Poesia kaiera
Poesia kaiera
2002, poesia
64 orrialde
84-95511-30-4
Mikel Lasa
1938, Donostia
 
 

 

 

«...MAIS DÉBARRASSÉ DE QUI? C'ÉTAIT BIEN SIMPLE: DÉBARRASSÉ DU DIMANCHE... LE CAUCHEMAR, LA TRAGÉDIE, SELON W., C'ÉTAIT DIMANCHE...» (J. GREEN). Igandearen handitasunean galdu egiten naiz. Igandeetan uneak luzeago dira, zeru tarteak zabalago, orduak pausuki igarotzen dira. Igande goizean aspertu egiten naiz, arratsaldean ez dakit non naizen.

 

Haur denboran zorion berezi bat dastatzen nuen igande goizetan airean nonbait galdurik. Gaztetu naizelarik aspertu egiten naute igande goizetako lehen orduek, eta tristatzen ilunabarrean. Ezpidea ere hor dabil ibili jende tartean itzuli-mitzulika arratsalde aspergarri horietan.

 

Ordu horietan zer eginen? Gela barnean Kafkaren Egunerokoa irakurtzen hasten bahaiz hireak egin dik: misteriozko lurpe itzaltsuetan galduko haiz. Dirurik ez baduk (ondo ezagutzen diat estudianteen poltsa urri hori) ezin pasa noski neskatxei ipuin xuri-gorriak erraten denbora guztiz. Bakarrik bahabil, eta sentipen larriren batek kilikatzen eztarria edo sabelondoa edo hankak, beldur bahaiz, tira egik pipa liburu montoien tartean dagoena eta tabako Holandesez beterik (Oi, Amsterdamer tabako gozo bilohoria ta haren urrutietako usain liluragarria!: There is no tobacco like Amsterdamer tobacco!).

 

Inoren axolarik gabe begira urrunera; orain ke xuriak urrunagotua ikusten duan urrun lausotura... Baina begira: itsasoa laino eta Donostia bera nekez ikusten diagu, Jaizkibel nekezago. Gaur ziurki Hondarribia, Getharia eta Miarritzeko argiak ez dizkiagu ikusiko, ez ilargi santurik itsaso gainean. Gaitzerdi.

 

Itzali gaitean elkarrekin, ez gogo argiz bizi izan sekula. Guretzat ilundu dituk gaua eta eguna.

 

Ordu honetan, inon aingura bota gabe, herria izpiritua itsasora. Daigun jira bat, daigun jira bi,... bat, bi, hiru. Eia!

 

(Kaia gainean txalupa zahar bat, beltza, kilaz gora).

 

w1964