Poesia kaiera
Poesia kaiera
2002, poesia
64 orrialde
84-95511-39-8
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1998, kronika
1996, poesia
1991, poesia
 

Joxerra Agirrek goizalba kanta

 

Goizalbarekin heldu da,

gela, argiaren distantziak utzi,

eta ilunpeen mineraltasunean barneratuko da;

joan eginen naiz desorduko bidaian gisa,

gorputza dardaraz uzkurrik,

gauzak ahots soilik diren oren horretan..

Eta aitzina jarraituko du bizitzak

inor sekula ez bailitzen hil.

Hiesa dut. Laborria ematen du

ez pentsatzeak, ez ikusteak, ez aditzeak.

Ez izan eta ahanzturaren batera itzuli

jazogabeko ideia herratua legez.

Armairuak, oheak, liburuek

beste norbaitendako jarraituko dute

hemen. Erabil ditzakezu —esanen diote—

baina Emausera eramanen ditu,

bada ez bada ere, gal dezaten

bizitza bat zenaren zolda,

itzal ziurraren bat-bateko etorrera

atzentzeko usteaz. Ezerezaren almoneda.

Goizalba da. Ahots batzartuen bilera

nintzen nerau hura iraungiz doa

argi ttintta hila zurbildu ahala.

Ez aditu, ez pentsatu, ez izan

eta ahanzturaren bat izan ezinbestean.

Erauntsiaren harrabotsa, elurra,

laborria, idolaz, bizitako oro lurmentzen.

Bake izoztu bat, hustasun hotzaren manerara.

Hemen da, hemen da. Eta lorautsa bezala

pausatuko da altzarien gainean isiltasuna.

 

w2000