Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-01-0
Salbatore Mitxelena
1919, Zarautz
1965, Chaux-de-Fonds
 
 

Itxasora dei

                                        Egun batez ari nintzelarik

                                        sala batean bordatzen,

                                        itxasotik aditu nuen

                                        mariñel bat kantatzen,

                                        mariñel bat kantatzen eta

                                        bertso auek ematen:

 

Zabal neurgean gora kaioa egazka;

goi ta be, ur eta lur oinpe darabilzka.

Aren labain ta ariñik doakit ontziska

urrun miñez itxasoz arunzka ta arunzka.

 

Oskorri lor eziñak dei dagit gozoro:

arako leiaz nai dut itxasoz igaro...

Askatasuna atsartuz nai bezin oparo,

biotz esi gabeak ibillian giro!

 

Kantuz noa itxas zear urruntzen, urruntzen...

O, bai, «Libertadea zoinen ederra den!»

kantuz noa, arraun ta amets erabat egiten.

Ontziskaren aurretik gidari Irudimen.

 

Legorrean dagonak egonean tinko,

eztaki itxastarraren jorana nolako.

Ez ninduke bestela errukarri joko.

Ez nago iñorenakin zoria aldatzeko!

 

Iñork gura baleza bizi gezalean,

sar dedilla nerekin amets batelean.

Poz betea arki baietz emen urdiñean,

ugiñak lez urteak ontziz garaitzean!

 

Zori oberen baten atzetikan goazen,

biotz Eder goseak non dezan atseden.

Lur ezaguna atzean utzi ezkutatzen;

ugarte berriren bat nonbait arkituren...

 

...ta an doa batela txikia, Oskorriari buruz, gero ta urrunagotzen, neskatxa bordariak legorretik begiz galtzeraño.

Nork atzitu, bere osoan, lagunurkoaren izkutapena? Al dakigu norgere anima barruarena bera!, al jakin norgere kutiziak eta ase eziñak, zer nai duten, nolakoxeak diran, noruntz dijoazen!

Iñularreko eguzki igeskorrak, urez bestaldera oeratzekoan, urregorriz dirdaizka daukakizu itxasgain sorgiña, mirari bat lez, bri-bri zorotan; ta aretxen lillurak limurtuta, mariñel bertsolaria, poesi ontziz, izkutatzen dijoazu, arago ta arago, noranaita.

Nora, ordea?: neskatxa bordariak alperrik galdetzen du, ez baidakus dagoneko ia ezer. Nora? Zeren billa? Al daki mariñelak berak!

Betiere, jakiteak baiño geiago balio digu miñak, jakin eta senti miñak. Ase eziñak!

 

w1942