Gose grebako hogeigarren egunean
Hotzak gaude ilunabarrean, gorputza ahul,
eskuak artega.
Duela hamaika mende kalera irten ez garela,
duela hamaika urte deusere jan ez dugula.
Leihoko barroteen bestaldean euria
isilean eta eten gabe.
Beste leihoetan lagunak norbera bezala
oinazean euriari begira.
Zenbat garen? Bat, hiru, bost, zazpi...
Banan bana
isolaturik, baina hanitz gara eta inor ez da
tokatu zaion zeldatik pasatu den lehena.
Lehenagokoen urratsak jarraitzen ditugu
ia oharkabean,
eta gureak jarraituko dituzte oraindik eskolarantz
barrikaden albotik jakinminez doazen haurrek.
Hezurretan gaude, min zaharren batek gure baitan
hezurrezko xirulak jotzen ditu.
Noiz arte izanen da denbora hain amaitezina?
Bueltatuko ote zaigu haragia inoiz gorputzera?
Hatzamarretan indarrik ez, begiak
lausotzen zaizkigu.
Poema baldar eta tristeak igual bai baina
koldar lekziorik ez diegu ondokoei utziko.
w1984