Basatiak
Basatiak
2026, saiakera
168 orrialde
978-84-19570-56-7
editorea: Jule Goikoetxea
María Reimóndez
1975, Lugo
 
Basatiak
2026, saiakera
168 orrialde
978-84-19570-56-7
aurkibidea
 

 

4.
Basatiak

 

      Duela gutxi, Ponteareasetik hurbil bizi diren lagun batzuen etxean nengoen, txerri-hilketa garaia zen. Haien auzokidea —amarekin bizi den nire adineko emakume bat— kontatzen ari zen bezperan hil zutela txerria. Baina, barre artean, azaldu zuen egun hartan zereginetatik libre zegoela amaren aginduz, hilekoa edukita ezin zuelako okelarik ukitu. Berak, lan gogor hartatik libratzeko aukera paregabeari heldu, eta ez zion amari kontra egin.

      Ziurrenik, behin baino gehiagotan, daukagun adina daukagula, entzungo genuen hilekoarekin egin daitezkeen edo ez daitezkeen gauzei buruzko sinesmenen bat. Zerrenda oso luzea da, eta askotariko moduetan existitzen da kultura guztietan. Nire kasuan, ohikoenak hauek ziren: landareak ez ureztatzea edo ukitzea, hil egingo zirelako; eta maionesa ez egitea, moztu egiten zelako. Zorionez, ez nintzen hazi sineskeriazkoa edo erlijiosoa zen giro batean, eta, beraz, kontua nahiko mugatua geratu zen.

 

Zer motatako sineskeriak entzun dituzu hilekoari buruz?
Nondik datozela eta zer helburu dutela iruditzen zaizu?

 

      Honaino heldu bazara, seguruenik jada ohartuko zinen uste horiek guztiek aurreko kapituluetan jorratu ditugun, eta inolako oinarririk ez duten, gaiekin dutela zerikusia. Hilekoa izateak, berez, ez du ezer egitea eragozten.

      Alabaina, patriarkatuak mito batzuk garatu ditu —zenbait garai eta lekutan hilekoaren higienerako produktu faltaren muga fisikoa gutxi ez balitz— emakumeok egiten duguna are gehiago mugatzeko. Emakumeon sexualitatea eta independentzia kontrolatzeko funtsezko zutabeetako bat gure mugikortasuna kontrolatzea da.

      Munduko leku gehienetan, emakumeok mugitzeko mugak ditugu, modu inplizitu nahiz esplizituan. Esplizituen artean daude, adibidez, klausurako mojak edo Indiako komunitate batzuetako purdah sistema. Oro har, ordea, mugikortasuna muga inplizituen bidez baldintzatzen zaigu, zerbait arriskutsua dela esanez edo arriskutsu bihurtuz (adibidez, kale-jazarpenaren bidez espazio publikotik kanporatu nahi gaituzte, beldurra eraginda).

      Hilekoaren inguruko mito asko praktika horien jarraipena dira. Horregatik da hain garrantzitsua horiek desmuntatzea, gure gorputza eta askatasuna kontrolatzea bilatzen dutelako.

      Mito horiek funtsezko zeregina dute, adibidez, beste kultura batzuekiko dugun pertzepzioan. Liburu osoan zehar saiatu naiz azpimarratzen, Galiziako eta Euskal Herriko biztanle gehienak zuriak direla kontuan hartuz, darabiltzagun ideiek menderatze kolonialaren eta arrazakeriaren esparruan dituzten inplikazioei ere erreparatu behar diegula. Askotan, zapalkuntza-egitura horietatik datozen pentsamendu eta jokabideak erreproduzitzen ditugu oharkabean; zuri izatearen pribilegioak esan nahi baitu ez garela pentsatzen jartzen nola eraikitzen dugun gure irudia —eta gure Besteena— egunerokoan.

      Hilekoaren, gorputzen eta beste kulturetako emakume zein disidente sexualen eskubideen inguruko praktiketan, pentsamendu arrazistak eta kolonialak eremu emankorra aurkitzen du. Erraz ikusten ditugu gureak ez diren kulturen praktika “barbaroak”, eta, aldiz, geure astakeriei ez ikusiarena egiten diegu, besterik gabe, horiek ez ikusteko sozializatu gaituztelako.

 

      Gai hauei buruz hitz egiten dudanean, deserosotasun handiena sortzen duten gaietako batek zerikusia du honekin: emakumeen gorputzen gaineko indarkeriak ezberdin kontzeptualizatzen ditugula segun eta emakume horiek gure kulturakoak diren edo beste kultura batekoak. Oso erraza da emakume bat zapalduta dagoela pentsatzea janzkera jakin bat daramalako, espazio batzuetatik baztertuta dagoelako, mutilazioak egiten zaizkiolako... betiere ez bagara ari takoidun zapatez, Celta bezalako futbol talde profesional batez, Frantziako Tourraz edo kirurgia estetikoaz. Askotan entzuten dut “haiek” behartuak direla eta gu, ordea, “libre” garela gure gorputzaren zatiak mutilatzeko erabakia hartzerakoan. Nik beti gogorarazten dut munduko inongo herrialdetan genitalen mutilazioa ez dela “derrigorrezkoa” —hau da, ez dago halakorik inposatzen duen legerik—; aitzitik, jazarria eta zigortua dago, eta aktibismo-kanpainen eta oinarri-oinarrizko lanen etengabeko jomuga da (eta halako kanpainarik ez dut ikusten Mendebaldeko emakumeek bularrak edo bulba operatzeari uzteko). Mendebaldean ebakuntzak egiten dituzten emakumeek bezala, beste herrialde batzuetan mutilazioak jasaten dituztenek ere beren komunitatearentzat onargarria den feminitate-idealarekin bat egin nahi dute, besterik ez. Ez dago erabakitzeko benetako askatasunik ez kasu batean ezta bestean ere, eredu horiek ez jarraitzeak zigor sozial argia baitakar.

 

      Munduko hainbat herrialdetako aktibistekin egiten dudan lanean, gehien interesatzen zaidana ez dira berez praktika patriarkalak, baizik eta emakumeak eta sexu-disidenteak nola elkartzen diren praktika horiek desagerrarazteko. Uste dut, emakume zuriak garen heinean, hori dela gure zereginik garrantzitsuena: entzutea, eta dagoeneko gure gizartean barneratuta dauden ideia eta aurreiritzi arrazistak zabaltzeari uztea. Besteak beste, ondorioak jasaten dituzten pertsonak urruneko herrialdeetan ez ezik, hemen gure ondoan daudelako.

 

      Maila indibidualean pertsona arrazializatu bat ezagutzen dugunean edo harekin bizi garenean, ikasitako irudi horiek guztiek —kontzienteki nahiz inkontzienteki— gure arteko harremanean eragiten dute. Gure lana da geure burua heztea, eta ez pentsatzea pertsona horiek azaldu behar digutenik nola eragiten dugun haien diskriminazioan. Gainera, beste zapalkuntza-egitura batzuekin gertatzen den bezala, ezin dugu pentsatu gizarteak pertsona jakin bat bazterkeria-leku batean jartzen duelako pertsona horrek derrigor zentzu kritikoa izan behar duenik horri dagokionez. Gertutik bizi dudan adibide batez azalduko dut: emakume bisexual edo lesbiana askok egiturazko indarkeriak jasaten ditugu (familiek etxetik botatzea, lana ez galtzeko gure afektuak jendaurrean ezkutatzea, kaleko irainak, jipoiak…), baina ez dugu guztiok garatzen egoera hori ulertzeko eta hari aurre egiteko kontzientzia kritikorik. Kontzientzia kritikoa aztertuz, entzunez, irakurriz, elkarreraginean jardunez eta ikertzeko gogoaren bidez garatzen da soilik; batez ere gogo hori geure buruarekikoa eta egunero pentsatzen eta egiten ditugun gauzekikoa bada. Arrazakeriaren kasuan gauza bera gertatzen da. Ez dezagun asumitu badakigula, ezagutzen dugula, ulertzen dugula. Hezi gaitezen bai zuri, bai arrazializatu. Eta prozesu hori hasteko, hona hemen mokadutxo bat.

 

PERTSONA ZURIENTZAKO
TERMINO GARRANTZITSU BATZUK

Arraza: Generoa bezala, zapalkuntza-sistema baten baitako konstruktua da. Ez da existitzen arraza bat definitzen duen ezaugarri fisikorik; hori xix. mendeko Europako eta aebetako instantzia medikoek egia zientifiko gisa ezarri nahi izan zuten, zuriak ez diren pertsonen mendekotasuna berresteko. Zuri gisa sailkatzen ditugun pertsonen artean itxura desberdintasun handiak daude, eta gauza bera gertatzen da beltz gisa hartzen ditugunen artean ere (testuinguruaren arabera, beltzarana den norbait izan daiteke, edo ni neu, edo baita Tamil Naduko norbait ere). Generoarekin ikusi dugun bezala, eraikitakoa izateak ez du esan nahi “existitzen” ez denik, munduko pertsona guztien bizitzari eragiten baitio moduren batean: batzuek sistemaren pribilegioez gozatzen dugu, eta beste batzuek haren kalteak pairatzen dituzte.

 

Arrazakeria: Zapalkuntza-egitura bat da, non pertsona talde batek beste batzuk estigmatizatzen dituen, ustezko ezaugarri fisiko batzuk erabiliz zapalkuntza hori justifikatzeko. Oro har, pertsona zuriak egoten dira egitura arrazistaren gailurrean (gizonak generoaren egituran bezala, pertsona zisak genero-identitatearenean, edo heterosexualak orientazio sexualarenean), baina hortik aurrera adarkatze eta ñabardura ugari daude. Leku bakoitzean arrazakeria nola azaleratzen den ulertzeko, garrantzitsua da herrialde bakoitzaren historia eta bertako egitura sozialak ezagutzea. Ez dezagun pentsa arrazakeria soilik film estatubatuarretan erakusten zaigun hori dela. Begira diezaiogun gure inguruari —urrutira joan gabe—, eta galde diezaiogun geure buruari zer dakigun ijito herriaz, zenbat erreferente ezagutzen ditugun horien artean, edo zer aurreiritzi elikatzen ditugun egunero gure gizartean zuriak ez diren pertsonei buruz.

 

Zuritasuna: Egitura arrazistaren barruan pertsona zuriei esleitutako pribilegio eraikia da. Zuritasunak azaltzen du zergatik, hautagai beltz baten eta zuri baten artean, azken honek lortu ohi duen lana —esplikatzen edo salatzen ia ezinezkoa izan arren—. Azaltzen du, halaber, zergatik jasan behar dituzten pertsona arrazializatuek poliziaren miaketak, galdeketak, begiradak edo jipoiak, pertsona zuri batek inoiz biziko ez dituen egoeretan. Zuritasunak, gogora dezagun, posizio sozial bati egiten dio erreferentzia, ez azalaren koloreari. Nire kasuan, herrialde batzuetan zalantzarik gabe hartzen naute “zuritzat”, baina beste batzuetan “marroia” edo “beltzarana” bihurtzen naiz, eta, horrenbestez, zuritasunak dakartzan pribilegio batzuetatik kanporatzen naute. Lehen ere esan dudan bezala, posizio horiek eraikiak dira, eta erabakigarriak gure eskubideen eskuragarritasunari dagokionez. Zuritasuna eraikitzeko modu amarrutsu bat —askotan erabiltzen duguna— beix edo arrosa argiari “haragi-kolorea” deitzea da. “Haragia” (azalaren azpiko masa) gorrixka da, oro har. Gizakion azala, berriz, kolore askotakoa.

 

Pertsona arrazializatua: Termino hau erabiltzen dugu —beste termino batzuen ordez— zuritasunaren pribilegio-espaziotik kanpo dauden pertsonak izendatzeko. Termino honek indartu egiten du eraikitako posizioaren ideia, alegia, pertsonok ez dugula “arrazarik” berez, baizik eta gizarte jakin baten balio dominanteen arabera kokatzen gaituztela pribilegiodun edo pribilegiorik gabeko leku batean.

 

Afro-ondorengo: Afrikar kontinentean jatorria —hurbila edo urruna— duten pertsonak dira. Terminoa Latinoamerikan eta Kariben sortu zen, kontuan hartuta kontinente horietako pertsona beltz askoren presentzia esklabotzaren ondorio zuzena dela. Muturreko indarkeria-egoeretan kultura komun anitz garatu dituzten pertsonak dira. Gogora dezagun xvi. eta xix. mendeen artean hamabi milioi pertsona inguru erauzi zituztela Afrikako hainbat eskualdetatik, Ameriketara esklabo eramateko. Aurreko esklabotza-moduetan ez bezala (erromatar inperiokoak, adibidez), trata masibo horren ondorioek gaur egun arte diraute; beraz, ez dugu pentsatu behar “iraganeko kontua” denik. Herrialde kolonizatzaileek (Espainiaz eta Portugalez ari naiz hemen, film askok testuinguru hori ahantzarazten baitigute) Karibe osoan ezarri zuten esklabotza eta landaketen egitura dela eta, denborarekin eratutako estatuek ez zuten gizarte kohesionaturik, ezta sistema esplotatzailetik kanpoko nekazaritzarik, industriarik edo merkataritzarik ere. Horregatik, Haiti bezalako herrialde bat epaitu aurretik, ezinbestekoa da haren historia ondo ezagutzea. Erabilera horrez gain, afro-ondorengo terminoa erabiltzen da gehiengo zuriko herrialdeetan jaio baina jatorri afrikarra duten familien seme-alabak izendatzeko ere. Termino garrantzitsua da azaltzeko zergatik jarraitzen dugun arrazakeria mota batzuk praktikatzen, adibidez, automatikoki pentsatzen dugunean pertsona beltz bat ezin dela galiziarra edo euskalduna izan. Ez galdetu inori nongoa den zure aurreiritzi arrazistek herrialde bateko pertsonen itxurari buruz diotenarekin bat ez datorrelako. Alemaniar beltzaran asko dago, hazpegi asiarrak dituzten britainiarrak, galiziar beltzak. Ez dute “beste herrialderik”, beren herria hau da.

 

Migrante: Horrela, ez e- eta ez in-. Migrante terminoa erabiltzen dugu, edozein arrazoi dela eta, beren herria utzi behar izan duten pertsonak izendatzeko. Arlo juridikoan, errefuxiatu edo erbesteratu hitzak ere erabiltzen dira, desplazamendu hori behartu zuten gerrak edo jazarpen politikoak bezalako egoerak aitortzeko. Pobrezia edo aukera falta ere jendea bere bizilekutik alde egitera —askotan itzultzeko aukerarik gabe— behartzen duten mekanismo politikoak dira. Gure herrialdean jatorri askotako jendea bizi da. Eta jatorrizko leku horietan —Galizian gertatzen den bezala, edo Euskal Herrian, edo zure hiri edo herrian— bizi-egoera askotarikoak daude. Pertsona migranteak batzen dituen gauza bakarra beren etxea utzi izanaren bizipena da (eta horrek, bide batez esanda, gutxitan aipatzen ditugun haustura emozional eta psikikoak eragiten ditu). Pertsona migrante batekin harremantzen bazara, ziurrenik berak esango dizu migrantea dela eta nondik datorren. Ez badu halakorik egiten, esan nahi du ez zaizula axola. Ez pentsatu, halaber, txinatar bat ezagutzen duzulako Txina osoa ezagutzen duzunik. Imajinatu norbaitek pentsatuko balu Euskal Herria ezagutzen duela zu bakarrik ezagututa. Erridikulu samarra, ezta?

 

      Azkenik, gogoratu: gauza bat da kolektibo arrazializatuetako pertsonak termino jakin batzuez jabetzea, eta beste gauza bat da zuk termino horiek erabiltzea. Adibidez, badaude leku batzuk non “beltz” hitzak identitate asko barnebiltzen dituen, eta beste batzuk non aniztasun handiagoa dagoen izendatzeko moduetan. Utzi kolektiboei euren artean eztabaidatzen eta definitzen. Ez dagokizu beste pertsona batzuk nola izendatu behar diren erabakitzea.

      …Eta arrazializatutako pertsona bat bazara:

      Ez etsi. Oso nekagarria da etengabe aurre egiten egotea gehiengoak existitzen direla onartu nahi ez duten egiturei. Zure ahotsa garrantzitsua da, zure bizipena funtsezkoa —izan adoptatutako neska gazte batena, emakume afro-ondorengo batena, ijitoa, migratzailea—. Nik bizitakotik hitz eginda, uste dut gure erresistentzia-istorio propioak ezagutzea ezinbestekoa dela. Zure familian edo testuinguru hurbilean giro irekia egon daiteke istorio horiek berreskuratzeko, edo, agian, lana zailtzen dizun giro zapaltzaile bat; baina ez onartu giro zapaltzaile bat inongo “kulturaren” parte denik. Zapalkuntza ez da inongo kultura edo jatorriren ezaugarri espezifikoa (Mendebaldeko kultura zuria zapalkuntzaz gainezka dago); zoritxarrez, denetan dago, baina baita emakume disidenteak, eraldatzaileak, eraikitzaileak, basatiak ere. Bila itzazu, ehundu zeure istorio propioa, indartu zaitez, eta jarrai dezagun ehuntzen!

 

      Zoritxarrez, arrazismoaren konexio estuenetako batek zerikusia du, nagusiki zuriak diren gizarteetan, emakumeak gudu-zelai bihurtzeko dugun joerarekin. Horregatik, hilekoaz, emakumeen aurkako indarkeriez eta sexu-disidentziaz hitz egiten denean, hitz egiten da halako interesez emakume “basatiez”, gauza “arrotzak” edo “aberranteak” egiten dituzten emakumeez. Diskurtso hau, gure Besteentzat kaltegarria izateaz gain, guretzat ere bada, aditzera ematen baitu hemen jada ez dagoela zer landurik; eta nire ustez, honaino iritsi bazara, gure gizartean hilekoa nola kontzeptualizatzen den begiratze hutsak erakusten du oraindik lan handia dagoela egiteko. Hasteko, ezagutu behar genuke nola erabili ziren emakume beltzak Mendebaldeko medikuntza zurian esperimentazio-objektu gisa, bereziki ginekologian. James Marion Sims medikuak (mediku, zerbait esateagatik) torturak eta anestesiarik gabeko ebakuntzak egin zizkien Alabamako emakume beltz esklabo askori, “emakumeen anatomia aztertzeko” aitzakiarekin. Izan ere, gizon zurien izenak dira gaur egun gure ugalketa-sistemaren zati batzuk izendatzeko erabiltzen ditugunak (Falopioren tronpak, adibidez, edo Sims bera, postura kirurgiko bati izena ematen diona). Badakigu torturatutako emakume beltz haietako batzuek Anarcha, Lucy eta Betsey zutela izena, eta gaur egun mugimendu bat dago haien memoria berreskuratzeko. Lehen ere hitz egin dut Hegoaldeko emakumeekin nola esperimentatu zen hainbat testuingurutan. Istorio horiek azaleratu eta ikusaraztea da orain gure ardura, halakoak berriro erreproduzitzea saihesteko.

 

      Beharbada entzunda izango dituzu pinkwashing edo purplewashing hitzak. Bi termino horiek —euskaraz, hurrenez hurren, “garbiketa arrosa” eta “garbiketa morea” gisa itzuli ohi dira—, lgbtiq+ kolektiboaren aldarrikapenak (lehenean) edo feminismoarenak (bigarrenean) erabiltzean datza, zapalkuntza-sistemak eraikitzen jarraitzeko helburuarekin. Garbiketa arrosaren adibide oso argia da Israelgo Estatuak bere burua lgbtiq+ eskubideetan herrialde aurreratu gisa aurkeztea, herri palestinarraren sarraskia zeharka justifikatzeko (palestinarrak “musulman atzeratu” gisa irudikatzen ditu, sionismoa bera ere erlijio monoteista batean oinarritutako gobernua ez balitz bezala, non zuhaitz batek emakume batek baino gehiago balio duen). Era berean, zenbait komunikabidetan alokairuzko sabelak fenomeno moderno gisa aurkezten dira, bikote gay ospetsuen irudiekin lagunduta, glamour handikoa balitz bezala emakume pobreen gorputzen esplotazioa haurtxoak ekoizteko eta salerosteko. Garbiketa arrosaren kasu oso interesgarria da, bai baitakigu alokairuko sabelak erabiltzen dituzten bikote gehienak heterosexualak direla, eta, oro har, lgbtiq+ aktibisten kolektiboa praktika horien aurka dagoela, emakume pobreak esplotatzen dituelako.

      Garbiketa moreari buruzko adibide ugari ditugu, baita ere. Tamalez, emakume zuri mendebaldarrek gehiegitan aurkezten ditugu beste emakume batzuk “salbatu beharreko” gisa, geu haien gainetik kokatzeko. Beloari, genitalen mutilazioari, burkari edo antzeko gaiei buruzko edozein eztabaida izan daiteke horren adibide.

 

      Ondorio labur honetan, nire helburua da ate bat gehiago irekitzea, gure Besteak nola tratatzen ditugun hausnartu dezagun, baina baita “basati” hitzaren beste adiera bat zabaltzea ere: ikaragarriak, itzelak, barbaroak diren emakumeak goraipatuko dituena.

      Zorionez, urruneko eta gertuko emakume basatiz inguraturik bizi naiz. Zuek ere bai, seguru. Garrantzitsua da haiei aitortza egitea, laguntzea, babestea… eta, batez ere, haiekin bat egitea, gu ere basati. Liburuan zehar aipatu ditut jada horietako batzuk (nire ama, nire Tita, nire lagun Eli…), nire gorputzaz, hilekoaz eta bizitzaz hausnartzen lagundu didatenak —gehienetan, hemen bildu ditudan hitz ugariren ordez, bizitza bera osatzen duten keinu irmoen bidez lagundu ere—.

      Gure mugetatik haratago, basatia da nire lagun Daryl Leyesa ere, Filipinetakoa —inoiz aipatzen ez dugun espainiar kolonizazioaren ondorioz katolizismoaren aztarna sakona duen herrialdea—, non, bera bezalako kideei esker, onartu berri duten sexu- eta ugalketa-eskubideen legea. Darylek —edo Ayelek, lagunartean deitzen diogun bezala—, tailerrak ematen ditu emakumeek eta sexu-disidenteek beren gorputza ikuspegi positibo batetik ulertzeko. Horretarako babaylan-en irakaspenetara jotzen du: Filipinetako jatorrizko herrietako emakume jakintsuak, kolonizatzaile espainiarrek sarritan krokodiloetara botatzen zituztenak. Basatiak dira, indarkeria horri biziraun eta gaur arte iritsi direnak, guri beste mundu-ikuskera batzuk eskaintzeko.

      Nire lagun Manimekalai ere aipatu dut, Tamil Naduko Ekonomia Zientzietan doktorea. Nesken infantizidioa praktikatzen den eremuetako batean jaio zen, eta amari zor dio berarentzat ezarrita zegoen patuari biziraun izana. Bere ahaleginari esker lortu zuen eskolatik ez ateratzea (eskolara joan aurretik landako eta etxeko lanak egitera konprometitu zen, eta askotan barrez gogoratzen du ia dutxatuta joaten zela, komunetik pasatu gabe, ur-ontziak buru gainean abiadura bizian eramaten zituelako). Gero, Ekonomia Zientzietan matrikulatu zen, tasarik baxuenak zituzten ikasketak zirelako, eta etxean hartuko zuen osaba bat zuelako hirian. Horrela iritsi zen doktore izatera eta lan egiten duen unibertsitateko emakumeen ikasketa-zentroa sortzera. Tamil Naduko Hilekoaren Higienerako Aliantzaren sustatzailea ere bada, eta bere ekimenez doako konpresen makinak jarri ziren dozenaka institututan eta eraikin publikotan, emakumeen kooperatibek egindako konpresak erostea sustatuz —eta ez enpresa handienak—. Eta hori guztia —eta gauza gehiago— egin bitartean, oraindik ere izan du nirekin klandestinitatean jarduteko umorea, bere etxean, Tiruchyn, berarekin eta nire lagun Ambalavananekin —haren bikotekidea— bizi izan naizen aldi luzeetan, kopa menstruala amaginarrebaren ezkutuan irakiteko. Emakume on hark utzi gaitu jada, baina bizi zen bitartean sarritan itxaron behar izan genuen hura ohera joan arte, nire baginan egon ez ezik hilekoaren odola jaso zuen objektua irakiten zuen lapikoa pikutara bota ez zezan. Bi pentsamolde hain ezberdin etxe berean elkarbizitzen, hemen bezala han ere.

      Horrelako emakume “basati” askok beren komunitateak eraldatzen dituzte egunero: gorputzen gaineko aurreiritzien aurka egiten dute; defendatzen dute hilekoak ez gaituela emakume gisa definitzen, eta, are gutxiago, gure eskubideak mugatu behar dituela —eta hilekoaren higienea dela horietako bat—; eta gorputzak gozamenerako lekua izan behar duela, eta ez sufrimendurakoa.

      Gutako bakoitza mugimendu horren parte izan gaitezke, gauden tokian gaudela. Horretarako, jakin behar dugu zein diren bizi garen tokiko edo bizikide ditugun kulturetako baldintza zehatzak, nola kontzeptualizatzen diren hemen emakume eta gizon izateko mila moduak, eta nola gurutzatzen diren beste zapalkuntza-sistema batzuekin (arraza, klasea, kapazitismoa).

 

Gauza guztiak galdera honen bidez jar ditzakegu zalantzan:
Nik egiten/ikusten dudan horrek edo besteek egiten dutenak pertsona guztien eskubideak sustatzen ditu, ala ez?
Pertsona bakoitza bere gorputzarekin gustura egoten laguntzen du, ala ez?
Zer egin dezaket nik nire eta besteen bizitzetan modu positiboan eragiteko?

 

      Hasi gertukoenetatik, ezagutzen duzunetik, inguruan duzunetik. Utzi besteei ere beren bideak bilatzen. Eta, batez ere, ez bihurtu beste gorputzen polizia. Eskatzen ez badizute, beste pertsona batzuen gorputzari buruz duzun iritzia ez zaio inori interesatzen.

 

      Duela urte batzuk, bere egituretako arrazakeriari buruz inoiz hausnartu ez zuen Alemaniako GKE batekin aritu nintzen lanean. Haitin lan-programa jakin bat abiaraztea erabaki zutenean, hura azaltzeko eta dokumentuak partekatzeko egokiena Ruandako gizon bat ekartzea zela iruditu zitzaien. Haien logika kolonialean, nahikotzat jo zuten bi herrialdeetako biztanleak beltzak izatea eta haien hizkuntza koloniala frantsesa izatea, eta, hala, alde batera utzi zituzten gauza garrantzitsuagoak, adibidez… bi herrialdeak kontinente berean ez egotea. Ruandako gizon hori materialak partekatzen hasi zenean, emakume haitiarrek ez zuten erdirik ulertzen. Etengabe azaltzen ziren ezagutzen ez zituzten praktikak eta metaforak, eta, batez ere, lehoiak nonahi agertzeak urduritu egiten zituen. Ez naiz orain Haitiko faunaren azalpenetan sartuko, baina, erraz imajina daitekeenez, lehoia ez da Karibeko animalia ohikoena. Hau guztia, esateko praktika jakin batzuk eraldatu nahi baditugu, haien testuingurua sakon ezagutu behar dugula; eta, oro har, egokiena dela —batez ere zuriak bagara— gure ingurune hurbilean jardutea, eta bere inguru hurbilean jarduten duten beste batzuei babesa eta aliantzak eskaintzea. Ez gaitezen salbatzaile gisa ibili munduan: gure gorputzei dagokienez nahikoa praktika kaltegarri ditugu, beste batzuei beraienekin zer egin behar duten esaten hasteko.

 

      Amaierara iritsi gara, oxala hasieran baino basatiagoak izanez. Egunero ikasten jarraitzeko asmoarekin, enpatiatik eta beste askoren konpainian pentsatuz eta jardunez. Honaino, ni saiatu naiz nire partea egiten eta —hilekoaren bitartez— zabaltzen, agian, egunero begien aurrean jartzen ez zaizkigun galderak eta ikuspegiak. Nik neuk denbora pixka bat behar izan dut horiek biltzeko, irensteko, barneratzeko... eta bizirik mantentzeko, hausnartzen jarraitu dezadan.

      Liburuak, kontatzen zaigunaren kontrara, ez dira prozesu bakartiak, konpartituak baizik. Menstruazioaren gure esperientziak bezala —eta menopausiarenak ere, hilekoaren ondoren bizitza bai baitago!—, zeinak, ikusi dugun moduan, sortzen gaituen eta sortzen dugun ekosistema oso batek markatzen dituen. Bi kasuetan, orain hasten da zatirik garrantzitsuena: hitzak zuk erabakitzen, ekiten eta pentsatzen dituzun unea; zure gorputzaren eta bizitzaren bide gorriminera eramaten dituzun unea. Zorte apur batekin, gorputzen, hilekoaren eta, oro har, bizitzaren ikuspegi zertxobait baikorrago batekin.