Summertime
Maitasunaren sugeek haginka egin zidaten lepoan
eta oreina legez erori nintzen errugabe
erreka ertzean
erori udazkeneko urrezko hostoen eran
zaratarik gabe arinki
eta goitik ilargi mutxurdinak
irribarre egin zuen jakin egingo balu bezala
Egunabarrean irteten zinen zure soineko berdearekin
kalea enara eroez betetzeko
turistek bueltan ordaindu beharreko
plazoak ahantzarazteko
eta ostatuko logela ziztrinetan
gaixotzen ziren lentzeria saltzaileak
berehala sendatzen ziren beren begi
lausotuetan neskatila baten musu lasaiak jasotzen
Uda hartan telefonoa
izan nuen lagunik zintzoena
eta bere bip-bip-bip musika bakarra
irailean zureak komunikatzen zuen artean
gelako bisiloak pudikoki itxi ondoren
ispiluaren aurrean alkandora txurian
telefono kable beltza korapilatu nuen
lutozko korbatatzat hartuta
***
Maitasuna besterik ez naiz maitasuna
maitasuna nire hatsa eta bere zaldiak izerdi patsetan
maitasuna nire bularra eta maitasuna nire ikara
maitasuna kopetan distira
maitasuna ahotik daridala
txakur amorratuari antzo
maitasuna
nire begiak kixkaltzen diren artean
mendiak udan erretzen diren usutasun berberaz
nire behatz puntak desegiten diren artean
zure gorputza sumatuz
maitasuna maitasuna
nire ixterren arrainek zure eskuetatik bakarrik
jaso dezakete janaria
maitasuna besterik ez naiz maitasuna
zain duzu nire odola arren!
nire magal gazian
zorroztu zure labana!
w 1985