dago ezer “zikinik” ezta korapilatsurik ere. Nahikoa da eskueran toalla bat izatea. Hilekoak lubrifikazio handiagoa eragiten du, eta estimulazio sexualak lagundu egiten du umetokiko uzkurdurek sortzen duten mina arintzen.

 

 

HIGIENEA?

 

      Orduan, ez badago ezer zikinik, zergatik hitz egiten dugu hilekoaren higieneaz? Argitu dezagun misterioa.

      Higienea gure gorputzak, ez gaixotzeko, ingurunearekin duen interakzioa kudeatzeko modua da. Bereziki, zenbait bakterio eta birus kontrolatzea dakar, oro har, nahiko bide sinpleen bidez; esaterako, xaboiarekin.

      Higieneak gizakiaren osasunean duen garrantzia deskubritu zeneko istorioak zerikusi handia du generoarekin, bide batez esanda. 1846an, jatorri hungariarreko Ignaz Semmelweis medikua Vienako Ospitale Nagusian hasi zen lanean. Garai hartan, erditzeek eragindako heriotzak oso ohikoak ziren, eta “normaltzat” hartzen ziren. Baina mediku honen jakin-min zientifikoak esperimentu txiki bat egitera eraman zuen, eta ospitalearen bi hegal alderatu zituen: bata medikuek eta medikuntzako ikasleek kudeatzen zuten (denak gizonezkoak, datu hori kontuan hartu), eta bestea, emaginek. Bat-batean konturatu zen medikuek lan egiten zuten aldean “erditze-ondoko sukarrez” hildako emakumeen kopurua bost aldiz handiagoa zela, emaginek artatzen zituzten hegalean baino. Gaurko ikuspegitik, azalpena ez da konplikatua: medikuek autopsiak egiten zituzten eta, ondoren, zuzenean artatzen zituzten erditzeak, eskuak garbitu gabe; horrela, bakterioak eramaten zizkieten emakumeei, eta haiek infekzio larriak eta sepsiak jota hiltzen ziren erditu eta hiru egunera. Garai hartan, hain zuzen, erditzeak —hobeto esanda, medikuek— eragindako heriotza-kausarik ohikoena zen.

      Hala ere, Semmelweisi ez zitzaion gehiegi axola izan, mediku bat hil zen arte, autopsia bat egiten ari zela hatza zauritu ondoren. Orduan iradoki zuen eskuak soluzio antiseptiko batekin garbitzea heriotzak saihesteko (oro har, erditzen ziren emakumeen heriotzak ez baitziren hain garrantzitsuak, ezta?).

      Eta hemen dator genero ikuspegitik interesgarriena dena: medikuek —gogoratu garai hartan gizonak bakarrik zirela— ez zuten onartu nahi izan beraiek izan zitezkeela sarraskiaren arduradunak, eta ospitaletik kanporatzeaz gain, erotzat jo zuten, eroetxe batean bukatu zuen eta hantxe hil zen… sepsiak jota. Eta horrela erreakzionatzen du matxismoak gaur egun ere ia gauza guztien aurrean, hasi osasun-sistemak berak eragindako emakumeen heriotzetatik, eta buka munduko egungo egoeraren erantzukizuna gizonena dela salatzen dutenetan.

      Hau guztia esanda, gogoratu behar da gaur den egunean 3,5 milioi haur hiltzen direla beherakoa bezalako gaixotasunen ondorioz, urik edo xaboirik ez dutelako. Beraz, bai matxismoa desagerrarazten, bai higienean, asko dugu egiteko.

      Honaino, argi dago zer esan nahi duen, oro har, higieneak. Baina zer esan nahi du “hilekoaren higieneak”? Terminoa ulertzeko, garrantzitsua da gogoratzea haren jatorria garapen-bidean dauden herrialdeetako aktibista taldeetan dagoela. Horrela deskriba daiteke: emakumeek eta hilekoa duten pertsonek garbitasun faltagatik sortutako gaixotasunik gabe hilekoa izatea ahalbidetzen duten produktuak eskura izatea. Garrantzitsua da hau gogoratzea, herrialde garatuetan “garbitasuna” eta “higiene intimoa” kontzeptuek beste muturrera egin dutelako; eta, jendea oinarrizko higienea izaterik ez duelako hiltzen den bezala, munduaren gure aldean kontrakoa gertatzen delako, alegia, “usain” ona ematen duten eta zikinak ez dauden gauzak ustez garbitzen dituzten produktu kimikoekin etengabeko kontaktuan egoteagatik hiltzen gara.

      Gai hau ulertu ahal izateko, lehenik eta behin azaldu dezagun zer den higienea bulba, bagina, umetokia eta obulutegiak dituen aparatu genitourinario baten kasuan.

 

 

ABIAPUNTUKO BALDINTZAK

 

      Kanpoko sexu-organoak, bulbak, gorputzeko beste edozein atalek behar duen zaintza eta higienea behar ditu. Nik dakidala, ez dago besapeetarako edo belarri-atzerako produktu espezifikorik.

      Barne-barrunbea, bagina, mukosa batez estalita dago. Mukosa gorputzeko beste toki batzuetan ere ageri den ehun mota bat da; adibidez, esofagoan (inoiz inork esofago-dutxarik egin du? Nik ez dut gomendatzen!). Ehun sentikorra da, eta erraz narrita daiteke. Gauza bera gertatzen da baginan ere. Mukosaren berezko oreka aldatzen duen edozein substantzia sartzeak narritadura eragin dezake kasurik onenean, eta infekzioa, okerrenean.

      Horregatik, kontuz ibili behar dugu, eta ez sartu baginaren pH-a ez aldatzeko berariaz pentsatuta ez dauden substantziak. Izan ere, mukosaren oreka hainbat faktoreren ondorioz hautsi daiteke, eta, sarriago edo bakankiago, arazoren bat izan dezakegu; adibidez, kandidiasia. Estresak, atseden faltak, defentsen beherakadak... eragin dezakete gure organismoan modu naturalean dauden eta haren orekarako funtsezkoak diren bakterio batzuk —hala nola, kandida— kontrolik gabe ugaritzea eta narritadura edo infekzio bat sortzea.

      Garrantzitsua da gauza hauek modu sinplean ulertzea. Lehenik eta behin, gure bagina ez dago zikina; beraz, garbitzeko saltzen den edozein produktu kaltegarria izango da. Bigarrenik, sartzen dugun edozein substantziak egokia izan behar du baginako mukosarentzat (adibidez, kontuz ibili behar da gure barne-organoan erabiltzeko egokiak ez diren masaje-olioekin).

 

 

HIGIENEA HILEKOAN

 

      Oraintxe ikusi dugun bezala, abiapuntuko baldintzek ez dute inolako “zikinkeriarik” edo higiene faltarik adierazten. Hilekoa izateak berak ere ez dakar inolako “zikinkeriarik”; arazoa, Semmelweis doktorearen eta erditzeen adibidean bezala, hilekoa gertatzen den baldintzetan dago. Ez zaigu ezer gertatuko izerditu eta egunean behin ura eta xaboiarekin dutxatzen bagara; baina astebetez ezin bagara dutxatu, azala narritatzen hasiko zaigu eta arazoak sortuko dira. Gauza bera gertatzen da odolarekin, ez odola delako, baizik eta gure gorputzak kanporatzen duen edozein gauzarekin kontaktu luzean egoteak erreakzio negatiboak eragiten dituelako organismoan.

      Horregatik da garrantzitsua normaltasunez garbitzea eta gure azalean odol lehorra pilatuko ez dela bermatzen duten produktuak erabiltzea. Produktu horien bilakaerak, gaur egun ere, gizarte osoa inplikatzen duen istorio interesgarri bat kontatzen du. Horretaz arituko gara orain.

 

 

KONPRESAK? ZE KONPRESA?

 

      Inoiz sufragista baten edo Rosalía de Castroren irudiren bat ikusi baduzu, ohartuko zinen janzten zituzten arropek gonazpiko mordoa zituztela. Segur aski, askatasunez odola isurtzeko neurrietako bat zen, eta horrek erakusten du emakumeek beti denetarik egin dutela, hilekoa izanda ere; eta beraz, gaur egun zabaltzen diren teoria berriak —egun horietan gure esentziarekin berriz konektatzeko “atseden” hartu behar dela diotenak— klase sozial akomodatu baten pentsamoldearen ondorio ere badira hein batean.

      Fabriketako eta landako emakume langileek lasto edo zerrauts gainean isurtzen zuten odola, hankak zikinkeriatan sartuta egun osoan. Askok hosto lehorrak edo trapuak erabiltzen zituzten, eta kontuan hartuta azpiko arropa ez dela aspaldi asmatutako zerbait, edozein alternatibak bere denbora behar izan zuen garatzeko. Lehenengo, sokaz lotutako trapuak agertu ziren (nik neuk erabili nituen duela urte asko Indian, non sari-aren azpiko gonari lotzen zitzaion soka batekin); askoz geroago, konpresa itsasgarriak iritsi ziren, ondoren tanpoiak eta kopa menstruala —zeina, gainera, emakume batek asmatu baitzuen 30eko hamarkadan, gainerako gailuak ez bezala—. Zorionez, gaur egun, gutako batzuek infekzioak saihesteko aukera ematen diguten alternatibak ditugu eskura.

 

 

KONPRESAK: ORAIN BAI

 

      Segur aski, hilekoaren higienerako produkturik ezagunena konpresak dira. Azpiko arropan itsatsi daitezkeen, eta oro har erabili eta botatzekoak diren produktu xurgatzaile horiek, eta, ikusi dugun bezala, mendeetan zehar eboluzionatzen joan direnak (ez dakigu oso ondo norantz). Ingurumenaren kezka gero eta handiagoa den garaiotan, zalantzan jartzen hasiak dira erabili eta botatzeko produktuak. Hala ere, kezkagarria iruditzen zait alternatiba “gure konpresak fabrikatzea” izatea, edo trapuen bertsio modernoetara itzultzea. Beti diodan moduan, liburuaren eboluzioa —papera aurrezteko asmoz— ez zen izan papiroak berriro egitea edo harrietan idaztera itzultzea, baizik eta liburu elektronikoa sortzea. Hilekoaren auzian prozesua bestelakoa izateak pentsarazten dit, berriz ere, garrantzitsuena emakumeak beren gorputzekin eta genero-rolak indartzen dituzten jarduerekin entretenitzea dela, beste espazio batzuk okupatu ez ditzaten.

      Konpresen fabrikazioak bestelako aldarrikapen politikoagoak desaktibatzen ditu gure gizartean, eta, horrez gain —Hegoaldeko kideak lagun izan ditudanean ikusi dudanez; haiek bai mobilizatu behar izan dute produktu horiek eskuratzeko—, harridura eragiten didaten ezaugarri batzuk ditu. Izan ere, konpresa bat fabrikatzea ez da kulero batzuk josten ikastea bezalakoa: konpresa bat modu esterilean egin behar da, eta hori ez da dirudien bezain erraza.

 

      Ingurumenaren degradazio geroz eta handiagoaren aurrean, norberak bere konpresak fabrikatzeari buruz hitz egiten da. Hegoaldeko aktibistek zeresan handia dute horretan. Adibidez, nire lagun N. Manimekalaik —Tamil Naduko ekonomialari eta aktibista feministak—, urteak daramatza Hilekoaren Higienearen Aldeko Aliantzan lanean, hilekoari buruzko ideia positiboak zabaltzeko, tabuak desegiteko eta higienerako produktuak komunitate behartsuetako neska eta emakumeengana eramateko. Prozesu horretan, ezinbestekoa da emakumeek beren konpresak egin ahal izatea, askotan produktu industrialak ez baitira iristen komunitate horietara. Horrez gain, tokian tokiko diru-iturri bat sortzeko aukera ere bada. Baina konpresak egiteko ez da nahikoa oinarrizko material batzuk izatea. Emakumeek formazioa jasotzen dute, eta beren ekoizpen-unitate txikiak antolatzen dituzte. Horien funtsezko elementuetako bat esterilizazio-makina bat edukitzea da. Halakorik gabe, arriskua handia da. Ez dakit gure gizarteko talde batzuek eskuz fabrikatzen dituzten konpresetatik zenbat igarotzen diren esterilizazio-prozesuetatik (eta horiek, jakina, ez dira ur beroarekin egiten, baizik eta uv izpien makina txikien bidez, ozonoarekin, etab.). Gutxi direla uste dut.

 

 

EMAKUME MODERNOENTZAT:
TANPOIA

 

      Hamaika edo hamabi urte nituela, Vilalban bizi nintzela, kalean topatu nuen igeri egiten ikasteko gogo handia zuela banekien lagun bat. Egun hartan hasten ziren eskolak ibaian, eta, jakina, segituan galdetu nion zer moduz ibili zen. Erantzun zidan ezin izan zuela joan. Egun horretan bertan etorri zitzaiola hilekoa, eta gurasoek igeriketa-eskolak bertan behera uztera behartu zutela. Nahasita geratu nintzen; nik oraindik ez nuen hilekorik, baina banekien tanpoi bat erabiliz gero posible zela igeri egin. Aukera hori, antza, ez zegoen nire lagunaren esku. Haren etsipena eta sufrimendua, bidegabeak ez ezik, zentzugabeak ere iruditu zitzaizkidan.

 

      Ziur aski, gure amekin alderatuta, tanpoiak funtsezko iraultza ekarri zuen nire adineko emakumeon bizitzetan. Esaldi kodifikatuetatik (“ezin da bainatu eta ez galdetu”) gogoak ematen ziguna egin ahal izatera pasatu ginen, mundu guztiaren aurrean hilekoa genuela inplizituki aldarrikatu beharrik gabe —ez dago ezer ezkutatu beharrik, baina, interesatu ere ez zaio inori interesatzen, ezta?—. Hondartza, igerilekuak eta ura oro har kriptonita moduko bat ziren tanpoia iritsi zen arte.

      Nire belaunaldiko neskentzat, tanpoiek eman zieten irtenbidea egoera horiei. Umetako lagun batena bezalako amei esker —komunean berarekin sartzen zen behar adina denboraz, inolako arazorik gabe, gailua nola erabiltzen zen erakusteko—, gure gorputzekiko bestelako konfiantza batekin atera ginen mundura. Lasai eta prest geunden, gogoa bagenuen hankaz gora jartzeko, edo gimnasia, igeri edo korrika egiteko. Tanpoiak lagundun zigun, baita ere, gure gorputzarekin kontaktua izaten.

      Hala ere, tanpoiaren historia arazo larriz beteta dago. Lehenengoa da hasieran zituzten produktu kimiko batzuek emakume askoren heriotza eragin zutela. Badirudi gauza batzuetarako esperimentazio ugari behar dela, eta beste batzuetarako, bereziki baginei dagozkienetarako, bat ere ez. Gaur egun ere, tanpoiak zuritzeko erabiltzen diren dioxinek eta beste produktu kimiko batzuek toxikotasuna gehitzen diote gure gorputzari.

      Era berean, oso kutsatzaileak izaten jarraitzen dute bai fabrikazioan, bai sortzen dituzten hondakinengatik ere. Gainera, oraindik ere neska eta emakume askok tabutzat dute hauen erabilera, genitalak ukitu behar direlako edo himena apurtu daitekeela esaten zaielako (honetaz lehenago hitz egin dugu, baina badaezpada: himenak ez dio inori axola izan behar!).

 

 

KOPA MENSTRUALA

 

      Lehen aipatu dut basoak salbatzeko ez garela berriro papiroetan idazten hasi; ba, hilekoari buruz hitz egiterakoan, kopa menstruala litzateke horren baliokidea. Kopa menstruala silikona hipoalergenikoz egindako gailu bat da, baginan sartzen dena eta odola biltzen duena. Hurrupatze-akzioaren bidez funtzionatzen du; hau da, behin jarrita —ondo kokatuta badago—, ez da lekutik mugitzen, eta egongo ez balitz bezala da. Ni hamabi urterekin hasi nintzen lentillak erabiltzen, eta apur bat sentsazio hori gogorarazten dit. Behin jarrita, gorabehera txikiren bat kenduta, miopea ez bazina bezala da.

      Kopa menstruala oso praktikoa da hainbat arrazoirengatik: hasteko, hamar urte ere iraun dezake, eta, beraz, ez da hilero ezer erosten ibili behar. Higienizatzeko, ziklo bakoitzaren ondoren uretan irakin behar da (modelo bakoitzak adierazten du zenbat denboraz, baina, oro har, bost minutu inguru izaten dira. Eta garbi izan baten bat erreko zaizula noizbait… guztioi gertatu zaigu!), eta ondoren, bere oihalezko poltsatxoan jasotzen da hurrengo ziklora arte.

      Hala ere, badu nolabaiteko “ikaskuntza-kurba” bat; izan ere, tanpoiekin gertatzen den bezala, baginan objektu bat sartzea eskatzen du, eta baita norberaren odolarekin kontaktuan egotea ere. Emakume batzuei ez zaie hori gustatzen —agian interesgarria litzateke zergatia aztertzea—, baina beste aukera batzuk badaudenez, probatzea da kontua; hori bai, pazientzia pixka batekin, lehenengoan ziurrenik ez baitizu behar bezala funtzionatuko.

 

      Kopa menstruala lehen aldiz erabili nuenean, oraindik ez zuen gaur egungo diseinu egokirik. Jartzen ere zaila zen. Egun, ordea, asko hobetu dira eta modelo ugari daude. Oro har, bi tamainatan egiten dira: emakumearen adina eta erditu den ala ez kontuan hartuta.

      Jartzeko, kopa hatzekin tolestu, tolestuta baginan sartu, eta barruan zabaltzen utzi behar da. Garrantzitsua da hutsunea egiten dela bermatzea, odol-ihesik gerta ez dadin. Seguruenik, denborarekin ikasiko duzu erraz jartzen eta kentzen. Nik neuk, adibidez, sartzerakoan, zabaltzen utzi aurretik, oinarria pixka bat jiratzen dut, ondo zabaltzen laguntzen duelako. Kentzeko, berriz, hutsunea hautsi behar da, hatzekin koparen oinarria tolestuz.

      Kopa menstrualarekin zerbait ikasi badut da arazoa ez direla gure gorputzak, inguratzen gaituen sistema baizik. Izan ere, koparekin dugun zailtasun nagusietako bat da, etxetik kanpo bagaude, aldatzeko leku seguruak falta direla. Kopa aldatzeko, konketa bat behar dugu iturriko urarekin: kopa ukitu aurretik eskuak ondo garbitzeko (ezin da produktu kimikoekin kutsatu), eta gero kopa bera urarekin garbitzeko, berriro jarri ahal izateko. Gure herrialdeetan, printzipioz, gauza erraza dirudi, baina sarritan espazio publikoetako komunetan ez dago konketarik, eta horrek ezinezko egiten du kopa aldatzea. Behin baino gehiagotan, aireportuetako pertsona ezinduentzako komunetan sartu behar izan dut, prozesua egin ahal izateko.

      Eta horrek berriro pentsarazten dit agian arazoa ez dela kopa erabiltzea, baizik eta komunak behar bezala eraikitzea (kabina indibidualak, generorik gabeak, heldulekuekin eta iturriko urarekin hornituak). Era berean, arazoa ez da desgaitasuna duten pertsonek egokitutako komuna behar izatea, baizik eta komun guztiek edonork erabiltzeko modukoak izan beharko luketela.

 

      Gogoratzen dituzu indarkeria obstetrikoari buruz esandakoak? Horren ondorioetako bat da emakume batzuek, eragozpen fisikoak direla eta, ezin dutela kopa erabili. Praktikan konturatu nintzen horretaz, behin elkarri istorioak kontatzen ari ginela; izan ere, gailu honek zer esan handia ematen du. Lagunei kontatzen ari nintzen nola, behin, kopa airean atera zitzaidan Mendebaldekoak ez diren herrialde askotako komunetan garbitzeko dauden ur-zorrotadetako batean (asmakizun bikaina, bide batez esanda). Batzuetan, zorrotadek indar handia dute, eta, behin, kopa gerturatu nuenean, airean atera zen eta… komun-zuloan amaitu zuen. Nire lagun Eli Riosek —nire baldarkeriagatik barrez lehertzeaz gain— kontatu zidan nola, behin, kopa “labaindu” zitzaion jarduera profesional betean, eta komunera korrika joan behar izan zuen berriro jartzera. Deduzitu nuen haren baginako muskulatura kaltetuta zegoela “interbentzio” baten ondorioz. Ohikoena erditzea izaten da. Kopa menstrualak baginako hormekin hutsunea sortuz funtzionatzen du, bentosa baten antzera, eta kopari eusteko, muskulaturak sendoa behar du. Muskulatura sendoa ez bada, ezinezkoa da bere lekuan mantentzea.

      Halako lesioez gain, baginitisa bezalako gaixotasunak ere badaude, kopari eusteko ezintasun fisikoa eragin dezaketenak, baina askoz gutxiago dira ebakuntza obstetrikoen ondorioz sortutakoak baino.

 

      30eko hamarkadatik existitzen den asmakizun bikaina bada ere, emakume guztiek ez dute kopa erabiltzeko aukerarik; zenbait herrialdetan, adibidez, baldintza higienikoengatik —nahiz eta, paradoxikoki, Mendebaldekoak ez diren herrialde askotan errazagoa izan komunetan ura aurkitzea hemen baino—; edo etxerik gabeko emakumeen kasuan, kopa manipulatzeko behar diren higiene eta pribatutasun baldintzak ez dituztelako.

 

 

BESTE AUKERA BATZUK

 

      Azken urteetan, ehun superxurgatzaileekin egindako kuleroak ere garatu dira, bestelakorik gabe menstruatzea ahalbidetzen dutenak, baita belaki naturalak ere… Ezagutza eta publizitate faltaren aurrean, emakumeok geure esperientziak partekatzeko espazioak sortzen joan gara (foroak, taldeak, webguneak). Sarean bilaketa azkar bat eginez, leku ugari aurki ditzakezu informatzeko eta zure beharretara egokitzen diren hilekoaren higienerako aukerarik egokienak hautatzeko.

 

 

ODOLJARIO LIBREA

 

      Ia inoiz aintzat hartzen ez den aukera bat “odoljario librea” deiturikoa da, eta, egia esan, zenbait egoeratan logikoena litzateke, hilekoak oraindik sortzen duen ezinikusi sozialagatik ez balitz —eta, noski, errazagoa delako kopa bat erabiltzea hilero sofako odola garbitzen ibiltzea baino—. Baina ez izan zalantzarik: egin dezakegun zerbait da.

 

 

ODOL URDINA

 

      Hauek dira gaur egun gure gizarteetan eskura ditugun hilekoaren higienerako metodoetako batzuk. Batzuek oso modernoak diruditen arren, aspaldikoak dira (ba al zenekien Antzinako Egipton, K.a. xv. mende inguruan, jada tanpoiak erabiltzen zirela?) edo hamarkadak daramatzate erabilgarri (hilekoaren kopa, adibidez). Hala ere, guztiak ez daude guztion eskura neurri berean, eta hor sartzen dira jokoan kontuan hartu beharreko beste faktore batzuk ere.

      Imajina dezagun 4x4 ibilgailu bat saldu nahi duen iragarki batean autoa hegan agertzen dela, gero laku bat zeharkatzen duela anfibioa balitz bezala, eta, azkenik, kameraren aurrean derrapatzen duela, batere orbanik gabe. Bistan denez, halako iragarki bat ezingo litzateke eman fikzio publizitarioa dela ohartarazi gabe. Baina konpresen kasuan, badirudi ez dela inolako abisurik behar, hilekoa izan duen edonork badakien arren izugarri konplikatua dela gimnasia erritmikoa egitea konpresa batekin eta araututako jantziekin (eta hori beste eztabaida bat litzateke), ipurdi erdia bistan dugula, gainera. Zer esanik ez, denok dakigunean gure gorputzetatik ateratzen den odola ez datorkigula Pottokietatik eta, beraz, ez dela urdina, baizik eta gorria. Dirudienez, publizitatean debekatuta dago gizon dirudunak ergeltzat hartzea, baina emakumeei eta neskatoei gezurra esatea oraindik ere doakoa da; hori bai, prezioa guk ordaintzen dugu.

      Zer arazo dago, bada, likido gorri bat jartzeko xurgapena irudikatzerakoan? Akaso ez zaigu gorria gustatzen beste testuinguru batzuetan? Zergatik da bestelakoa hilekoaren gorria?

      Hilekoaren higienerako produktuen kasuan, enpresen kapital-interesengatik, batzuk beste batzuk baino askoz ezagunagoak dira, diru-sarrera handiagoak sortzen dizkietelako… eta askoz hondakin gehiago ere bai.

 

Aurreko zerrendatik, hilekoaren higienerako zein produktu ezagutzen dituzu?
Zeintzuk erabiltzen dituzu?
Zeintzuk ikusi ohi dituzu telebistan, eta zeintzuk ez?
Nolakoa egingo zenuke zuk hilekoaren higienerako produktu baten iragarkia?

 

 

HIGIENE MENSTRUALA
ESKUBIDE-AUZI GISA

 

      Hemen aipatu ditugun gai horiek guztiek, gure bizitzari eta ekonomiari eragiteaz gain, gure eskubideei ere eragiten diete. Hilekoaren higienerako produktuak eskura ez izateak eragotzi egiten du gure bizitzako edozein alderdi osasun-arriskurik gabe eta inolako mugarik izan gabe garatzea. Gogoratu behar dugu gaur egun, oraindik ere, 300 milioi emakumek eta neska gaztek ez dutela hilekoaren higienerako produktuak eskuratzeko aukerarik. Eta honezkero ulertu beharko genukeenez, odol lehorraren pilaketa saihestu ezean, infekzioak eta bestelako arazoak agertzen dira. Horri gehitu behar zaio arazo politiko bat dela klasera joateari uztea, edo futbolean jolasteari, edo txangoan, edo hondartzara edo nahi dugun lekura joateari uko egin behar izatea, lasai sentitzeko aukera ematen diguten baliabideak eskura ez ditugulako. Arazo politikoa, eta baita osasun-arazoa ere. Ahaztu egiten baitugu neurri higieniko egokirik ez izateagatik infekzioez hiltzen diren emakume guztiak.

      2023 baino lehen, Irene Montero buru zuen Berdintasun Ministerioak hainbat erreforma egin aurretik, hilekoaren higieneko produktuak ez ziren premia-premiazkotzat jotzen, eta luxuzko artikuluen zergen mende zeuden. Hilekoa izatea edo ez izatea gure aukera izango balitz bezala. Urte hartan egindako erreformei esker, Balio Erantsiaren gaineko Zerga % 10etik % 4ra jaisteaz gain —horrek produktuak askoz ere eskuragarriagoak egin zituen—, eztabaida politikoan “hilekoaren pobreziaren” gaia txertatu zen, eta dismenorrea dela eta —hau da, hileko mingarriak, zefaleak, gorakoak, beherakoak eta ezintasun orokorrak eragindako egoerak— baja hartzeko eskubidea aitortu zen. Neurri aitzindari horiek ez genituzke bigarren mailakotzat hartu behar, emakume askoren aktibismo-lanaren emaitza baitira, azkenean, fruituak eman dituena.

 

 

HUTSALKERIARIK EZ

 

      Azken finean, hilekoaren higieneko produktuei buruz pentsatzeak osasunean eta eskubideetan pentsatzera behartzen gaitu, baita hondakinetan eta ingurumenaren degradazioan ere. Gai horien guztien arteko intersekzioan hartzen dugu produktu bat edo beste erosteko erabakia.

      Agian, hain hutsala iruditzen zaigun gauza bat —eta batzuetan lotsa emateko modukoa ere bai, nahiz eta espero dudan, honaino iritsi bazara, jada horrela ez izatea—, ez da, azkenean, hain hutsala. Izan ere, argi geratu beharko luke zikintzen duena ez dela odola, baizik eta aurreiritziak, produktu kimikoak, muga ekonomikoak, sexualitatearen ikuskera zikiratzaileak... Horiek guztiak ere gure esku daude, egunero eralda ditzagun.

 

 

 

 

[13] Hilekoaren aktibismoak egindako lanari esker, odola irudikatzen duen likidoa gorria izaten hasi da iragarki batzuetan.