Aspaldian utzitako zelda
...et je n'entendrai plus
les verrous se fermer sur
l'éternel reclus
Alfred de Vigny
Jakin nahi nuke nork betetzen duen orain
nik utzitako zelda.
Ea entelegatzen duen hormako izkribu tipia:
«eroria burrukara»
Ea alboko zeldatik inork hots egiten dion
komuneko plastikozko tuberia soltatuz
telefonoz bezala mintzatzeko.
Ea hango egunak eternal dirauen, gauak izotzezko,
egunsentiak esne garratza diren.
Ea errekuentoan mirilatik soegiten duen begiak
(surveillir et punir)
inor ikusten duen edo iadanik inor ere ez
(denak ala inor ez).
Jakin nahi nuke ihes egin genuenok
benetan ihes egin genuen
ala ihes egitearena zelda hartan jarraitzeko
atxakia hutsa izan zen.
w1991