Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-09-6
Luis Berrizbeitia
1963, Abadiño
 
 

Haurra eta katabuta

                                               Comprem chocolates

                                               à criança a quem sucedi por erro

                                                                   Alvaro de Campos

 

Egun batez, eskolatik itzultzean,

atso bat hurreratu

eta, misterio airez,

esan zidan:

amama hil jatzue.

Ni gaztea nintzen, barre egin nuen

askaria maneatu

kafesnea hartu

eta kalera atera nintzen

ea zein errukiorrek eramango ote ninduen

hura ikustera.

Auto bat gelditu zen nire aurrean

dama luzinga bat gidari.

—Bahator? —galdetu zidan

eta nik,

—Goazeman.

Kanpoan euria ari zuen

eta autoko aroa goxoa zen.

Ibar luze bat zeharkatu genuen

bide ertzetan jende hilarak nekuskien

denak beltzik

bare ahaku zenbait iduri.

Txokolatearen lorratzak ezpainetatik kenduz

agur egiten nien.

Behingoan motorra ixildu zen.

Iritsi gaituk esan zidan damak.

Eskutik oratu

eta inori behatzeke

gela batean sartu ninduen.

Ohe bat zegoen han, katabut batek populatua.

Ohartzeke damak ni askatu

eta jadanik bakarrik nengoen.

Urrin heze bat zegoen han, hormen

arrailduretatik ixuriz.

Begiak iltzatu nituen katabutean

eta maindiretako zimurretan haren pisu gaitza

ixilik antzeman.

Ohe gainean etzan nintzen

sapaian so.

Leihotik argi zirrinta bat sartzen zen

zirrikitua iraganik

eta katabutaren beira gainean pausatuz

alegiazko floka

edo ulifarfalla ero bat iduri zuen.

Euli baten burrunba tristearen hotsera

loak hartu ninduen

ez baitakit ala luzaz.

Baina, bapatean, ohe guztia mugitzen hasi zen

itzartu nintzen

gela txikitu egin zen

floka gainean nuen

han urrun amama eta dama luzinga

eskuz esku zihoazten

eta gauzek

—ai ene—

eta gauzek beiraren transparentzia zuten.

 

w1987