Poesia kaiera
Poesia kaiera
2001, poesia
64 orrialde
84-95511-29-0
Jon Mirande
1925, Paris
1972, Paris
 
 

Itsasuntzi zaharra

 

Zeiharka zetorren untzia

bide zehaztuak utzia

baleran zebilen uretan.

Zurbil marinelak zubitik

so ziren, joan zoan urari

 

bela beltz zabalak haizeak

goizaldebako lui hezeak

joiten ez zituen haboro

eta arraunak oro geldirik

aurrera badarik zihoan

 

oihal beltz hiruki zabalak

arratseko haize jabalak

hunki ez arren, zerk zeroan

untzi hori arin aurrera?

Marinel isilok dakite.

 

Lurralde adeitsu jatorren

albotiko bidez zetorren

arbatu gabean untzia.

Lur on irritsuak izanak

gatik, ez ziraden gelditu.

 

Izaro soinudun ozenak,

aitzinako jainko zuzenak

heietan baitziran jauresten

marmorezko etxe goretan,

gelditu ordea ez ziran.

 

Mendi, lur, elurtza guritan

dizdir argizari zuritan,

zahartu zuhurren egoitzak

bele iragarleen elaide,

han ere geratu ez ziran.

 

Izaro heietan neskatxak

eki-urrezko soin eskasak

hondartzan zautzanak irrikiz,

marinelen solas-gai bakan,

eta han geratu ez ziran.

 

Ez irlak ekitan, ez lurrak

jaunzten zituenak elurrak,

zekusten guztitik deus ere

gogarako ukan ez zuten

aitzina joan ziran untzian.

 

Untziak zekartzan hil soak;

hartaratu itsas-usoak

begira bat eman ondoren

heganatzen ziran urruti

untziko gizonak urruinduz.

 

Uraren lankaden azantzaz,

ez iguzkiaren erlantzaz

axoltzen ez ziran batere

hoik untzilariok: alpertu

baitziran bideko asperraz.

 

Untzia ber-ogüz utzirik,

bihotz-minak oro hezirik

hondamen aiduru zegozen

nahi enduregiz ez ausart

untzia sutautsez jauzaraz.

 

w1953