Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Izarrari solasean
Laudato si, mi Signore,
per sora luna et stelle...
Cantico del fratre sole
Bertso bida bear ditut kantatu
izarrei: zer zaidan gertatu
korputzak ar dezan deskantsu.
Errikoia
Arratsik arrats zeru urrutian ñirñari,
maite kupiraz zagerkidan izar argi:
beste iñoizetan legez natortzu gaur ere
ixilmixil bat izan nairik zurekintxe.
Aski izaten dut leiotik tinka zuri so,
biotz axanpak jaulkiz izketan jartzeko.
Ordu onean zindudan bai aukeran jo,
nire izkutuak azaltzeko aboz-abo.
Zuk ez bait duzu, lurtarrok lez, iñor saltzen;
aditu ala ixillik duzu gordetzen.
Deitzen dizudan bakoitzean: «nere izarra!»,
darantzuidazu: «emen nauk, seme lurtarra»,
ta arin zatozkit ainbeste luzeko bidez
lagun gaixo oni «gabon» ematera maitez.
Maitasunezko zure errukiaren izpiz
goza didazu bekoki ituna amaika aldiz,
biotz kezkaen sarigarritzat, il ondoz,
zaudeneko ortan Zeru bat dala adirazoz.
On ta otxana zaitut, zerutar zuzia,
on ta otxana ta ixilla ta maitatia...
***
...Gaur, baña, Izarño begiko orrek bazeneki
zein beste dudan atzotik gaurko ikuspegi!
Gogamenaren ortzeak odeirik ez dit;
bat batez, samin danak poz biurtu zaizkit.
Pake bat sor zait..., oskarbi orren pakea,
Jaungoiko onaren zolitasunez betea.
Nire baitako laiotzean azterkari,
goi leñurutan ez dizut, bada, nabari.
Samariko osin ura?, Sikarko iturria
eguzkitan, ta Jesu bertan exeria
antuxiñetik bere Ur bizia eskeñiz
«Edan —esaten—, ez aiz egarriko berriz».
Eskale antzo urbil natzaio albetan;
edan dut, edan, Jainko onaren eskutikan.
Ta bertan, mundu guzia arki dizut berri;
oro garden, bai, oro iztun, maitagarri!
Ez nuen uste, ez onen zoragarria
zitekeanik sor zaidan egunsentia.
Beste begiz dakusat orain izadia!
Bestelako biotzez maite du bizia!
Atzo miñarren negarrik ezin zeridan;
ta gaur pozarren malkoa dut begietan.
Zure susmurra berbera gaur zoliago
aditzen dizut, ta ulertzen gardenkiago.
***
Millaka izarño zaudete betiraunean
giza gogoak zuenganatu naiean.
Biotzak diraust, Zeru eder orren pean
nola gizona onen gaizto ditekean.
Millaka izarño Jainko geznari or ernai.
Baña satorrak lur zuloa baizik ez nai.
Ez ote griñaz lañotuta datzalako?
Ez ote entzungor zuen mintzaira aditzeko?
Ezin ulertu: Zeru eder orren pean
nola gizona onen gaizto ditekean...
***
Zuk beintzat jarrai niri izketan, txingar maite.
Gaurkoz, alare, agur; baña biar arte.
Emen itxoingo dizut, gau ontan bezala.
Ta gaur baño re obea arki nazazula;
zure irudira nakusazula: argia,
on ta otxana, ta ixilla, ta maitatia...
w1950