Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-17-7
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2021, narrazioak
2017, nobela
2013, nobela
2004, nobela
2004, nobela
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
 

Herrimina

 

Hau ez da New York

baina, halere, neoiena dugu

garbitzen gaituen ur bakarra,

janzten gaituen ama ubela.

Hemen Vitoria-Gasteizko hondar bigunezko plaietan,

eskeletoak dautza irribarretsu,

farolen mila eguzkien indarrak

bihotza

atzera emango dien esperantzaz,

eta hemendik ere, nola ez ba?

harro paseatzen da

azabatxezko pantera,

betidanik lelotu ohi gaituen berbera,

begi urrikalgarriez arrenka ari zaizuna:

Laztan, laztan nazazu...!

Ez, ez luzatu eskua, ez...!

algaraka agintzen dizu zuhurtzi ibiliak.

Baina alferrik.

Zer ez zenuke zuk emango

bere bizkar fosforargitsuaren ukipenak

eragiten dizun hotzikararen truke?

Louisiana estatuko espetxeetan,

aulki elektrikoan eseriko den azkena

nahi zenuke izan

eta borrero, apaiza eta argazkilarien aurrean

oihu egin ozenki:

Hartu, nire zainak zuentzat!!!

Bareak utzitako bidezidorrean barrena

abiatzen dira gau-aeroplanoak tropelka,

flipper-en malkoak erregai,

xaguzaharren bihotz nimiñoak xedetzat.

Baina ez dakite gizajook

aurrean zain daukatena.

Ez dute inoiz entzun

orratzen zitalkeriaz,

olagarroaren beso tatuatuen kemenaz,

magnolioen arriskuaz.

Ez dute inoiz entzun

belarriak

har berdez baitituzte beteak,

idiaren urdailtzar itzelak

—horma zuritik zintzilika—

dena gortzen baitu aieneka.

Wolframiozko botila ikusgarrien labirintuan

galdu dira itsu,

denboraren ertz zorrotzetan zaurituz.

Eta elizok lortu dute azkenik

beren ametsik ezkutuena:

Gurutzea izan

apoaren hilobi sakratuan.

 

Hau ez da New York

ez, baina halere gau batzuetan

taxi bat harrapatzea ez da lan erraza.

 

w 1988