Polizia detektibe Interpoleko agente sekretuok
Polizia, detektibe pribatu, interpoleko
agente sekretuok,
zeregin larria proposatu nahi dizuet:
ene neskalaguna bilatzea.
Ene mapamundia zen, strip-tease egiten zuen
enetzat bakarrik,
ene begiradakin jantzita joan da
ez dakit nora.
Gustatzen zaidan neska galdu zait
toboganetara jolasten,
ametsaren ertzetik irristatuta erori da
kanpora.
Gabeziekin eta egunsenti alargunekin utzi nau
iheslari horrek.
Ez al dabil munduaren gainean hegatsez
modazko kanta bat bezala?
Ez dakit zer dela eta ez den itzuli,
kaleak zentzuz aldatuko ziren,
edo lurrikararen bat itzultzeko orduan:
Bila ezazue.
Errekista itzazue artxiboan golko ilunak,
identifika ezazue jendea,
bila ezazue bazter auzoetako trenetan
eta egoitza alokatuetan,
inguratu, harrapatu eta ez iezaiozue
aldegiten utzi.
Bila ezazue euripeetan, altza ezazue
bulegoko alfonbra,
galbahetu itsasbazterreko harea,
iker itzazue zoologikoak.
Egizue frantsesek egiten dutena:
Cherchez la femme!
Abiatzean ez zuen lorratzik utzi baina
ezagugarri batzu azalduko dizkizuet:
eguzkiaren aldean sortu zen eta argiak
mendetan pindaturiko kolorea du.
Orein sortu beharrean, andereen bi diti
eta bi izterrekin sortu zen,
eta halaere oreinaren begirada
garden galduarekin.
Larruaren kolorea eta begiena aski ez bada
beste xehetasun batzu:
eguzkien argia, lainoen hezea eta munduko
ezpainik ederrenak ditu.
Ene lagun zein etsaiok, esaiozue datorrela
bere musikarekin honuntz,
harrokeria guziak erantzi ditudala, iada
filosofiarik ere ez dudala.
Kalean ustekabean ikusiko duzuenok
esaiozue non bizi naizen,
datorrela ene alboan lo egitera
eta esnatzera.
Behin batean, laztandu nuelarik, haztarna
digitalak ohostu zizkidan.
Terrorista kaltegabeak taigabe oldartzen dituzuen
estatuen seguritate indarrok,
bila ezazue neskato hori, ni ni gabe utzi ninduen,
munduaren ertzik goxoena da,
ez dakizue biluzten denean ze arriskua den
humanitatearentzat!
w1995