Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Adiskidetasunaren laudorioz
Adiskidetasunaren laudorioz nahi dut mintzatu
Ene lumaz lagun gozoen dohain jainkozkoa goratu
Eta esan goraki, eskerronez, umilki
Adiskidetasuna dela itsaso bat zointan
Igeri ari diren haurrak dohatsurik, ez herrarik
Ez deus ilunik begietan, irriak bisaian, bihotzak loran,
Uretatik atera eta hondar gorrietan etzanik
Lokartzen direnak akiduraren sehaska amoltsuan
Adiskidetasuna da uso xuri bat, munduaren lau hegalak
Bildurik dituena bere bi hegaletan, eta ari dena
Arinik, haizeen meneko doan lore-hazi bat iduri
Ernea karreatuz bere xirulen plegu gozoetan
Adiskidetasuna da mintzaira bat zointan ez dagoen
Ele itsusirik, dixidurik, boterearen estalgarri
Ondradurik, ez eta zinik, agintzarik, baina perpausa
Emezko solas luzeak, egunaren azkentzean
Su epel edo arno berritsu baten amorean
Eramaiten direnak
Adiskidetasuna da lore usaitsuzko baratz zilarra
Aldiaren euriak urtatua
Fidantziaren eguzkiak gozatua
Lore berexen despit erro lotuetarik hartzen baitu bere indarra
Adiskidetasuna da bere gorputza baino ederragoa
Den emakumea, haren beroa, haren irria
Haren beso hedatuen abegia
Adiskidetasuna da zelai ferdezko parabisu bat
Eta hartan lauazka
Bi zaldi:
Batari deritza zu
Eta besteari deritza ni.
w1992