Ura jaten
Ura jaten
Maddi Goikoetxea Juanena
Azaleko irudia: Sara Galan Alonso
Diseinua: Metrokoadroka
2023, antzerkia
246 orrialde
978-84-19570-07-9
Maddi Goikoetxea Juanena
1994, Donostia
 
 

 

Sar hitza

 

ehaze

 

      Maddi Goikoetxeak Euskal Herrian dauden antzerkia ikasteko aukerez ikerketa egin zuen 2021ean ehazeren enkarguz, era askotariko antzerki eskolen errealitatea datuetara ekarrita. Hain da ezdeusa euskarazko arte eszenikoek eragin izan duten azterketa ofizialen bidea, ikerketaren egileari galderak biderkatu egin zitzaizkiola: nola da posible hainbeste jende egotea antzerki eskolak ematen, eta prekaritatea eta indiferentzia salatzea guztiek? Nola da posible euskal kulturarekiko tamainako ezjakintasuna transmititzea, oro har, diru publikoa kudeatzen dutenek? Antzerkigileek berauek ez ote dute ezintasun handi bat transmititzen antolatzeko, helburuak adosteko eta baldintzak hobetzearen alde borrokatzeko?

      Ikerketaren egileari hitz bat geratu zitzaion trabeska, galdera ikur guztien artean, eztarrian: prestigioa. Kultur arloko egoerak oro har sortzen duen indiferentziaren oinarrian ez ote dago sektore gisa eragileek, publikoak, antzerkigileek berauek bizi eta transmititzen duten baliotze falta handi bat? Zer behar litzateke arte eszenikoetan, eta oro har kulturan, euskarazko antzerkigintzaren prestigio mailako ahalduntze bat emateko?

      Prestigioaren gaineko gogoetak zuzen-zuzenean eramaten du ikerlaria oinarrizko mailara, hezkuntzara. Non hasten da, bestela, jendarte batek kulturarekiko garatzen duen ikuspegia, begirada, baliotzea, ez bada etxean bertan, eta eskolan? Antzerki eskolen inguruko zirkulua itxiz, antzerkia modu integralean bizi duten hainbat esperientziatako protagonistei elkarrizketak egiten hasi zen egilea. Liburu honetan daudenak, eta baita gehiago ere. Elkarrizketon helburua ez da izan haien ibilbideari buruzko itauntze biografiko bat egitea, antzerkiaren adar diferenteak bizi dituzten esperientzietako protagonisten gogoetak jasotzea baizik. Elkarrizketa hauetako protagonista asko oholtza gainean ezagutu ditugu, formatu handiagoko edo txikiagoko emanaldiei lotuta, baina baita mediazio proiektuei ere, antzerki irakaskuntzari eta transmisio ekimenei lotuta. Liburu batean kabitzen ez diren galderak pilatu zaizkio egileari, eta segur aski porrot handi baten aurrean egotearen sentsazioa ukango zuen, audioetako edukiak letretara eramaten hasi ahala. Handia delako prestigiorik ezaren korapiloa, eta korapilatsua gaia planteatze hutsa, egoera definitzen haste hutsa.

      Elkarrizketa hauek hasiera bat baino ez dira. Ezadostasunerako, debaterako, gomutarako abiapuntu herren baina beharrezkoa. Erakunde publikoen, hartzaileen eta antzerkigileen errealitateen arteko balizko deskonexioa amaitu dadin; prekaritateaz ari garela, ura jateari utz diezaiogun.