Pagoa geldi dago
1
Pagoa geldi dago
bidearen ertzean
ezin du konprenitu
nire presa bidean
bide gora noala
—izerdi bizkarrean—
zergatik hain urduri
zerbaiten ehizean?
Kantsazio pozoia
baitarama zainean
izanaren miztoak
sartuta egonean
bizitza neke ahulen
pentsaketa luzean
ezin du konprenitu
nire presa bidean
Bihotza ihartu zaio
gogoeta luzean
gogoa zaio ihartu
pentsamendu lanean.
Nire anaia delarik
ezaren ilunean
ezin du konprenitu
nire presa bidean
Udazken bustiaren
arratsalde morean
fedea erantzi dio
Lanbrok oharkabean
sentimen busti tristez
elkar besarkatzean.
Ezin du konprenitu
nire presa bidean
2
Goroldioz jantziriko
zauritutako bizkarrean
asperkunde giroa
hosto berdeen airean.
Betiko loaldia
nola gura lukean...!
Ezin du konprenitu
nire presa bidean
Plazeretan igeri
bizitza bizitzean
pago gazte jentilek
pozaren mozkorrean
huntza besarkatuz
maitasun lizunean
konprenitzen didate
nire presa bidean.
Nire pago kristauak
ostera, bide ertzean,
ezbaiko itxaropenez
ukazio beltzean
heriotz ondorengo
zerbaiten irritsean
ezin du konprenitu
nire presa bidean.
Pagoak ez du atseginikan
bere penaren ohean.
Bakar-bakarrik egon baitago
hainbat pagoren artean
eremu grinak zurintzen du-eta
zur sendoaren barnean.
Zertako balio dio hari
pago jaio eta jeiki?
Zertako pago indartsu jaio
loreak lez hil baledi?
Nahiago luke (nahiago dut, bai)
sekula santan ez bizi.
Hil behar garratz sentimen honek
malko latzik lehertu dio
hosto guztien begi berdetan
udaberriko goizero.
Halabeharra, pagoak duen
fedearen argudio.
Zuztar minetan bihurritzen du
desesperoen betea...
Pago sendoak ezin du ulertu
heriotzezko zoria.
Madarikatzen du mila bider
heriotzezko bizia.
Pago zaharraren hondarra
aspaldian da logale.
(Aizkolariek, neguak
guztiz bilois utzi dute).
Azal goroldioarekin
ederra ostu diote.
Pago zaharraren hondarrak
goroldiorikan gabe
ez du nahi izan eguzki
ta ez du nahi izan lore.
Egun lez nahi du jarraitu
ez bizitza t’ez kolore.
Pago zaharraren hondarrak
eguzki beltza nahi luke.
Ez txoririk, ez kabirik,
txingorririk ere gabe.
(Bizitza ihesi doa
beheko iturrian triste).
Pago zaharraren hondarrak
eguzki beltza nahi luke
eguzki beltza nahi luke ta
lehenbailehen usteldu ere.
Harrezkeroztik daramat
kanta beharra niregan.
Bideko harriak penan
txorien lotsa sasian
nabaritu bainituen
bihotzaren bihotzean.
Ta harrezkeroztikan darit
arima bertso iturri.
Pupila beltzean senti
nion mina herriari.
Noa orain euskal herrien
nekearen mandatari.
Alperrik nauzu ostika
(bekatu hau baita santu).
Deblauki dizut abestu
egia ez dedin galdu.
Jakingo duzu gaurtikan
zeru hau nola den (zeru ez!)
infernu.
w1961