Koblakariaren agurra
1
Urtien horma zaharraren
babes paketsuan
entzun zelan kantetan daben
agure honek bere penaren
kopla tristea
kanta ihar samintsuan.
Zahartzaro zabal-zabalean
akorduen enbor latzean jarririk
kantari nahi nituzke nik
penak, aireari abestean
poz bihurtu
eta bizkarrean berriro nire memoriak
segi bidea isilik.
2
Oi lurra! Oi bizitza! Oi denpora!
Nire ondoan dana ihesi badoa
errekea, eguzkia, zeruan lainoa
eguna ta gaba, iretargia, itsasoa.
Eta zeuen mailaz maila gorago
eta urrunago, ni neu be banoa.
Atzo nengoan lekuan gaur ipini deuste
oroigarri triste bat, ihar ta sikua
pena baten zapi baltzetan batua.
Besterik ez dago. Haurtzaro galdua
gaztaroa... Dana dago zimeldua
hodei arteko iretargi lez bigundua.
Nire bizitzan arantzak, ilunpeak
eta goizetik gaberainoko negarra.
Tristura triste baten belarra
arimaren soloan, ta bularra
kiskaltzen pekatuaren sugarra.
Nire arima, arima ustel zantarra!
Oi lurra, oi urteak, oi pozak!
Danak joan dira. Ta mundua
ilun daukat. Busti nire ingurua.
Non zarie, amesak...? Ahaztua
bihotz hondoraino jausita damua.
Penaren uretan kontzientzia mindua
barnean, ezin sofriturik pekatua.
Oi urteen bekatuak... Gure Aita betikoa
parka arren nire bizitza zoroa.
Aita zara: parka semeen semetza gaiztoa.
Ta zuk, Jesus, gure Erosle gozoa
emostazu zeruan zure Amaren altzoa.
3
Emostazue kopa bat handia:
ahoa erreten deust garrazki
gorroto birao zantarrak.
Busti gura dot eztarria
eta ardotan ito
bekatuaren tristura lodia.
Nik nahi barik daukot eta
daukot hemen barruan
pena ilun sakon bat.
Zer egin nei, lagunok?
Euskal Herria itxi nebala
malkoak dodaz begian:
itsasoz handik, hara Espainia,
ez baita lur hoberikan.
Kanta neban, ta itzuli barik:
agur Euskal Herri, agur
agur betiko Euskal Herri...
Berriz begitu nebala
ez zan ikusten herririk.
Besteen pozak tristeagotzen
nau beti geroztik.
4
Bagoiaz joan bide luzean
atzera begitu barik:
ondino gaua urrun dago-ta
eguna dago argirik.
Urrungo itzal paketsu harek
emongo deusku bakerik,
pentsetan dogu, pentsatu barik
inoiz hilgo gareanik.
Bidean bada ostatu onik
iturri garbi gozorik
bada laguntza, bada grazia...
baina ez da denporarik.
Beti aurrerantz goiaz andaran
ihesi Jainkoagandik.
Bagoiaz joan, bizi guztian
barrura begitu barik.
Joan ta joan beti joaten
grina gaiztoen bidetik
kurtze batean hil zen Jesusi
ez deutsagula ardurarik.
Itzal, oi itzal...! Ez dakigula
zelan erdu gareanik
ustekabean aurkitzen gara
heriotzean jausirik.
5
Zaharrak dinotsolako egia da.
Baina kantan dinoelako
eta mozkor eta negarrez
bi bider egia.
Gazte nintzanean
bizitzan lasterka ninoian:
guztiz urrun, ilunbe bat
sumatzen baineban.
Baporak portura legez
itzalera ninoian andaran.
Gazteen amesak: joan
beti urrun, urrunago
han olgetako grinaz.
Etorri naiz eta...
heriotzea zan.
6
Bidean iatorkuk heriotza,
geugaz eta geldiro, bai.
Isil-isil... Geure itzalpean
etorrek beti geure zai.
Bardin praube ta aberatsak, bardin
triste bizi edo alai:
heriotzak, urteen haria
ebakiko deusku danai.
***
Aurrerantzako indarra
emoten deusku bihotzak
indar honeik guztiok dauz
ebakiko heriotzak
Amatauko dau betiko
gure munduko bizitza.
Hartuko deusku Jainkoak
danaren kontu zorrotza.
Zahar ta gazteok daukogu
hilgo garan kastigua:
geroan sartuko gara
itxirik geure mundua.
7
Maite ioat mundua, Mikel:
hildakoan lurperatu
nagik arbola ondoan
arbola ondoan eta
iturri baten alboan.
8
Nire amesa joan iat
lorezko bide batetik.
Oin arinez, edo biziz
eguzkiaren atzetik
itsasoz beste aldera:
zeugatik, ames, zeugatik
bide luze arinean
erromes naiz umetatik.
Zoroak lez bilatu dot
nonahi zorion eztia.
Ura lez atzaparretan
labantzen iat poz guztia.
Eskuok hutsik daukodaz
zertan erre dot bizia?
Besteak poztuz tristeagotzen
bizi da koblakaria.
9
Baina arima nekatu
errekaren bazterrean
—halan egur ustela—
geratu zanean
denboraren ibai zabala
aurrera zoan, aldean.
Sasi artean kabitu
arima zaharra, motela
—ez eban afanik—
nagi geratu zan, geldi
ta ur bazterrean etzanik.
Bazterreko ur malsoan
arimari lotu iako
pats lizun berde ta
hosto eroririk... eta
geldotasun antsibaga.
Arima geixo geldoa:
ur asetu, gitxien ustez
—makal eta baldar—
jausiko haiz ur hondora.
10
Bizi dan lez praube hilgo da
Nevadako olerkaria
zeuen poz eta neure penen kantaria.
Nire negarrak emon dau alegrantzia:
nor izango da nire heriotza
kantatzeko koblaria?
Gauero kantetan dogu
herria itxi dogunok:
baina zaldi ona be gaur
jatez ahazturik iagok.
Lehenago nire bertsuok
barre eragin deutsuez baina
gaur negar dagigu danok.
Agur Euskal Herri maitea,
eta agur zeuek be, lagunok.
11
Hilda aurkitu dot koblaria:
lurrean etzanda
izarrei begira
bihotzean bala bat
ta ondoan, geldi, zaldia.
w1964