Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-09-6
Luis Berrizbeitia
1963, Abadiņo
 
 

Nire gauzak

Gibeletik darraidan itzala nirea da

nire izena nirea da

nireak dira ene gelara ixilka sartzen den lehen argi zirrinta

gostarik jaiki ondoz egunera bideko trenpu txarra

eta bertara ezkerozko akimena

nire hitzek izendatzen dutena nirea da

irakurri ditudan liburuak nireak dira

Werther gaztearen txaleko horia

Alonso Quijanoren lehia saindua

nirea da egin didaten karesa, egin dudana

destenoreen liluraz edo izpirituaren asalduz

gau sakonari ebatsi diotzadan orenak

orduko zakur urrunen zaungak, orduko ilargiaren argi zilarra

nireak dira landatu ditudan sagarrondoa eta madaria

primaderan mamituko dituzten ernamuinak

eta urritean ekarriko duten fruitua

egitera ausartzen ez naizen gauzak nireak dira

ingurura begiratzean, eta neure baitara, dakusadana

eremu triste hoietako bakardadea

aingura behingoz jaso eta hedatu nahi nukeen hainbeste bela

ez daragoion haizea eta hautsirik datzan lema

erratu ditudan bideak

barkamendu akordatu didaten adiskideak

ezpain anpolai edo bular jagi batzuek iziotu didaten soa

ikusi ditudan bazterrak, salutatu gizonak

erronda baten zurrunbiloan arnoak ezagutzera eman didan oilaritea

karkailaz mintzo zaizkidan abagadune galduak

ene paladinen ezpata, haien loria eta haien derrota

ene urratsek lurrean pausuz pausu izkribatu duten iheroglifikoa

eta, azkenik, nire etorkizuna ere nirea da, eta hartan, bukania

fina, pazentziaz eta ixilik eni so

bi metro luzeko ahanzmen zizaretsua.

 

w1987