Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-01-0
Salbatore Mitxelena
1919, Zarautz
1965, Chaux-de-Fonds
 
 
Sarrera
Koldo Izagirre

 

Jainkoaren beldurrean bizi zen herri zintzoa ginen Euskal Herria: aberria zerurako, euskarak biraorik ez, literatura garbi bat. Eta 1936an Jainko horren izenean altxa zirenek Euskal Herria suntsitu zuten, Jainkozalea izanak kupitu gabe. Hondamendi hori profanatzaileen garaipena bezala bizi behar zuen noski apaiz abertzale eta euskaltzale batek, Elizak berak bedeinkatzen zuenez zanpaketa. Barne urradura horrek sorrarazi zuen Salbatore Mitxelena poeta, ilunpetako sortzailea, oinazearen interpretea, herri honen agoniaren kantaria. Egia da gurea «badoan herri bat» delako horrek XIX. mendean duela iturburua —horixe zen Élisée Réclus geografoaren ustea mendearen hondarrean, 1801ean bertan Wilhelm Humboldt-ek eman iritziari jarraiki—, baina nahiz eta sekularismo baten arrastoak ageri diren Mitxelenarenean, 1936ko gerrak markatu zuen gogorkien bere lana. Gerraondoko gure lehen idazlea da, baina are gehiago dugu gerra horren ondorio eta emaitza. Ezin du sortu heriopsikosian baino, bizi nahi duen hiltzera kondenaturiko herriarekin bat eginik.

Joxe Azurmendik sakon aztertu du Mitxelenaren poesia. Haren arabera, gai bakar bat egin zen bere inspirazioaren jabe, bestelako lirika baterako ageri zituen dohain nabarmenei bide eman ezinik: Euskal Herriaren agonia, sentimendu tragikoa bere egin duen espiritu minberaren eskutik. Agoniak, Unamunorenean, borroka esan nahi du: Euskal Herriak bizi egin nahi du. Hor gauzatzen da Mitxelenaren poesiaren tentsioa, fedearen eta fatalismoaren arteko tira-biran: oinazea, penitentzia, gurutzea, kalbarioa... Kristoren pasioan oinarritutako iruditeria eta kontzeptuak darabiltza bere herriaren egoera adierazteko, baina herri horrek ez du hil nahi, erromes doa salbazioaren bila, horixe baitu esperantza bakarra, Semearen hildura Amak eztituko du. Azurmendiren beraren hitzetan esatearren, «Euskal Herriaren interpretazio teologiko-liturgiko bat» egiten du Salbatore Mitxelenak.

Gizon langile eta ausarta omen zen, eta aiurri horretako hizkera du, bizia, zorrotza, zenbait pasarte trinko samarrak sortzen zaizkion arren. Gerraondoan idatzi bazuen ere bere obra nagusia, gerraurreko gizona zen, horrek adierazten duen guztiarekin euskarari buruzko iritzietan eta erabil zitzakeen baliabideez. Inoizko iluntasun horri, ordea, gain hartzen dio estiloaren sarkorrak, ahozkotasunetik hurbil dauden molde garratzetan. Gartsuki idatzi zuen, presaka, bizi izan zen bezala. Ez da, beraz, tankera landuko poeta, «inperfekzioaren zauria» dakar. Baina gisa honetako poeta askok bezala, dariona, zirraragarria du.

Salbatore Mitxelena (Zarautz, 1919 - Suitza, 1965), fraile frantziskotarra izan zen. Misio lanetan ibili zen Euskal Herrian, Ertamerikan eta Suitzan. Poema ugari utzi zuen argitaratu gabe, eta asko galdu egin dira. Saiakera ere landu zuen (Unamuno eta Abendats).

 

 

 

Bibliografia

Azurmendi, Joxe. SALBATORE MITXELENA. BERE LEKURATZEKO. In Salbatore Mitxelena, Idazlan Guztiak I eta II. E.F.A., 1977 eta 1984.

Agirretxe, E. / Azurmendi, J / Etxaniz, N. / Lekuona, M. / San Martin, J. / Schwob, L. / Torrealday, J.M. / Txillardegi / Villasante, L. SALBATORE MITXELENA. Jakin Sorta 2, 1970