Ura jaten
Ura jaten
Maddi Goikoetxea Juanena
Azaleko irudia: Sara Galan Alonso
Diseinua: Metrokoadroka
2023, antzerkia
246 orrialde
978-84-19570-07-9
Maddi Goikoetxea Juanena
1994, Donostia
 
 

 

ANDER LIPUS

 

ARTEDRAMA PLATAFORMA

 

 

      Ander Lipusek (Markina-Xemein, 1971) ibilbide luzea du antzerki-ikerlari moduan. Esperimentazioa helburu, aktore eta zuzendari aritu da, baita irakasle ere, eta hainbat antzeztalde proiekturen sortzailea da: Antzerkiola Imaginarioa (fti) eta Artedrama Plataforma, esanguratsuenak. Antzerki fisikoan, antzerki antropologikoan eta Indiako Kathakali teknikan aditua da. Ikasketak eta lehen hastapenak Madrilen egin zituen, eta 90eko hamarkadan Euskal Herrira itzuli zen eta ordutik euskal kulturarekin eta sorkuntzarekin konprometitu da. Artedramarekin euskaraz sortzeko hautua egin zuen, eta ordutik sendo eutsi dio.

      Bere ibilbideko etapa guztietan izan du, antzezlanekin batera edo haratago, oinarrira, hezkuntzara, transmisiora jotzeko bulkada bat. Horren adierazlerik gorenena izango litzateke Aulestin hamabost urtez antolatu dituen adel topaketak. Bulkada horretan sakontzeko gogoz jarri dut hitzordua berarekin. Elkarrizketa egiteko unean urtebete da bere jaioterrian bizi dela, Markina-Xemeinen, eta bertako kafetegi batean elkartu gara.

 

Etxean euskaraz lan egiteko hautua egin duzu, baina ftiren garaian euskaraz aritu omen zinen kanpoan ere.

Bai, Iranen, Kairon, Chicagon eta Buenos Airesen egin izan dut teatroa euskaraz. Antzerkiola Imaginarioaren Yuri Sam obrarekin izan zen hori. Gazteleraz ere antzezten genuen lan hura, baina nik leku haietan apropos eskatzen nuen euskaraz egin ahal izatea. Itzulpenik ez zuen arren jendea etorri egiten zen. Buenos Airesen, adibidez, gazteleraz egiteko eskatu zidaten, eta nik onartu, baina euskaraz ere egin ahal izatearen truke, obra hura bere oinarrian hala sortu zelako. Azkenean bi bertsioak taularatu genituen. Euskal Herrian, aldiz, apustu hori ez zen ulertzen, eta ez zidaten euskaraz aritzeko hainbeste aukerarik ematen, etxean gazteleraz egiten amaitzen nuen sarritan.

 

Harrigarria da hori!

Bai, horregatik kanpoan lanean ibili ostean pentsatu nuen Euskal Herrira bueltatu eta gauzei beste leku batetik heldu behar niela, beste lanketa bat egin. Hemezortzi urterekin antzerkia ikasi nahi nuenean, orduko Antzerti eskola itxi egin berri zutela eta ez nekien nora jo. Garai hartan erdaraz justu-justu egiten nuen. Euskal Herrian ez zegoen non ikasi, ez behintzat nik bilatzen nuen maila oneko eskola mota eta, azkenean, Madrilera joan nintzen. Arantza horrekin jarraitzen dut: hemen beharrezkoa da goi-mailako antzerki formakuntza bat. Horregatik, nire ahalegin guztiak horretara bideratu izan ditut, hutsuneak betetzera: adibidez, nire herrian ez zegoen antzerki talderik, eta antzerki talde bat sortu nuen, behar horri erantzun bat emateko. Nire hurrengo borroka herrian, Markina-Xemeinen, antzoki bat sortzea da, oraindik ere ez daukagulako espazio egokirik.

 

Zure lanaren berezitasunetako bat da egun euskara hutsean sortzea, baina hasieran ez zen horrela izan. Nola iritsi zinen horretara?

1998. urtean, Bilbon, lagun batzuekin batera Antzerkiola Imaginarioa taldea sortu genuen, lengoaia eszenikoa ikertzeko helburuarekin. Gure lanak sortzearekin batera stage internazionalak —ikastaro trinkoak— antolatzen genituen. Hor gehien gailentzen zen hizkuntza gaztelera zen, bigarren maila batean ingelesa, eta euskarak, aldiz, ez zuen ia lekurik. Gogoratzen naiz stage batean, libre geneukan tartetxo batean, Iņigo Aranbarri aktorearekin ping-pongera jolasten ari nintzela euskaraz zuen adierazkortasun handiari erreparatu niola. Aldiz, nabarmena zitzaidan zer zailtasun zeuzkan erdaraz egiterakoan. Neure burua ekarri zidan gogora urte batzuk lehenago. Momentu hartan gure lana euskaraz egiteko beharra genuela sentitu nuen, geure ama hizkuntza delako, eta hortxe piztu zitzaidan euskara hutsean antzerki formakuntza edo laborategi bat sortzeko ideia: hala sortu zen Aulestiko Artedrama Euskal Laborategia (adel). Antzerkiolaren ikastaroetan jarduna elebiduna zen, eta elebiduna izanik ikasle bakar bat erdalduna zenean dena erdaraz egiten amaitzen zen. Horregatik argi utzi nuen Aulestiko topaketak euskara hutsez egingo genituela. adel proiektuaren hasierako oinarria ikerketa zen, euskal teatroari bere etxea ematea, idatziak egitea, txosten pedagogikoak eta abar, baina topaketek beste bide bat hartu zuten, hain justu ere prekaritatearengatik. Ez da posible dena egitea, eta nahiz eta hasierako helburua ez bete, adelek bere bidea egin du, bere horretan funtzio bat betetzen du: Aulesti bezalako herri txiki batean antzerkizaletasuna piztea. Aurten, 2023an, hamasei urte beteko ditu ekimenak. Horretarako lan handia egin behar izan dugu: bertako haurrei urtetan ordu kurrikularretan antzerki klaseak eman izan dizkiet, hau da, ekimena urtean behin egiten dugun astebeteko jaialditik haratago doa. Herrian haurrekin topo egiten dudanean badakite nor naizen, eta nire bidez badakite zer den antzerkia; era berean, hala transmititzen diete beren gurasoei ere... Dena da kate bat. Antzerkia ez da merkatuaren baitan emanaldiak egitea bakarrik, tentakulu asko dauzkan kate bat baizik, eta horrekin guztiarekin jolastu behar dugu.

 

Gaur egun Artedrama bezala ezagutzen dugun antzerki plataforma ekimen hari lotuta sortu zen, beraz?

Nire ideia, ekoizpen-etxe edo produktora baten faltan, zoru bat eraikitzea izan zen, eta horretarako balio izan zuen Artedrama plataformak: guk Arte Eszenikoen Plataforma deritzogu, eta horrek proiektu ezberdinak sostengatzea baliatzen digu, haien artean Aulestikoa. Beste batzuk, ordea, koprodukzioak dira. Orain Gernikan gabiltza konpainia “egoiliar” gisa, hor beste tentakulu batzuk garatu ditugu. “Keinu” deitu diogun ekimenaren bidez antzerki tailerrak egiten ditugu, adibidez. Aktore edo dantzari bat gonbidatu eta asteburu batean ikastaro trinko bat antolatzen dugu: “Keinu Eneritz Artetxeri”, “Keinu Amancay Gaztaņagari”, eta abar. Gernikako herritarrei zuzenduta dago baina baita kanpoko jendeari ere. Honetaz gain, koprodukzioak ere egiten ditugu beste konpainia batzuekin, hala nola Axut! edo Dejaburekin. Herri antzerkigintzan ere ibiltzen gara, Iparraldean lan asko zuzendu izan ditut. Orain dela gutxi Gernikan herritarrekin bonbardaketaren inguruan obra handi bat prestatzen ari ginen, baina pandemia dela-eta gelditu egin behar izan genuen.

 

Antzerkiola Imaginarioaren bidez stageak antolatzen zenituztela aipatu didazu. Kontadazu pixka bat gehiago horren inguruan.

Irakasleak gonbidatzen genituen kanpotik. Adibidez, Indian izan nintzen eta Kathakali teknika ikasi nuen, bertan nire “gurua” izan zena ekarri nuen eta hango teknikak landu izan genituen… Era berean, Madriletik eta Italiatik ere etorri zen jendea irakastera, eta nik neuk ere eman nituen ikastaroak, besteak beste.

 

Ez da ohikoa zure belaunaldiko aktore gazte batek Kathakali teknika ikastea...

Nik batez ere hori landu dut, aktore batentzat kristoren teknika da. Baliko maskarekin ere aritu izan naiz. Ekialdeko tradizioak niretzat beti izan dira ardatz bat: Japoniako No teatroa, Kabukia... Antzerkian nire lehenengo formakuntza oso klasikoa izan zen, William Layton maisuaren pedagogiaren bidetik. Hor lanketa guztia buruan oinarritzen da, arrazoian. Egia da emozionalki kristoren ahalmena ematen dizula, azken batean teknika bat delako. Nire ustez aktore orok teknikaren bat ikasi beharko luke, gutxienez bide batean espezializatu eta sakondu. Teknika hori baliagarria zaizun ala ez gerora ikusiko duzu, baina oinarri bat edukitzea oso garrantzitsua da. Dena dela, azkenean teknika guztiek leku berera eramaten dutela uste dut, ibiltzeko modu ezberdinak besterik ez direla: azken batean, eszena gainean bizirik egotea da kontua, organikoa izatea eta hori transmititzeko gaitasuna izatea.

 

Lehen aipatu didazu gaztetan Madrilera joan behar izan zinela antzerkia ikastera, gero bueltatu eta euskal antzerkia bultzatzeko apustua egiteko. “Heroiaren bidaia” gogorarazi dit horrek. Nola bizi izan duzu zuk hori?

Nik hasieran ez nuen horrela planeatu. Madrilera joan nahi nuen, bertan teatroa egin, han bizi... eta gero, gainera, nire asmoa New Yorkera joatea zen, kristoren asmoak nituen! Baina asmo horiek aldatzen joan ziren, batez ere nire balore eta printzipioen arabera lan egiteak Madrilen kabidarik ez zuela ikusi nuelako. Orduan, hona itzuli eta nire bidearen bila hasi nintzen. Uste dut norbere bidea txikitako jaioterrian dagoela. Hemezortzi urte nituenean antzerkia zoroen gauza bat zen, ez “heroiena”, baizik eta eroena. Lan asko egin behar izan dut antzerkitik bizi daitekeela demostratzeko. Enpresa bat sortzea eta gauza “serio” bat egitea sekulako ahalegina izan da.

 

Zergatik ez zuen Madrilen kabidarik nahi zenuenak?

Gaztetan oraindik ez nekien oso ondo zer egin, baina banekien egiten nuen horrek ez ninduela betetzen. Hogeita bi urterekin dagoeneko teatro klasikoan nenbilen lanean, kristoren soldatarekin. Bira hura erdian utzi nuen, taberna batean hasi nintzen lanean eta Filosofia ikasteari ekin nion. Antzerki mota independentean sartu nintzen, ezer kobratu gabe. Argi neukan teatro mota horretan ez nuela lanik egin nahi. Zergatik? Ez dakit, ipurtarina nintzen, uste dut baneukala barne su bat…

 

Ez zenekien oso ondo zergatik baina bazenekien ez zela hortik.

Bai, une horretan teatroa egiteari ere utzi egin nion.

 

Lagunek zoratuta zeundela esango zizuten...

Bai, kar-kar-kar! Niri beti esan izan didate hori. Teatroa utzi ondoren lorezaina ere izan nintzen, filosofia ikasten nuen bitartean, eta gerora berriro bueltatu nintzen antzerkia egitera. Baina, azkenean, Euskal Herrira bueltatzea erabaki nuen: maitasunak ere asko mugitzen du, Madrilen bikotekide izan nuen neskarekin harremana utzi eta Markina-Xemeinera etortzeko erabakia hartu nuen. Hemen asmatu nuen nire ezizena: “Ander Lipus”. Garai hartan Utopia manifestua idatzi nuen: nire asmoa Bilbon musika teknoko jaialdi industrialak egitea zen, performancea eta teatroa nahasturik, bertako fabrikak okupatuz. Hala sortu nuen manifestua, eta gero hortik eratorri zen “Mina Espazioa”, fabrika abandonatu batean, sorkuntza laborategia.

 

Ez nekien Ander Lipus zure ezizena zenik!

Bai, ni Iņigo Ibarra naiz.

 

Pozten naiz zu ezagutzeaz. Egia da izen berezia dela Ander Lipus...

Klaro, nik garai hartan ez neukan indarrik, zer egingo nuen ba “Iņigo Ibarra” izenarekin”? Ez zuen abangoardiara ez ezertara sonatzen! “Lipus” nire Madrileko lagun baten abizena zen, kendu egin nion, eta horrekin batera “Andere” hitza ere asko gustatzen zitzaidan, hala Anderetik “Ander” atera nuen. Madrilen sei urte eman nituen, Bilbon hamar eta, gero, Berrizen beste hamabost. Orain urtebete egingo dut Markina-Xemeinen, herrira bueltatu naiz hogeita hamar urteren ondoren.

 

Ziklo luze bat itxi da?

Nik berez nahi nuena ez da bizi izan dudana. Hau oso gauza pertsonala da, ez doa inora, baina tira: nire asmoa antzerkirik onena ikastea zen, Oscar bat irabazi eta laurogeita hamar urterekin nire herrira bueltatzean Oscarra, nola ez, presoei dedikatzea! Kar-kar-kar! Hori zen nire txikitako edo gaztetako ametsa. Eta, begira: herrira bueltatu nintzen askoz lehenago eta argi ikusi nuen bertan egin behar nuela lan, hemen izango nuela zorua eta baratzea. Sorkuntza askotan egon naiz, adibidez ehaze elkartearenean, baina gerora utzi egin nuen, izan ere, ezin baitzara toki guztietan egon eta lekua utzi behar baitzaio jende berriari ere.

 

Badirudi arrakasta eta prestigioa elkarri loturik daudela eta gainera atzerrian daudela: kanpotik “ematen” edo aitortzen dizuten zerbait, Oscar bat bezala, gero hona “ekarri” dezakezuna. Zentzu horretan, Madrilen teatro klasikoan zenbiltzanean arrakasta eta prestigioa zenuela esan genezake...

Arrakasta xumeago bat, baina bai. Momentu hartan hogeita bi urte nituen eta dagoeneko errekonozimendu handiko aktoreekin nenbilen lanean: Helio Pedregal, Carmen Elias, Ana Gracia, Antonio Valero... Inongo entxuferik gabe. Ez nintzen inor, baina hain gazte izanik han egoteko kapaz bazara, arrakastaren bidea sumatzen hasten zara. Baina hori pikutara bidali nuen.

 

Bilbon Antzerkiola Imaginarioa sortu zenuen, euskal antzerkigintzan arrasto luzea utzi zuen proiektua. Etapa haren ostean bide berriak etorri ziren: Madriletik Bilbora, eta Bilbotik Berriz eta Markina-Xemeinera, proiektu berriak harilkatzen. Zein izan da hari hori?

Madriletik bueltan argi neukan hemen lan egin behar nuela, eta horrek denborarekin erradikalizatu egin zuen nire bidea: euskaraz bakarrik ariko nintzen. Markina-Xemeinen Abarka antzerki taldea sortu genuen adibidez, maila horretan zegoen hutsunea betetzeko, eta ahaldundu egin ginen euskararekin inguruko hizkuntza hegemonikoen presioaren aurrean. Denborarekin inurri lan horren emaitzak ikusi ditut: zazpiehun lagun bizi diren Aulesti batean, adibidez, hiru antzerki ikaslek antzerkian goi-mailako ikasketak egiteko saltoa eman dute, eta hor ikusi dut transmisioa zeinen inportantea den. Beharbada, ni haien bidean gurutzatu ez banintz pertsona horiek ez zuketen erabaki hori hartuko. Beste batzuek nik gaztetan izan ez nituen aukerak izatea gustatuko litzaidake. Hori da nire borroka.

 

Zuk zeuk nola ezagutu zenuen antzerkia?

Ez dut ondo gogoratzen, baina oso argi dut flipatu egin nuela frontoian Geroa antzerki taldea etorri zenean: jendea ikusi nuen biluzik, zirkulu batean gauzak egiten, eta pentsatu nuen, “Zer da hau? Ke kaņa!”. Gogoratzen dut gehien txunditu ninduena emanaldiaren ondoren dena desmuntatu eta furgonetan nola sartzen zuten ikustea izan zela, eta jarraian beste herri batera zihoazela jakitea. Nik hori bera sentitu nahi nuen. Gerora, hamahiru edo hamalau urterekin, dagoeneko antzerki testuak idatzi, antzeztu eta zuzentzen nituen.

 

Transmisioari lotuta askotan kultur arloan “arrakasta” zentzu kuantitatibo batean ulertzen dela iruditzen zait, eta ez zentzu kualitatiboan. Adibidez, kultur programatzaileek balioan jartzen dute, eta “arrakastatsu” bezala definitzen, mila ikusle izan dituen emanaldi bat egotea; ondorioz, hori sustatzen jarraitzea erabakitzen dute. Aldiz, irizpide horien arabera, zer balore izan lezakete Aulestiko jardunaldiek, adibidez? Beharbada ez gehiegi, baina esan duzunagatik horri esker gutxienez hiru lagunek antzerkia ikasteko erabakia hartu dute. Nire kasuan, lehen aipatu duzu Iņigo Aranbarri aktorea: bera nire irakaslea izan zen, hamalau urte nituenean institutura klaseak ematera etorri zen, eta bera ezagutzea erabakigarria izan zen niretzat antzerkiaren munduan murgiltzeko orduan...

Kuriosoa da, ni Iņigo Aranbarriren lehen irakaslea izan bainintzen… Dena da kate bat, garrantzitsua da kate hori existitzea.

 

Nik Iņigorekin sumatu nuen ordura arte izan nituen antzerki irakasleekin alderatuta ezberdina zela, bere egiteko moduarekin identifikatu nintzen eta liluratu ninduen: berotzeko yoga egiten genuen, behin idazlan bat egiteko eskatu zigun... ordura arte izan nituen irakasleekin ez zitzaidan sekula halakorik gertatu. Urte askoren buruan, berriro antzerkiarekin lotura bilatu nuenean, harengana jo nuen gomendio eske, eta hark eman zidan nire hurrengo erreferentzia izango zena: Antzerki Labea, Dejabu konpainiaren eskola. Transmisioaz mintzo, pertsonak oso garrantzitsuak dira beraz, pertsonaz pertsona jositako kateak.

Hala da, oso desberdina da antzerkia nork ematen duen, nondik, zer nolako maitasuna transmititzen duen ofizioarekiko... Nire klaseetatik jende pila bat pasatu da eta askok antzerkiak harrapatu ditu, batzuk amateur bezala eta beste batzuk profesional bezala. Zerbait pizten duzu oinarrizko enkontru horietan, eta hori transmisioarekin lotuta dago erabat: zure munduan existitzen ez den zerbait ezin duzu gozatu, baina existitzen den momentutik aukera berri bat zabaltzen zaizu. Bestalde, antzerkia nondik enfokatzen duzun, alde handia ezartzen du, aukeratzen den metodoa norberaren kontua da, baina funtsean, antzerkiaren gauzarik ederrenetako bat jendeari on egiten diola da. Hain da handia eta zabala! Hainbeste esparru hartzen ditu!

      Norberak aktore bezala bide bat hartu behar du. Nik bere egunean eszenatoki gainean egotea erabaki nuen; hortaz, ezin diot denborarik eskaini hezkuntza edo pedagogiari, beste mundu bat delako, ez daukadalako nahikoa indar horretan ere aritzeko, nahiz eta oso gauza serioa eta interesgarria iruditzen zaidan. Halere, ikastaroetan transmititu dezakedana da nik aktore bezala nola ikusten dudan antzerkia, pertsonalki eta profesionalki non nagoen pasioarekiko: aktore gisa nola lan egiten dudan erakutsi dezaket, baina ez pedagogo moduan, enfoke estetiko-politiko-etiko konkretu batetik baizik. Bideak transmiti ditzaket, nola sentitzen naizen ni ondo taula gainean, nola lortzen dudan nahi dudana komunikatzea. Nire esperientzia baliatzen dut ibilbide posible bat transmititzeko, eta hortik bestea gonbidatzen dut bere bide propioa egitera.

      Horren harira, esango nuke oso eskola gutxi daudela non garbi ikus daitekeen zein den pedagogikoki edo teknikoki proposatzen duten norabidea. Adibidez, Dantzertiren kasuan zaila egiten zait hortik ateratzen den aktore batek zer euskarri duen imajinatzea, zer zoru, zer berezitasun. Izan ere, euskal aktoreok, euskarak dakarren imajinario propioarekin, zer antzerki eskain dezakegu? Bada hor berezitasun bat, ez zentzu identitario batean, apelatzen dugun imajinarioari loturikoa baizik. Nik ez dakit zein den bidea, ez dut uste bakar bat dagoenik; horregatik, laborategi gisa guk nola elkar komunikatzen dugun ikertzea interesatzen zait. Ipar Euskal Herrian maskaradak edo pastoral bat ikustean, edo Antton Luku bat irakurtzen dudanean, gure kulturak dituen ezaugarriez jabetu eta beste kulturekiko aldeak daudela konturatzen naiz: horregatik gara euskaldunak. Nahi nioke gaiari heldu berriz ere, orain arte ez naiz sakonean ikertzera iritsi. Espero dut beste jende batek inoiz egingo duela.

 

Dena dela, egiten duzun transmisio bidea pedagogikoa da guztiz, nahiz eta ez den pedagogia egitea bere horretan: ez zara sartzen aktore baten formakuntzan hain sakon, baina guztiz lagungarria izan daiteke.

Aktore bati nire iritzia eman diezaioket, nire ustez jorratu beharko lituzkeen teknikak gomendatu, eta abar. Ikastaroetan zera azpimarratu izan dut beti, nik metodo zehatz bat ikasi nuela eta gerora guztiz kontrakora joan nintzela: teatro oso arrazionaletik Indiara, Eugenio Barbarekin Antzerki Antropologia jorratzera, eta abar.

 

Antzerkiaren alderdi psikologikotik fisikora, alegia.

Hori da: Ekialdeko tradizioak, Grotowski, Odin Teatret, Meyerhold… Esan duzun bezala, antzerki fisikoaren alderdia da nire interesa piztu izan duena. Nik uste dut ondo ulertu behar dela teknika bakoitzaren izaera. Uste dut funtsean dna bera dutela teknika guztiek, baina gero, segun zer estetika eta zer etikarekin lan egiten duzun, oso ezberdina izan daitekeela egiteko modua: adibidez, kaleko antzerkian zure energia askoz gehiago dilatatu behar duzu, eta aldiz, zinean, adierazpena txikiagoa izan behar da.

 

Adierazi didazu antzerkia zein konplexua den, zenbat teknika eta pedagogia dauden, zenbat tradizio, zer garrantzitsua den aktore batentzat euskarri on bat izatea. Horri lotuta, aipatu duzun Dantzerti besteak beste, badaude formakuntza eskaintza asko non ez duten definitzen zer teknika jorratzen duten. Askotan jendeari aktorea zarela esaten diozunean galdera ez da izaten “Zer antzerki mota lantzen duzu?”, baizik eta “A! Aktorea zara? Noiz ikusiko zaitugu telebistan?”. Zergatik uste duzu gertatzen dela hori?

Ezjakintasunagatik. Jendartean ez delako hezkuntza edo transmisio bat egon, eta kulturak ez duelako bere tokia jendartean, ez duelako garrantzirik, halako “berdin du” batean bizi garelako... Horregatik, hori da transmititu behar dena: zein inportantea den, eta gure ofizioak zer zailtasun dituen existitzeko. Askok uste dute teatroa egitea aurpegi asko izatea dela, eta listo! Ni oso lotsatia izan naiteke, baina badirudi gure lana lotsagabe batzuek egiten duten zerbait dela. Egia da edonor ikus dezakegula antzerkia egiten, eta nik badakit berez edonork egin dezakeela, baina gauza bat da ondo egitea eta beste bat da esatea: “Puf! Zer da ikusi dudan hau! Animalia bat ikusi dut eszenan, beste leku batean zegoen norbait, asko transmititu didana...”. Nik uste dut hori sentitzea oso gauza ederra dela, hezkuntza falta ikaragarria dagoela gauzak balioan jartzeko orduan. Gainera, ofizio bat den heinean ikasi egin behar da, eta jarraitu egin behar da ikasten, ikasten, ikasten... etengabe! Ez dakigu ezer.

 

Mito handi bat da antzerkiak lotsa kentzeko balio digula…

Bai, beste mito batzuen artean.

 

Niri gertatu izan zait haurrak etorri zaizkidala antzerki klasera gurasoek behartuta, “lotsa kentzeko” helburu horrekin.

Hori izugarrizko akatsa da. Edo, adibidez, emanaldi baten ondoren esan izan didatenean: “Jo, nola izan zara hori guztia buruz ikasteko gai?”. Hori guztia nire ofizioaren parte bat da, parte txiki bat. Egia da nik ordu asko sartu behar ditudala testua ikasten, baina ez da inportanteena. Hor ikusten duzu eurak ez direla hortik pasatu. Ipar Euskal Herrian, kontrara, antzerki transmisio handiagoa egon da eta badakite zer den; ondorioz, gehiago apreziatzen dute ikusle bezala joaten direnean. Diferentzia itzela dago Iparraldean edo Hegoaldean antzezterakoan: Iparraldean, emanaldiaren ostean, “goresmenak” ematen dizkidate, eta hori ez dut sekula Hegoaldean entzun.

 

“Goresmena”, funtsean, zera esatea da: “goraipatzen zaitut”.

Eta emanaldiaren ondoren egindakoaz hitz egin ahal izatea. Adibidez, bertsolaritzan gertatzen da: zalea baldin bazara, bertso-saio bat entzun eta gai zara horren inguruko komentarioak egiteko, “ondo joan da, baina erdi partean kateatuta ibili dira bertsolariak…”. Antzerkiaren alorrean, berriz, zaila egiten zaigu kodigoak ulertzea. Horretarako antzerkiak eskoletan bere lekua eduki beharko luke: antzerkiak, dantzak, gorputzak... Nik umeei antzerki klaseak ematen dizkiedanean, dena ikusten dut: nolakoak diren, nor den agintzen duena, zer rol dituzten... Testuinguru horretan antzerkiaren bidez gauza pila bat eraiki ditzakegu: hori da antzerkiak daukan beste zerbait, emozioen mundua ukitzen duela.

 

Helduekin ere ibiltzen zara eskoletan?

Eman izan ditut asteburu bateko ikastaro trinkoak. Aulestin behin saiatu ginen talde egonkor bat sortzen, baina horrelako herri txiki batean zaila izan zen.

 

adelera bueltatuta, nola okurritu zitzaizun antzerkiari loturiko horrelako proiektu bat Aulestin egitea, nola hartu zuten bertakoek planteatu zenuenean?

Behin Aulestiko taberna batera joan nintzen Ardoaz bakarrizketa egitera, eta tokia jendez lepo zegoen: helduak, haurrak... kristoren subidoia eman zidan! Nik betidanik ezagutzen nuen Aulesti, nire jaioterritik oso gertu baitago. Bertako jendearengan pentsatzen nuenean jende berezia zela sentitzen nuen, bazegoela zaletasun bat, edo kulturari garrantzia ematen ziotela. Zentzu komunitarioan ere antzematen nuen kohesio sozial sendoa zegoela. Gerora beste proiektu batekin ere bueltatu ginen. Antzerkiola Imaginariokoak udan zehar kaleko proiektu batekin ibiltzen ginen herriz herri, antzerkia iristen ez zen lekuetara eramaten: Ritos, gure azken lurzatia zuen izena. Bost urtez ibili ginen proiektu harekin, eta Aulestin ere egin genuen. Bertara joan ginenean alkateak zera esan zidan, ondo gogoratzen dut: “Beno, niri berdin dosta herriko adokinak metro batekoak egin ordez metro erdikoak egitea, eta beste metro erdi hori kulturan gastatzea”. Orduan, pentsatu nuen: “Ostra! Badago norbait behintzat gure ofizioari errespetua diona, hau izango da eragiteko herria!”. Nik espazio bat eskatu nion lanerako, eta Gaztetxearen ondoan leku bat utzi zidaten. Trukean, herriari zerbitzu bat ematera konprometitu nintzen. Hor hasi zen elkartrukea, eta hori izan zen Aulestiko Topaketen hasiera.

 

Oso sinbolikoa iruditzen zait alkateak emandako adokinen irudi hori.

Zentzu horretan beste pentsaera bat dute. Gogoratzen naiz hamazazpi edo hemezortzi urte nituenean Kontxu Odriozola, Jose Ramon Soroiz, Elena Irureta eta Mikel Garmendia Ama begira zazu obra egiten ari zirela, garai hartan kristoren arrakasta izan zuena. Kontxuk berak Madrileko William Laytonen eskolara ikastera joatea gomendatu zidan, eta batera Ama begira zazu Markina-Xemeinen egiteko dosierra pasatu zidan. Herriko zinegotziarengana joan nintzen dosier hura ematera, eta hark erantzun: “ŋTeatro? ĄBastante teatro tengo yo en casa!”. Hor dago diferentzia: politikari ezjakin askorekin gurutzatzen gara artistok. Hori da lakrarik handiena: ezjakintasunak indiferentzia eta gure ofizioarekiko errespetu falta ekartzen ditu. Horregatik, Euskal Herrira itzuli nintzenean, sentitu nuen bultzadarik handiena hori izan zen: kulturaren garrantzia transmititu behar diogu jendeari. Zeren hamarretik batek edo bik, bederen, mezua hartuko dute. Egia da mundu guztia ez dela teatrora joango, baina badakit baten batek konektatuko duela artearekin eta kulturarekin, hori da nire helburu nagusia.

      Aulestiko herriarekin daukadan elkartrukeak teatroa beste modu batean egitea eragin dit: ez funtzionario baten moduan, gizartearen parte zarelako baizik. Artista moduan herriaren ispilu bilakatzen zara, ez zaude herriarekiko deskonektatuta. Eta hori oso inportantea da. Guk adibidez mediazioak egiten ditugu, gure sorkuntza prozesuak nola doazen erakusten dugu. Hau da, ez dugu emanaldia bakarrik egiten. Hori beti egin izan dut horrela, kanpora joan izan naizenean ere, Kairon, Iranen, Mexiko Berrian, obra egiten nuen baina komunitateaz ere zerbait jakin nahi izaten nuen, eman eta jaso, elkartruke bat sortu. Bestela berdin du Miamin egin teatroa, Mexiko Berrian edo Leonen. Nik horri balore handia ematen diot, eta hori hemen, Euskal Herrian, ez da aintzat hartzen. Teatroa merkatuko produktu bat gehiago bezala ikusten da, hori da egiten den beste akats handi bat. Politikariek kontzientzia hartu behar dute ez dela hori bakarrik, teatroan gauza ugariz hitz egiten dela: herriaz, arazoez, sentimenduez…

 

Zertaz ari zara zehazki “mediazioa” aipatzen duzunean?

Antzezlan bat sortu eta gero, harekin batera txosten pedagogikoak prestatzen ditugu: Zaldi urdina obra, adibidez, drogen ingurukoa zen, eta institutuetara joan izan gara tailer bat ematera gaiari lotuta, ikasleekin batera horren inguruan hausnartu ahal izateko. Hartara, bestelako harreman bat garatzen dugu publikoarekin. Mediazioa egiteko modu bat izango litzateke, adibidez, sorkuntza prozesu baten bitartean lanketa bat egitea. Atzerrian lurra garratz sortzen ari ginenean migranteekin egin genuen lan. Teatroa ez da bakarrik teatroan gelditzen: teatroa beste esparru batzuetara zabal dezakezu, baina hemen ez dago halako ohiturarik, asko kostatzen da hori bisualizatzea.

 

Teatroa lantzeko modu asko daudela argi utzi duzu. Zentzu horretan, seguruenik, funtzio bat baino gehiago edukiko du. Zuretzat zer funtzio dauka teatroak?

Funtzio asko izan daitezke, baina horiek norberak aurkitu behar dituela iruditzen zait. Emanaldi batek sor dezake zirrara, zer pentsatua, emozionalki zerbait ukitu edo askatu dezake. Hortik hasita, komunitatearen eta komunikazioaren beste elementu eta ardatz bat da antzerkia. Antzerkia ez da gauza indibidualista bat, talde-lan bat da, eta hor ikasketa handia dago beti. Hortaz aparte, antzerkiak komunitateari hitz egiten dio, eta antzerkilariok komunitatearen parte gara. Komunitate hori indartzeko, komunitate horren imajinarioa sortzeko, komunitate horren existentzia bermatzeko funtzioa du antzerkiak. Maskaradek betetzen duten funtzioa bezalaxe: ikustea berrogeita hamar pertsona bizi diren herri batean bat-batean berrehun pertsona daudela jokoan, Barkoxeko aktoreak etortzen direla horra, eta herri horretaz hitz egiten dutela, horrek jendearengan gauzak mugitzen dituela, egun oso bat pasatzen dutela akontezimendu bat balitz bezala... Funtzio sozial garrantzitsua dauka gertakizun horrek. Aulestira joaten naizenean lanera jendea desiratzen dago iristeko, urte osoan zehar bertan ez daukatelako gauza askorik, bat-batean Aulesti herri bezala akontezimendu bat bihurtzen da. Hori lorpen itzela da. Halako zerbait gertatzen denean, sortutako edukietan herri horren beraren izaera eta historia gertukoa islatzen da. Antzerkia bizitzaz hitz egiteko baliatzen dugu.

 

Bururatzen zaizu anekdotaren bat mediazioekin izan duzun esperientziari lotuta?

Lehen aipatu dut Atzerrian lurra garratz antzezlana, migrazioaren inguruan aritzen zena. Hernaniko institutu bateko gazteen aurrean egin genuen emanaldia eta bazegoen neska beltz bat, edukien inguruan etengabe galdezka ibili zena. Nik imajinatzen dut berari asko iritsi zitzaiola gaia: obra horretan arrazismoa eta kolonialismoa ukitzen ditugu, emakume izateak nola baldintzatu zaitzakeen. Azkenean, nik egin nion galdera berari: “Eta zu, nola sentitzen zara?”. “Ni? Ondo!” erantzun zidan oso aise. Bere egoera desberdina zen, ez zuen bizi guk kontatzen genuen gisako dramarik, baina azken finean halako gauzek elikatu egiten zaituzte, eta aktoreok azkenean ez dugu “ikuslea” ikusten, “pertsonak” baizik. Eurekin elkarrizketatzen gara, horrek ematen dio zentzua egiten dugunari. Atzerrian lurra garratz obrari loturiko anekdota asko ditut. Obraren ardatza Laura Penagos aktorea zen, eta hari sarritan galdetzen zioten ea Kolonbiatik nola iritsi zen hona, komunikabideetatik jasotzen dugunagatik pentsatzen zutelako migratzaile guztiak txalupan etortzen direla, eta kasu honetan ez, Laura abioiz etorri zen. Ondo bizi zen Kolonbian eta mutil-lagun euskaldun bat zeukalako etorri zen hona. Galdezka zebilen neskaren kasuan, bere ama lanera etorri zen Euskal Herrira, eta bera tarteka Senegalen eta tarteka hemen bizi zen; beraz, euskaldun eta senegaldar sentitzen zen. Gure lanari esker beste egoera batzuk ikusten ditugu eta horrek zure bizitza, izaera eta pentsamendua aberasten ditu. Hala beharko luke antzerkiak.

 

Zein unetan zaude orain, zure ibilbidean?

Badakit gizona naizela eta kontziente naiz gizonok dauzkagun pribilegioez. Zentzu horretan, badakit gizona izateak bidea erraztu didala, baina lan asko egin dut eta kakan egon naiz sarritan. Orain, normala den bezala, halako krisi batean nago, zeren nahi nuen ia guztia lortu dut. Beno, oraindik Markina-Xemeingo antzokia falta zait...!

      Antzerkiaren prekaritateari dagokionez, uste dut baldintza kaskarrekin bizitzen ikasten duzula, baina horretara iristeko ere lan handia egin behar duzula, ez dela egin behar zenukeenaren doblea… triplea baizik! Nire soldata ez da marabilla bat, baina soldata finko bat badaukat, kulturako nire lagun asko ni baino okerrago daude zentzu horretan, ez delako gure lana balioesten. Gertatzen dena da hain erreta zaudela onartu egiten duzula egoera. Zorionez, ni behintzat bizi naiteke, gure enpresa ondo doalako eta emanaldi asko egiten ditugulako, bere garaian bide bat ikusi nuelako eta norabide horretan kristoren kaņa eman dudalako, ate asko jota eta asko borrokatuta: asko, asko, baina asko. Eta orain estatus pribilegiatu batean nago, eta hor, momentu batean, esan nezake: “Jo, ba arrakasta daukat”. Hala ere, gure ofizioan arrakasta izatetik lurra jotzera ez dago ezer, edozein momentutan eror gaitezke eta berriz zerotik hasi behar gara.

      Batzuetan galdetzen diot neure buruari: Orain zer behar dut? Edo, zer falta zait? Eta uste dut inurrien moduan lan egiten jarraitzea dela erantzuna. Batzuetan nekea sar dakiguke, niri adibidez pandemiak kristoren ostia eman dit emozionalki. “Efecto retardo” moduko bat daukat, ezetz pentsatzen nuen baina gerora konturatu naiz baietz, eragin didala. Iruditzen zait oso gogorra izan dela eta antzerkiari ez diola inongo onik egin. Luzaroan ez naiz Aulestiko umeekin egon, gauza pila bat bazter batera utzi ditut, eta hor konturatu naiz nire martxa eten egin dela. Gernikan ere oso ondo genbiltzan, Artedrama konpainia egoiliar gisa indartzen, enpresa pribatuekin negoziaketak egiten, antzerkia balorean jartzen, ez dadin periferian egon baizik eta herriaren erdigunean... Eta, justu borroka horren erdian, pandemia sartu zen, egiten ari ginen lanketa etenez. Uste dut garrantzitsua dela herri guztietan artista edo konpainia egoiliarrak egotea, eta horren inguruan politika bat eraikitzea. Proiektu kultural bat sortzea herriari begira. Pandemiak dena izorratu zigun, baina berriz ekingo diogu.

 

“Asko, asko, baina asko borrokatu” duzula esatean zertaz ari zara zehazki, non ikusi izan duzu zeure burua?

Lan asko egin, bilera asko lotu, dirua eman ahal dizuten proiektu “erraz eta konbentzionalei” ezetz esan, zeina ez den batere erraza: iazko udan eitbko serie bat egiteko deitu zidaten, diru asko irabaziko nukeen… Baina une horretan terapia egin behar nuen, eta niretzat inportanteagoa zen nire barne egoera lan eskaintza hori baino. Klaro, nik hori orain permititu ahal diot neure buruari, baina orain hori hala izateko asko borrokatu dut, nire bide propioari eutsita. Orduan, zertan datza borroka? Ba, gauza asko prekaritatetik lan egitea onartzean: gauza askori baietz esan, baldintza duinak ematen ez direnean ere. Euskaldun izateagatik beti esaten dut erresistentzia batean gaudela, militantzia batean. Nik Aulestin egiten dudan hori guztia doan egiten dut. Markina-Xemeinen sortu dudan antzerki taldea ere militantziagatik egin dut, ez dut inolako dirurik jaso. Eta hor asko ikasten duzu, teatroari bidea zabaltzen, gaztetxeetan taularatzen, teatroa edonon egiten, edonon!

      Bestalde, asko borrokatu dut politikariekin haien tranpan ez erortzeko. Tranpa da goxokia eskaintzen dizutenean: “Begira, diru hau daukagu, egingo zenuke hau?”, eta nik ezetz, egingo dut nik nahi dudana, ez zuek esaten didazuena. Zaldi aske bat izango bazina bezala, etengabe domatu egin nahi zaituzte. Krisian nagoela esan dizut, orain konturatu naizelako urduri nabilela edo halako ezinegona dudala: nire estatusa lortu dut, enpresa ondo doa, dirua badaukat, baina gustatuko litzaidake beste zerbaitetan eragitea.

 

Zaldi librea badoa korrika.

Bai, eta ez daukat indarrik. Batzuetan zalantzak sartzen zaizkit. Adibidez, ni ez nago ados dirulaguntza politikekin, baina irentsi egiten ditut: hau da, borroka asko egin ondoren, azkenean nik ere lortu ditut dirulaguntza horiek, nahiz eta haiekin batere ados ez egon.

 

Horrek zalantzak sortzen dizkizu?

Zalantzak sortu baino, ez nago ados egitura administratibo-ekonomiko horrekin: gobernuak proiektu baten gastuaren % 30a emango dizu, baina gainontzekoa zuk jarri behar duzu, eta gero justifikatu egin behar duzu guztia gainera. Dena gezurra da, tranpa da. Guk proiektu bat daukagu eta hau behar dugu, kito. Nik ez daukat zertan justifikatu zuri ezer! Nire justifikaziorik inportanteena publikoa da, herria, ez administrazioa. Politika horrek askotan antzerki taldeen arteko lehiakortasuna piztea eragiten du, “zuri eman dizute eta niri ez”, eta uste dut kulturak beste modu batean funtzionatu behar lukeela. Egia da nik ere ez daukadala formula magikorik horretarako, baina badaude gauza batzuk ez zaizkidanak batere gustatzen administrazioaren aldetik eta asko erretzen nautenak. Esate baterako, beste talde batzuekin alderatuta, oso ezberdina da guk darabilgun politika: Euskal Herrian bakarrik ibiltzen gara, euskaraz bakarrik aritzen garelako. Beste taldeak, gazteleraz aritzen direnak, Espainia osoan zehar ere ibiltzeko aukera dute… Hau da, eskaintzen duguna eta ditugun aukerak oso desberdinak dira. Kasu horretan, zer indartu nahi du administrazioak? Euskaraz bakarrik aritzea plus bat da, edo inportantzia bera emango diegu Madrilera ere joaten diren taldeei?

 

Zer da kultur politiketatik gehien gogaitzen zaituena?

Euren inkonpetentzia eta ezjakintasuna gure ofizioarekiko, horrek batez ere. Uste dut oso onak izan daitezkeela dirua banatzen, baina gero ez dakitela ezer gure ofizioaz. Zentzu horretan, frantses ereduarekin alderatuta okerragoa da, nahiz eta han ere kakak egon badauden; behintzat, han argi ikusten da kulturak beste leku bat daukala, Espainiako estatu egituran ez dago inondik inora horren arrastorik. Hau herri aberats bat izanda gehiago inbertitu behar litzateke kulturan. Egingo bagenu, herri bezala asko indartuko ginateke.

 

Azken galdera. Atentzioa deitu dit aipatu duzun zerbaitek: bide propioa egin behar omen dugu, egin nahi ditugun gauzei baietz esanez, askotan modu prekarioan bada ere, eta gure lehentasunei eutsi beste gauza askori ezetz esanez, nahiz eta hori askotan oso zaila izan... Bide horretan, zerk mugitzen zaitu?

Neure printzipioekin zintzoa izateak. Norbere askatasunak mugitzen gaituela uste dut. Jadanik nahikoa txotxongilo banaiz, eta ez dut gehiago izan nahi, ez dut gaizki sentitu nahi, ez dut egin nahi ez dudan zerbait egin nahi. Nik nahi dudana egin nahi dut. Zerk mugitzen nauen nik nahi dudana egitera? Ez dakit, baina igual hor dago nire hazia, hau da: zergatik hasi nintzen antzerkia egiten? Gauza batzuk komunikatu nahi nituelako. Garai hartan, nire herrian, ni nintzen haur horrek ezin zituelako gauza batzuk adierazi. Ezin zituen esan, gaizki ikusia zegoelako, baina antzerkiak permititzen du hori, bizitzak ez bezala, ez behintzat momentu hartan. Nik gauza batzuez hitz egin nahi badut, nor hobe ni neu baino? Nire gauzez ez badu inork hitz egingo, nik hitz egin beharko dut, ezta? Eta berdina euskararekin ere: antzerkia euskaraz ez du madrildar batek egingo... Guk ez badugu egiten, nork egingo du euskaraz euskal antzerkian?

      Horren kontzientzia hartzea da kontua, eta horrekin sutsuki joatea. Nik nire ofizio hau egiten dut maite dudalako. Hori izan behar da etxea: maitasunetik egingo dut nire bidea. Eta nire bidea dira ikasketak, esperientzia, bizitza... Horri esker badakit zerk egiten didan on, non sentitzen naizen indartsu eta ahaldundua, eta non ez; edo non ahaldundu behar naizen —edo garen— oraindik gehiago. Zentzu horretan, euskararekiko dudan sentimendua eta atxikimendua dela eta, indar bat sentitu izan dut, eta borroka horretan dihardut oraindik ere. Horrekin batera, antzerkia balorean jartzea da nire beste borroka nagusia. Zergatik dago teatroa baztertuta? Akaso ez da teatroaren potentzialtasuna ezagutzen? Ezjakintasun hutsa da atzean dagoena? Edo, daukan potentzial eraldatzaile horregatik dago, preseski, baztertuta?

 

* * *

 

      Lipusentzat antzerkia zer den entzun ostean beharbada ulergarriago egin liteke zergatik dedikatu dion bere bizitza, horrenbeste esfortzu eta indar. Harentzat zergatik izan den, eta oraindik ere izaten segitzen duen, hautatutako borroka bat. Markina-xemeindarrak sentitzen duen eran, teatroa komunitatea ere bada, honen existentziaren lekuko eta, aldi berean, existentzia horren halako berme edo euskarri bat. Teatroak komunikatzeko funtzioa badu, dagoenaz eta egon litekeenaz hitz egitekoa, teatroak espazio bat okupatzen badu zentzu literal eta sinbolikoan, eta horretaz guztiaz gain katarsi kolektibo bat bideratzeko ahalmena badauka, normalean elkartzen ez den jendea ezohiko egoera batean elkarraraztekoa… orduan, teatroa zinez boteretsua da.