
Aurkibidea
Hitzaurrea. Miren Guilló Arakistain
Aurkibidea
Hitzaurrea. Miren Guilló Arakistain
2.
Espekulutik
ilargiaren faseetara
Duela urte asko, Mooncup izeneko asmakizun bitxi bati buruz hitz egiten hasi zen jendea. Erresuma Batuan egindako egonaldietako batean ezagutu nuen “emakumeek sortutako” gailu higieniko eta iraultzaile hura. “Ilargiaren kopa” Boots drogeria-kate ezagunetan eros zitekeen, bi tamainatan. Eta han joan nintzen.
Kopa menstrualarekin izan nuen lehen esperientzia, emakume askorena bezala, ez zen oso ona izan. Gauzak zaildu egiten dira, gainera, kopari buruzko informazioa ohiko bideetatik (publizitatea, esku-orriak, hitzaldiak) aurkitu beharrean, norberak bazterretan bila aritu behar badu. Horri gehitu behar zaio gure hilekoaren odola ukitzeko dugun ohitura falta, koparen kasuan ezinbestean gertatuko dena. Hala ere, nik lehen aldiz erabiltzeari utzi izanaren arrazoi nagusia izan zen Mooncup-ak behealdean moztu beharreko apendize moduko bat zuela, eta traba egiten zidala. Urte batzuk itxaron behar izan nuen diseinu desberdina zuen beste modelo bat probatzeko. Bizitzako beste arlo batzuetan gertatzen den bezala, kopa menstrualak erakutsi zidan zenbait gauzatarako ikertu egin behar dela, setatia izan, eta ez dela lehenengoan amore eman behar. Benetako aldaketak eragin nahi baditugu, garrantzitsua da dagoena besterik gabe ez onartzea, kritikoak eta jakin-min handikoak izatea, ahalik eta informazio zabalena biltzea, eta ondoren, gure kabuz ezagutzak ondorioztatzea.
Koparekin izan nituen hasierako zailtasunak diseinuari lotutakoak izan baziren ere, neska eta emakume askok errezeloa diote beren gorputza ukitzeari, eta, bereziki, genitalak ukitzeari. Geure gorputza ez ezagutzea harrigarria bezain arriskutsua da. Oro har, hiru eremuren artean mugitzen garela dirudi: “ez begiratu, ez entzun eta ez hitz egin” tabu absolutua, ezagutza mediko patriarkala, eta azken urteetan agertu den esoterismo moduko bat —esentzial “femeninoa” berreskuratzeko korronte batzuekin lotuta—, asko kezkatzen nauena, bertan hilekoak funtsezko rola jokatzen baitu.
Emakume gisa definitzen garenok gure gorputzari buruz dugun ezjakintasun-maila azaltzeko, beti ekartzen dut gogora Itzulpengintza eta Interpretazioa ikasten ari nintzela ikasle-pisu batean izandako elkarrizketa bat. Denok antzeko testuinguru sozialetako emakumeak ginen, goi-mailako ikasketak genituen (edo izateko bidean ginen), 80ko eta 90eko hamarkadetan hazitakoak ginen, non, besteak beste, hiesaren prebentzioari esker sexualitateari buruzko oinarrizko ezagutzak gizarteratu ziren, eta denok ikasi genuen natur zientzietan giza gorputzari buruzko edukiak jorratzen zituela suposatzen zen hezkuntza-sistema batean. Komunikabideek, liburuek, serieek eta influencer-ek etengabe sinetsarazi nahi badigute ere neskok azazkalak margotzeaz eta mutilez baino ez dugula hitz egiten, errealitatea da gai politiko eta garrantzitsu askori buruz aritzen garela (bai, azazkalei buruz hitz egiten denean ere egin daiteke). Eta horrela, egun batean, pisukide haiek eztabaidatzen hasi ziren ea tanpoia zein zulotan sartzen zen, eta ea zulo hori pixa egiteko berbera zen ala ez. Seguruenik gaur egun ere halako elkarrizketak errepikatuko dira, edo okerrago: ez dira gertatu ere egingo. Oraindik harritzen nau, hasieran esan bezala, emakume gisa kontzeptualizatuak garenok gure gorputzei buruz dugun ezjakintasunak.
Ikusi dugunez, hilekoak emakume gisa definitzen ez bagaitu ere, sozialki emakume izatearen adierazgarri nagusitzat aurkezten da. Eta horregatik, hain zuzen ere, are gutxiago dakigu hilekoari buruz: feminitatearen baliokidea delako, eta badirudi zerbait misteriotsua eta zikina izaten jarraitu behar duela. Oraindik asko dira hilekoaren odolari buruz entzuten ditugun tabu eta aurreiritziak, eta agian horrexegatik ematen digu hainbeste lotsa, adibidez, arropan orban bat izateak.
Kopa erabili aurretik, batzuetan gertatzen zitzaidan arropa odolez orbantzea. Zerbait erakutsi zidaten hiru une garrantzitsu gogoratzen ditut bereziki. Haietako bat, hilekoa lehen aldiz izan eta gutxira gertatu zitzaidan: izebak aparte hartu ninduen eta, inolako lotsarik gabe, esan zidan praketan orban bat nuela eta ea aldatu nahi nituen. Hilekoa lehen aldiz etortzen zaigunean, normala da gure gorputza oraindik ondo ez ezagutzea eta aldatzean despistatzea, edo, besterik gabe, gure jarioa zenbaterainokoa den ez jakitea, edo hura aldakorra izatea. Lehen orban hartatik ikasi nuen lotsarik gabeko enpatiaren garrantzia.
Bigarren oroitzapena institutukoa da. Atsedenaldian patioko eskailera batzuetan eserita egon ondoren, klasera bueltan, bereziki atsegin ez nuen neska batek orban bat nuela esan zidan. Jaka gerrian lotu eta nire bizitzako klase-ordurik estuena pasatu nuen, etxera joateko ordua iritsi zen arte. Institutuko garaia zaila izan zen niretzat, lehen bikote harremanean tratu txarrak jasan nituelako —A esencia da cidade testuan kontatzen dut gertatutakoa—, eta une hura oso garrantzitsua izan zen, erakutsi zidalako ez nengoela uste nuen bezain bakarrik.
Orban bat izan nuen azken aldia duela urte batzuk izan zen, Coruñako jarduera batean, Tamil Naduko (India) kide baten interprete-lanak egiten ari nintzela. Tanpoi bat eta konpresa bat jarrita nituen, lehen egunetan nire jarioa oso handia izaten delako. Hainbesterainokoa, non apur bat tirabiratsua izan zen eztabaidatik altxatzean —gure kidea hizkuntza propioek idazketan duten balio politikoaz hitz egitera etorria zen Galiziara, eta gizon bat hura iraintzen saiatu zen (gaizki iruditzen zitzaiolako, jakina; badirudi gaztelaniaz hitz egin eta idazten ez baduzu garrantzia galtzen duzula eta, gainera, aberrazio bat zarela)—, odolak barrera guztiak gainditu baitzituen: kuleroak, prakak, eta aulkiraino iritsi zen. Orbana izugarria zen eta, une hartan, komunera aldatzera joateaz gain, asko kezkatzen ninduen nork garbitu beharko zuen. Pentsatu nuen seguruenik emakume batek garbituko zuela, eta hitzik gabe ulertuko zuela bertan idatzita zegoen istorioa.
Orbanek istorio interesgarriak kontatzen dituzte. Lehena, gure hilekoa denborarekin aldatuz doala. Nire kasuan, odoljario arin batetik sei eguneko uholde geldiezin batera igaro nintzen, horietako hiru bereziki gogorrak izanik. Jakin-mina sortzen dit hurrengo aldaketa zein izango den pentsatzeak. Orbanek kontatzen digute, baita ere, hilekoa kudeatzeko higiene-metodoak denboran zehar aldatzen direla, eta horien erabilera eta eskuragarritasuna —aurrerago aipatuko dudan bezala— gai politikoak direla.
Baina, batez ere, orbanek lotsari buruz pentsarazten digute. Zergatik ematen digu lotsa hilekoaren orban batek, eta ez, ordea, doministiku egiteak, eztulak edo oka egiteak, zeinak desatseginak izateaz gain, askotan gaixotasunaren adierazgarri diren? Beste behin ere femenino gisa determinatzen diren gorputzen lotsara gatoz. Bizkar gainean aurreiritzi ugari daramatzagu, denboran zehar eraiki direnak soilik gu mendean hartzeko, sinetsarazteko arraroak, behe-mailakoak eta akastunak garela. “Gizonen” eta “emakumeen” arteko fikziozko banaketa horretan gehien eragin duen diskurtsoetako bat medikuntzarena da, eta, hilekoaren kasuan, oraindik ere diskurtso nagusia izaten jarraitzen du. Hortik hasiko gara.
ZAKILAK ETA BAGINAK
Egia da gizakiak zakilarekin, baginarekin (edo bulbarekin, genitalen kanpoko eta ageriko zatiaz ari bagara) edo bi forma anatomiko horietako batek definitzen ez dituen sexu-organoekin jaio daitezkeela. Gorputzetan inskribatuta dagoen egia bakarra da bulba, bagina, obulutegiak eta umetokia dituzten batzuk, espermarekin elkarrekintza gertatzen bada, gizaki bat (edo batzuk) ernaldu eta erditu daitezkeela. Gaitasun hau, egia esan, nahiko aleatorioa da, biolinista-hatzekin edo gimnasia egiteko muskulatura trinkoarekin jaiotzea baino aleatorioagoa. Eta garatzeko kanpoko faktoreak behar dituzten ezaugarri fisiko horien antzera (biolin bat, klaseak, entrenamendua…), gaitasuna edukitzeak ez du esan nahi gauzatu nahi denik. Gerta daitekeen bezala, biolinista-hatzekin jaiotzen den neska batek sekula ez izatea biolin bat eskura, edo nahiago izatea nekazaritzan aritu, edo muskulatura trinkoa duenak ordenagailuak programatzen jardutea, ugaltzeko gaitasun potentziala izateak ez du esan nahi halakorik egin behar denik, nahiz eta gizartea horretan tematu.
Angela Sainik Inferior liburuan aipatzen duen moduan, aurreiritzi zientifiko batzuk jendarteratu izanak eraman gaitu sinestera gizonen eta emakumeen arteko bereizketa gorputzetan oinarritzen den zerbait dela. Lasaitasunez onartzen dugu, adibidez, xx kromosomak dituzten pertsonak baginarekin jaiotzen direla eta emakumeak direla, eta xy kromosomak dituztenak zakilarekin jaiotzen direla eta gizonak direla... Gaur egun jakin badakigun arren genetika zehaztapen bat baino gehiago iradokizun bat dela, termino horietan hitz egiten jarraitzen dugu, ausazko arrazoiengatik pertsona talde bat beste batetik bereizten duen egitura sozial bidegabe bat mantentzeko. Hala, badakigu patologikoak izan daitezkeen mutazio genetikoekin jaiotzen diren pertsona askok ez dituztela inoiz gaixotasunak garatzen (adibidez, brca geneen mutazioak bularreko minbiziaren kasuan), azken batean, pertsona bakoitzaren konformazioa ingurunearekin, kulturarekin, gizarte humano zein materialarekin duen interakzioak baldintzatzen duelako.
Are gehiago, ustezko genero-ezberdintasunen eta xy/xx kromosomen arteko loturak benetan frogatuta baleude bezala azaltzen zaizkigu, baina ez da hala. Biztanleriaren % 1,7-2 inguru intersexuala da, hau da, ez ditu gure gizarteak espero dituen organo genitalak, kromosoma-erreferentziak edo “dimorfismo sexual” deritzonaren bestelako ezaugarririk. Ehunekoak ez dirudi oso altua, baina kontuan hartzen badugu gutxi gorabehera ilegorri jaiotzen diren pertsonen ehuneko bera dela, agian ikuspegia aldatuko zaigu.
Pertsona intersexualak muturreko adibidea dira, gorputzen inguruko espektatiba zisheteropatriarkalekin bat ez datozenek jasaten duten muturreko indarkeria erakusten duena. Intersexualitateak deskribatzen ditu kromosomen, genitalen garapenaren edo “sexu” batekin edo bestearekin lotzen diren bestelako ezaugarrien ikuspegitik espektatibak betetzen ez dituzten pertsonak. Horietako askori ebakuntza “zuzentzaileak” egin zaizkie, hau da, gorputzeko atalen mutilazioak, haien baimenik gabe (horregatik ez da zehazki ezagutzen pertsona intersexualen ehunekoa, asko jaiotzean baimenik gabe “konpondu” direlako). Askok, gerora, beren gorputzekiko nahasmendua eta atxikimendu trastornoak garatzen dituzte, gizartea (alegia, gu guztiok) ez delako gai orain arte kontatu zaigun “normaltasunetik” kanpo dauden gorputzak dituzten pertsonak onartzeko, maitatzeko eta haiekin harremanak izateko. Normaltasun horrek indarkeria sortzen jarraitzen du egunero.
Bi kategoria horietan banatutako gorputzen ideia finkatzen jarraitzeko, sarritan entzuten dugu lehen eta bigarren mailako sexu-organoak daudela. Alegia, gure sexua ez duela baginak edo zakilak bakarrik zehazten, baizik eta ileak, bularrak, gorgoilak… Oinarrizko modu enpiriko batean, edonork ikus dezake emakume batzuek baino bular handiagoa duten gizonak daudela (eta utz dezagun alde batera bularra eman ezin dutela dioen argudioa: haurdun egon berria ez den emakume zis batek ere ezin baitu bularrik eman), eta baita gorputz osoan ile ugari duten emakumeak ere.
Hutsala dirudien diatriba honek, ordea, ondorio oso garrantzitsuak ditu, adibidez, “ile gehiegi” duten emakumeak gaixo gisa kontzeptualizatzea. Hirtsutismoa, hau da, emakumeen gorputzean ile “gehiegi” eta “banaketa maskulinoan” izatea, gure gizartean ez da giza aldaera natural gisa hartzen, baizik eta arazo “mediko” gisa. Alabaina, ile-falta buruan gertatzen denean, emakumeen kasuan tratamendua behar duen arazotzat hartzen da halaber. Arazo horiek guztiak, zalantzarik gabe, gorputzei buruz ditugun ideia obsesiboen ondorio dira. Inoiz ezin izan dut ulertu gure gizarteak emakumeen gorputzen aurka —eta azkenaldian baita gizonenen aurka ere— egiten duen ile-gerra. Jakina, bai ulertzen da marko kapitalista batean: gure gorputzarekiko asegabetasuna sortzen digute, gero eder eta onartuak sentiaraziko gaituen “sendabidea” saldu ahal izateko. Logika horretatik kanpo, zaila da ulertzen zer duen txarra emakume batek ilea izateak, edo nola neur daitekeen “gehiegizkotasuna”. Gainera, kontuan hartuta emakumeen % 8-10ek “hirtsutismoa pairatzen” dutela (hau da, ile ugari duten pertsonak direla), badirudi aldaera hori ez dela hain noizbehinkakoa. Ez al da izango patologikotzat hartzen ari garela batere patologikoa ez den zerbait? Ez al da izango gorputzak ikusteko gure moduak direla, berez, patologia?
Antzeko zerbait gertatzen da bularrak dituzten gizonekin. Gizakien beste aldaera baten moduan ikusi ordez, ginekomastia izenarekin patologizatzen da. Egia da badaudela, esaterako, gibeleko arazoetatik eratorritako aldaera batzuk, baina kasu gehienek ez dute inolako gaixotasun-aztarnarik. Hau da, ez dago patologia objektiborik, baina hala balitz bezala sailkatzen da ginekomastia (gizon batek bular handiak izatea, a ze arriskua!). Hala ere, “patologia larri” honen alderdirik interesgarriena haren prebalentzia egiaztatzea da. Ruth E. Johnson eta M. Hassan Murad ikertzaileen analisi zientifikoen arabera, jaioberrien % 60 eta % 90 artean ginekomastia du, nerabeen % 50 eta % 60 artean, eta berrogeita hamar eta hirurogeita bederatzi urte bitarteko gizonen % 70ak. Benetan gaixotasun baten aurrean gaude, edo gorputzek sartu nahi ditugun jantzi absurdoen kontra egiten duten une horietako baten aurrean?
Bi adibide hauek erakusten dute gorputzak diren bezala onartu ordez, presio sozial eta medikoen bidez egokitu nahi direla. Titietan ilea duen emakume batek segurtasun falta izango du, ziurrenik, beste pertsona baten aurrean biluztean. Berdin bular handiak dituen gizon batek. Zer eta gizartea tematuta dagoelako emakumeok ilea edo gizonek bularra izatea ez dela “normala” sinetsarazten. Edo, normala bada ere, gutxienez, ez dela “erakargarria”.
Duela denbora bat, Twitterren depilazioaren gaiari buruz aritu nintzen hizketan, gaur egun ere tabu izugarria dena Mendebaldeko emakumeen gorputzentzat[9], “erabaki librea” balitz bezala saltzen zaigun arren. Erabaki bat benetan librea izateko, aukera ezberdinak egon behar dira, eta bat edo beste hautatzeak ezin du ekarri irainik, gutxiespenik, lanetik kaleratzerik edo inolako diskriminaziorik. Depilazioaren kasuan, uste dut argi dagoela ez dela erabaki librea. Twitterreko hari horretan kontatu nuen ez depilatzearekin lotuta gertatu zaidan gauzarik positiboenetako bat izan zela neskato batek amari esan ziola nik “hankak bereak bezalakoak” nituela. Hau da, neskato baten hankak, gorputzeko hainbat ataletan nahi bezala jaiotzen diren ileekin. Nik neuk jakin gabe, posible zenaren erreferente bihurtu nintzen; izan ere, nire haurtzaroan ez nuen inoiz ezagutu depilatzen ez zen emakumerik. Eta hala ere, apur bat berezia naizelako, erabaki nuen hori egitea tontakeria bat zela, eta halako gauza zentzugabe eta mingarri batek —beste gauza batzuetarako behar nuen denbora kentzen zidanak— ez zuela helduarorako nire trantsizioa markatuko. Gorputzak ez du halako torturarik merezi. Twitterreko elkarrizketa hartan Iolanda Velosok hartu zuen parte, eta kontatu zuen berak depilatzeari utzi ziola semeak egun batean esan zuelako emakumeek ez zutela ilerik. Haur harentzat egia ukaezina zen: inoiz ez zuen ikusi hanketan, besapeetan edo genitalen inguruan ilerik zuen emakumerik, eta, beraz, ondorioztatu zuen emakume izateak ilegabea izatea esan nahi zuela.
Ileak gure espeziearen iragan biologikoarekin lotzen gaituzten hariak dira, eta nik beti pentsatu dut hor badaude zerbaitengatik dela. Adibidez, genitalen eremuan, infekzioetatik babesteko. Horretaz gain, kezkagarria egiten zait pornoak bulbaren soiltasuna haurtzarorako itzulera gisa popularizatzea, bost adingabetik bat sexu-erasoen biktima den gizarte batean (zifrak ofizialak dira Europar Batasunean). Badirudi desira maskulinoa etengabe bideratu nahi dela adingabeengana, eta, beraz, niretzat funtsezkoa da emakume helduok ez izatea horren konplize, halako ekintza txikiek ondorio larriak izan baititzakete.
Baina, ziurrenik, sexu-ezberdintasunaren “egia zientifiko absolutua” —eta hilekoarekin hain lotura estua duena— hormona mitikoen gaian kokatzen da (hirtsutismoaren ilea eta ginekomastiaren bularrak haiei egozten zaizkie, bidenabar esanda). Bai, gure nerabezaroa definitzen duen hitz hori bera, emakumeak emakume gisa definitzen dituena, gure existentzia markatzen duena. Baina, zer dira benetan menderakaitzak diruditen izate madarikatu horiek? Ikus dezagun.
HORMONAK GARA?
Duela denbora bat, generoari eta lanari buruzko ikastaro bat ematen ari nintzen emakume talde batzuekin, eta, besteak beste, gorputzaz ari ginen hizketan. Taldeko gizon bakarrak ireki zuen eztabaida, galdetuz ea hilekoak eraginik ba ote zuen emakumeen arrazoiketa gaitasunean. Hasieran, ezin sinetsita geratu nintzen: hilekoa gorputzaren prozesu fisiko bat da, digestioa edo glomerulu-iragazketa izan daitezkeen bezala. Digestioak eragiten al du lanerako edo erabakiak hartzeko gure gaitasunean? Ba… oso gutxitan, eta modu arinean, gaixo ez bagaude behintzat. Zergatik da hilekoa oraindik ere salbuespena? Pixka bat pentsatu nuen, eta konturatu nintzen “utz ezazu, hilekoa dauka eta” diskurtsoa guztiz beste zerbait bihurtua zela, eta garrantzitsua zela horri buruz sakonago hausnartzea.
Hilekoaz hitz egiten dugunean, ohikoena izaten da etengabe “zikloa” azaltzea, eta badirudi ziklo horrek ondo bereizitako faseak dituela: hilekoa bera —odoljarioa eragiten duen endometrioa askatzea—; fase folikularra, non folikulu bat hautatzen den obulua hartzeko eta estradiola aktibatzen den; obulazioa, estradiolaren eta hormona luteinizatzailearen eraginez obulua askatzen den unea; eta fase luteoa, non progesterona askatzearen ondorioz, gorputz luteoa hazi egiten den eta gero desagertu, hilekoari bide emateko. Baina, Erika Irusta hilekoaren aktibistak Yo menstrúo. Un manifiesto liburuan azaltzen duen bezala, kontua askoz konplexuagoa da. Adibidez, folikulu batek hiru hilabete inguru behar izaten ditu garatzeko, eta fase bakoitzean hormona askoren arteko elkarrekintza konplexuak gertatzen dira. Izan ere, giza gorputzean zerbait konplexua bada, horiek hormonak dira, eta haiei buruzko ikuspegi mugatu batek ondorio kaltegarriak izan ditzake gorputz guztientzat.
Ziklo menstrualari buruzko edozein azaleko irakurketatan aipatzen diren hormonek, patologiarik ez duten gorputz guztietan egoteaz gain, beste hormona askorekin elkarreragiten dute eta funtzio ugari betetzen dituzte. Adibidez, estrogenoen garrantzia hilekoaren ziklora mugatzeak ezkutatu egiten du haiek odol-hodien eta azalaren mantentzean, biriken funtzionamenduan edo koagulazioaren erregulazioan betetzen duten funtzioa. Mendebaldeko medikuntzak gorputzak hain zatika ikusteko duen joeraren ondorioz, askotan zuhaitzek ez digute basoa ikusten uzten.
Horri gehitu behar zaio, ikuspegi medikotik, hilekoa helburu jakin bat duen anomalia gisa aurkezten dela (ugalketa), eta ez —lehenago aipatu bezala— bizitzarako funtsezkoa den prozesu gisa. Aurkezten zaigu hormonak eta zikloak gorputz jakin batzuek bakarrik izaten dituztela pentsarazten duen anomalia gisa. Hain anormalak garela sinetsi da, ezen, denbora luzez —eta gaur egun ere jarraitzen du joera honek—, hilekoa duten gorputzak botiken ikerketetatik kanpo utzi baitira, “konplexuegia” dirudielako botikak gure hormonekiko interakzioan duen eragina baloratzea. Guztion harridurarako, badirudi menstruatzen ez duten gorputzen hormonek (hau da, gizonenek) ez dutela ezertan eragiten… eta, a ze kasualitatea, gorputz guztiek hormona berberak dituzte, hara hor! Logika horrek adierazten duen gauza bakarra da, lehen esan dudan bezala, gorputz “femeninoak” ereduzko gorputzen —“maskulinoen”— bertsio kaskartzat eta anomalotzat hartzen direla. Horrela bakarrik uler daiteke, hormonen aitzakia zentzugabe hori onartuko bagenu, horrek ez zuela eragozten entsegu klinikoetan hilekorik ez zuten emakumeak sartzea eta… hara, beste sorpresa bat: haiek ere kanpoan geratzen ziren. Horrek, bistakoa denez, era guztietako ondorioak ditu, izan ere, giza biztanleriaren erdia botiken eraginen azterketatik kanpo uzteak, ezagutza zientifiko partzial eta okerra eragiten du.
Beraz, berriro diot: gorputz guztiek hormona guztiak dituzte (salbuespen patologikoak alde batera utzita). Ez dago hormona maskulinorik eta femeninorik; hormonak daude, eta horietako batzuek pertsona bat umekia denean genital mota bat edo beste garatzera daramate —eta ez beti, pertsona intersexualen kasuan ikusi dugun bezala—. Hormona guztiak dira beharrezkoak gorputz guztientzat. Horiek gabe ez dago funtzio bitalik. Hormonak kausa askoren mezulari eta aktibistak dira. Organo ezberdinetan produzitzen dira, eta funtsezkoak dira bizitzarako —gure gorputzen tenperatura, gantzen xurgapena edo loaren zikloa erregulatzen dute—. Batzuk nahiko ondo ezagutzen ditugu; beste batzuk, oso gutxi. Dakiguna da hormona guztiek elkarri eragiten diotela eta, batez ere, ingurunearekin elkarreragiten dutela. Beraz, hormona jakin batek duen eraginari buruzko edozein baloraziok ez du zentzurik, baldin eta gorputz osoaren testuinguruan ulertzen ez bada eta estresa, loa, elikadura... bezalako faktoreekin duen elkarreragina kontuan hartzen ez bada. Eta faktore horiek guztiek, bidenabar esanda, lotura estua dute genero-diskriminazioarekin eta baldintza ekonomikoekin. Izan ere, emakumeok gizonok baino lan gehiago egiten dugu etxean, diskriminazioaren estresa pairatzen dugu —jaiotzen garenetik, bizitza pribatuan zein profesionalean, ergeltzat hartzen gaituztela abiapuntutzat hartuta—, sexu-indarkeriaren mehatxupean bizi gara, pobrezia-arrisku handiagoa dugu —eta, hortaz, zailtasun handiagoak ditugu kalefakziora, kalitatezko elikagaietara edo atsedena ahalbidetzen duten lanetara heltzeko—; nola ez dira, bada, gure hormonak apur bat aztoratuko? Gehitu diezaiogun orain horri diskriminazio-geruza gehiago, adibidez, arrazializazioa, trans izaera edo orientazio sexuala.
Ezagutza medikoa osatugabea eta okerra da, eta ez generoaren ikuspegitik bakarrik. “Arrazaren” ikuspegitik, alde batetik, beste latitude batzuetako emakumeak erabiltzen ditu esperimentuak egiteko —Depo-Proveraren kasuan, esaterako—; eta, bestetik, ez ditu aintzat hartzen emakume ez-zurien baldintza sozialak, ez gure gizarteetan ez Hegoaldekoetan; eta, batez ere, ez ditu kontuan hartzen haien ezagutzak, “ez-zientifikotzat” jotzen baititu, horiek aztertzea eta haien balioa aitortzea saihesteko.
80ko hamarkadan, Depo-Provera larruazalpeko partxe antisorgailu hormonala ekoizten zuen enpresak esperimentuak egin zituen Indiako hegoaldeko Andhra Pradesheko emakume pobre eta alfabetatugabeekin. Albo-ondorioak izugarriak izan ziren, eta malformazioak zituzten haur ugari jaio ziren, antisorgailuak ez baitzuen haurdunaldiaren aurkako babes eraginkorrik ematen; eta, haurdunaldia gertatzen zenean, emakumearen zein fetuaren osasunari kalte larriak eragiten zizkion. Horrez gain, emakume anemiko gehien dituen munduko herrialde horretan, botikaren albo-ondorio gisa gertatzen ziren odoljario bortitzek emakume askoren heriotza eragin zuen. Depo-Proveraren erabilerak eztabaida pizten du oraindik ere leku askotan, baina merkatutik erretiratu gabe jarraitzen du, hainbat herrialdetako emakume pobretuen giza eskubideen urraketa larria frogatu bada ere.
Gure kide transen kasuan ere, hormonen erabilera gatazkatsua izan daiteke onarpena lortzeko baldintza gisa inposatzen denean; eta hori, gizon transen kasuan, ohikoa da gure herrialdean, besteak beste, ezagutzen dugun diskurtsoari jarraituz, “femeninotzat” hartzen diren hormonak txarrak eta problematikoak direlako, eta “maskulinotzat” hartzen direnak, berriz, munduaren eta pertsonen balioa neurtzen dutelako, aurrerago ikusiko dugun bezala.
Pertsona trans batek tratamendu hormonal bat eskuratu nahi izatea, bere identitatean onartua izateko bide gisa, eskubide ukaezina da. Batez ere, kontuan hartuta pertsona zis garenok sortu dugula, bularrik edo gihar-masa garaturik izan ezean, pertsona bat emakume edo gizon gisa, hurrenez hurren, onartuko ez duen sistema hori. Funtsean, gu gara kide transak hormona sintetikoak hartzera bultzatzen ditugunak, eta garrantzitsua da argi esatea hormona horiek eta gorputzak modu naturalean sortzen dituenak ez direla gauza bera, albo-ondorioak dituztelako, barne-organoek ez baitituzte erraz prozesatzen.
Garrantzitsua da tratamendu hormonalek dakartzaten arriskuak ezagutzea (adibidez, menopausiaren prozesu batzuk kontrolatzeko ordezkapen-terapia hartzen duten emakume zisei ez zaie gomendatzen tratamendua bost urtetik gorako epean mantentzea, frogatu baita minbizi mota jakin batzuk izateko arriskua handitzen duela). Emakume zisek hormonazioarekin bizi dutenak erakusten du —aurrerago ikusiko dugun moduan— informazioa ez dela erraz iristen medikuntza-sistematik tratamendua jasotzen duen pertsonarengana. Pertsona batek gizartean jasaten duen diskriminazio-maila zenbat eta handiagoa izan, orduan eta urriagoa izaten da haren informaziorako irisgarritasuna. Testuinguru horretan, inoiz baino garrantzitsuagoa da erakunde medikoekin kritikoak izatea, baina, inondik inora ere ez, hormonatzen diren pertsonekin. Beren gorputzetan interbenitzea hautatzen duten pertsonen erabakiak, ia beti, genero batean onartuak izateko behar sozialetik igarotzen dira, eta aukera horiek guztiak pertsona zisetatik abiatzen den ideal batean oinarrituta daude. Pertsona zisek genero-eredu zorrotzak jarraitzeari uzten diogun egunean, pertsona trans askok ez dute hormonatzeko edo ebakuntzak egiteko premiarik sentituko beren gorputzekin bakean bizi ahal izateko[10].
EZJAKINTASUNAREN ONDORIOAK
Mendebaldeko medikuntzaren joera androzentriko, zisgenero eta arrazista kritikatzea garrantzitsua bada ere (eta hau kritikatzen dut bizi eta ezagutzen dudana delako; ziurrenik, munduko beste medikuntza batzuek ere generoari lotutako kritika ugari merezi dituzte), are garrantzitsuagoa da agerian uztea joera horien ondorio bat dela hilekoak jaso duen arreta zientifiko eskasa, eta horrek gorputz menstruatzaileetan duen eragina. Eta “arreta” esatean, ez naiz ari sindromeak eta ziklo-ereduak asmatzeari buruz. Orain arte hilekoaren odola inoiz aztertu ez izana eta halakoez ari naiz, Laura Veigak (@pingando.gal izenez ezaguna den aktibistak) bere gradu-amaierako lanean azaltzen duen moduan. Eta, hara, sorpresa!, odol horrek beste bide batzuetatik eskuratzen zailak diren zelula amak ditu, ingurumen-kutsadura adierazleak ematen ditu… eta hau hasiera besterik ez da. Beste arazo garrantzitsu bat da ezjakintasunak eragotzi egiten digula jakitea noiz den hilekoa gorputz batentzat normala eta noiz patologikoa. Erika Irustak oso argi azaltzen du hau: beherakoa dugunean, denok dakigu digestioan zerbait gaizki dabilela. Aldiz, nola jakin gure hilekoak patologia bat adierazten digun edo ez?
Beste behin, hasieratik hasi behar dugu: zein da gure gorputzean zerbait gaizki dabilenaren sintoma nagusia? mina. Minak esan nahi du arreta behar duen ezohiko zerbait gertatzen ari dela. Buruko mina dugu gaizki lo egin dugulako edo kontrakturak ditugulako; edo urdaileko mina, zerbaitek bihotzerrea eragin digulako. Gainerako gorputz-prozesuetan eztabaidaezina den logika hori alde batera uzten da hilekoaren kasuan. Wikipediak berak ere hilekoak mina eragiten duela dio!
Dakigun moduan gaua dantzan pasatzearen ondorio den buruko minak ez duela garrantzia berezirik, eta atsedenarekin, kurkumarekin edo analgesiko batekin sendatzen dela, baina hiru egunetan pasatzen ez zaigun buruko mina beste zerbaiten adierazle izan daitekeela, hilekoaren kasuan ere bereizten jakin beharko genuke zer diren molestia “normalak” (jasangarriak izateak ez du esan nahi normalak direnik) eta zein diren arazo baten adierazle. “Normala” esatean (a ze hitz itsusia!), adibidez, atseden faltak eragindako ondoez orokorretik eratorritako minez ari naiz —atsedena funtsezkoa baita hilekoa arazorik gabe gertatzeko—. Edo estresak eragindakoez, gorputz osoko muskuluak uzkurtzea eragiten baitu. Normala da gorputza “zerbait egiten ari dela” nabaritzea (obarioetako “molestiak” deitzen ditugun horiek, egiaz, umetokiaren uzkurdura arinak izan daitezke; eta gorputzeko beste ataletan tentsioa nabaritu dezakegun bezala nabaritu ditzakegu, tratamendurako arrazoi izan gabe), baina, une batean, sentsazio horri “mina” esaten hasten bagara, orduan gelditu egin behar dugu zer gertatzen den ikusteko.
Batzuetan, hilekoarekin lotutako molestiak endometrioa askatzeko sortzen diren koaguluak behar bezala kanporatu ezin direlako gertatzen dira. Horregatik, betidanik gomendatu izan zaigu beroa aplikatzea halako minei aurre egiteko, hodiak dilatatzen lagundu dezakeelako, edo koaguluak desegiten eta kanporatzen. Sexu-eszitazioak ere lagundu dezake zentzu horretan. Gainera, erabiltzen ditugun hilekoaren higienerako produktuetan ere pentsatu behar dugu. Koparen abantailetako bat da koaguluak pasatzen uzten duela, tanpoien kasuan, adibidez, ezin baitira askatasunez atera. Eta bistakoa da gorputzean trabatuta geratzen den edozerk ondoeza eragingo duela. Umetan inoiz belarrian edo sudurrean zerbait sartu bazenuen, badakizu zertaz ari naizen.
Orain, pentsa dezagun zenbatetan joaten garen hilekoaren minagatik osasun-zentroetara, eta, batez ere, zeinen kasu gutxi egiten diguten. Ohikoena da pilula antikontzeptiboa ematea (hau da, obulazioa deuseztatzen duten hormonak) eta etxera bidaltzea, kontuan hartu gabe endometriosia bezalako patologia larriak izan ditzakegula, zeinak batez beste 7 (zazpi!) urte behar izaten dituen diagnostikatzeko, soilik, gizarteak onartu egiten duelako hilekoa = mina dela.
Endometriosia menstruatzen duten pertsonen % 10i eragiten dion gaixotasuna da. Labur esanda, endometrioaren ehuna umetokitik kanpo hazten denean gertatzen da. Bat-batean barean birika zati bat haziko balitzaigu bezala. Hazkunde horiek, oro har, pelbisean eta obulutegietan gertatzen badira ere, gorputzeko beste edozein ataletara zabal daitezke. Endometriosia gaixotasun inflamatorioa da, milaka emakumeri sufrimendu eta min handia eragiten diona, eta gaur egun oraindik ez da haren jatorria zehazki ezagutzen (badakigu estrogenoen presentziak inflamazioa larriagotzen duela, baina ezer gutxi gehiago). Galizian querendo izeneko elkartea dago, informazioa eta laguntza eskaintzen dituena. Hilekoa minez bizi baduzu, informatu zaitez, jarri harremanetan inguruan dituzun elkarteekin eta bilatu laguntza mediko egokia.
Mina alde batera utzita, inork ez digu irakasten zerbait gaizki doan antzematen, salbu eta “erregulartasun” kontzeptuaren arabera ez bada. Pertsona baten zikloak ez badie kalkulatutako egunei jarraitzen, beti esan nahi du hori eragiten duen arrazoi patologiko bat dagoela? Edo ingurumenaren zein norbanakoaren aldakortasuna izan daiteke? Garrantzitsua da galdera hori beti egitea, eta ez onartzea espero denarekin bat egiten ez duen ziklo bat izateagatik gaixo gaudela (eta pilula eman behar digutela).
Hilekoaren odolaren koloreak ere adieraz dezake balizko anomaliaren bat; arazoa da oso gutxitan erreparatzen diogula, lehenbailehen desagerrarazteko esaten baitzaigu. Normalean gure odolak itxura jakin bat du eta bat-batean aldatu egin da? Jario gutxi genuen eta bat-batean asko? Ba al dago aldaketa horiek azaltzen dituen faktorerik, adibidez, oraindik hazten ari garela, bizilekua edo dieta aldatu dugula, edo berriki erditu garela…? Gure odolak kolore arrosakara hartzen badu edo oso likidoa bada, litekeena da estrogeno- edo nutriente-gabezia bat egotea. Oso lodia bada, desoreka hormonal larrien seinale izan daiteke. Marroi iluna bada, ordea, ez da berez kezkagarria: endometrioaren hondarrak izan daitezke, gorputzak kanporatzeko denbora gehiago behar izan duelako eta odola oxidatuz joan delako.
EMAN ZAKURRARI JANA,
ETA MUGITUKO DU BUZTANA
Honaino iritsita, galde genezake: medikuntzak beste arlo batzuetan etenik gabe aurrera egiten badu, nola liteke bizitzako uneren batean giza biztanleriaren erdiari eragiten dion fenomeno bati buruz hain informazio eta ezagutza urriak izatea? Dagoeneko aipatu ditugu zenbait auzi; izan ere, medikuntza ez da gizartetik kanpo existitzen, eta azken hau oinarrian maskulinotzat jotzen den gorputza lehenesten duten egituretan eraikia dago, femeninotzat jotzen direnentzat diskriminatzaileak diren ideiei eusten dien bitartean. Baina bada beste faktore bat ere, gorputzen aldakortasuna patologizatzeko interesarekin zerikusia duena, eta atsotitz honetan laburbildu daitekeena: “Eman zakurrari jana, eta mugituko du buztana”. Edo, bestela esanda, interes ekonomikoek eragin handia dute osasun arloan. Azkenean, badirudi hilekoaz hitz egiteak guztiari buruz hitz egitea eskatzen duela.
Oro har, badakigu osasun publikoa zenbat eta gehiago pribatizatu, orduan eta okerrago ibiliko garela, pertsonen ongizatea bilatzerakoan ez baikara oinarrizko irizpide batzuen menpe egongo, baizik eta dirua irabazteko helburuarekin saltzen dizkiguten produktuen menpe —ordaindu ditzakegunok behintzat; gainerakoak baztertuta geratuko baitira—. Behar ez ditugun bitaminetatik hasi eta alferrikako enpasteetaraino. Medikuntza kapitalarekin lotzen denean, denok galtzen dugu, ez baitugu nahikoa ezagutza proba bat beharrezkoa den ala ez jakiteko. Botere-egitura hori oso problematikoa da, batez ere emakumeontzat, ikusi dugun bezala, gizarte patriarkalak arrotzaren lekuan kokatzen baikaitu, gorputz subalternoen aldean, umetatik gutxiago eta tuntunago garela eta “arzalpenak” (edo mansplaining-ak) beharrezkoak ditugula erakusten zaigun horien aldean.
Medikuntzaren interes ekonomikoek beste alderdi batzuei ere eragiten diete, esaterako, zein patologia eta gairen ikerketan inbertitzen den eta zeinetan ez. Zalantzarik gabe, dirua duten bezeroak dauden horietan inbertitzen da, ez premia larrienak daudenetan. Testuinguru honetan bakarrik uler daiteke zergatik ez diren ikertzen heriotza masiboak eragiten dituzten malaria eta antzeko gaitzak, eta bai, adibidez, alopezia edo erekzio-disfuntzioa bezalako “arazo larriak”. Aldaketa klimatikoaren ondorioz anofele eltxoa (emea) Bayerren egoitzara iristen denean, ziurrenik orduan aurkituko dute gaixotasun horren sendabidea. Izan ere, COVID-19aren krisian argi geratu da hori. Koronabirusa Iparraldeko herrialdeetara iritsi bezain pronto hasi zen industria farmazeutikoa txertoaren bila, eta, horretarako, munduko beste latitude batzuetan nagusi diren beste gaixotasun batzuetarako beharrezkoak ziren proiektu guztiak geldiarazi zituzten.
Testuinguru horretan, industria farmazeutikoei interesatzen zaie hilekoa patologikoa den zerbait bezala ikustea, “bezero” kopurua izugarria baita. Hau da, hilekoa gaixotasun gisa eraikitzen bada, orduan “sendatu” beharra dago, eta horretarako beharrezkoak dira emakumeei eta osasun-sistemei inposatzen dizkieten sendagai espezifikoak. Elissa Stein eta Susan Kim hilekoaren aktibistek ezin hobeto azaltzen dute: hilekoarekin lotutako arazoren bat dugunean, txikiena izanda ere, pilula antikontzeptiboa eta analgesiko “espezifikoak” —eta segi dirua egiten! —. Eta, honaino iritsi garenez, agian une egokia da hainbeste aipatu dugun pilulaz hitz egiteko.
Pilula antikontzeptiboa, funtsean, estradiola eta progesterona dituen konprimitu bat da, obulua sortzea ekiditeko eta, beraz, ernalketa saihesteko. 70eko hamarkadako mendebaldeko emakume zurien mugimendu feministek askatasunerako urrats garrantzitsu baten moduan ospatu zuten pilula: jada ez ginen erditu behar, sexuaz askatasunez goza genezakeen! Zoritxarrez, denboraren poderioz, hasi gara azkenean gailu mediko honi buruz —gaur egun hormonak askatzen dituzten adabaki moduan ere saltzen dena— modu konplexuagoan pentsatzera garamatzaten ahotsak entzuten.
Lehenik eta behin, honaino iritsi bazara, argi geratuko zitzaizun obulazioa funtsezkoa dela hilekoa duten gorputzen osasunerako. Beraz, pilula arinkeriaz preskribatzen zaigunean obulazioa eteten duela esanez, ulertu behar dugu horrek gure organismoan eragiten duen alterazioa bortitza dela. Albo-ondorio ugariez gain —depresioa eta antsietatea, besteak beste—, eta zenbait minbizi-motarekin izan dezakeen lotura ziurgabeaz gain, pilulak berebiziko alterazioa eragiten du gure osasunean. Jakina bizi gaitezkeela obulatu gabe, giltzurrun bakarrarekin edo intsulina hartuz bizi gaitezkeen bezala; baina guztiz onartezina da hilekoarekin zerikusia duen edozein nahasmenduren aurrean, haren jatorria aztertu gabe, automatikoki pilula errezetatzea. Izan ere, egongo dira tratamendu hormonal honi erantzungo dioten nahasmendu batzuk —bere ondorioekin—, baina beste askotan ez du inolako onurarik ekarriko. Hortaz, gure gorputzean bonba bat sartzen ari gara, funtzio bital bat inhibitzen… ezertarako ez.
Garrantzitsua da gogoratzea pilula garatzen ari zirenean ez zela soilik emakumeentzako metodo antikontzeptibo gisa pentsatu. Gizonentzako pilula bat ere garatzen ari ziren, erabat bideragarria zena, baina ez zen merkaturatu, talde medikoek iritzi baitzuten gizonek ezingo zituztela tratamenduaren albo-ondorioak jasan… Albo-ondorio horiek, emakumeek jasaten zituztenen berdinak edo arinagoak ziren.
Halaber, pilula garatzean, garrantzitsutzat jo zen medikamentuaren hartualdien arteko tartean odoljario bat gertatzea, emakumeak “arrotz” senti ez zitezen. Emakume askok uste du pilularen ziklo baten eta hurrengoaren arteko odoljario hori hilekoa dela, baina ez da egia, hilekoa obulazio-prozesuaren ondorioz baino ez baita gertatzen. Sortzen den odol hori sendagaiaren makillajea da, nolabait esateko.
Gainera, premiazkoa da bigarren baieztapena ere birpentsatzea, pilulak emakumeei euren sexualitatearen gaineko kontrola ematen diela dioena. Argi dago pilulak aukera ematen diela emakume zis eta haurdun gera daitezkeen beste gorputzei haurdunalditik babesteko, hori eragin ohi duen beste aldea kontuan hartu gabe; baina, ez al da hori desberdinkeria baten adierazle? Bi pertsonek haurdunaldia eragin dezaketen sexu-harremanak badituzte, ez al da biena ardura? Ez al litzateke logikoa bi aldeek prebentzioan parte hartzea? Zergatik ezartzen zaio alde bakarrari erantzukizun osoa?
Azken batean, emakumeoi gure sexualitatearen gaineko benetako kontrola emango digun gauza bakarra da… heteropatriarkatuaren amaiera. Argi eta garbi. Izan ere, badakigu beste metodo antikontzeptibo batzuk ere badaudela, hori bada kontua, eta funtsezkoak direla, gainera, genital-transmisiozko gaixotasunak[11] saihesteko. Bai, preserbatiboaz edo kondoiaz ari gara. Zein da penetraziozko sexu-harremanetan haurdunaldiak eta gaixotasunen transmisioa saihesteko balio duen metodo konpleto eta kaltegabe (bi aldeetako inork latexari alergiarik ez badio, behintzat) honen arazoa? Bada, batez ere gizonezkoek erabili behar dutela. Horrek erakusten du emakumeen askatasun sexuala bermatzeko bide bakarra harreman parekideak izatea dela. Hala ez bada, emakume arrazializatuek eta “garapen-bidean” dauden herrialdeetakoek ohartarazi bezala, pilula aitzakia ezin hobea bihurtzen da hiesaren, klamidiosiaren, gonorrearen eta sifilisaren aurrean babesik ez izateko. Gizartean gizontzat hartzen direnei onartzen zaien arduragabekeria sexualak emakumeak babesgabe uzten ditu nahi gabeko haurdunaldien eta genital-transmisiozko gaixotasunen aurrean. Ikuspegi horretatik bakarrik uler daiteke preserbatiboaren erabilera sistematikoki baztertzen duten gizonen jarrera; zeina, inori hormona-alteraziorik ez eragiteaz gain, sexu-jostailu bikaina izan baitaiteke.
Depilazioarekin gertatzen zitzaidan bezala, oso gaztetatik izan nuen argi ez nuela neure burua botikekin galkatu nahi, eta, beraz, niretzat pilula ez zein inoiz aukera bat izan gizonekin izan nitzakeen sarketadun harremanetan, zeinak gure sexualitatea bizitzeko ditugun aukera ugarietako bat baino ez baitira (eta are gehiago nire kasuan, ez bainaiz heterosexuala). Hau esaten dut antisorgailu desberdinen artean hautatu ahal izateko pribilegiotik —hainbat arrazoirengatik ez baitago emakume guztien eskura—, baina baita nire gorputzetik bertatik abiatzen den etengabeko borroka pertsonaletik ere. Nire esperientzietan, gizonezkoek preserbatiboak arbuiatzea oso ohikoa izan da. Aitzakiak, berriz, ezagunak dira eta askotarikoak: ez omen dela hainbeste plazer sentitzen, “momentua” hausten duela… Azken finean, pentsatzen jarrita, ideia bakarrean laburbil daiteke: sexua gizonen plazer iturri, emakumeon plazeraren kontura. Zeren, nire kasuan behintzat, plazera seguru eta lasai sentitzeak ematen dit. Eta “momentua” benetan hausten didana da norbaitekin eztabaidan aritu behar izateak babesa erabil dezan. Askotan, badirudi ez dituztela gainditu Erdi Aroko gorte-maitasunaren aginduak, non dama batek beti egon behar duen atea zaintzen eta “ez, non eta...” esaten, gorputzaz lasai gozatu ordez. Niretzat, behintzat, jarrera hori guztiz ezinezkoa da. Presio hori eta plazerezkoa behar zuen egoera intimo batean etengabe borrokan ibili beharra izan ziren gizon zisekin oheratzeari uzteko nire arrazoi nagusiak. Azken esperientzietako batean (gizon horrekin azkena) sortu zen eztabaidan, hark esaten zidan logikoa zela emakumeok kondoiaren erabileran tematu behar izatea, azken finean gure ardura baitzen haurdun ez geratzea. Diskurtso horri biluzik (literalki) egin behar diogu aurre, eta pilulak, funtsean, larriagotu egiten du.
OSASUNA ETA PATOLOGIA
Eta Mendebaldeko sistema medikoaren eta honek hilekoaren arloan eragindako kalteen errepaso laburra amaitu aurretik, ezinbestean itzuli behar dut Elissa Stein eta Susan Kimen liburura, gogoeta egiteko zein neurritaraino izan den ohikoa medikuntza-sistemak ezer jakin nahi ez izatea menstruatzen duten gorputzei buruz, salbu eta botikaren bat emateko eta, ahal izanez gero, anestesiatuta uzteko. Haien moduan hasiko naiz: histeriari buruz hitz egiten. Ziur noizbait entzun duzula hitz hori; berez, “patologia” horren aitzakian asmatu ziren lehen kontsoladoreak (halaxe da). Mendeetan zehar, emakumeak ospitaleratzeko eta torturatzeko aitzakia izan zen, haien gaitz bakarra… emakume izatea zelarik, alferrikako objektu gisa tratatzen zituen gizarte batean. Histeria, gainera, Mendebaldeko kontzeptua da erabat, gero esportatu zena, emakumeak torturatzeak zekartzan etekinak itsasoz haraindiko herrialdeetara zabaldu gabe gera ez zitezen. Sintoma ofizialak ia amaigabeak ziren: funtsean, bizirik egotea. Eta egun, histeria medikuntzako liburuetatik desagertu zenetik hogeita bost urte baino gehiago igaro direnean, Mendebaldeko medikuntzak patologia berri bat asmatu du, harekin sintoma asko —ehun eta berrogeita hamar baino gehiago— konpartitzen dituena. Badakizu zein den?
Sindrome premenstruala
Eztabaidatzeko joera erakustetik hasi, beherakoa izan eta gerrialdeko mineraino, badirudi edozein bizi-zantzu izan daitekeela sindrome premenstrualak eragindakoa. Beste behin ere, badirudi gaixotasun bat asmatu behar dela guri botikak emateko aitzakia izateko; zeren, jakina, sindrome premenstruala patologia bat bada, sendabidea bilatu behar zaio.
Bitxia bada ere, Steinek eta Kimek dioten bezala, badirudi arazoa beste bat dela. Gaiaren muinera joateko, 1996an, Heather Nash eta Joan Chrisler ikerlariek sindrome premenstrualaren sintoma klasikoak aztertu zituzten gizon zisen artean eta… antza, haiek ere pairatzen zuten. Steinek eta Kimek adierazten duten moduan, agian, azken batean, auziaren muina da onartu nahi ez izatea gizakiok aldakorrak garela, eta ez “normaltasun” gisa saltzen zaigun eredu egonkor hori.
Ideia hori berretsi egiten da menopausiari erreparatuz gero, beti arazo gisa deskribatzen baita. “Pitopausiaz” txantxetan aritzen bagara ere, inoiz ez da adierazten gizonek ere, adinarekin, aldaketa fisiko garrantzitsuak izaten dituztela; sozialki onartzen delako gizonentzat zahartzea ez dela arazo. Haiek, besterik gabe, erakargarriago eta eskarmentu handiagoko bihurtzen dira. Zahartzea arazo bat da soilik femeninotzat hartzen diren gorputzentzat.
Orain arte ikusitako guztiak argi uzten du kontuz ibili behar dugula medikuntzak esaten digunarekin. Ezarritako diskurtsoen aurrean feminista gisa izan behar dugun mesfidantza sanoaz gain, nire kasuan badut beste elementu bat ere kontuan hartzekoa: hitzaldien interprete naizen aldetik, harreman estua dut medikuntzaren munduarekin. Arlo mediko ugaritako profesionalei beren espezialitateetako azken aurrerapenei buruz hitz egiten entzuteko zortea dut. Duela urte batzuk, zoru pelbikoari buruzko kongresu batean (gaia ezaguna zait, sarritan aritzen bainaiz horrelako hitzaldietan), zur eta lur utzi ninduen ondorio batera iritsi nintzen: bertan zeuden ginekologiako profesional gehienek aitortzen zuten ez zekitela zehazki zoru pelbikoak nola funtzionatzen duen, eta zenbait teoria sutsuki eztabaidatzen aritu ziren. Teknologia mediko sofistikatuen aro honetan —proba erradiologikoak, protoiak, endoskopiak, erresonantziak, ultrasoinuak—, badirudi zenbait barrunbe “femenino” oraindik ere misterio bat direla. Gero, ez da harritzekoa barrunbe horiek gizaki bat hartzeko eraldaketa izugarria abiatzen dutenean, are gutxiago ulertzea.
Indarkeria obstetrikoaren kontzeptuak emakumeen gorputzek haurdunaldian eta erditzean jasaten dituzten erasoak biltzen ditu, baina ez horiek bakarrik. Indarkeria obstetrikoa da, halaber, emakume bat hilekoarekin lotutako arazo batengatik osasun-arretara joaten denean, kasurik ez egitea eta tuntuna balitz bezala tratatzea.
Haurdunaldiari eta, bereziki, erditzeari dagokionez, badakigu Mendebaldeko medikuntzak —beste behin ere— prozesu hori gaixotasun gisa ulertzen duela, eta erdituko den emakumearen beharren gainetik jartzen duela pertsonal medikoaren erosotasuna. Erditze-gelako gorputz-jarrera bera da logika ororen kontrakoa. Gizateriaren historian zehar, emakume gehienak —eta, zorionez, askok hala egiten jarraitzen dute— kokoriko edo eserita erditu izan dira, grabitatearen indarrak haurra amaren gorputzetik ateratzen laguntzen duelako. xviii. mendetik aurrera, Europan “medikuaren” figura agertu zen (ezagutza, edo, hobe esanda, boterea zuen gizonarena), eta horren ondorioz emakumeak etzanda erditzera behartu zituzten. Dirudienez, erabaki horretan eragina izan zuen Frantziako Luis xvi.a erregeak bere seme-alaben amak erditzen ikusteko zuen fetitxismo bitxiak ere. Bi kasuetako edozeinetan, argi dago justifikazioa ez datorrela bat erditzen den emakumearen ongizatearekin. Eta ez bakarrik jarrera hori gorputzak eskatuko liokeenaren oso bestelakoa delako, baizik eta okerrena delako: muskulatura eta barne-organoak zanpatzea eragiten du, mina eta ahalegina areagotu… Azkenean, episiotomia gehiago, eta horiekin batera, gernu- eta gorotz-inkontinentziak. Episiotomia da bulbaren eta uzkiaren arteko eremuan ebaki bat egitea, emakumeak guztiz dilatatzea lortzen ez badu, ebaki horrek haurrari irteten lagundu diezaion. Arazoa da, kasu honetan, ebaki horrek —askotan ez dena egiten amak haurra kanporatzeko ezintasunagatik, baizik eta medikuen ezinegonagatik— forma zirkularra duten muskuluak (esfinterrak) ebakitzen dituela; eta, gero orbaindu arren, ezin izaten dira berriz behar bezala uzkurtu. Eta uzkurtzen ez badira, ezin dugu uzkia itxi; ondorioak azaldu beharrik ez dago. Hori guztia, inoiz beren gorputzetik izaki bizidun bat kanporatu behar izan ez duten jaun batzuen kapritxoaren ondorioz. Eta gaur egun ildo beretik jarraitzen dugu zesareekin; izan ere, erditze bat bere kabuz gertatzen denean artatzeak hautsi egiten du gure denbora-plangintza antolatua.
Osasun-afera problematiko honi beste elementu konplexuago bat gehitu behar zaio: instantzia medikoen eta “pazienteen” (bada arrazoirik izen hori izateko!) arteko botere-harremana. Medikuarengana goazenean, geure burua haren esku uzten dugu, eta horrek botere-harreman bat sortzen du, profesional onek bakarrik hausten dakitena.
Nola identifikatu mediku on bat:
— Gure egoera orokorraz arduratzen da eta konfiantzazko giroa sortzen du.
— Esaten dioguna entzuten du.
— Gertatzen zaiguna guk ulertzeko moduko hizkeraz azaltzen digu, ulertu arte. Gure hizkuntzan hitz egiten digu edo profesionalen laguntza bilatzen du horretarako.
— Tratamendu bat jarraitu nahi dugun ala ez erabakitzeko aukera ematen digu, eta hartutako erabakiak dituen inplikazioen berri ematen digu.
Lehen hormonei buruz aritu garenean, adibidez, neurgailua oso argia da: desorekaren bat baldin badugu, profesionalak azaldu beharko liguke zein ondorio izan ditzakeen, eta guk erabaki beharko genuke tratamendua nahi dugun edo ez. Esan nahi dudana da hormona bat “normaltzat” jotzen diren indizeetatik kanpo edukitzearen ondorioa (eta ikusi dugu “normal” hori bera ere eztabaidagarria dela) izterretan ilea izatea bada, eta hori saihesteko tratamenduak, berriz, depresioa bezalako albo-ondorioak izan baditzake, guk erabaki behar dugula pito bat inporta zaigun edo ez izterretan ilea edukitzea.
Gainera, osasuna kontzeptu politikoa da, aurrerago ikusiko dugun bezala. Ez da geneek eta elikadurak soilik baldintzatutako egoera bat, baizik eta baliabideetarako sarbidearekin, autoestimua sustatzen duen giro batean haztearekin, eta Mendelen analisi bat baino askoz konplexuagoak diren beste faktore askorekin zerikusia duena.
Hemezortzi edo hemeretzi urte nituela joan nintzen lehen aldiz ginekologiako kontsultara. Betidanik sinetsi izan dut osasun sistema publikoan, pertsonen ongizatearen eta bizitzaren inguruan interes ekonomikoak sortzearen gainetik. Gure testuinguruan ohikoa den moduan, familia-medikuarengana joan nintzen (konfiantzazko harreman bikaina nuen harekin), eta hark bideratu ninduen. Osasun publikoan eskainitako urtean behingo bi azterketa jasan nituen. Bietan, behi bat bezala sentitu nintzen, inbaditua eta batere errespeturik gabe tratatua. Azken bisitan, ginekologoak esan zidan “blablabla” bat neukala, gaiztotzeko arriskua zuen zerbait, eta itzultzeko sei hilabete igarotakoan. Behin eta berriz eskatu nion arren, ez zidan azaldu nahi izan zer zen. Nekez lortu nuen hark erabilitako hitza gogoratzea: “Displasia”. Oso kezkatuta, familia-medikuarengana joan nintzen, eta hark —bi minututan— azaldu zidan displasia ez dela kezkatzeko moduko ezer, baginako paretatik lagina hartzen digutenean, batzuetan zelulak modu naturalean mutatzen (hau da, berritzen) ari direlako ager daitezkeela alteratuak, eta ez duela zertan ezer txarrik esan nahi. Proba sei hilabetera errepikatzen da, zelulen mutazioa naturala den ala aldaketek jarraitzen duten egiaztatzeko; kasu horretan, tumore-prozesu patologiko batean sartuko ginateke. Ez naiz sekula gai izan ulertzeko zergatik, nire medikuak hain esaldi gutxitan azaldu ahal izan bazidan, ginekologoak ez zuen gauza bera egin. Handik atera, eta lagun bati galdetu nion zein ginekologorengana joaten zen, eta harrezkero, osasun publikotik kanpo joaten naizen kontsulta bakarra da. Ordaindu egin dezakedalako, eta hori ez da nolanahiko kontua. Ondorioz, konponbide horrek arazo oso zehatz bati ematen dio irtenbidea, baina ez arazoaren muinari.
Lehenago aipatu dudan bezala, pertsona bat osasuntsu egotea ez da kontzeptu finkoa. Izan ere, oraingoz gaixotasun larririk izan ez duen gorputz baten pribilegiotik ari naiz, elika daitekeen eta kirola egin dezakeen gorputz batetik, lan asko egin arren beharrezko atsedena har dezakeenetik. Baita ere haurtzaroan ez goserik, ez muturreko hotz edo berorik sufritu ez izanaren pribilegiotik; afektuz inguratuta bizitzearenetik, eta heldu izan aurretik muturreko sexu-indarkeriarik jasan ez duen gorputz batenetik. Baina baldintza horietako asko edozein unetan alda daitezke. Osasuna egoera aldakorra da beti. Edozeinek izan dezake istripu bat (ni, adibidez, auto batek harrapatu ninduen zortzi urte nituela, eta, zorionez, ondorio larririk izan ez dudan arren, esperientzia gogorra izan zen nire gorputzarentzat), trauma bat, pobrezia-egoeran amaitu, edo sekuelak utziko dizkigun, edo kronikoak izango diren, patologiak garatu. Horregatik da hain garrantzitsua kritikoak izatea eta guztiontzat irisgarria izango den osasun-sistema publiko bat exijitzea, non profesionalek baldintza duinetan lan egin ahal izango duten, behar dituzten baliabideekin eta genero-ikuspegiaren inguruko formakuntza egokiarekin. COVID-19aren krisiak argi utzi zigun —edo utzi beharko zukeen— zer garrantzitsua den osasun-sistema publiko, duin eta unibertsal bat mantentzea, langileei ordainsari duinak emanda, ordutegi eta atsedenaldi egokiekin, gainkargarik gabe eta baliabide nahikorekin. Pertsonen bizitzak horren baitan daude.
Gainera, beste espezialitate batzuen kontsultetan ez bezala, ginekologiak harreman erregularra eskatzen du, eta askotan intimoa, pribatua eta sentibera. Gure osasun-sistema antolatuta dagoen bezala, ginekologoarengana joaten garen bakoitzean profesional desberdin bat egokitu dakiguke, eta horrek gure osasunaren aurka doan loteria moduko batean kokatzen gaitu. Horri gehitzen badiogu, dirua aurrezteko helburu hutsez, emaginei edo erizainei agintzen zaiela jarraipen ginekologikoa eta azterketa orokorrak bi urtez behin egitea, bide txarretik goaz. Argi dago emaginak eta erizainak profesional bikainak direla, baina kuriosoa da bihotzeko probak egin behar ditugunean kardiologoarengana bidaltzen gaituztela, eta ez haren erizainarengana. Ikusi dugun bezala, baginak, umetokiak, obarioak eta bulbak tartean daudenean, badirudi dena “bigarren mailako” bihurtzen dela.
Vink CV et al. enpresak Herbehereetan ginekologia-kontsultara joaten ziren 1.254 emakumerekin egindako ikerketa baten arabera, sexu-abusuen biktima izan zirela adierazten zuten emakumeek hilekoaren nahasmendu gehiago zituzten halakorik jasan ez zutenek baino. Emaitza harrigarria ez bada ere (bortxaketa, guztiok izutzeko helburua duen krimen politikoa izateaz gain, trauma fisikoen jatorri ere badelako), badirudi inori ez zaiola bururatu korrelazio horretan pentsatzea. Zalantzarik gabe, konfiantzarik ematen ez digun ginekologo batengana joaten bagara, zaila izango da emakume askok izaten dituzten patologiekin hain lotuta dauden esperientzia horiek hitzez konpartitzea. Izan ere, ikuspegi horretatik, hilekoaren nahasmenduak pilula batekin “sendatu” ordez, profesionala bultzatu beharko lukete, konfiantzatik eta enpatiatik, parean duten pertsonaren sexu-erasoen historia bezalako espazio intimoak lantzera.
Badakigu Europar Batasuneko bost adingabetik bat sexu-erasoen biktima dela haurtzaroan. La Manadaren epaiarekin ikasi genuen, “Soilik bai da bai” deituriko legea indarrean sartu arte, “intimidazio fisikorik” ez zegoen kasuei abusu deitzen zitzaiela; eta haurtzaroko sexu-erasoen kasuan, ohikoak dira hertsadura eta xantaia emozionala, eta, beraz, intimidazioa erabiliz egindako erasoak baino zigor arinagoa jasotzen zuten ordura arte. Alegia, maila penalean, adingabe bat bortxatzea ez zen pertsona heldu bat bortxatzea bezain larria. Sutsuki kritikatu den lege-aldaketa horrek —testua irakurrita zaila da ulertzen zergatik— amaiera eman dio lehen “aringarritzat” hartzen ziren zenbait elementuren ondorioz zigorrak murrizteari. Orain, bortxatua adingabea izatea larrigarri bihurtu da, eta delitu horren errudun denari ezin zaio gutxieneko zigorrik ezarri.
Haurtzaroko sexu-erasoek eragiten dituzten ondorioak konplexuak dira. Kasu batzuetan, biktimek gertatutakoa ahazten dute biziraupenerako mekanismo gisa, baina ulertu ezin dituzten sentsazioak bizi ohi dituzte. Beste batzuetan, erasoa isilarazi egiten da, eta ezin da ez justiziarik ez erreparaziorik bilatu; are gutxiago kontuan hartzen badugu, modu guztiz ilogikoan (eta bortxaketaren kulturaren baitan), delitu horiek —askotan urte asko igaro ondoren salatzen direnak— preskribatu egiten dutela. Zorionez, Zigor Kodearen azken aldaketetan jasota geratu da sexu-delituak adingabe baten aurka egin badira, preskripzio-epea biktimak hogeita hamabost urte betetzen dituenean hasiko dela zenbatzen, edo, hil bada, heriotza-datatik aurrera. Ez da oraindik irtenbide guztiz egokia, baina gutxienez aukera ematen die haurtzaroan halakorik sufritu zutenei krimenak helduaroan salatzeko, erasotzaileak zigorrik gabe gera ez daitezen (edo, behintzat, horretan saiatzeko).
Panorama honekin guztiarekin, normala da menstruatzea izugarrikeria bat dela pentsatzea eta hileroko bisitari uko egin nahi izatea, baina norbaitek ideia hori birpentsatzea lortu badut, pozik nago. Edo ez! Argi baitago gorputz menstruatzaileak serio hartzen dituzten mediku gehiago behar ditugula, hezitzaile gehiago, gorputzei beren osotasunean erreparatuko dieten pertsona gehiago. Eta urrats batzuk ematen ari dira, bai, baina, hain zuzen ere, medikuntzak utzitako hutsune horietan niri pertsonalki problematikoak iruditzen zaizkidan beste itzal batzuk ere agertzen ari dira. Gorputzaren nolabaiteko esoterismoan oinarritutako “hilekoaren kulturarekiko” obsesioaz ari naiz, zeina, gainera, gorputz menstruatzailearen ezagutza aldarrikatzeko aitzakian, emakume izatearen ideia transfobo eta biologizista batzuetara itzultzen baita.
Hemen ere dirua eta interesak daude jokoan, eta zer esana ematen duten aplikazioak. Goazen bada.
ILBEHERA, ILGORA…
ILARGI GEHIEGI ERE EZ DA ONA!
Logikoa da gorputz femenino gisa izendatzen garenok patriarkatuak —eta hura gauzatzen duen medikuntzak— gure gorputzei inposatu dien isiltasunaren indarkeriatik askatu nahi izatea, baina, gauza guztietan bezala, gakoa da hori nola egin ulertzea. Denak ez du balio, eta ezin dugu pasatu hilekoari ez ikusiarena egitetik emakumeoi gertatzen zaigun gauza ororen azalpen totalizatzaile egitera: gure “indarraren” edo gure ahuleziaren oinarri bihurtzera, gure gaixotasunarena, egonkortasun mentalarena, produktibitatearena, sormenarena… gure bizitzaren muin, azken finean. Gehiegizkoa eman dezake agian, baina liburu hau idazteko irakurri nituen liburu ugarien artean, ez ziren gutxi hatz mamiak erre zizkidatenak “emakumeok” garen guztia hilekoaren bidez azaltzen duten ikuspegi horiengatik; gure esentzia primigenioena balitz bezala. Niri gustatzen zait pentsatzea, aurretik esan bezala, emakume izateak ez duela zerikusirik hilekoaren esentziarekin, eta gure gorputzak azalpen bakar horiek baino askoz konplexuagoak direla. Azken batean, diskurtso horiei “utz ezazu, hilekoa dauka eta” ikuspegi patriarkalaren antz handiegia hartzen diet. Eta horrek, kezka eragin behar digu.
Eta ez dut gaizki ulertzerik nahi: emakume edo gorputz menstruatzaile batzuei ezagutza hau askatzailea bazaie, bikain. Baina, berriro diot: gure diskurtsoaren ondorioetan pentsatu behar dugu beti. Horri buruz arituko naiz hurrengo ataletan.
HILEKOA IKUSARAZI
GORPUTZA DESAGERRARAZTEKO
Ikusi dugun bezala, hutsune eta mespretxu medikoaren aurrean, zenbait emakumeren alternatiba izan da garena hormona-dantzaren bidez esplikatzen duten azalpen erabatekoetan babestea. Bat-batean, hilekoaren zikloak gobernatzen du dena, denborak eta bizi-ardatzak markatzen. Aldartea, sormena, lanerako gaitasuna… Bat-batean, beren burua esplika dezakete, baita nor diren ere, soilik endometrio maitearen agurtze-prozesuaren bidez.
Ustezko gogo-aldarte horiek ziklikoki inoiz gertatu ez zaizkidala alde batera utzita —eta are gutxiago gertatu behar omen diren une zehatz horretan bertan—, niretzat arazoa da gorputzean gertatzen diren fenomeno guztiei azalpen totalizatzaile bat bilatu nahi izatea, gorputza bera, Anne Fausto-Sterling biologoak dioen moduan, eraikuntza sozial bat delako. Ikusi dugunez, “biologia” purua ez da existitzen, gure faktore fisiko guztiek ingurunearekin eta bestelako baldintzatzaileekin elkarreragiten dute.
Hilekoa, lehen adierazi dudan bezala, ez da hutsunean gertatzen. “Hilekoaren arazoak” eta ustezko aldarte-aldaketak ez daude soilik hormona jakin batzuen ekoizpenaren menpe, ikuspegi askoz zabalago batetik ulertu behar dira. Gure osasunaren eta bizitzan egoteko moduaren azalpen bakar gisa hilekoaren zikloa hartzeak eragiten du gorputzeko beste funtzio eta organo batzuei eta baldintzatzaile sozial askori ez erreparatzea. Ondorioz, patologia batzuk eta egiturazko desberdinkeriak ezkutuan gera daitezke, inork konponbiderik bilatu gabe.
Adibiderik muturrekoenean, ilargi-argiz eta yoni-arrautzez inguratutako aura batean geratzen dira; hau da, gure gorputza ulertzen eta bertan zoriontsuago izaten laguntzen ez duten mitoez inguratuta. Eta, bide batez, eta argi gera dadin, hilekoaren zikloaren jarraipen zabal batean oinarritutako azken ikerketa zientifikoek baieztatu dute ilargiak ez duela inolako zerikusirik ziklo menstrualarekin —nahiz eta, logika apur batekin, edonork hori ondoriozta dezakeen—. Izan ere, ilargiak emakumeon hilekoaren zikloak markatuko balitu, guztiok aldi berean izango genuke hilekoa, ezta? Azterketa zientifikorik gabe ere, edonork daki hori... ez dela gertatzen.
Nire kasuan, urrunago joan gabe, osasunak eta aldarteak askoz gehiago dute ikustekorik loarekin eta ariketa fisikoa egitearekin, beste edozerekin baino. Nire obulutegiak eta umetokia garrantzitsuak izan daitezke, baina ez nire giltzurrunak, birikak edo barea baino gehiago —ezta gutxiago ere—. Eta hori, kontuan hartu gabe gorputz guztietan badagoela ziklo bat, obulazioarena baino funtsezkoagoa, eta memorian, kinestesian eta, zer esanik ez, aldartean erabakigarriagoa dena: loaren zikloa.
Gero eta ikerketa gehiagok baieztatzen dute loaren zikloa erregulatzeak (hau da, gorputzak behar dituen lo-orduak egiteak, ordutegi egonkor batean oheratzeak eta esnatzeak, eguzkiaren argi-zikloa jarraitzeak) medikazioaren pareko eragina izan dezakeela zenbait nahasmenduren tratamenduan. Urrutira joan gabe, patologia psikiatriko batzuen tratamenduan gauza jakina da pertsona batek behar dituen lo-orduak erritmo egokian egiteak, ezin konta ahala albo-ondorio dituzten sendagaiak hartzearen parekoa izan daitekeela.
Era berean, gero eta froga gehiago dago ariketa fisikoak, testuinguru jakin batzuetan, medikazioak bezainbeste senda dezakeela, eta, jakina, eragin prebentiboa ere baduela. The Lancet aldizkari medikoan argitaratutako ikerketa berri baten arabera, astean hirutan bizikleta estatikoan berrogeita bost minutuz aritzeak Parkinsonaren hasierako sintomak geldiarazten laguntzen zien parte-hartzaileei, helburu hori duen medikazioarekin lortzen zen maila berean.
Gorputz-prozesu konplexuagoak estaltzeaz gain, nik “erredukzionista” deitzen diodan ikuspegi horren ondorioz, ez gara gai jatorri sozialeko prozesu konplexuagoak ulertzeko; izan ere, gorputzaz ari naizenean, ez naiz soilik haren materialtasun fisikoaz ari, baizik eta alderdi emozionalez eta psikologikoez ere. Gorputza desagertzen dela diodanean, esan nahi dut, halaber, bizitza hilekoaren bidez azaltzen duten diskurtso esoteriko horien eraginez, hilekoa duten pertsonek sarritan hormona-dantzei egozten dizkietela gogo-aldarte aldaketak, horiek eragiten dituzten benetako arrazoiei aurre egin ordez. Adibidez, obulatzen ari garenean zintzoago edo proaktiboago bihurtzen garela esateak, beste ezer baino gehiago adierazten du, agian, gure emozioak behar bezala plazaratzen uzten ez diguten baldintza sozialetan bizi garela. Egia esan, halako diskurtsoek nire Becerreáko amona ekartzen didate gogora, iritziak eta nahiak zuzenean adierazteko aukerarik gabe hazi zen emakume bat, eta, beraz, zeharka edo aitzakien bidez adierazten zituena. Horrela, meriendatu nahi zuela adierazteko, esaten zuen: “Maria, ez duzu kafe bat hartu nahiko?” (jakinda ez dudala kaferik hartzen), agindu zuzenik ez emateko hezi zutelako. Portaera horren adibiderik muturrekoena nire anaiak ile luzea zuen garaian izan zela uste dut; amonak ilea hainbeste ez ukitzeko esaten zion, “apainegia zarela pentsatuko dute eta”. Mezua agerikoa zen, baina mozorrotuta zetorren, zeren bera, hainbeste emakume bezala, sozializatu baitzuten nahi, pentsatzen edo behar zuena zuzenean ez esateko.
Oro har, emakume gisa kontzeptualizatutako pertsonei hira ez adierazten irakasten zaigu, eta hortik dator gure generokoen artean depresio-kasu gehiago egotea, ondoeza gizartera bideratu beharrean, eta arazo kolektiboei irtenbidea bilatzeko energia bihurtu beharrean, geure buruaren aurka bideratzen dugulako. Hira erreprimitzera behartzen gaituztenez, ez digute irakasten hura nola kanalizatu; horregatik, nerabezaroan neska askok ez dakite zer egin horrekin, eta jokabide oldarkorrak garatzen dituzte. Hori bai, beste neska batzuen kontra. Hira eta agresibitatea oso gauza ezberdinak dira. Hirak mugiarazten eta gauzak aldatzera bultzatzen gaituen bitartean —bidegabetzat jotzen ditugun egoeretatik sortzen delako—, agresibitatea nagusitasunetik abiatzen den erreakzioa da —ez justizia sentipenetik—. Era berean, ez da gauza bera agresiboa eta asertiboa izatea, eta emakumeon kasuan, berriz ere, nahastu egiten dira. Edo geure burua defenditzen eta gure gorputza erabiltzen jakitea, behar izanez gero, jotzeko, korrika egiteko edo eraso bat saihesteko.
Batzuetan, “berdintasunaren” diskurtsoaren baitan entzun izan dugu ez duela axola indarkeria gizon batek edo emakume batek gauzatzen duen, gaitzesgarria dela bi kasuetan. Baieztapen hau aztertzen hasten garenean, ordea, hainbat arazo agertzen dira. Lehenengoa da gure gizartean gizon eta emakume gisa kontzeptualizatutako pertsonak ez direla modu berean sozializatuak izan. Hau da, txikitatik, mutilei baimendu egiten zaie beren burua fisikoki adieraztea, “astakilo” izatea, gauzak apurtzea, lokatzetan sartzea. Haur-parke batean helduek neskekin eta mutilekin nola jokatzen duten aztertzen baduzu, laster ohartuko zara neskak berehala jasotzen dituztela, altxatzen, laguntzen… eta mutilei, aldiz, nahi dutena egiten uzten zaiela, inolako arazorik gabe. Horrek ondorioak ditu bai gure gorputzaren esperientzian, bai gizarteak batzuei eta besteei zer onartzen dien zehazteko orduan ere.
Mutilen agresibitatea ikuspegi positibo batez estalita dagoen faktore bat da. Ikusi besterik ez dago zenbat filmek irudikatzen dituzten heroi gisa biolentoak diren gizonak. Emakumeen kasuan, biolentzia beti aurkezten da anomalia gisa, eta guztiz gaitzesgarri.
Aspaldidanik egiten zait oso deigarria nire literatur lan batzuek (adibidez, O club da calceta) eragiten duten gaitzespena, iradokitzen dudanean emakumeok gure aurkako indarkeriaren aurrean indarkeriaz erantzun genezakeela. Erreakzioak, batez ere nesken artean, eskandalua eta gaitzespena izaten dira. Aldiz, inork gutxik pentsatzen du zenbat emakume eta neska anonimoren hilketak irakurtzen eta onartzen ditugun normaltasunez fikzio patriarkalean. Biolentzia horrek eskandalizatzen ez gaituen bitartean, estrukturala izaten jarraituko du, eta liburuetako orrialdeak zeharkatu eta gizartean integratuko da; baina alderantzizko norabidean ez da gauza bera gertatzen.
Garrantzitsua da gai horiek guztiak birpentsatzea, ez ustezko “berdintasun” batetik abiatuta, baizik eta gizarteak emakumeen eta gizonen inguruan eraikitzen dituen espektatiba eta egituratze desberdinetatik. Gizarteak maskulinitatea indarkeria erabiltzeko zilegitasunarekin eta feminitatea horren aurkakoarekin lotzeari uzten dion egunean, orduan bakarrik has gaitezke gai hauetaz beste modu batera hitz egiten.
Aldarte-aldaketak hormona kontuekin lotzen dituztenak entzutean, beti sortzen zait kezka bera, zenbateraino ez ote den estrategia bat, nire amonarenaren antzekoa, beste gauza batzuk estaltzeko. Hormonena ez ote den aitzakia bat, gutxienez hilero egun batzuetan nahigabea adierazi ahal izateko. Eta hor ere, hilekoaren ikuspegi hori guztiz desahalduntzailea iruditzen zait. Inork ez luke hormonetan ezkutatu beharra izan behar —bere buruari ere— aitortzeko ez dagoela daukan bizitzarekin gustura, eta kasu askotan motiboak ez direla indibidualak, kolektiboak baizik. Errua hilekoari leporatzen diogun bitartean, ahaztu egiten dugu ondoez horren benetako jatorria beste nonbait dagoela, eta bestelako analisi eta esku-hartzeak eskatzen dituela. Diskurtso mota horiek beti ekartzen didate gogora, ironiaz, lasaitzeko yoga egiteko gomendioak; ziur aski, ezer gutxitarako balioko baitu pertsona horren estresa sortu bada hilabete amaierara iritsiko ote den ez dakielako, egunak diru-sarrerarik gabe igarotzen zaizkiolako, edo indarkeriaz eta diskriminazioz inguratuta bizi delako. Ziurrenik, lasaigarriena litzateke oinarrizko premiei nola erantzun eta oinarrizko eskubideak nola gauzatu pentsatu behar ez izatea. Eta hori ez du yogak konpontzen.
HILEKOA IKUSARAZI
EMAKUMEA DESAGERRARAZTEKO
Hilekoaren interpretazio berriek —“indar femenino” gisa edo bizitzaren azalpen total gisa ulertzen dutenek—, kontraesankorra badirudi ere, azkenean, emakumeak ikusezin bihurtzen dituzte. Gure gorputzei buruzko ikuspegi erredukzionistaz gain, diskurtso mota horiek “emakume” bakar eta bateratu baten ideia eraikitzen laguntzen dute, eta hori zalantzan jarri beharko genuke beti.
Hasteko, eta modu nahiko agerikoan, hilekoa emakumeen “esentzia” edo “indar” gisa aurkezteak baztertu egiten ditu neska eta emakume menopausiko zisgeneroak, eta, jakina, emakume trans guztiak (hormonatzen badira, zikloak izan ditzakete…; badirudi gizon zisek ere izaten dituztela, baina inork ez ditu aztertu, noski). Baina hau ez da ondorio bakarra, hormona eta prozesu “maskulinoak” eta “femeninoak” daudelako ideia indartzean, kontzeptu bati eta besteari lotutako ideia patriarkalak berresten ditugulako. Marko horretan, estrogenoei eta progesteronari balioa eman nahi bazaie ere, beti gailentzen den beste hormona bat dago. Emakume zis gorputzek normaltasunez sortu arren, patologizatzen den hori: testosterona.
Caster Semenya abiadura-probetan lehiatzen den korrikalari hegoafrikarra da (batez ere 400 eta 800 metroetan) eta domina ugari irabazi ditu. Bere kasua oso adierazgarria da —nahiz eta, jakina, ez den bakarra—, erakusten baitu nola erabili ohi diren hormonak emakumeak hainbat esparrutan zigortzeko. Semenyaren kasuan, testosteronari ahalmen supersonikoak egozten. Horrela bakarrik uler daiteke Nazioarteko Atletismo Federazioak testosterona-mailak neurtzeko probak egitera behartu izana, eta ondorioztatzea maila horiek altuegiak zirela bera emakumetzat hartzeko (!) eta, beraz, lehiatzeko. Federazioak tematuta jarraitzen du, profesional gisa korrika egiten jarraitu nahi badu, bere testosterona mailak jaisteko medikazioa hartu beharko duela esaten; nahiz eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren 2023ko epaiak argi adierazi zuen diskriminazioa egon zela, eta urratu egin zirela Semenyaren pribatutasun-eskubidea eta babes juridiko eraginkorrerako eskubidea. Atletak borrokan jarraitzen du bere eskubideen alde, eta guztion ardura da diskurtsoa aldatzea, besteak beste, lanbiderik gabe uzten duelako, eta duintasuna zein bere lorpenen merezimenduak ukatzen dizkiolako. Ez da duina inor behartzea medikazioa hartzera bere gorputzak berez sortzen duen hormona bat murrizteko. Baina horretaz gain, testosteronak noiztik egiten ditu pertsonak azkarrago? Halako boterea balu, denok eskatuko genuke injekzio bat, edonora abiadura bizian iritsi eta goizetan ordubete gehiagoz ohean geratu ahal izateko. Ideia hori zentzugabea bezain iraingarria da. Eta patinaje artistikoa egiten duten gizonei, badaezpada, estrogenoak neurtuko dizkiete? Oxitozina? Inori ez litzaioke halako astakeriarik bururatuko.
Baina Semenya bezalako emakumeen kasuan, bai. Berak dioen bezala: “Azkarra naiz. Onar ezazue”.
Kirolaren establishment-a erabat arrazista eta patriarkala da. Horrela bakarrik uler daiteke oro har kirolean egiten den “sexuaren” araberako banaketa, eta sortzen diren arazoak —kasu honetan ikus dezakegun bezala— emakume batek “onegia” dela erakusten duenean (muga beti gizonaren azpitik egon behar da) berez “maskulinotzat” jotzen den edozein arlotan (alegia, indarrari, abiadurari edo antzekoei dagokien guztia). Lehen aipatu dugun bezala, emakume gisa kontzeptualizatutako gorputzek mendeak daramatzate kirola berez den horretatik kanporatuta; eta oraindik ere, behartzen gaituzte arropa absurdoak janztera, azpi-finantziazio testuinguruetan lan egitera, edo zuzenean lehiaketetatik kanpo geratzera (Pentsatu al duzu inoiz emakumeek ez dutela lekurik Frantziako Tourrean?[12] Urteak dira emakume txirrindulari afizionatuek lasterketa paralelo bat egiten dutela, kilometroak eta zailtasuna gehituz). Ez al da garaia azken batean indarkeria eragiten duten banaketa horiek berrikusteko? Ez al da garrantzitsua ulertzea “emakumezkoen” kirolak, sarritan, bere egitura propioak ezarri behar izan dituela, gizonek ez zietelako emakumeei lehiarako espazioetara sartzen uzten? Gomendatzen dizut Billie Jean King tenislariaren istorioa ezagutzea: Bobby Riggs matxistari jipoia emateaz gain, emakumeentzako tenis-federazio bat sortu zuen, “orokorrak” —hau da, gizonezkoenak— antolatzen zituen lehiaketetan emakumeei ez zietelako ordaintzen. Riggsen aurkako partida historikoa Battle of the Sexes filmean irudikatuta dago. King, gainera, aktibista lesbiana ezaguna da, bere kide Martina Navratilovarekin batera.
Indarkeria hauen guztien oinarrian gorputzen “sexu-desberdintasunaren”, sexismoaren eta arrazakeriaren kontzeptualizazioak daude; izan ere, Semenyaren kasuan eragin handia du haren gorputza —Serena Williamsenarekin gertatzen den bezala— bat ez etortzeak kirol-instantziek duten “emakumearen” irudiarekin, dama zuri finaren idealari estuki lotutako irudiarekin. Hori gutxi balitz bezala, Semenya lesbiana da eta bere bikotekidearekin ezkonduta dago, Violet Raseboyarekin —hau ere atleta—, eta horrek diskriminazio-geruza berri bat eransten du. 800 metroak minutu eta berrogeita hamabost segundo azpitik egiten dituen emakume bat, lesbianak ikusarazten laguntzen duena eta estatubatuarra ez den beltza izanik, bere kiroletik kanpo uzten dute… hormona batengatik. Benetan?
Baina, menstruatzen ez duten emakume zisak, emakume transak edo Semenyaren kasua bezalakoak alde batera utzita (ez dut intersexual deituko, bera emakumea delako, Atletismo Federazioak esaten duena esaten duela), halako ikuspegi mistikoek beste emakume asko ere bazter uzten dituzte, modu ez hain agerikoan bada ere. Izan ere, klasearen, arrazaren eta egoera sozialaren analisi azkar bat egiten badugu, berehala ohartuko gara halako ikuspegiak emakume talde oso zehatz bati zuzenduta daudela: emakume zuri, klase ertaineko eta Mendebaldekoei. Badirudi kapitalismoaren markoan emakume batzuek badutela beren hilekoaren zikloei buruz eztabaidatzeko espazioa, eta beste batzuek, ordea, ez. Lehenengoek hitzaldietan, aplikazioetan, ikastaroetan… inbertitu dezakete; bigarrenek ez dute denborarik, dirurik eta sarbiderik, eta, horretaz gain, diskurtsotik kanpo geratzen dira, askotan objektu izatera kondenatuta.
“TAMPAX NESKAREN”
KASU MISTERIOTSUA
Gero ikusiko ditugun hilekoaren higienerako gailuez hitz egiteko unea oraindik ez bada ere, uste dut garrantzitsua dela hilekoa emakumeen esentziatzat hartzen duten korronteek —beren existentzia justifikatzeko— erabiltzen dituzten irudi eta argudioetako batzuk orain argitzea. Lehenago aipatu ditudanez gain, bada bat bereziki harritzen nauena: “Tampax neskaren” tropoa. Askotan, korronte hauekin bat egiten duten kideek adierazten dute ez dugula “Tampax neska” hori izan nahi; alegia, hilekoa izan arren nahi duen guztia egin dezakeen neska hori. Iruzkin horri, maiz, gehitzen zaio emakumeen gorputzen ikuspegi hori —beti korrika egiteko, ondo pasatzeko edo igeri egiteko prest dagoena— esplotazio kapitalistaren parte dela. Ez naiz ni izango kapitalismoa sistema gisa defendatuko duena, baina zerbait kapitalista bada, hain zuzen ere, da emakumeei zeharka sinetsaraztea beren patua etxean geratzea dela, eta ez lan-indarraren parte izatea; sinetsaraztea delikatuak direla, atseden eta arreta bereziak behar dituztela. Gai honi xehetasun gehiagorekin helduko diot, benetan kezkatzen nauelako.
Sistema kapitalista kontsumoan, produkzioan eta baliabide zein gorputzen etengabeko ustiapenean oinarritzen den sistema bat da. Desioaren bidez ezartzen den sistema bat (gehiago izan nahi dugu, lan asko egin nahi dugu gero oporrak hartu ahal izateko, etab.). Baina aipatutako kideek ahaztu egiten dute sistema horrek ezin duela funtzionatu egindako lanagatik ordainik jasotzen ez duen langilerik gabe. Eta langile horiek, tradizioz, emakumeak izan dira; eta klase altuko edo ertaineko emakumeek ardura horiek (bazkaria prestatzea, zaintzako eta etxeko-lanak egitea) beste emakume batzuen gain utz ditzaketen arren (gure gizartean, askotan, migrante, arrazializatu edo landa-inguruko emakumeen gain), ardura horiek indarrean diraute guztiontzat. Nahikoa da ikustea emakumeek eta gizonek zenbat denbora ematen duten etxeko lanetan. Beste sistema ez-kapitalista batzuetan ere emakumeek hartzen dituzte lan horiek beren gain, baina kapitalismoan, lan horiek funtsezkoak dira sistemaren beraren funtzionamendurako.
Gure herrialdeetako kapitalismoan, beste erregimen batzuetan ez bezala, ez gaituzte modu aktiboan “behartzen” leku jakin hori hartzera —adibidez, lege esplizituen bidez—; aitzitik, sistema mutante bat elikatzeko behar diren desioak eta beharrak sortzen dituzte gure baitan (zerbait edukitzeko desioak eta beharrak, zerbait egitekoak), non enpresak etengabe hazi eta saldu nahian dabiltzan (bestela, zer zentzu du, adibidez, esneari omega 3 eransteak? Edo hondakin bihurtzen diren kafe-kapsulek, zer logika dute?).
Eta, batzuetan, diskurtso horrek forma bitxiak hartzen ditu, hilekoari gorazarre egiten dion hau adibidez, “Tampax nesken” aurkakoa. Izan ere, azter dezagun argudio hori: zer arazo dago pototan jartzen zaiguna egin nahi izatearekin, mugarik gabe mugitzearekin eta horretarako beharrezko higiene-gailuak edukitzearekin? Benetan itzuli nahi dugu emakume askok oraindik atzean utzi ez dituzten trapuen garaira? Ez dakit zer askapen mota izan daitekeen hori.
Gainera, nork dio emakumeek “atsedena behar” dutela hilekoarekin daudenean? Egiaz, gorputz askok behar dutena mugimendua da. Frogatuta dago jarduera fisikoak —askotan horretarako gogorik ez izan arren, besteak beste, duela gutxi arte hilekoaren higienerako produktu batzuk deserosoak zirelako— hilekoarekin lotutako ondoeza arintzen laguntzen duela. Ez da harritzekoa, mugitzen garenean zirkulazioa hobetzen delako eta endorfinak askatzen direlako. Beharbada, hilekoak iraun bitartean “atseden hartu” eta geure burua “zaindu” behar dugula dioen diskurtsoak ez du zerikusirik manta batean bilduta sofan txokolatea jatearekin —hainbestetan azpimarratu diguten bezala—, baizik eta mugitzearekin.
Baina jo dezagun orain “Tampax neskari” egindako kritikaren muinera, kapitalismoak beti aktibo nahi gaituela dioen horretara. Bitxia da gizonei inoiz ez irakastea kapitalismoa zein kaltegarria izan daitekeen haiek sozialki desaktibatzeko. Zeren, badirudi mezu hori emakumeengana bakarrik iritsi dela, eta horrek oso susmagarri egiten du. Gure gorputza zaintzeko argudioaren bidez (kontuz: spa, edertasun-tratamendu eta aldaketa erradikalen diskurtso bera da hori), azkenean lan-merkatura sartzeko eta benetan eraldatu beharko genukeen boterea eskuratzeko aukeratik kanpo uzten gaituzte. Botere horrek bere horretan dirau gizonen eskuetan, guk intsentsua pizten eta gure zikloei buruz eztabaidatzen dugun bitartean. Gauza bera gertatzen da amatasunarekin ere, espazio askotan errebeldia gisa saltzen baita —bizitzaz arduratzea kapitalaz arduratzearen aurrean—, ahaztuta, zaintzan jarduteko lan-merkatuari uko egiten dioten emakumeek jasaten dituzten zaurgarritasun ekonomikoa eta erantzukizunen gainkarga. Arrazoiketa hauek onargarriak izango dira gizonek zuzendaritza-lanpostuak alde batera uzten dituztenean —kapitalismoak soldata handien truke, erabakitzeko boterearen eta beren gorputzaren beharrei erantzuteko denbora librearen truke esplotatzen dituen horiek—. Ordura arte, zaila da gauza kapitalistagorik irudikatzea.
Hain zuzen, kapitalismoak batez ere emakumeen gorputzak esplotatzen ditu: lan prekarioetan, lanaldi bikoitz eta hirukoitzetan, sexu-esplotazioan eta lan domestikoan… Baina esplotazio hori ez da konpontzen ustezko ziklo hormonal batzuk mistifikatuz, baizik eta lan-eskubideen inguruko eztabaidetan parte hartuz, munstroaren sustraien aurka jardunez eta kapitalismoak sortzen dituen desirak eraldatuz, eta beste berri batzuk formulatuz. Zeren bai, denok dugu eskubidea “Tampax neska” izateko (edo, are hobeto, kopa neska), eta hilekoa dugunean igeri egitera joateko; hilekoa ez baita ohean etzanda egotera kondenatzen gaituen gaitza —horren lekuko dira gure aurretik egon diren emakumeak, Hegoaldeko kideak eta gure inguruko beste asko—. Kulturak, matxismoak eta kapitalismoak hilekoa erabiltzen dute emakumeok desaktibatzeko edo gure ahalmen ekonomikoaz baliatzeko —honi aurrerago helduko diogu—. Eta “Tampax neskaren” diskurtso hau, makurragoa eta hain agerikoa ez denez, oso arriskutsua iruditzen zait.
GURE BESTEAK
WELLNESS-ERAKO ERABILTZEA
Amaitzeko, hilekoa esentzia femenino gisa goresten duten diskurtso hauetan guztietan, badago niretzat erabat arbuiagarria den alderdi bat: beste latitude batzuetako ezagutzaren apropiazioa. Gauza bat da emakumeok eta disidente sexualok gure gorputzei buruz dakiguna (“amonen ezagutza” esaten diogun hori, askotan sendabide naturalei, gorputzaren funtzionamenduari edo gure hurbileko testuinguruarekiko interakzioari lotutako ikaskuntzak direnak) modu lokalizatu eta kritiko batean berreskuratzea —hau da, gure ingurukoengana joz eta beste ikuspegi eta optika batzuen iragazkitik pasatuz—; eta beste gauza bat da, handik eta hemendik ustez antzinakoak diren sasi-ezagutza batzuk hartzen hastea, ezagutzen, ulertzen eta errespetatzen ez ditugun lekuetatik. Ia ezinezkoa da halako zirkuituetan hitz egiten ez entzutea chiari, txakrei, yoniei eta emakume askok bizi dituzten espazio errealetan proiektatutako gainerako fantasiei buruz. Emakume horiek, eta haien ezagutzak zein eskarmentua, ez dira batere interesgarriak (nahikoa da liburu edo webgune horietako edozein begiratzea konturatzeko zenbat emakume ez-zuri eta ez-mendebaldar ageri diren). Eta argi dago gauza garrantzitsuak ikas genitzakeela; esaterako, landareetan oinarritutako erremedioekin hilekoaren mina arintzeko moduak, zeinak, homeopatiatik urrun, ikuspegi intersubjektibo batetik aski egiaztatuak baitaude.
Kurkuma
1994az geroztik, nire jaioterriko kulturatik kanpo igaro da nire bizitza. Denbora eta bizitza konpartitzen ditut Indiako hegoaldeko kulturekin, bereziki Tamil Nadukoarekin, eta, zehazki, herrialde erraldoi horretako emakume eta aktibista feministekin. Hiri- zein landa-auzoetako emakumeekin bizi nintzenean, ikusten nuen kurkuma-pasta moduko bat erabiltzen zutela aurpegian eta gorputzean emateko. Banekien sabelean jartzen zituzten enplastuak hilekoaren mina arintzeko zirela, eta aurpegian emandakoa, berriz, aknea tratatzeko eta eguzkiaren aurrean babesle moduan erabiltzeko. Ez nion garrantzi handirik eman ezagutza hari, harik eta askoz geroago Filipinetako kideekin lan egitera joan nintzen arte, eta han, nekazaritza ekologikoan ziharduen erakunde batean, kurkumaren propietate analgesiko eta antiinflamatorioei buruz hitz egiten hasi zitzaizkidan arte.
Ni, menditar petoa izaki, mesfidatia izaten naiz; beraz, baiezkoa egin nuen buruaz eta ez nion gaiari aparteko arretarik eskaini. Baina, une hartan, nire etengabeko lepoko arazoentzako irtenbideren baten bila nenbilen: buruko mina eragiten zidaten, eta sarritan erabat ahituta uzten ninduten. Bidaiak, ordenagailuko lana eta tentsioa lepoan pilatzen zitzaizkidan, benetan jasanezina zitzaidan mina eragiteraino. Aldi berean, aspaldidanik nekien sortzetiko malformazioa nuela giltzurrunetan, eta analgesiko eta antiinflamatorioek giltzurrun-gutxiegitasuna eragin ziezadaketela. Bidegurutze horretan, kurkumari aukera bat ematea erabaki nuen. Minaren minez eserita egoteko gauza ez nintzen egun batean, tea prestatu eta koilarakadatxo bat kurkuma gehitu nion. Sofan etzan nintzen, eta hamar minuturen buruan, zalantzarik gabe, eragina nabaritu nuen. Egun osoa eman nuen kurkuma hartzen eta hari buruz ikertzen.
Kontua da kurkumaren propietateak metodo intersubjektibo deritzonaren bidez frogatuta daudela, hau da, hainbat zirkunstantzia eta egoeratan erreproduzitu eta interpreta daitezkeen proba batzuetatik abiatuta, baina kontuan hartuta, halaber, “objektibitatea” ez dela existitzen, eta ezagutza medikoa eta zientifikoa aztergaiaren eta hura aztertzen duenaren arteko interakzioan sortzen dela, pertsonaren eta gizartearen eta kulturaren arteko interakzioan.
Garrantzitsua da ezagutza tradizionalak ez baztertzea eta probatzea, bizia salba diezaguketelako. Kasu askotan, halako erremedioak ez dira “sendagarriak” zentzu hertsian —ez dute, esaterako, bakterio bat hiltzen—, baina bai prebentiboak edo aringarriak, eta hori da, hain zuzen ere, askotan behar duguna. Ezagutza intersubjektiboa ezagutza kolektiboa da, eta den moduan errespetatu behar da.
Gaur egun, kurkumari esker, oso gutxitan hartu behar izaten ditut analgesiko edo antiinflamatorio farmazeutikoak. Horrekin, bidaietan eramaten dudan burko berezi batekin eta boxeoarekin, nahikoa izan dut produktu kimikoak neurri handi batean alde batera uzteko.
Azkenean, garbi dago halako ikuspegiek ez digutela ikusgarriagoak izaten laguntzen; aitzitik, bestearen tokian kokatzen gaituzte, erdigunea eta periferiak sortzen dituen sistema hautsi ordez. Horri guztiari, gainera, negozio-interes sendo bat gehitu behar zaio, adibidez, datuak biltzeagatik eta helburu komertzialekin saltzeagatik ezagun egin diren hilekoaren jarraipenerako aplikazioak. Testuinguru medikotik kanpo, behar ditugu hilekoaren zikloa idealizatuko ez duten aktibistak, gure gorputzak espazio politiko gisa lantzen lagunduko digutenak, eta ilargiaren mitologia berrietan eroriko ez diren ezagutzak zabalduko dituztenak.
Garrantzitsua da onartzea, badagoela gorputzen ezagutza lehen aipatutako ezagutza “zientifikotik” haratago; baina esperientzia kontrastatua izan behar da, une oro ikuspegi kritiko batetik kontsideratua. Medikuntzak huts egin digulako, orain ez gara itzuliko “emakume” kontzeptua bera —kontzeptu bateratu eta bigarren mailako gisa— sortzeko giltzarri izan diren sinesmenetara.
Emakumeok defendatzen badugu gure aldartea hilekoaren hormonengatik aldatzen dela, eta hori “normala” dela, zaila izango da gero gehiago ikertzeko exijitzea, normaltasuna ez baita ikertzen. Era berean, berriz ere eroriko gara kolektiboa norbanakoaren ikuspegitik ikusten duen diskurtso neoliberalean. Alegia, bakoitza bere zikloarekin eta gure artean hitz eginez, baina kontuan hartu gabe eztabaida horietan parte hartzen dugunon arraza, gizarte-klasea eta jatorria, ezta gure inguruko baldintzatzaileak eta gure erabakiek hilekorik ez duten pertsonengan izan ditzaketen ondorioak ere.
GORPUTZ OSASUNTSUAK,
GORPUTZ MENSTRUATZAILEAK
Analisi hau guztia egin ondoren, uste dut garrantzitsuena ideia honetatik abiatzea dela: adinari hala dagokionean hilekoa izateak gure gorputzak ondo funtzionatzen duela adierazten du. Hala ulertu ordez, geure burua prestatzen dugu hilekoa zerbait zikina, ikaragarria eta patologikoa dela sinesteko.
Gure gorputzari entzun behar diogu, eta ulertu ez dela ziklo bereizi batzuetara mugatzen, osotasun organiko bat dela. Halaber, ulertu behar dugu atsedena, loa, ariketa fisikoa, elikadura… arlo publikoan landu beharreko lehentasun izan behar direla. Ez da aski esatea lo gehiago egin behar dugula; bizi-baldintza egokiak sortzeko lan egin behar da, non —ekonomialari feministek dioten bezala— bizitza jarriko den erdigunean, eta ez kapitala. Non pertsona guztiek izango duten beren gorputza eta osasuna zaintzeko eskubidea.
Berdinen oinarrizko errenta gizarte-mugimenduek garatu duten tresna da, estatuei exijitzeko pertsona guztiek bizitza duin baterako aukera izan dezaten. Coiako (Vigo) Eskubide Sozialen Bulegoak honela definitzen du kontzeptua: “Herritar bakoitzak jaiotzaz duen eskubidea da, bere beharrizan materialak asetzeko aldizkako kopuru bat jasotzekoa”. Eta gaineratzen du: “oeak indibiduala izan behar du (ez familiarra); unibertsala (ez-kontributiboa eta guztientzat); baldintzarik gabea (diru-sarreren mailatik eta lan-merkatutik askea); zenbatekoak, gutxienez, pobreziaren atalasearen parekoa izan behar du, eta pertsona guztiek kopuru bera jaso behar dute”. Hau da pertsonok gure gorputza zaintzeko eskubidea izatea berma lezakeen tresnetako bat.
COVID-19aren krisiaren ondorioz, Espainiako Estatuko gobernuak errenta horren bertsio mugatu bat ezarri zuen: bizitzeko gutxieneko diru-sarrera. Lehen urratsa izan da, baina ez da nahikoa.
Gai hau behar bezala jorratzen ez badugu, nire ginekologoaren konponbidean geratuko gara: dirua duenak bizi-baldintza hobeak eskuratu ahal izango ditu, eta gainerakoek lan prekarioetan jarraitu beharko dute, gorputza zigortzen eta hileko mingarriak jasaten.
Era berean, ezinbestekoa da medikuntzak gorputzen aniztasuna eta konplexutasuna kontuan hartzea. Osasun-sistemak pertsonen alde egin behar du lan, eta ezin dugu onartu haren desegitea; alderantziz, hobetzea exijitu behar dugu, eta emakume ziz zein gainerako gorputz menstruatzaileen aurka egin diren bidegabekeriak zuzentzea. Ikerketa gehiago behar da, alferrikako sendagai gutxiago eta, batez ere, enpatia eta interes handiagoa. Hilekoaren mina tratatzeko orduan, ezinbestekoa da sexu-erasoen gisako faktoreak kontuan hartzea; baina hori ezinezkoa da konfiantzarik gabe eta diziplina anitzen arteko lankidetzarik gabe.
Osasun publikoa defendatzeko ekimenen berri izan eta parte har dezakezu. Galizian, esaterako, SOS Sanidade Pública dugu, eta ziur zure inguruan ere badaudela antzeko mugimenduak.
Minik gabeko gorputz menstruatzaileak nahi ditugu, justizian oinarritutako osasunaren adierazle. Gorputz menstruatzaileak (jada) menstruatzen ez dutenekin elkartuta. Oxala, hemendik aurrera, hilekoak inoiz minik ematen badizu, min horren jatorri fisikoa, baina batez ere soziala, eraldatzeko akuilu gisa hartuko bazenu. Ez baitzara bakarrik egongo, beste asko izango dituzu inguruan, hilekoaren esanahia birformulatu nahian dabiltzanak. Izan ere, hilekoa ezin da jasankizuna izan, bizirik gaudela gogorarazten digun seinale baizik; esaten diguna gure gorputzak behar duen zaintza eta arreta kolektiboki egindako lanetik baino ezin dugula jaso.
[9] Garrantzitsua da gogoratzea munduko toki askotan pertsonek ez dutela normalean ilerik izaten besoetan. Izan ere, Filipinetan eta Ameriketako leku askotan hori zen espainiar inbaditzaileak ezagutzeko modua. Zeinak laster bihurtu ziren menperatzaile, eta ondorioz, gorputzean ilea izatea estatus-ikur bilakatu zen, klase dominatzailearekin antzekotasuna erakusten zuelako. Filipinetako lagun batek kontatu zidan hori, Manilako igerileku batera joan ginen batean, azaldu nahi zidalako jendeak ez zidala begiratzen depilatu gabe nindoalako, baizik eta ilea izatea miresten zuelako. Era batera edo bestera, badirudi ez naizela ileetatik libratzen.
[10] Ezinbestekoa da gogoratzea pertsona trans batek ez duela zertan hormonatu edo ebakuntzarik egin bere generoa uler dezagun; ez ditu zertan ikuspegi zisgenerotik emakume edo gizon izateko ditugun espektatibak bete. Horregatik jotzen dugu indarkeriatzat erakunde medikoek pertsonak hormonatzera behartzea (bai, behartzea), beren izena eta genero-identitatea dokumentu ofizialetan zuzendu ahal izateko. Kontatzen ari naizen hori Espainiako Estatuan gertatzen zen, 2023an indarrean jarri zen pertsona transen berdintasun erreal eta efektiborako eta lgtbi pertsonen eskubideak bermatzeko legea onartu arte.
[11] Termino hau erabiltzen dut, ohikoagoa den “sexu-transmisiozko gaixotasun” edo “stg” adieraren ordez, Noelida Darriba nire lagun eta aktibistaren gomendioari jarraituz; hark azaldu bezala, sexuaren eta gaixotasunaren arteko lotura egitea problematikoa baita. Sexuari buruz geroago hitz egingo dugu, baina aurreratu dezagun sexua bera ez dela ezer negatiboa, eta, beraz, ez dela gaixotasunen iturburua; gaixotasuna eragiten duena babesik gabeko kontaktu genitala da (edo genitalen eta gorputzeko beste atal batzuen arteko kontaktua).
[12] Emakumeen Frantziako Tourra atzera martxan jarri aurretik argitaratu zen liburua; nolanahi ere, ez da gizonezkoen Frantziako Tourraren parekoa.