Bizitzaren arbola beltza
1
Goian izarrek bizitza zuri,
aztoreak mendian harkaitzezko.
Gizonak, aldiz, munduan
bizitza gizonezko.
Hain da gizona gizon...
2
Egia!
Zer ote dugu Egia
ta haren argia?
Behin hurbildu gintzaizkion
Egiaren zokoari,
leize ilun ta beltzari.
Han behean omen dago
Egiaren presondegi.
Beltzeriaz izurrituak
ginan geldi.
Kristo, nire Jesukristo,
gaitz sendaezin hau
ahaztu diguzuna:
Pilatoren galderari,
gizadi larriaren
itaun heriozko gartsuari
zenion erantzun
burua makurtuaz tristeki.
Ihardespen zail, ihardespen izkutu
zenigun ihardetsi.
3
Eguzki galda errean
bare zikina etzanda dago
infernurako bidean.
Bidean jaio zuten gaixoa
(ez nondiko eta ez norako)
ez baida berez jaioa.
***
Gure antzinakoek
ez digute erakutsia
Jaungoikoaren aurpegia.
Gure barnean
axanparen mailu burnia
dugunean kolpeka
jaso ditugu begiak
ta gogoaren antsia
Jainkoaren begira.
Itzala dugu ikusi
haizearen uhinetan balantzaka,
Jainkoaren itzala,
eta menturaz Haren sorbalda
gure saminen itsasoan
uhin artean ihesi...
Gu guztion deia,
kaio nekatu,
itsasoa gaindi dabil
oinak non jarri ezinik,
otoitz madarikatu.
4
Ez du jaten ilargirik
zapoak potzuan,
dagoenean kantari
gau barruan.
w1963