Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Etorriko da eguna
Etorriko da eguna
lurra ikaratu eta eraitsiko baita dorrea
haizea oldarrean jaiki
eta barreatuko baita armada
zoperna fulian abaildu
eta fundituko baita erredola
eta dorre, armada eta erredolarik gabe
baratuko da gizona, eremu zaharrean jaurtikia
billos eta amikatua, pausurik ezin edirenez
eta luzaz erratu ondoan
noizpait zerua idekiko da, harrabotsez, zauri batean
eta berriz adituko da trumoia, berriz ahotsa,
berriz ere jatena jainkozkoa ahora
harrizko legea eta egunen errota
eta orduz geroz oin berriek ebakiko dute bidea
mintzo berriez izendatuko da harzara
begiak dakusana, gogoari otu zaiona
oro leheneratuko da
miztoa eta eztia, ezpata eta luma
urzapala ta gabiraia, eguzkia ta itzala
palazioa, etxola ta ziega
etorri behar baita eguna
dena berdin izatekoa.
w1987