Norbere akaberari buruzko mintzaldia
Egia al da heriotzaren lumak lurreratuko
nauenean ere
bizitzak berdintsu iraunen duela
munduan?
Ni hilda biharamonean eguzkiak argituko du
oraindik?
Eta trena ohi bezala geldituko da bost minutuz
geltokian?
Eta itsas bazter honetan hausten diren
olatu uherrak
etenik gabe helduko dira hondartzaraino ahalez
eta ezinez bazterrean desegitera?
Eta ene izterreraino inguratu den karramarroa
bihar
beste inorengana ailegatuko da zangozabal
eta haztamuka.
Eta berehala aldenduko da, oraintxe
ihesean aldentzen den bezala.
Eta ez dut enekin eramanen ez eguzkia
ez trena ez karramarroa,
neu bakarrik eroriko naiz zulora eta egundoko
egunik bakartiena izanen da.
Eta mundua orohar ez da ene hutsuneaz
ohartuko
ortzean zehar iragandako basahatearen hutsuneaz
baino gehiago,
eta ni (ez dea galera ikaragarria?) ez naiz
harrezkero enea izanen.
Ez ote dut esango orduan, umetan bezala,
ez dut nahi?
Dena dela ekipaiarik gabe joanen naiz
gehiengoarengana.
Eta laban zorrotzaileak enparantza bazterrean
betiko antzera xirula jo
eta labanak finduko ditu, zorroztarriaz
izar niminoak eginez.
w1995