Zakurra
Arrazarik eta izenik gabeko zakurra,
mihia marinel itoaren galtzetina bailitzen
erakusten duzun zakur gaisoa,
hor zaude, ni bezala,
kalea gurutzatu orduko zalantzan,
inguratzen gaituen guziari harriturik begira.
Ez dituzu ene eritziak,
ene kontraesanak,
ene proiekto ustez argiak ezagutzen,
halaere nik ez dut zurea baino
loria handiagorik espero.
Etxe bazterrera lotzen ginduen
katea apurtuta aldegin genuen eta
ez dugu irrikatzen
ez etxe zakur otzanen atseden goxoa,
ez lehiaketa zakur galanten
gatibu handiustea.
Nahiko berdinak gara: jaberik gabekoak,
joanala etorritakoak,
arrotz arrotzak munduan.
Baina ez diegu geure hezur pusketa entregatuko
albotik urrumaka pasatzen diren mamuei.
Gose zaharrarekin itzuliko gara
ohizko atarietara
eta bihar agian berriro
elkar ikusiko dugu edonon.
Beraz hurrengora arte, autobus
jendez bete horretara sartuko naiz
zu kale ilunean galtzen zaren artean.
Ondo ibili, broder.
w1994