Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Definizio baten bila
Poeta nor den? Besteak beste
jostorratz gori bat
bihotzean sar baliote
gihar bat higi gabe egon litekeena
ixil eta deskantsu
barneko sua orri zuri bati baizik ez aitortuz
emakume banoaren iduna
inguratzen duen larru leguna
hanbat ez miretsirik, ez larru baliosik
ez andere haundiosik, baina haien lekuan
suge, krokodilo eta lehoin libroaren irudia
baizik ez lekuskeena
poeta da hizkuntzaz amodio urratua dagien
deus gutxi dakiela dakien
amoratu beti traditua
bere ergelkerian loriatzen den ergela
bere ametsak inori ebatsi ez dizkion ameslea
inori saldu nahi ez dizkiona
kaleko katuetan baratu eta hek laztantzen dituena
poetak hastio edo bekaitz ez dituena
bere ogiaz bere ahoa bazkatzen duena
bere zalantzez inorena
inori deus zor ez diona, salbu agian dena
sugarri infinito bat eskeintzen diotelako
bihotza haren berotan ezarriz ogitzeko bere adimena
poeta da bere buruari sekula poeta ez deritzona
sufrimenduan merezimendu eta loria ikustera bortxatua dena
lorian berriz haize buhada joankor
sortu bezain aise hiltzen dena
poeta da funtsean izaki bat ona
beharrik ala ondikoz
besterik izatea eman ez zaiona.
w1992